Pekinek Mendebaldeari esan dio: “Ito zaitezkete zeuen plastiko zikinetan”

  • Urtarrilaren 1ean Txinak bete du 24 motatako hondakinen inportazioa debekatzeko erabakia. Biharamunetik Europan eta Ipar Ameriketan gainezka daude teorian birziklagarriak diren hondakinen biltegiak eta ez agintariek eta ez enpresek ez dute asmatzen epe laburrean zer egin, batik bat plastiko hondarrekin, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitu orain arte. Txinak ohartarazia zuen ez duela munduaren zabortegi izaten jarraitu nahi.

‘China Plastics’ dokumentaletik ateratako irudian, protagonistetako bat den Ji-Jie neskatoak plastiko nahasien pila gainetik begiratzen die bere amari eta honi bularra hartzen dion ahizpa txikiari. 11 urterekin egunero ari dira lanean ama-alabak Txinako b
‘China Plastics’ dokumentaletik ateratako irudian, protagonistetako bat den Ji-Jie neskatoak plastiko nahasien pila gainetik begiratzen die bere amari eta honi bularra hartzen dion ahizpa txikiari. 11 urterekin egunero ari dira lanean ama-alabak Txinako bazter guztietan perretxikuak legez ugaritu diren azpikontrata txikietako batean. Horietan zahar, heldu eta gazte, inolako babesik gabe egiten dute lan. Probesteko modukoa bereizirik, azken hondarrak soroetan bertan uzten dituzte erretzen, inguruko lur, haize eta urak kutsatuz

Sundance eta beste zenbait zinemalditan arrakasta edukiagatik, film batek nekez alda lezake mundua. Baina China Plastics dokumentalak lortu du –internetez ikusteko debekua urratuta bertako herritar askori begiak irekiz– Pekingo agintariei presa sartzea. Filmak gordin erakusten ditu mundu osotik teorian birziklatzeko inportatutako plastikoek zein larri kaltetzen dituzten Txinako jendeen osasunak eta bizitzeko behar dituzten lur, haize eta urak.

Hogei urte baino gehiagoz Txina izan da munduko hondakin birziklagarrientzako biltegi eta fabrika nagusia. 2016an planeta osoan esportatzen ziren plastiko, paper eta metalezko hondakinen %56 Txinara zihoazen. AEBek urte horretan 16.000 milioi tona bidali zien, 5.200 milioi dolarren truke. Kanadako hiriek bere hondakin birziklagarri gehienak bidaltzen zizkieten.

Europatik berdintsu. Britainia Handiko birziklatze enpresen buruak kazetariei aitortu dienez, “20 urtez plastiko birziklagarriak Txinara esportatuz moldatu gara eta orain zer gertatuko den ez dakigu”. Irlandak ohartarazi du bere hondakin pilak laster “krisi mailara” iritsiko direla; plastikoen %95 Txinara bidaltzen zituzten irlandarrek.

Pacific Standard egunkariak “Nola Txinak birziklatze merkatu globalak inarrosi ditzakeen” dioenez, Txinari beren zakarrak bidaltzen dizkioten esportatzaile handienak dira AEB, Japonia eta Alemania. Ondoren datoz Britainia Handia eta Malasia, eta horien atzetik datozen zazpi herrialdeen artean daude Espainia eta Frantzia. Pentsatzekoa da, beraz, Txinak uretara jaurtitako harrikadaren uhinak Euskal Herriraino iritsiko direla.

2008rako Txinak irrikaz bilatzen zituen lehengaiak bere manufaktura industria, etxegintza eta azpiegituretarako. Materialak urri eta lanerako jendea soberan, metalak bezala papera eta plastikoa atzerritik ekarritako hondakinak birziklatzea merkeagoa zaio oraindik ere lehengai gordinetatik ekoiztea baino.

Ordainetan, herrialde aberatsei merkeago ateratzen zaie beren hondakin birziklagarriak horien gosez dagoen Txinari saltzea etxean tratatzea baino.  Adibide nabarmen bat motor elektrikoena da. Europako edo Ipar Ameriketako birziklatzaileei garestiegi zitzaien horien karkasak ireki eta barruko materialak eskuz bereiztea. Biltegietan pilatuz zihoazen alferrikako motorrok Txina hasi zen erosten 90eko hamarkadan.

Urteotan, eta gaur ere, Txinak aprobetxatzeko moduko zernahi erosi du mendebaldean. Hondakinen trafikoa ulertzeko, garraio merkeetan dago gakoa. Itsasontziak, Mendebaldeko portuetara mota guztietako produktuak eramandakoan, Txinara itzuli ohi dira hondakinez zamatuta. Plastikoei dagokienez, nagusiki portu handien inguruetan kokatuta dagoen manufaktura industria txinatarra bertan ekoizten ez den plastikoa erruz behar du, horregatik erosten ditu prezio onean urrutitik ekarritakoak.

