“Lur Berri beste molde batez garatu da, euskalduntasunaren aurka zoritxarrez”

  • Baigorriarra. Laborari semea. Laborantza ikasia. Ingeniaria. Amikuzeko Lur Berri kooperatiban aritua. Kazetaria ere bai azken urteetan. Erretretan dago, baina lanean ari. Jean Pitrau, La révolte des montagnards liburu esanguratsuaren ondoren, Jean Errecart, La grande mutation (Elkar) eman du argitara. Amikuze eta Jean Errecart laboraria, sindikalista eta politikaria ezagutzeko baitezpadako liburua.

"Jean Errecarten liburuak jakin-min handia sortu du Amikuzen, Jean Pitraurena bezala, nolazpait".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Jean Pitrau zuberotarra ezagutzera eman zenuen eta segidan Jean Errecart baxenabartarra. Zer harrera izan du bigarrenak?

Jean Errecarten liburuak jakin-min handia sortu du Amikuzen, Jean Pitraurena bezala, nolazpait. Alta, Donapaleun Jean Errecart izeneko eskola dago, eta anitz jendek eta bereziki gazteek ez dakite nor izan zen. Eguneroko bizitza biziki fite doa, gaurko berriek atzokoak estaltzen dituzte. Hedabide berrien gain-informazioaren bitartez gauza asko sartzen digute buruan. Hara!  

Gazte garaira itzuli zara nolabait, mundu hura sakonetik ezagutzera eman duzu pertsona hauen bitartez.

Bai. Gutxi edo asko, ene aita Pitrau zalea zen, baita Errecart zalea ere. Hamar urteko diferentzia zuten, eta biek, bakoitzak bere moldean, Euskal Herriaren alde lan egin dute. Abantaila edo xantxa ukan dut biak ezagutu ditudalako amiñi bat. Baina, badago ere aipatzea merezi duen jende gehiago. Konparazionera, Bernard Massondo. Lehenbiziko etxetiarren –maizterrak– borrokak irabazten lagundu zuena. Edonola ere, liburuari eta pastoralari esker orain badakite nor den Pitrau. Espero dut Errecart ere ezagutua izatea,  haren espiritua arrunt baztertua izan baita Amikuzen, Lur Berri kooperatiban ia ez da existitzen.  Zabalik elkarteak Otsail ostegunak hitzaldi saioen karietara egin duen moduan, tokiko Lizeoan ere merezi luke ezagutzera ematea. Orain arte ez dute deus egin, ordea.

Ezagutu dezagun Jean Errecarten garaia: Amikuzeko Oragarren sortua 1909an.

XX. mendearen hasieran krisi larria izan da Eliza eta Errepublikaren artean, 1905ean Estatua eta Eliza bereizi zituen legea ezarri zen. Eliza kontserbadoreenaren eskuetan zegoen, politikariak ere bere menpeko zituen, eta Elizaren aurka asaldatzen ziren. Gatazka izugarria zen. Eliza erregeen aldekoa izanez, Errepublikaren kontra zen.

Euskal Herrian berriz, Jean Ibarnegaray politikaria jainkoa zen. Hura eta  haren jarraitzaileak Errepublikaren kontrakoak ziren arrunt: “Guk zerendako lagunduko ditugu eskola giristinoak, gure kontra mintzo badira?”, zioten errepublikazaleek. Hartaz, mundu euskaldunak mundu errepublikanoa galdu du, apezak euskararen aldekoak ziren eta Errepublikaren aldekoak apezen aurka oldartzen zirenez, euskaldunek ez zituzten maite.  

Hemen, Elizak dena menperatzen zuen. Sindikalismoa, kooperatibak, hautetsiak edo Herriko Etxeak kontserbadoreen esku zeuden. Jauntxoak ziren nagusi.

Alta bada, II. Mundu Gerlaren ondoren, Elizan mugimendu progresistak izan dira, Le sillon laborari agerkariaren inguruan ari ziren, hain zuzen ere Errecart horren barne zen. Talde progresista batek JAC delakoa (Jeunesse Agricole Catholique) sortu dute. Gazteek eskola hamalau urtez geroztik uzten zuten, ez zuten fitsik formatzeko. Errecartek izugarrizko lana egin zuen. JAC Euskaldun Gazteria bihurtu zen Euskal Herrian. Jean Pitrau ere ondoan aritu zen. Adibiderako, ordura arte sindikalismoa jauntxoen esku zen, haiek ez zuten deus mugitzea nahi. Laborariek sekulako indarra zuten hauteskundeetan, zenbat eta laborari gehiago beren alde izan gero eta errazkiago hauteskundeak irabaztea. Jauntxoek baserria immobilismoan atxiki zuten beren onetan.

Amikuzeko aldaketa handiaren klabeak eman dituzu liburuan, eta horien artean “isilpeko iraultza” gisako izan zela diozu.

