Oteak dirua balio zuenean

  • Sinestezina dirudi, baina hala zen. Egun mendian ia nonahi topatzen dugun lore horiko landare arantzadun horrek dirua balio zuen iraganean; leku batzuetan bai behintzat. Izan ere, garai batean otea garrantzitsua zen. Aziendari azpiak egiteko edota jaten emateko mozten zen; sutarako ere erabiltzen zen, etxerako edota karobiak pizteko; baita arragoetarako ere. Eta bere ustiaketak sortu zituen bizilagunen haserrealdiak, herrien arteko ika-mikak, auziak eta arauak jarri beharra. Dokumentu zaharrak dira hori guztia egiaztatzen digutenak.

Otebeltza, (Ulex gallii).
Otebeltza, (Ulex gallii).

2018ko martxoaren 12an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Egun ez dira asko izango baserrirako otea mozten jarraitzen dutenak. Baina hori egiten zela gogoan dutenak oraindik badira, eta ez gutxi. Batzuk, aitona-amonen edo gurasoen garaian ikusi zutelako, eta besteak, gaztetan langintza horretan aritu beharra izan zutelako.

Otea nonahi ikus dezakegu egun; gure basoak ordezkatzen dituzten sastrakadietan, eta sarri bide eraiki berrien ezpondatan ere bai, batez ere isurialde atlantikoan. Baina dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XIX. mendeen artean otea baliabide preziatua zen, eta bere mozketa bizilagunen eta udalen arteko ika-miken iturri ere izan zen herri batzuetan. Beraz, ez ziren gutxi izan bere ustiaketa arautzeko hautua egin zutenak. Esaterako, Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XVII. menderako otea mozteko baimena eskatu beharra zegoen udalean, eta erreal bat ordaindu moztuko zuen pertsona bakoitzak. 

Chillida-Lekun otea eskulturen ordez

1663an, egun Chillida-Lekun dagoen Zabalaga baserrian ez zen eskulturarik izango, baina otea, itxuraz, bazen. Sevastián de Zavalegui zen garai hartan jabea.

Hernanin, beste herri askotan bezala, otea herri-lurretan mozten zen. Eta Sevastián de Zavaleguiri bere barrutiko, Artigako herri-lurretan moztea zegokion. Otea moztu eta idiekin etxera eraman zuen; baina debekatua zegoen lekuan ebaki ostean, eta udalaren baimenik gabe. Horrek auzia sortu zuen eta Valladolideko kantzelaritzaraino ere iritsi zen.

Hernaniko Udalak helegitea jarri zion, eta Zavaleguik lekukoak eraman zituen, Artigako lurretan simaurra egin edo abereei jaten emateko –ez karobietarako– betidanik otea baimenik gabe moztu izan zela defendatuko zutenak. Eta udalaren kontra egin zuen, Urumeako zilegimendietako basoetan zegoen egur guztia burdinolentzako ikatzerako erabiltzen zenez, otea moztea debekatzea behartsuen kontrako neurria zela esanez.

Udalak gogor erantzun zion Zavaleguiri: herritarren ordezkarien arteko bilera batean hartu zela Artigan oterik ez mozteko neurria, eta horren jakitun zela. Gainera, berak mozturiko oteagatik herri-lurra oterik gabe utzi zuela behartsuenen kalterako. Araudia betetzen ez zuenak ordaindu egin behar zuen: pertsona batek igitaiarekin egunean moztu dezakeen ote kopuru bakoitzeko 2.000 marabedi.

Ote guztiek ez dute balio bera: otebeltza, otezuria… eta otaberria

1735ean, Hernaniko Udalak dekretua atera zuen herrian otea mozteko debekua jarriz; abereei jaten emateko edo sukalderako soilik hartzea baimentzen zuen, beti ere neurrian moztuta. Itxuraz, Lasarten (artean Hernaniko lurretan zen), abereentzako otebeltza (Ulex gallii) mozteko aitzakian, azken urteetan otazuria (Ulex europaeus) moztu zuten simaurra egiteko, karobietarako eta arragoetarako, mendia oterik gabe utziz.

Hurrengo urtean, herritar batek baimena eskatu zuen otea moztu eta horrekin simaurra egiteko. Udalak, aurreko urtean jarritako debekua behartsuen kalterako zela jakinik, eta herritarrak oraindik ere ebakitzeko eskaerak egiten ari zirela ikusita, otea mozteko baimena eman zuen; baina soilik beltza, ez otezuria, ezta otaberria ere (urteko otea), samurra zenez ganaduari jaten emateko erabiltzen zena. Otebeltza mozteko arau batzuk jarraitu behar ziren, gainera: moztu aurretik udalari mozketa lekua eta ote kantitatea zehaztu behar zitzaizkion lizentzia eskuratzeko. Mozketa landazainaren ikuskaritzapean egingo zen, eta bere jornala eskatzaileak ordaindu beharko zuen.

Otea mozteko araudia pulpitotik

XVIII. mendearen erdialdera araudia aldatzen joan zen: 1745-60 artean, landarea mozteko lau hilabeteko epea jarri zuten, azaroa eta otsaila artean, eta lau pertsonek moztu zezaketena baino ezin zitekeen ebaki, beti ere lekua eta ote kantitatea zehaztuz. Otea moztu ostean hogei eguneko epea zegoen jasotzeko. Sukaldeetarako egur eskasia zela eta, karobietarako otea moztea debekatua zegoen. Araua irmoa zen. Betetzen ez zuenak isuna jasotzeko arriskua zuen. Eta hori jakinarazteko leku aproposena herritar gehienak elkartzen ziren gunea zen: eliza. 1760ko abenduaren 7an, Lasarteko igandeko mezan, bikarioak udalak harturiko erabakia irakurri zuen, eta ordainsaria jaso zuen horren truke.

Otearen ustiaketa ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan zuen garrantziaren erakusle da, baita ere, 1790ean txilarra mozteko eskaera egin zuen herritarrari baimena eman zitzaiola, baina horretarako aitzurra erabiltzera behartu zutela, inguruan zegoen oteari kalterik egin ez ziezaion. Mozketa irailaren 12tik aurrera egitera derrigortu zuten, inguruan zegoen iratzeari ere kalterik egin ez ziezaion.

Tentsioa herrien artean

XIX. mendean bizilagun asko izan ziren otea mozteko eskaera idatziz egin zutenak, batez ere 1840tik aurrera. Eskaera gehienak neguan mozteko ziren, landareak lorea bota aurretik, eta ia kasu guztietan karobietan erabiltzeko ziren.

Nicolas Arbelaiz hernaniarrak, esaterako, hamar gurdi zakar (otea, iratzea, sasia nahastua…) mozteko baimena eskatu zuen. Horiekin 50 gurdi kare egin nahi zituela zioen, izan ere, aurreko sei urteetan uzta asko urritu zitzaion eta bere lurrek kare premia handia zutela zioen. Horrelako eskaerak asko ziren, 20-30-40 gurdi ote ebakitzeko baimenaren truke, “ohitura zen bezala, zegokiona” ordaintzeko prest zirenak. Karobietarako ez ezik, izan zen teila eta adreilu fabrika ireki berriarentzako erregaia falta eta otea mozteko eskaera egin zuenik.

Arauak jartzeak, ordea, azpikeria ere ekarri zuen atzetik, eta liskarrak ez ziren bukatu. XIX. mendearen erdialdera, Astigarragako alkateak Hernanikoari eskutitz ofiziala idatzi zion. Bertan adierazi zion Astigarragarekin muga egiten zuten baserritar hernaniarrak behin baino gehiagotan otea lapurtzen harrapatu izan zituztela euren herriko lurretan; eta hori saihesteko, Hernaniko alkateari neurriak hartzeko eskatzen zion, gainontzean, eurek gogortasun handiagoz jokatuko zutela esanez.

XIX. mendearen amaieran otea mozteko eskaerak behera egin zuen, eta egun bizirik diren testigu zaharrenek ebakitzen zela gogoan duten arren, ez dute horren kontura izandako arau edo liskar berezirik gogoratzen XX. mendean. Otearen beharrak behera egin ahala, horri loturiko ika-mikek ere bide bera hartu zuten, eta landare arantzadunari loturiko ustiapenak eta erabilerak bere lekua galdu zuen, pixkanaka euskal gizartearen memorian zimeltzen bukatu arte.

 

OTE JOTZEA

Oiartzungo Ergoien auzoko Sarobe Berri baserrian ote jotzen, 1999an. Jotzaileak: Sarobe Berriko Pako Iriarte, Simoneko Felipe Artola eta Iriberriko Lino Zapiain. Argazkia: Juan Mari Beltran.

Neguaren bukaera aldean, etxe askotan animalien bazka bukatzen ari zela eta, loratu berria zegoen inguruko otea biltzen zen eta arantzez betetako landare hau ondo txikituta, hutsik edo arbiekin nahasturik, goseak zegoen aziendari ematen zitzaion.

Ahotsak proiektuaren bideo honetan entzun dezakegu, Oiartzungo Joxe Luix Lardi Landaren testigantza:

Eta Ahotsak proiektuaren beste bideo honetan, Urnietako Hilario Lekuona Mitxelenarena:

Juan Mari Beltran musikariaren hitzetan, “ote jotzea dugu lana, jokoa eta musika uztarturik agertzen diren adibide garbienetakoa. Otea jotzerakoan, emandako kolpe horiek jokoa eginez jotzen dira eta kolpe joko horretatik sortutako hots esaldi horietan musika agertzen da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaixkak
2018-10-14 | Jakoba Errekondo
Atlantikoa eta Mediterraneoa

Euskal Herri atlantiarreko lurretan uzta handiena dakar udazkenak: artoa, babarruna, kuia, sagarra, intxaurra, gaztaina eta abar. Fruitu eta hazi horiei ahalik eta luzeen onik eustea izan da nekazarien lanik zailenetakoa. Udazkena bera eta batez ere negua gozatuko duten jakiak... [+]


2016-11-02 | Jakoba Errekondo
Amaia Ezpeldoi hil dugu

“Intziri handi gaiñialat / herrekatik zen elkhitzen / ezpeldoietan dütügü / ützirik ürrüntzütützen”, idatzi zuen Junes Casenave-Harigilek Santa Grazi pastoralean. Pirinioetako ezpeldoiak bere onenean ezagutu ditu bizi duen... [+]


2011-05-03 | Jakoba Errekondo
Itxiokorria

Loretan lurrin loratzen da sasi-akazia, Robinia pseudoacacia, apirilean. Jorrailean. Zura ona eta lorea hobea ematen dituen zuhaitz puska hau inbaditzailea dela dio zenbaitek. Administrazio batzuek bere aurka jotzea sustatzen dute. Ni zalea nau, eta gomendio hauek haizea... [+]


Eguneraketa berriak daude