Zineman, argazkigintzan bezalaxe, eguzkia sartu eta gaua beltz bilakatu arteko une horri ordu magikoa esaten zaio. Argiak urre kolorea hartzen du, leundu egiten da eta itzal luzeagoak sortzen ditu. Ederra eta misteriotsua den une poetiko horretan, mundua beste era batean aurkezten da gure begiradaren aurrean. Inoiz baino presenteago egiten da. Horregatik zinegile asko irteten gara ordu magiko horren bila. Pasio batek bultzaturik. Izan ere, une horretan, zinemaren ahalmena areagotu egiten da. Zinemak norberarekiko, besteekiko eta munduarekiko ezagutza, hausnarketa, emozioa, harridura zein galderak eragiteko daukan gaitasunaz ari gara hain zuzen ere.
Udazkena. Lasarte-Oriako Oriarte BHIko ikasle bat bere aitak gidatutako kotxean doa. Hamabi urte ditu. Arratsaldeko zazpiak inguru dira eta, bat-batean, aitari mugikorra eskatzen dio. Isiltzeko esango dio. Zeruari erreparatuko dio eta kamera eskuartean duela travelling bat filmatuko du. Une horretan izan behar du. Hortxe eta orduantxe. Une hori filmatzeko desioa sentitu du. Dudarik gabe, ikasle hau zinegilea da, munduari zinegilearen begiradarekin begiratzen diolako. Gazte honek sentitutako bultzada da Núria Aidelman eta Laia Colellek sortutako Cinema en curs ekimenak lehenengo egunetan ematen duen fruitu garrantzitsuenetako bat. Izan ere, zinema sorkuntzaren bihotzetik transmititzea da proiektuaren baitan dagoen oinarria. Haien erreferente den Alain Bergalak bere L’hypothèse cinéma tratatuan aipatu zuen legez, “zinemaren gakoak transmititzeko, erabaki horien bihotzean egon behar dugu”.
Aurkitzeko, lortzeko eta ikusteko zailak diren filmak badaude oraindik. Garrantzitsua da
ikasleek mota honetako zinema ere ikustea
Cinema en curs ekimena, A Bao A Qu elkarteko Aidelman eta Colellek Katalunian jarri zuten martxan orain dela hamabi urte. Hainbat lurraldetara zabaldu ostean, Euskal Herrira iritsi da ikasturte honetan. Zinema (h)abian izenpean, Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik. Denok batera, elkarrekin hasi ginen eta ari gara lehenengo esperientzia honekin ikasten. Amaia Beguiristain eta Aitor Olano irakasleak, Tabakalerako eta Elías Querejeta Zine Eskolako taldekideak eta gu geu, Mikel Gurrea (zine zuzendaria) eta Lur Olaizola (Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea). Lerro hauek ekimena abian dela idazten ditugu; aitzindaria eta iraultzailea iruditzen zaigun proiektu batek sortzen duen zirrararekin.
Zer gertatzen da eskola publiko batean zinema sartzen denean? Edo, beharbada zuzenagoa litzateke honako hau galdetzea: zer gertatzen da eskola publiko batean zinema era honetan sartzen denean? Izan ere, nahiko arrunta da ikasgelan pelikulak tresna gisa erabiltzea. Gehienetan gaiak lantzeko erabili izan dira. Gogoan dauzkagu institutuan ikusi genituen filmak eta haiei lotutako ikasgaiak: Splendor in the grass 29-ko crack ekonomikoa lantzeko, La lengua de las mariposas Gerra Zibilaren inguruan sakontzeko edo Christiane F. drogen ondorioez hausnartzeko. Zinema (h)abianek beste harreman bat proposatzen du ordea zinemarekiko. Plano zein sekuentziak ikuskatu ondoren, ikasleek hitz egiten dute koloreari eta argiari buruz. Erreparatzen diote kameraren eta pertsonaiaren kokapenari, musikarik dagoen edo ez, soinua nolakoa den eta, noski, erabaki zinematografiko horiek baliatuz sortutako planoek sentiarazten dizkieten emozioez mintzatzen dira.
Dagoeneko Oriarte institutuko DBH 1. mailako hogeita bi ikaslek bost hilabete daramatzate zinemaren inguruan horrelako galderak egiten, erabaki zinematografikoen inguruan pentsatzen eta hauek praktikan jartzen. Hau da, zinema egiten. Zinema (h)abian proiektuaren ezaugarri berezietako bat zinemagileen inplikazioa da. Eta arrazoia garbia da: pasioak bultzatzen gaitu zinemagintzara eta berebizikoa da ikasleei hori transmititzea. Horrela, ikasgelan, zinema zuzendaria, irakasleak eta ikasleak zinegile gara. Elkarrekin egiten dugu zinema, norberaren begirada sustatuz, talde-lana indartuz eta hori guztia partekatuz. Mugimenduak mugimendua eragiten duen bezalaxe, zinemak zinema eragiten duelako.