Gazte horiek ohartuko dira ezin bizi dela laborantzan. Nekazaritza politika aldatu behar dela, gazte laborariei etxaldeak handitzeko baimena eman behar zitzaiela, legeak eta laborari zaharrak alde batera uzten. Lege batzuek baimentzen zuten zaharrek etxaldearen arranda [errenta edo alokairua] gazteei uztea. Lurrak salgai baziren laborariei lehen aukera ematea erosteko, baita laborariak elkarretaratzea salmentak egiteko eta formazioa ukaiteko. Baina, praktika ez zen batere horrelakoa eta hor hasten da “isilpeko iraultza”, nekazaritza politika arrunt aldatu zuena.

Jean Errecartek aldaketa ekartzen lagundu zuen: herriko auzapeza, departamenduko kontseilaria, diputatua eta senataria izan zen.

“Errecart apezgoaren bidea utzita Bordelera doa, eta han, gerla aitzin, burua aldatzen zaio. Faxistekin alimaleko kalapitak izan zituen, anarkistak ezagutu zituen eta bere ikusmoldea arras aldatu zen”

Errecart guti ezagutu dut. Alabak gehiago, bistan da; Maite bereziki. Ikasketak egiten ari nintzela, Lur Berrin egin nuen hiruzpalau hilabeteko ikastaroa. Errecartek bizitza zinez konplikatua zuen: astelehenean Pauen ematen zuen, Parlament de Navarre delakoan. Asteartean Parisera joaten zen gauez, han egoten zen ostegunera arte; ostiralean Donapaleura, Lur Berriko presidentea baitzen. Larunbata ekitaldi ofizialak, igandean familia, meza eta Oragarreko Herriko Etxeko lanak, auzapeza baitzen. Eguneroko horrek ematen digu haren heina.

Lehenago baina, bere ideologian aldaketa gisako bat eman zen.

Errecart laboraria zen egunerokoa bizitzan. Bere ibilbide politikoa sindikalismoan abiatu zuen, Jean Pitrauk bezala. Alta, Errecarten aita Jean Ybarnegarayren jarraitzailea zen. Hura jainkoa zen, Euskal Pilotako Federazioko presidentea, buru ikaragarria, eskuindarra. Errecart hiru otto [osaba] apez zituen familian hazi zen; kontserbadurismoan hezia eta bera ere seminarioan ikasia. Baina apezgoaren bidea utzita Bordelera doa, eta han, gerla aitzin, burua aldatzen zaio. Faxistekin alimaleko kalapitak izan zituen, anarkistak ezagutu zituen, eta bere ikusmoldea arras aldatu zen. Orduan, giristino geldituz betiere, progresismo aldera joan zen kontserbadurismoan gelditu ordez.

Laboraria zen, hori ere gakoa da.

Baita hori ere. Elea baino inportanteagoa zuen ekintza. Ez zen lehenagoko politikariak bezala, hizlari eder trebea, jendeak txalotzen zuena. Errecarteren lema “egin, egin eta egin” zen. Ez zen politikari tradizionalak bezala, berak traktorea hartzen zuen. Laborari jite hori agerikoa da. Ez zen bakarra noski. Erran dudan bezala, Massondo familia hor zen. Etxetiarren aferari buruz lan gaitza egin zuten haren ondoan, sindikalismoan eta etxetiarren alde gogotik borrokatu zuten. Errecart haien bitartez hurbiltzen zen etxetiarrengana.  

Laboraria Parisen legebiltzarkide.

Errecart legebiltzarrean ari da, eta ezkerrak eta komunistek –eta gerla ondoren boterean dauden indarrek orobat– bultzada bat eman nahi diote laborantzari, jateko ez baitzen aski, gainera Frantzia lurralde azkarra zen. Errecartek “lehenik jatera eman behar diegu gure herritarrei, baina ez hori bakarrik, mozkinak behar ditugu saldu eta dibisak bildu tresneria erosteko”, zioen. Beraz, bere lehenetariko ideia lur berriak egitea izan zen, lur onak baitziren Amikuze eskualdean. Baldintza onetan, ez dohainik, baina laguntza tipiarekin asko erdiesten ahal zela ikusten zuen. Sekulako lur berriak egin ziren orduan, baina ez bakarrik Amikuzen. Iholdi, Bidaxune eta kostaldean ere bai. Hamabost mila hektarea inguru lur berritu edo konpondu ziren. Hori izan zen aldaketa handia, la grande mutation deitua.

Zer izan zen etxetiarren afera?  