Joan den uztailean WTO Munduko Garraio Erakundearen biltzarrean garbi ohartarazi zuten Pekingo ordezkariek: “Guk lehengaitzat erabiltzeko dakartzagun hondakinek nahastuta dakartzate zabor zikin asko eta baita hondakin arriskutsuak ere. Eta Txinako ingurumena larri kutsatzen dute”. Orain urtarrilaren 1ean 24 hondakin mota debekatuta oharra ulertzen hasi beharko dugu Mendebaldean, gogoz kontra bada ere.

Munduko fabrika eta zabortegi globala

Birziklagarrien inportazioetan ordena jartzeko ahaleginean 2013tik ari ziren agintari txinatarrak, Hesi Berdea operazioa abian jarri zutenetik. Motiboak badauzkate. Hasteko, urrutitik ekarritakoen birziklatzea ez da hasieran bezain negozio errentagarria, urteotan herrialdearen aberaste eta soldaten igoerarekin eskulana garestitu egin da.

Bestalde, lehengaitarako balio duten hondakinak ekartzeko aitzakiarekin nazioarteko zabor trafikoak zabor birziklaezin asko eraman ditu Txinaraino edozein bazterretan pilatu, lurperatu edo erre ditzaten. China Plasticsen irudietan ikus daiteke Txinako hiri inguruak bezala landa eremuetako soro eta errekak zenbateraino bilakatu diren urrutiko zaborren biltegi kutsakor, bertako biztanleen bizimodua pozoituz. Filmak erakusten du eskuzko birziklatze lanetan osasuna galtzen duten helduen eta haurren bizimodu latza ere.

Eta zer egingo dute hondakinen esportatzaileek? Urte hasieran Europa eta AEBetako agintari askok ez zekiten nola erreakzionatu. Britainia Handiko Ingurumen ministro Michael Govek aitortu zuenez, “ez dakit zein ondorio ekarriko dituen, argi eta garbi aitortzen dizuet”. Badirudi plastikoz gainezka daudenen adabaki bat izango dela Txinak baino are kontrol arinagoak dauzkaten herrialdeetara bidaltzea: Vietnam, Malaisia, Thailandia...

Ez dute aski izanen gero eta plastikoa gehiago kontsumitzen dutenek. Birziklatzeko azpiegituretan aspaldi oso gutxi inbertitu duten agintari eta industrialek erreakzionatu beharko dute. Eta saiatu beharko dute hemengo birziklatzeko sistemak Txinak ezarritako estandar berrietara egokitzen: orain arte plastiko birziklagarrietan %1,5eko kutsadura onartzen bazuen, %0,5era estutu du muga, hori baino zikinagorik ez du onartuko. Gure artean birziklapena edozeri deitzen diotenek garaiz ikasiko ote dute hondakinen gaikako bilketaren  kalitate onaren garrantzia?

Litekeena da, ordea, Mendebaldeak are gehiago jotzea erraustera, #breakfreefromplastic [Aska zaitez plastikotatik] kanpainako arduradunek ohartarazi dutenez: “Hondakinen arazoari kutsadura arazo berria gehitzea litzateke, negutegi eragineko gasak eta minbiziak sortzen dituzten dioxinak isuriz”.

GAIA Errausketaren Aurkako Nazioarteko Mugimenduak oroitarazi du birziklatzea ez dela aski, plastiko hondarren krisiarekin ikasi beharra daukagula: “Bizi dugun kutsadura krisitik ateratzeko ez dago beste biderik plastiko gutxiago ekoitzi eta kontsumitzea baizik”. Baina industria ez dago horretan. Berrikitan jakin denez, azken urteotan 146.000 milioi euro inbertitu ditu industria petrokimikoak datorren hamarkadan plastiko produkzioa %40 handitzeko. Norbaitek nozituko du.

China Plastics dokumentalak baditu pasarte gogoangarriak. Batean, birziklatze lantegi bateko ugazaba eta beste herritar bat entzuten dira eztabaidan: “Zergatik datoz beste herrialdeak beren zaborrak Txinan lurperatzera?”. “Ezin dutelako beren hondakina ondo sailkatu”. “Mesedez... arma nuklearrak ekoiztu ditzakete eta ezin dute hondakina sailkatu? Bidaltzen diguten hau kaltegarria da, toxikoa ere izan daiteke. Nori ardura dio besteei eragindako kaltea etekinak ematen dituen bitartean?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


Atez atekoa Arabako Errioxako kuadrillan
“Borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea”

Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara heltzen diren bakarrak dira. Laster, kuadrillako herri gehiagotara... [+]


2024-10-29 | Leire Ibar
Hamar urtean zabor elektronikoaren pilaketa mila aldiz biderkatu daiteke

Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.


2024-10-15 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegiaren “ezohiko” jarduera onartu du Jaurlaritzak

Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]


2024-10-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako Udalak gaikako bilketa betetzen ez duela salatu du Eguzkik

Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]


Jaurlaritzak ez du Zubietako erraustegia zigortuko Artaxoara lixibiatuak eramateagatik

Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.


Jaurlaritza prest dago Ekondakin zigortzeaz hitz egiteko, Artaxoako hondakin ilegalengatik

Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.


Behar adina egin

Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…


Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.


Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]


2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


Eguneraketa berriak daude