Metodologiaren beste ezaugarrietako bat zinema ikusi eta egitearen arteko konbinaketa da. Ikasleek lehenengo egunetik zirraragarriak diren zenbait zuzendarien plano eta sekuentziak ikuskatzen dituzte: David Perlov, Chantal Akerman, François Truffaut, Claire Denis, Hirokazu Koreeda, Raymond Depardon, Mercedes Álvarez, Charles Chaplin edo Michel Brault-enak, besteak beste. Zinegile horiek arreta jartzen dute, errealitatean, pertsonaietan, munduan eta emozioetan. Haien lanen atzean dauden erabaki zinematografikoak sakon aztertu eta gero, ikasle bakoitzak bere planoak filmatuko ditu, bere etxea, auzoa, herria, gertuko pertsonak, kaletik topatzen dituztenak... Eratzen ari zaien zinegile-begirada berri horretaz baliatuz, betidanik inguruan izan dutena filmatuko dute, lehen aldiz ikusiko balute bezala. Beren errealitatea berriro ezagutuko dute zinemaren bitartez.
Pasioak bultzatzen gaitu zinemagintzara eta berebizikoa da ikasleei hori transmititzea
Gero, filmatzen dituzten lanak elkarrekin ikusi eta lantzen ditugu, bakarkakoa kolektibo bilakaraziz. Ikasle bakoitzak bere ekarpenak eskuzabal eta aurreiritzirik gabe egiten ditu. Ezer ez da zuzena ala okerra, baina filmaketa bakoitzaren atzean norberak hartutako erabakiak hor daude: nor edo zer filmatu eta non, eguneko zein ordutan eta zein plano mota erabiliz… Beren errealitatea filmatzeko pasio hori egituratzen dute zinemagintzaren erabakien bitartez, begirada bakoitzaren atzean dagoen konpromisoa onartuz. Institutuko ikasgela zinema-txoko bilakatu da ikasturte osorako eta guzti-guztiak dira horren erantzule, egile eta ikusle. Hogeita bi begiradak elkarturik abiatuko dira ikasturte amaierarako egin behar duten film-laburraren bila. Badakite bilaketa konplexua izango dela, baina erabakiak lan-taldean hartzeko prest daude.
Zinema (h)abian ekimenak beste ondorio boteretsu bat ere badu: ikasleek eskura ez dauzkaten zinegileen filmak egunerokotasunez ikusi eta ezagutzen dituzte. Ikuskatu eta haien erara zinema egiteak familiaritatean oinarritzen den elkarrizketa bat sortzen du ikasle eta zinegile horien artean. Jakina da gaur egun irudi eta edukiz gainezka bizi garela baina, gezurra badirudi ere, aurkitzeko, lortzeko eta ikusteko zailak diren filmak ere badaude. Garrantzitsua da ikasleek mota honetako zinema ere ikustea, beren bizitzetan tresna bat gehiago izango baita. Ziur aski, ekimen honetatik kanpo, gazte hauek ez lukete zinegile horien lana ikusteko aukerarik izango. Norberak erabakiko du etorkizunean ea zinema hori gustatzen zaion ala ez, eta zaletasun hori noraino garatu nahi duen. Batzuk zinemazale bilakatuko dira agian eta, nork daki, besteren batzuek, zinemagintzan jarraituko dute. Hemen ez zaie ezer inposatuko. Norbera joango da zinemarekin daukan harremana bizitzen eta definitzen. Orain, behinik behin, erabakia hartzeko aukera izango dute.
Eskola publiko batean zinema era honetan sartzeak daukan garrantzia garbi ikusi zuten Frantzian eta 2000. urtean Jack Langek, Hezkuntza ministroak, Catherine Tascarekin batera, Les arts a l’école proiektua jarri zuten martxan. Arteak eskola-sistemara eraman zituzten, zinemagintza barne. Eta ez zuten artea ulertu gaiak lantzeko baliabide soil gisa, eskolan izango zuen presentzia ez zuten artelanen data eta egileen izen-zerrendetara mugatu; sorkuntza prozesu bezala ulertu zuten, arte-lan bakoitzaren atzean dauden sormen-erabakiak azaleratuz eta eskuragarri eginez; eta hortaz, errealitatearekin eraikitzen ditugun harremanetan ezinbesteko tresna bilakatuz. Alain Bergala izan zen orduan zinema atalaren aholkulari eta urteetan landutako metodologia eraman zuen aurrera. Berarentzat garrantzitsua zen proiektua sendoa eta malgua izatea, ahalik eta leku gehienetara hedatzeko eta norberak berea egiteko. Horixe egin zuten Núria Aidelman eta Laia Colellek Cinema en curs-ekin eta hori bera ekarri nahi izan dugu Euskal Herrira beraien eskutik.
Zinema (h)abianeko lehen esperientzia hau ikasturtearekin batera bukatuko da. Tailerrean aurrera goaz eta datozen hilabeteak denona izango den film-laburra egiten emango ditugu. Hasieratik ikuskatutako hainbat zuzendariren lanak erreferentzia izanik, ikasleek beraiek filmatu dituzten txoko, soinu edo argi-orduak kontutan harturik. Hilabetetan bizitako esperientziak, elkarrekin egindako film laburrean gorpuztuko dira. Kontsentsu bidez hartutako dozenaka erabakirekin egindako filma izango da, ikasleen ardura diren emozioak jorratuko dituena, haien begiradak batuko dituena, hots, zinemaren ahalmenak islatuko dituena.
Lehenengo esperientzia hau ikasturtearekin amaitzen den arren, badirudi hasiera besterik ez dela. Aurrerantzean, beharbada, hogeinaka gazte ibiliko dira kotxeetan beren gurasoekin. Agian, zeru bat filmatzeko nahia sentituko dute eta orduan, une horretan, zalantzarik gabe, zinemagileak izango dira.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]