Modako fruitua da. Mendebaldeko herritar urbanoek produktu onuragarrien “erregina” esaten diote, haren koipeak gizentzen ez duelako. Baina ahuakatearen produkzioa odolez zikinduta dago. Mexikoko Michoacan estatua da adibiderik esanguratsuena.
Héctor Torres ahuakate ekoizleak pistola darama soinean. Mexikoko Michoacan estatuaren bihotzean dagoen Tancitaro udalerrian ez da arraroa nekazariak armatuta ikustea. Pistola batek armada mexikarraren presentziak baino segurtasun handiagoa ematen du. Torres, autodefentsa edo milizia armatuen kidea da: “Lur hauek nire aitarengandik jaso nituen. Eta aitak, berriz, aitonarengandik. Ikusten duzun zuhaitz bakoitza familiako kide bat da”.
Tancitaro munduko ahuakate ekoizlerik handiena da. Michoacaneko lurrak bolkanikoak dira, eta oso emankorrak urtaro guztietan. Ahuakatearen munduko hiriburua deitzen diote Tancitarori. Bertan 23.000 hektarea daude landatuta eta fruituaren produkzioak 5 milioi dolarreko irabaziak ematen ditu urtero. “Esker oneko zuhaitza da ahuakatea. Landatu eta bost urtera fruituak ematen ditu eta lau hilabetetik behin loratu egiten da. Hemen familia guztiek lan egiten dute fruituaren produkzioan: ereiten, uzta jasotzen edo paketatzen”, azaldu du Torresek. Irabaziak hain dira handiak, ezen hektarea batek 120.000 euro balio dituen. Ez da harritzekoa Mexikon ahuakateari urre berdea deitzea.
Narkotrafikatzaileak jabetu ziren ahuakateak metanfetaminak baino diru gehiago ematen zuela. “Kuota kobratzen hasi ziren. Haien mehatxuen aurrean makurtzen ez ziren ekoizleak eta senideak bahitu zituzten”
Edonola ere, Tancitarok udalerri gotortua dirudi. Sarrera guztietan barrikadak daude eta ekoizleek errondak egiten dituzte. Michoacaneko txoko honetan gerra odoltsua egin dute ahuakate produktoreek eta Zaldun Tenplarioak izeneko drogaren kartelek. “Narkotrafikatzaileak gure lurrak lapurtzen saiatu dira. Diruaren usainak erakarri ditu”, dio ekoizleak.
Torresek ondo baino hobeto gogoratzen du Zaldun Tenplarioak lehen aldiz iritsi ziren unea: “Duela hamar urte modu baketsuan aurkeztu zitzaizkigun. Basoetan metanfetamina prestatu nahi zutela esan ziguten. Errepideak asfaltatu zituzten eta argindar sarea eraiki zuten. Haiek haienari ekin zioten eta guk gureari eutsi genion”. Halere, drogaren merkatua kontrolatzen duten narkotrafikatzaileak azkar jabetu ziren ahuakateak metanfetaminak baino diru gehiago ematen zuela. “Hilabete gutxiren buruan 3.000 pesoko kuota (130.000 euro inguru) kobratzen hasi ziren. Haien mehatxuen aurrean makurtzen ez ziren ekoizleak eta haien familiak bahitu zituzten”.
Autodefentsen sorrera
Garai hartan Héctorren anaia zen Tancitaroko alkatea: Salvador Torres. “Mehatxuak areagotu zirenean, laguntza eskatu genion Felipe Calderónen Gobernuari. Ez zuen ezertarako balio izan. Estatuak armada zabaldu zuen, baina estortsioek, bahiketek, lapurretek eta hilketek bere horretan jarraitu zuten –gogora ekarri du politikari ohiak–, gure lehengusua hiru aldiz bahitu zuten. Hirugarren aldian ez zen itzuli”.
Tancitaroko biztanleak ziur daude armadak ezikusiarena egiten zuela narkotrafikatzaileekin: “Horregatik sortu genituen indar komunitarioak. Ahuakate lurren jabeak ezkutuan bildu ginen eta justizia gure esku hartzea erabaki genuen”, oroitu du Salvadorrek. Hala, herritarrek armak erosi zituzten eta autodefentsa mugimendua hezurmamitu zuten. Lehen urratsa: Mexikoko polizia eta armada Tancitarotik botatzea eta zerotik hastea.
Michoacaneko txoko guztietara zabaldu zen indar komunitarioaren aurpegirik ezagunena José Manuel Mireles da. Kirurgialari ohiak autodefentsen babesa dauka egun ere. Horregatik da ziurrenik drogaren kartelen jomuga nagusia eta ez du toki berean lo egiten egun bat baino gehiago. Michoacaneko kostaldean dagoen hotel batean onartu du Mirelesek gurekin batzea: “Mexikoko Gobernua zeharo ustelduta dago. Narkotrafikatzaileen diruak edozein politikari eros dezake. Narko-estatua da hau”. Lider politikoarentzat, Mexikon nagusi den eguneroko indarkeriaren arduradun bakarra gobernua da, ez krimen antolatua: “Estatuak guztiz abandonatu ditu gure herrialdeko txoko gehienak. Zer egin dute drogaren kartelek? Hutsune horiez baliatu dira edo hutsuneak sortzeko politikariak erosi dituzte”.
Mirelesek uste du Mexikoko herritarrak babes gabe sentitu direla urte gehiegitan: “Zoritxarreko narkoek modu honetan lortzen zuten lurren kontrola. Ahuakate ortuaren jabearengana hurbiltzen ziren eta 1.000 peso (44 euro) eskaintzen zioten milioi bat peso (44.000 euro) balio zuen hektareagatik. Jabeak ezetz erantzunez gero, zera esaten zioten: “Ez baduzu nahi, zure alargunari eskainiko diogu”. Azkenean senarra, emaztea, seme-alabak, ilobak eta bizilagunak akabatzen zituzten. Zergatik? Lurrak inork erreklama ez zitzan”.
Autodefentsen liderrak gogoratu du polizia komunitarioak 3.700 ahuakate-hektarea askatu zituela narkoen atzaparretatik. Denak oinordekorik gabe.
Salvador Torres: “Armadak ezikusiarena egiten zuen eta horregatik sortu genituen indar komunitarioak. Ahuakate lurren jabeak ezkutuan bildu ginen eta justizia gure esku hartzea erabaki genuen”
Borrokaren instituzionalizazioa
Mirelesek argi dauka autodefentsak lasaitzen direnean krimen antolatua berriz ere jabetuko dela Michoacanez. “Egunero zapaldu nahi gaituzte, egunero ostu nahi dituzte gure lurrak... Ez bada krimen antolatua, narkotrafikatzaileak babesten dituen gobernua da. Herriak ulertu du aske izateko modu bakarra dela gure kabuz defendatzea. Ezin gara inorekin fidatu”.
Baina azkenaldian liskarrak izan dira Mexikoko armadaren eta autodefentsen artean. Militarrek hainbat operazio egin dituzte polizia komunitarioari armak kentzeko. Izan ere, Enrique Peña Nietoren Gobernuak erabaki du Michoacanen “ordena” berrezartzea. Estatuaren estrategia autodefentsa mugimendua zatitzea da. Hala, 2014an Mireles kartzelaratu zuten legez kanpoko armen jabetza atxikita. Autodefentsen liderrak hiru urte egin ditu kartzelan eta giltzapetuta zegoen bitartean bi aldiz jo dio bihotzekoak.
Estatuaren indarkeriak eztabaida sakona bultzatu du autodefentsen artean. Borrokatzen jarraitu ala borroka instituzionalizatu? Tancitaron, adibidez, indar komunitarioek CUSEPT (Cuerpos de Seguridad Pública de Tancítaro) izeneko segurtasun egitura sortu dute. Gerraren aurretik nekazari soilak ziren gazteak polizia bihurtu dira. Militarrak bezala jantzita doaz eta erasorako fusilak daramatzate soinean. Posible da gazte hauek ere lehenago edo beranduago ustelkerian erortzea? Torres anaiek ez dute hori uste: “Herriko gazteak dira, eta beraz, haien lurrak maite dituzte. Gainera, soldata altua dute”. Mirelesek aldiz, tristuraz dio autodefentsen mugimenduak traizio egin diola hasierako espirituari: “Borroka ofizializatu egiten den unean, borroka izateari uzten dio”.
José Manuel Mireles: “Estatuak guztiz abandonatu ditu gure herrialdeko txoko gehienak. Zer egin dute drogaren kartelek? Hutsune horiez baliatu dira edo hutsuneak sortzeko politikariak erosi dituzte”
Deforestazioa
Ahuakatea nahuatla hizkuntza uto-aztekako ahuacatl hitzetik dator eta esanahi oso bisuala du: zuhaitzaren testikulua. Bada, fruitua arbolan zintzilikatzen da pisuagatik lurrera erortzen den arte. Mexikon landatzen den ahuakatea Hass motakoa da, hau da, jatorrizko zuhaitz criolloaren eta Hass aldaeraren arteko hibridoa.
Michoacanen produzitzen diren ahuakateen %90 AEBetara esportatzen dira. Edonola ere, nazioarteko eskaera asko hazi da azken urteotan: “Merkatu europarraren eta japoniarraren presioa gero eta gehiago nabaritzen dugu. Europan modako fruitua izendatu dute. Japonian, sushia egiteko funtsezko osagaia da”, azaldu du Torresek. Horrek produkzioaren gorakada ekarri du ezinbestean. Mexikon 10 ahuakate-hektarea landatzen dira batez beste egunero. Luis Miguel Morales Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakaslea da eta deforestazioan aditua: “Ahuakatea droga bezalakoa da, aberats egin zaitzake, baina diruaren hotsak erakarrita, ekoizleek inolako kontrolik gabe landatzen dituzte zuhaitzak”.
Moralesek drone baten laguntzarekin erakutsi ditu deforestazioaren ondorioak: “Artea da Michoacaneko zuhaitz autoktonoa. Tamalez, baso hostotsua desagertzeko zorian dago. Eremu honetan bi kilometro koadro ebaki dituzte ahuakatea landatzeko”. Ahuakate zuhaitzak ur asko behar du eta gutxika akuiferoak lehortzen ari dira. Irakaslearen aburuz, ustelkeria politikoa dago deforestazio masiboaren atzean: “Basoak estatuarenak dira. Nola da posible bi kilometro koadro moztea agintariak konturatu gabe?”. Urre berdeak gobernuaren isiltasuna erosi du.
Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]
Nafarroan ahuakate ekologikoa landatzen duen lehen pertsona bihurtu da Xixo Ayestaran: Lesakako bere baserrian 700 ahuakate zuhaitz landatu ditu eta 2024an merkaturatzea espero du.
Pasa den igandean ospatu zuten estatubatuarrek beren kirol ekitaldi nagusietakoa, Super Bowla. Donald Trumpek gidatzen duen AEBtako gobernu berria Mexikorekiko mesfidantza zabaltzen ari den bitartean, futbol amerikarreko partidan zehar gehien jandako gutizietako bat guakamole... [+]
Kantabria aldean izan naiz aspaldiko lagun batzuei bisita egiten. Gipuzkoako ekialdetik hara kliman dagoen aldeak, eta horrek landaredian duen eraginak, beti arreta pizten dit. Gipuzkoatik Bizkaira eta Kantabriara klima berotuz doa. Palmerak, garrazkiak... beste poz bat... [+]