Etxetiarrek urte bateko kontratua zuten etxeko jabearekin. Artoa ereiten zelarik, “lau lerro nagusiarentzat sei lerro etxetiarrentzat”, erraten zen. “Ogia ere [garia] erdi eta erdi”, izaten zen. Etxetiarrek ez zuten botere izpirik erabakitzeko. Beraz, egiten zuten guztirako nagusiaren baimena behar zuten. “Lur berriak” egiteaz gain, hori baino gehiago nik uste, etxetiarrak beren lurren jabea bilakatzea izan zen aldaketa handia. Egiari zor, lehenengo nagusien artean denetarik zegoen, onak ere bai, baina baziren benetan gaiztoak, haiek zapaltzen zuten laboraria, laborantza feudalizatzen...  

Halarik ere, legeak aldatzea ez zen erraza izango.

1946an, Erresistentziako Kontseilu Nazionalean, alemanak lekutu ondoren, komunistek, gaullistek, MRPko zentristek (Errecarten alderdia) eta progresistek lege andana aztertu zuten. Lege horietako batek zioenez, etxetiarrek jabeari galdetzen badio alokairua (ordura arte, Fermage delako legeak bederatzi urterako finkatzen zuen prezioa) nagusiak eman behar dio aukera hori, edo nagusiak beretako hartu behar du lurra. Hau da, edo etxetiarrak alokatzen du edo jabeak bere gain hartzen du. Euskal Herrian hala ere etxetiarrak asaldatu ziren. Liburuaren azken orrialdeko gutunak dioenez, 20 laborarik izenpetua, nagusi batzuek nahi zuten beretzat lurra atxiki eta etxetiarrak morroi ezarri. Legea hemen biziki poliki aplikatu da, jendeak ez baitzekien frantsesez kasik. Oso nekez asaldatzen ziren jabearen kontra eta emeki joan da aldaketa. Amikuzen beste lekuetan baina luzeago joan da etxetiargotik jabegora pasatzea.

Amikuzeko eta Donapaleuko egungo jendartea ezagutzeko ezinbestekoa da iragana ezagutzea. Nola osatuta zegoen nagusigo hura?

“Eñaut Etxamendik oso hurbiletik ezagutu zuen Errecart.  Haren lekukoa hartuko ote zuen zurrumurruak izan ziren. Errecart euskaldun peto-petoa zela dio Etxamendik”

Antzinatik heldu da noblezia hura, gazteluen jabeak ziren. Euskal Herria, Bordele, Paue edo Parisko gazteluen jauntxoak han-hemenka bizi ziren. Nafarroako Erresuma kari, bazegoen auzitegia, jujeak eta boteredunak. Bazegoen ere Donapaleuko burgesia ttipia, komertzianteak. Orduan, baliabideak zituztenek lurra erosten zuten, merkatari anitzek ere hori egin zuten. Baziren beraz, kanpoko nobleak eta lekuko burgesia ttipia. Horrek izugarrizko eragina izan zuen Errecarten bizitza politikoan, Errecartek sekulan ez zuen erdietsi bozen gehiengoa Donapaleun, hiria beti kontra izan zuen. Etxetiarrek ontsa esplikatzen dute hori.

Nola?  

Arras menpe zituztelako, laborariak eta bereziki etxetiarrak mespretxatuak izan dira. Lurjabeen errana: “Nire alaba ez da sekula ezkonduko laborari batekin”. Donapaleuko hiritarren artean jarrera feudalak oraindik sentitzen dira, laborariekiko begiradan. Amikuzeko soziologia ezagutzeko hipotesi bat emanen dizut: Donapaleuko jauntxoak eta komertzianteak frantximantak ziren, euskal munduaren etsaiak. Egun espiritu hori hor dago. Etxetiarrak menpekoak izan dira, baina hauek ere lorpen ekonomikoa nahi zuten, zerbaiterako balio zutela erakutsi, eta garapen ekonomikoari
eman diote lehentasuna.

Jean Errecarten euskaltasuna gogoratzeak merezi du ere bai.  

Otsail ostegunak gure saioaren karietara Eñaut Etxamendi izan zen hitzaldian. Berak oso hurbiletik ezagutu zuen Errecart. Errecart zendu ondoren, Etxamendik haren lekukoa hartuko ote zuen zurrumurruak izan ziren. Etxamendik mintzaldian erran du Errecart euskaldun peto-petoa zela. Errecartek bere idazkietan euskal kultura, euskara eta euskalduntasuna aldarrikatzen zituen hauteskundeetan, eta zaila zen zinez, idazkiak elebitan egiten zituen, garai hartan giroa arras kontra bazen ere.

Enbata mugimenduaren inguruan ibili zen.

1960an sortzen da lehenbiziko euskal mugimendu politikoa: Enbata. 1963an Errecart Itsasun zegoen, Iparraldeko lehen Aberri Eguna kari. Bere suhia Michel Eppherre Enbatakoa zen; Georgette alabaren senarra. Enbataren espiritua, hastapenean, gure nortasunaren eta hizkuntzaren aldekoa, ongi ikusia zen, edo ez hain gaizki bederen. Errecarten alderdikoek (MPR) ongi ikusi zuten. Baina gero, bestaldetik iheslari anitz heldu zen hona, horiek aritzeko beste ikusmolde bat ekarri zuten, indarkeriaren erabileraren eraginez, Errecartek eta ingurukoek “guk ezin diogu horri jarraitu” erran zuten. Indar berri mugimendua sortu zuten. Luzaz iraun ez zuena. 

“Errecartek jauntxoak kanporatu zituen Lur Berri kooperatibatik”

“Lur Berri II. Mundu Gerra aitzin sortu zen, ordurako sindikalismoa indarrean zegoen. Ongailuen eta tresnerien behar handia zen, baina horiek denak jauntxoen esku zeuden. Jauntxoek dena menperatzen zuten politikoki: laborantza mundua, sindikalismoa barne. Gerla ondoren gauzak pixka bat aldatuko dira, belaunaldi berriak sortu direlarik jende eta buru berriak hasiko dira laborantzan.

1954an, Jean Errecart laboraria eta sindikalista buru, gazte talde bat sartu da Lur Berriko administrazio kontseiluan dena itzulipurdikatzeko. Lehenagoko jauntxo denak kanpo ezarri dituzte. Errecartek bazuen ideia oso argia laborantzaz, ‘artoa saltzeko ez dugu kooperatibaren beharrik, kooperatiba behar dugu teknika eta ekoizpen berriak guhaurrek egiteko’, erraten zuen.

Ideia berriak ekarri zituen, hala nola, hazitarako artoa eta abelazkuntza behar bezala garatu beharra. Teknikariak sartu zituen kooperatiban laborarien laguntzeko, bultzada bat emateko kooperatibari, baina, haren ideiak zoritxarrez ez dira asko garatu Lur Berrin.

Lur Berrin, boterean dauden politikarien espiritua nagusitu da gaur egun, Jean-Jacques Lasserre-ren espiritua, besteak beste. Errecartek langileei buruz ari zen eta langileentzat. Areago, haren espiritua sobera euskalduna zela zioten, eta ez zuten begi onez ikusten. Lur Berriko garapen azkarraren ondorioz, garai batean sosa bazegoen. 1980. urteetan, Euskal Herriko hainbat laborarik –piperra edota gazta ekoizteko– laguntza behar izan zuten. Lur Berriri laguntza eskatu zioten, baina ezezko biribila ukan zuten. Lur Berrik Euskal Herria bazter utzi du, beste molde batez garatu da kooperatiba, eta zoritxarrez, euskalduntasunaren aurka”.

Marshall eta Monnet planak

“Bi planak ez ziren berdinak izan, Marshall plana estatubatuarrek ezarri zuten komunisten beldur. Komunismoa Europan nagusituko zela pentsatzen baitzuten. Monnet plana delakoa Ekonomia Kontseilu Nazionalaren barnean garatzen da. Bere bultzatzaileak oso progresistak ziren, orduan sortu zen geroko eredu sozial arrakastatsua. Komunistek eragin handia zuten Frantzian. Errusian planak bost urtetarako egiten ziren: ‘Horrenbeste altzairu, bihi edota ardo ekoiztuko dugu epe jakin batean’. Hau da, planifikazioaren bidez garapen ekonomikoa azkartzen zen. Frantziarrek begi onez hartu zuten ideia hura. Frantziako eredua hala ere, salbuespena izan zen. Frantses erako planifikazio bat sortu zen, akuilatzailea. Hasieran Monnet bezala ekarria, baina gero II. III. IV. eta V. plana ere izan ziren. Horrek Frantziako ekonomia erabat aldarazi zuen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
2024-10-02 | Leire Ibar
Baxoan ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatu zuten irakasleak, ikerketapean

Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.

 


Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da

Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

 


Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-08 | Pauline Guelle
Analisia
Hesi istorio

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]


Iñaki Echaniz, laugarren barrutiko irabazlea
“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


Ezkerrak hirukoiztu egin dio aldea ultraeskuinari Ipar Euskal Herrian

Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.


2024-06-30 | Estitxu Eizagirre
Laugarren barrutian: Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz irabazle, eta eskuin muturra bigarren lehen aldiz

Nafarroa Behereko zati bat, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian %73ko parte-hartzea izan da (Frantziako estatukoa %65,5). Ezkerreko Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz nagusitu da bozen %38,01ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko... [+]


Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Le Penen eskuin muturra irabazle Ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetan nagusitu da Batasun Nazionala, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefekturak emandako datuen arabera. Nagusitasuna ia erabatekoa da Lapurdin.


2024-05-24 | Euskal Irratiak
Peio Etxeleku, Elkargoko bere kargugabetzeaz: “Ez didate ene burua defendatzeko aukerarik eman”

Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
“Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari”

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude