Erraustegia, epaiketak eta desagertutako dokumentuak

  • 40 milioi euro baino gehiago eskatzen dizkiote Ainhoa Intxaurrandietari. Ondo irakurri duzu: 40 milioi euro baino gehiago. Lezoko emakume honi Damoklesen ezpata bezala dabilkio buru gainean edozein pertsona arruntek ordaindu ezin duen kopuru hori. “Okerreko” botoia sakatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakaria izan zenean, 2011-2015 epealdian: Zubietako erraustegi proiektua gelditu zuten agintaldi hartan eta hori egiteagatik salatu ditu gaur egungo GHK-k, bai bera, bai Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia. Baina hau ez da erraustegiari buruzko auzia: Intxaurrandietaren ustez, epaiketa honetan jokoan dago erakundeen funtzionamenduaz dugun ideia ere. Instituzioek pagatuta egiten diren negozio pribatuen munduaren zatitxo bat erakutsi digu elkarrizketa honetan. Eta kontatu dituenak irakurrita, irakurleak irudika dezake nola jokatzen duten dena lotuta eduki nahi duten botere ekonomiko eta politikoek, norbait haiei aurre egiten ausartzen bada.

AINHOA INTXAURRANDIETA:

1973an Lezon jaioa, bertan bizi da. Udaletxeetako administraria da lanbidez. 2011/2015 bitartean Lezoko EH Bilduko zinegotzi izan zen eta  legegintzaldi honetan ere hala da. Zinegotzi zela, San Marko Mankomunitateko lehendakaria eta ondoren GHK-ko eta Hondakinen Konsortzioko lehendakaria izan zen.

Argazkia: Dani Blanco.

Zu Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) kontsortzioko lehendakari eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu zinetela, 2013an erraustegi proiektua geldiarazi izanagatik eramango zaituzte epaitegira oraingo GHK-k: batzarrak hartu du erabakia eta bertako lehendakari eta Ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensiok egin du proposamena. Baina zuk zera esan izan duzu: “Hau ez da hondakinen arazoa, eta hau ez da Gipuzkoako arazoa”. Zer jokatzen da, bada, epaiketa horretan?

Madrilen emango den epaiketa horretan, asko dago jokoan eta ez digu soilik Errazkini eta niri eragiten. Batetik, gu bion kontrako mendeku pertsonala dago, eta hau larria da, emandako pauso eta hartutako erabaki guztiak, juridikoki aztertuak eta legea azken muturreraino betez hartu baitziren. Bestetik, eta nire ustez hau da larriena, hurrengo legegintzaldietarako eskuak loturik utzi nahi gaituzte. Jakina da haientzat “estrategikoak” diren azpiegiturek, gehienetan, gizartearen kontrakotasuna pizten dutela.

Azpiegitura hauek oso garestiak izaten dira, ehunka eta milaka milioi eurokoak (AHT kasu), ingurumenari kalte izugarriak sortzen dizkiete, eta gainera diru publikoz enpresa pribatuak eta bankuak aberasten dira, herritarrak zorpetuz. Eta  ekidin nahi dutena zera da, “estrategikotzat” dituzten azpiegiturak bertan behera uztea. Hurrengo hauteskundeetan, gobernu ezberdinak lortuta ere, azpiegitura faraoniko horiek ukitu ezin bilakatzea, alegia.

Hauxe da Madrilen epaituko dena: herritarrok, desberdin pentsatzen dugun alderdietako kideok, ba ote dugun elite ekonomikoari etekin izugarriak sortzen dizkieten azpiegiturak geratzeko zilegitasunik. Kasu honetan oso argi geratzen da, ezta? EAJk eta PSEk Madrilen salatu gaituzte eta hango auzitegian, gure kasuaren instruktorea, Margarita Mariscal De Gante da, PPko Justizia Ministroa izan zena, Aznar presidente zenean. Argi dugu juridikoki bikain egin genituela gauzak eta beraz, auzia politikoa dela.

Zuen bien aurka egin dute, baina zergatik? 2013an erraustegi proiektua gelditzeko erabakia GHK-ko batzarrarena izan bazen (udalak ordezkatzen dituena), zergatik ez orduko batzar osoa auzipetu?

Gu biok atera ginen argazkian enpresekin akordioa lortu genuela iragarriz eta erraustegiaren kontratua apurtua zegoela esateko. Uste dut bati baino gehiagori argazki horrek min eman ziola. Administrazio publikoa, enpresen gainetik eta herritarren interesak defendatzeko dagoela erakutsi genuen, eta horrek min egin zuen. Bestetik, Batzarkide guztien kontra joanez gero, hogeitik gora salaketa jarri beharko lituzkete eta horrek ekarriko luke, Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan salatuak egotea. Nik uste dut, herritarren erantzunaren beldur zirela, haserrea nolabait “neurtuagoa” izango zela biren kontra joanda 23 pertsonaren kontra joanda baino.

Hori, hala ere, nolabait justifikatu behar zuten eta paperak guztia eusten duenez, Madrilgo Kontu Auzitegian esan zuten beste batzarkideek guk esandakoa bozkatu behar zutela alderdiaren diziplina zorrotza delako eta ezin delako kontrakoa bozkatu. Hau da, beste batzarkideek erraustegiaren kontratua apurtzearen aldeko botoa eman zuten, ezin zutelako guk proposatutakoaren kontra bozkatu. Erabat barregarria.

"Epaiketa honetan, Iñaki Errazkinen eta bion kontrako mendeku pertsonala ere badago. Gu biok atera ginen argazkian enpresekin akordioa lortu genuela iragarriz eta erraustegiaren kontratua apurtua zegoela esateko. Argazki horrekin erakutsi genuen administrazio publikoa enpresen gainetik eta herritarren interesak defendatzeko dagoela, eta uste dut bati baino gehiagori argazki horrek min eman ziola". 2013ko azaroaren 13an Ainhoa Intxaurrandieta, Carmelo Aguas (FCCk arduraduna) eta Iñaki Errazkin. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press

Kontatu zer gertatzen den alderdi bat, urte askoan beste alderdi batek gobernatutako erakunde publiko bat kudeatzera sartzen denean. Zerekin egin zenuten topo GHKn?

Batetik, dokumentazio ugari falta zela ohartu ginen. Bilera garrantzitsu batzuetako aktetan, beste bilera batzuei egiten zioten erreferentzia, baina bilera horietako aktak falta ziren. 

Bestetik, pertsona zoragarriak topatu baditugu ere, beti laguntzeko prest zeuden teknikariak, administrariak eta abar, oztopatzeko zeudenak ere topatu genituen. Gauzak zailtzea zuten helburu eta horrela lan egitea ez da batere erraza.
Teknikari batek, esaterako, kontratu bat esleitzeko plegu batzuk prestatu behar zituen, aurreko kontratua agortu zelako. Kontratua, hondakin organikoa garraiatzeko kamioi zerbitzua izango zen, baina Epeleko konpostaje planta eraikitzen ari ginenez, oso epe motzeko kontratua izango zen, urtebetekoa. Pleguak aurkeztu zizkigunean, prezioa oso garestia iruditu zitzaidan, eskandalagarria. Hauek aztertzen hasi nintzenean ordea, aurreko kontratuko kamioiez galdetu nion teknikariari. Esan nion, aurreko sei urteetako kontratuan, erabiltzen ziren kamioien amortizazioa ordaindu genuela eta, beraz, nik ulertzen nuela ordaindutako zatian, kamioiak GHKrenak zirela. Kamioien amortizazioak hori esan nahi zuela, hilero-hilero enpresari ordaintzen zitzaiola kamioi horiek gureganatzeko. Ez zela alokairu bat. Teknikariaren esanetan, amortizazioa alokairu antzeko bat zen, eta nik ezetz. Zerbitzu juridikoari luzatu genion gaia eta aurreko kontratua sakon aztertu ondoren, arrazoi nuela esan zuten. Beraz, aurreko sei urteetan ordaindutakoarekin, trailer oso bat eta bi trailerren erdiak GHKrenak ziren. Izen-aldatzea besterik ez zen falta. Teknikari honi abokatuen esanak jakinarazterakoan, erantzun zidan ordura arte gauzak ez zirela horrela egiten. Berak esandako moduan egiten zirela gauzak. Orduan erantzun nion, ordura arte enpresei kamioiak ordaindu eta kontratu amaieran oparitu egiten zitzaizkiela, eta ez zidan ukatu. Kontratu horren eta beste batzuen gainean egon ez bagina, kamioiak enpresei oparituko zitzaizkien. Teknikari hori, orain, EAJko zinegotzia da.

Lehen aipatu dut, dokumentazioa falta zela gu sartu ginenean. Ikusi genuen Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratua, ingurumena babestu asmoz ematen den baimena, eta eraiki behar zen proiektua ez zetozela bat. Baina Jaurlaritzako teknikariekin egindako bileren aktak ere falta ziren. Bilera ugari egin genituen hainbat teknikari eta langilerekin, paperean eta modu digitalean falta zen dokumentazio horren berri izateko.

Teknikari batekin izandako bilerek fruitua eman zuten. Errauste plantako zuzendaria izango zen pertsona hau eta gauzak nola egin ziren, nola sinatu ziren kontatu zigun, berak Jaurlaritzan izandako bileretan parte hartu zuelako. Dokumentazioagatik galdetu genionean, bere laneko ordenagailuan kopiak zituela esan zigun eta egun horretan berandu zebilenez, hurrengo egunean CD batean grabatuko zizkigula. Hurrengo goizean, pertsona hau inoiz baino goizago joan zen lanera, goizeko zazpietan, eta CDa grabatzean eskura emango zigula esanaz bere bulegoan sartu zen. Eguerdian, gure bulegoko ate ondotik pasa bazen ere, mugikorrez mezu bat bidali zigun familian ezbehar bat izan zuela eta lanetik irten behar izan zuela esateko, eta grabazioa hurrengo egunean emango zigula. Hurrengo egunean berriz, beste SMS bat bidali zigun gaixorik zegoela esateko. Hau ikusita, bere bulegora joan ginen eta ordenagailua falta zela ohartu ginen. Eraman egin zuen. Telefonoz deitu genion ordenagailua eskatzeko eta erantzun zigun ez zekiela non zegoen, begiratuko zuela ea kotxean zegoen edo ez eta bost minutura deituko zuela berak. Gaur arte.

Argazkia: Dani Blanco.

Salaketa jarri genion eta 15 egunetara, epaitegian utzi zuen berak ordenagailua. Guk salaketa jarri eta astebetera, berak jarri zuen salaketa GHK-ko konfiantzazko karguen kontra. Bahiketa, torturak, tratu txarrak eta abar leporatu zizkigun. Ez zuen ez hanka ez buru. Zorionez, hainbat epailek ere horrela ikusi zuten, eta epaiketa eta errekurtso guztiak galdu zituen. Urte eta erdi pasa zen ordenagailu famatua eskuratu genuenerako eta Espainiako Estatuan dagoen informatiko forentse adituenetako bati eman genion, ordenagailuan zer gertatu zen azter zezan. Hark egindako txostena oso argia zen: inoiz baino goizago lanera joan zen egun horretan, goizeko zazpiak eta hamahiru minututan, ordenagailuan gordeta zeuden artxiboen ezabaketa hasi zuen. 70.000 artxibo ezabatu zituen, modu seguruan, alegia, berreskura ezin bilakatu zituen. 149 artxibo soilik berreskuratu ahal izan genituen eta hauen garrantzia ikusita, ezabatu zirenak oso garrantzitsuak zirela susma daiteke.

Gerora, argi dagoena zera da, berak gure kontrako salaketa jartzea ez zela alferrikakoa izan, bere kontrako epaiketa atzeratzea lortu zuen, ez baitzen urte eta erdian bere kontrako instrukziorik egin ordenagailua lapurtzeagatik. Epaitegietan gaia geldirik egon zen berak bere kontra irteten ziren sententziak errekurritzen zituen bitartean eta 2015eko hauteskundeen ondorioz, EAJk eta PSEk hartu zuten gehiengoa berriro ere GHKn. Eta lehenengo Administrazio Kontseiluko bilerako lehenengo erabakietako bat, pertsona honen kontrako salaketa kentzea izan zen. Bakoitzak atera beharko ditu ondorioak, baina nahiko argi geratzen da zer gertatu zen, ezta?

Zer erakutsi dizue berreskuratutako 149 artxibo horietan atzemandako informazioak?

Legez, bi azpiegitura mota daude: errauste planta eta balorizazio energetikoko planta. Bien arteko desberdintasuna zein da ordea? Balorizazio energetikoko planta batek, hondakinak “birziklatzen” ditu, energia bilakatuz. Erraustegi batek berriz, zabortegi baten moduan funtzionatzen du, mendi zulo batean hondakinak bota ordez, erre egiten dira. Zubietako errauste plantak  balorizazio energetikorako baimenak zituen. Europako Inbertsio Bankuak emandako mailegua, balorizazio planta bat eraikitzeko eman zuen, ez erraustegi baterako. Nola desberdintzen dira bi azpiegitura motak ordea? Formula matematiko bat aplikatuta, lortzen den energia kopuruak desberdintzen ditu biak. 149 dokumentu horietako bat, Excel liburu bat zen. Lehenengo orrian, formula matematiko hori aplikatuta, emaitzak balorizazio planta bat zela erakusten zuen. Bigarren orrian berriz, aurrekoan “ahaztutako” datu bat gehitzen zuten formulan, plantak sortzen zuen energiari, plantak berak, bere funtzionamendurako behar zuen energia kopurua kentzea alegia. Bigarren orri honetako ondorioak beraz, erraustegi bat zela argi uzten zuen. Horretarako baimenik ez zuten eta jakitun ziren.

Beno, hau adibide bat besterik ez da, beste hiruzpalau dokumentu topatu genituen, garrantzi handikoak direnak.

Zor ez legitimoaz asko hitz egiten da. Zor publikoa zuek sortu zenutela argudiatzen du salaketak, batetik, erraustegia eraikitzeko kontratua eteteak ekarri zuelako enpersei indemnizazioa ordaintzea eta bestetik, salaketaren argudioen arabera, swapak espekulatibo bihurtu omen zirelako proiektua etetean, ordaintzen jarraitu behar izan direlako mailegua erabili ez arren.

Bai, kafkiarra da egoera, baina botereak (hizki larriz) horrela funtzionatzen du. Negozioak ukitzen badizkiozu, zu izango zara beraiek eragindako guztiaren erantzule. Kasu honetan, hori da bilatzen dutena. Nik, hitzetatik harago, dokumentuekin, gauzak nola egin ziren kontatuko dizut kronologikoki.

2011ko otsailaren 3an, Luca Lazzaroli (Europako Inbertsio Bankuko ordezkaria), Markel Olano eta
Carlos Ormazabal, erraustegia finantzatzeko 195 milioi euroko mailegua sinatu zutenean.

Europako Inbertsio Bankuak (EIB), maileguaren zati handi bat eman zuen eta mailegu txikiago bat Caixak eta Banestok. EIBk mailegua emateko ordea, baldintza batzuk jarri zituen, hauetako bat “erabilitako maileguaren estaldura kontratu” bat izatea zen. Zer esan nahi du honek? Mailegua erabili ahala, erabili den diruaren interesak finko mantenduko dituen “seguru” bat izatera behartu zituen. Garrantzitsua da, EIBk exijitzen zuena erabilitako diruaren gaineko asegurua zela. EAJko eta PSEko ordezkariek ordea, Caixari eta Banestori erosi zizkioten produktuek, ez zuten erabilitako dirua estaltzen. Maileguko dirua erabili edo ez, 600.000 euro ordaindu behar ziren hilero-hilero. Errauste planta egin izan balitz ere ordaindu beharko lirateke, baina jakitun ziren errauste planta egin ezean ere, hilero-hilero ordaindu beharko zela. Eta hau onartu eta sinatu zutenak ez ginen Iñaki Errazkin eta ni izan, EAJko Ingurumen diputatua eta GHK-ko lehendakaria izan zen (Carlos Ormazabal).

2011ko otsailean, Caixak Carlos Ormazabali “Komenigarritasun testa” egin zion swapak kontratatzeko gai ote zen edo ez erabakitzeko. Hainbat galderaren artean, galerak izateko prest ote dagoen galdetzen diote eta baiezkoa erantzuten du. Galera ezberdinen artean aukeratzeko ematen diotenean, era guztietako galerak onartzeko prest dagoela jartzen du.

Caixak hori ikusirik, Carlos Ormazabalek produktua ulertzeko gaitasunik ez duela ondorioztatzen du eta produktuak ez sinatzea gomendatzen dio. Astebete pasa ondoren, berriro ere beste test bat egiten dio eta honetan kalifikazioa aldatzen dio. Astebetean, nonbait, kontratu finantzieroak ulertzeko gaitasuna eskuratzen du eta “handizkari” izendatzen dute.

Swapak sinatu zituen orduan. Sinatu ziren une berean, 5,6 milioi euroko galerak izan zituen GHK-k, sinatze hutsagatik. Eta ezaguna den moduan, hau ospatu egin zuten. EAJko ordezkari politikoak, Caixa eta Banestoko zuzendariekin jatetxe ezagun batera joan ziren angulak jatera, eta diru publikoarekin ordaindu zuten. Hau da, Caixak eta Banestok, errauste planta egin edo ez egin, maileguko dirua GHKri utzi edo ez, dozenaka milioi euro irabazi zituzten kontratu horrekin eta gainera gu guztiona den diru publikoarekin angulak bazkaltzera gonbidatu zituzten.

Baina Ormazabal ez da epailearen aurrera joango, zuek baizik. Zergatik ez zenuten zuek bera epaiketara eraman?
Bai, paradoxikoa da epaitegietara zorpetze izugarria ekidin zutenak eramatea, baina horrek ikusarazten digu nola dauden instituzioak, nori begira eta noren menpe jartzen dituzten instituzioak batzuek, ezta?

Dena den, guk epaitegietara eraman genituen. Swapen kontra salaketa jarri genien banketxeei eta aholkularitza lanak egin zituen PWCri. Hori ere lotsagarria izan zen. Swapen kontratuek, derrigorrezkoak diren atal ugari falta zituzten eta gainera lehen esan dudan moduan, BEIk eskatutakoa ez zen swap hauekin betetzen. Beste instituzio askok lortu izan dute, Eibarko Udalak kasu, epaitegietan swapak bertan behera uztea. Gure kasuan ordea, ezinezkoa izan zen, EAJko ordezkariek epaitegietan swapak eta bankuak defendatu zituztelako eta guztia ondo egina zegoela eta berriro ere berdina egingo luketela esan zutelako. Beraz, hasiera hasieratik, mailegua erabili edo ez ordaintzera lotu gintuen pertsona berak, epaitegietan ondo sinatua zegoela esan zuen. Eta une horretan bere esku zegoena, swapak bertan behera geratzea, ezinezko bilakatu zuen.

GHKren kontrako sententzia atera ondoren, ez zuten errekurritu nahi izan, eta orain, produktu horiek ez ordaintzeko ahaleginak egin genituenoi, salaketa jarri eta guk ordaintzea eskatzen dute. Aurpegia behar da gero!

Zergatik jarri zenuten salaketa banketxeen eta PWC asesoriaren aurka eta ez pertsonalki Ormazabalen aurka? Hori da orain zuekin egin dutena, ez? Zuen aurkako epaiketak jurisprudentzia sortzen badu, ez al da ate arriskutsu samarra zabaltzen alderdi politiko guztietako kargu publikoentzat?

Gure helburua ez da inoiz mendeku pertsonala izan. Gure helburua gipuzkoar gizarteari dozenaka milioi euro aurreztea izan da beti eta hori lortzeko modu bakarra, epaile batek swapak bertan behera uztea zen, banketxeak salatuz. Gainera, banketxeek eskatzen ez zitzaien produktu bat saldu zuten eta derrigorrezkoak diren baldintzak zehaztu gabe kontratuetan.

Zer da zehazki egozten dizuetena?

Batetik swapak leporatzen dizkigute, nahiz eta guk ez sinatu hasiera hasieratik kaltegarriak ziren produktu hauek, eta neronek demanda sartu epaitegian produktu hau bertan behera uzteko. Orain, swapak sinatu zituztenek eta epaitegietan defendatu zituztenek, guk ordaintzea nahi dute...

Bestetik, enpresei ordaindu beharreko kalte-ordaina ere eskatzen digute. Eta horrek ere badu bere zera. 2011ko hauteskundeak baino astebete lehenago, erraustegia eraikitzeko kontratua sinatu zuten. Kontratua sinatu zutenean jakitun ziren, urtebete lehenago ingeniaritza batek hainbat txostenetan hala jakinarazi zielako, arazoak izango zituztela errauste plantarekin, gaindimentsionatuta zegoelako eta Gipuzkoan hondakin nahikorik sortzen ez zelako. Beste herrialdeekin hitzarmenak sinatzea gomendatu zieten, kanpotik hondakinak ekartzeko. Gaindimentsionatuta zegoela jakin arren, 2011ko maiatzean sinatu zuten eraikitzeko kontratua. Sinatu eta hiru hilabeteko epean,  abuztuan, behin betiko oinarrizko proiektua aurkeztu behar zuten enpresek. 2011ko hauteskundeetan, Bilduk gehiengoa lortu zuen Gipuzkoako instituzio gehienetan, baita Aldundian eta GHKn ere. 2011ko ekainean, kargu berriak hartu genituen udal zein Aldundian. Mankomunitatean eta GHKn ordea, prozesua luzeagoa da eta oraindik ez zen aldaketarik eman. GHK-ko ordezkariak, beraz, funtzioetan zeuden, aldaketa gauzatu bitartean. Abuztuan, FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta Murias enpresek, funtzioetan zegoen GHK-ko Administrazio Kontseiluari proiektua aurkezten diote, eta nahiko txapuzeroa zenez eta proiektuak ez zituenez kontratuan zehazten ziren oinarriak betetzen, ez zuten ontzat eman. Une horretan, enpresek kontratua ez betetzeagatik, hauekin zegoen lotura sosik ordaindu gabe eten zitekeen.
Bilduko Ingurumen Diputatu Juan Karlos Alduntzinek, GHK-ko lehendakari izango zenak izendapenekin amaitu ondoren, funtzioetan zegoen Carlos Ormazabal GHK-ko lehendakariari (EAJ) esan zion, Gipuzkoako hondakinen sorrera asko gutxitu zela eta gizartearen eta lurraldearen beharrak aztertu arte, kontratua horrela uzteko. Ormazabalek ordea, enpresei bigarren aukera bat eman zien eta hilabete bateko luzapena eman zien berriro ere proiektua aurkezteko.

Irailean beraz, berriro ere proiektua aurkeztu zuten. Oraingoan ere, baldintza minimoak ere betetzen ez zituela. Berriro ere epe motzean horrela uzteko eskatu zion GHK-ko lehendakaria izango zenak, funtzioetan zegoen EAJko lehendakariari, lurraldearen beharrak aztertu egin behar zirela eta erabakiak patxadaz hartu behar zirela. Une horretan, enpresek bigarrenez kontratua ez betetzeagatik, zentimorik kobratu gabe gera zitekeen kontratua bertan behera. Berriro ere, beste hirugarren aukera bat ematen zaie enpresei eta bigarren luzapen bat eskaintzen diete, beste hilabete bat behar bezalako proiektua aurkez zezaten. Orduan, eta epeek estututa, GHK-ko teknikariak hasi ziren enpresekin batera proiektua egiten. Tartean, ordenagailua eraman zuen teknikaria. Gaur egun enpresa horietako batean egiten du lan.

Urrian, Bilduk proposatutako GHK-ko lehendakaria jarri baino astebete lehenago, proiektua aurkezten dute enpresek eta gabezia nabariak dituela agerian utzi arren, ontzat ematen du funtzioetan zegoen GHK-k. Eta Carlos Ormazabalek sinatu egiten du. Sinadura honek, hainbeste aukera eta hainbeste luzapenen ondoren, esan nahi du enpresek kontratua bete dutela, beraz, nahiz eta gaindimentsionatua zegoen azpiegitura izan, nahiz eta lurraldearen beharrak aldatu, nahiz eta izugarrizko zorpetzea sortu herrialdeari (ingurumenari eta beraz osasunari sortutako kalteak ahaztu gabe noski), kontratua apurtzekotan, enpresei kalte-ordainak jasotzeko eskubidea eman zien. Horixe zen gertatu zena. Gu GHKn sartu ginenean, ekonomikoki ere kaltegarria izango zen azpiegitura bat eraikitzen hasi behar genuen eta hau egin ezean, kalte ordainak blindatuta utzi zizkiguten. Zer egin behar genuen bada? Ingurumena eta osasuna kaltetzeaz gain, Gipuzkoari zorpetze izugarria sortuko zion azpiegitura eraikitzen hasi, eraikitzen hasi aurretik defizitarioa izango zela jakin arren?

Zer da zure defentsan esateko daukazuna? Gipuzkoako Batzar Nagusietan erraustegi proiektuaren kontra zegoen Bilduk gehiengorik eduki gabe, zuk, GHK-ko lehendakari moduan bazenuen legitimitaterik erraustegia geldiarazteko?

Juridikoki bikain jokatu genuen: kontratuak apurtzeko legeak ezartzen dituen prozedurak jarraitu genituen eta ordain zitekeen kalte-ordainik txikiena ordaindu genuen. Guk ez genuen Arau Forala urratu. Gainera kontratua sinatzeko GHK-ko lehendakariak eskumena bazuen, nola izan daiteke hau apurtzeko GHKko lehendakariak eskumenik ez izatea? Pasa den hilabetean, EAEko Justizia Epaitegi Nagusiak plazaratutako sententziak hau onartzen du, kontratua apurtzeko eskumena bagenuela, eskumena gurea zela, ez beste inorena.

Zein da jaso dezakezuen zigorrik handiena, eta zer espero duzu Espainiako Kontu Auzitegiko epaiketa batetik?

Jaso dezakegun zigorrik handiena milioi euro askotako zigorra da. Prentsa bitartez zabaldu zen 41 milioi euroko zifra, baina astakeria ikaragarria bada ere, oraindik ere gehiago eskatzen dute demandan. 41 milioi horiek, orain arte swapengatik ordaindu dena eta enpresei ordaindutako kalte ordainen batura dira. Horiez gain, hemendik aurrera swapengatik sortzen diren kalte guztiak ere eskatzen dizkigute, ez dakit, beste 40 bat milioi euro izan daitezke, edo gehiago. Hala ere, zifra horiekin gabiltzala,  40 milioi euro izan edo 80, ez dut uste alde handia dagoenik. Gure ondasunak, hau da, etxebizitza eta bizitza osoko soldatak, enbargatu ditzakete. Baina ez gaitezen aurreratu. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Madrileko epaitegietan esperantza handirik ez badut ere, hain garbi dut gauzak ondo egin genituela, eta Gipuzkoari kalte ikaragarria ekidin geniola, gaiarekin baikor bainago eta gertatzen denaren zain.

Politikariak, bankuak, abokatu bufeteak, teknikari funtzionario talde oso bat, enpresak, lobbyak... Zerk elkartzen ditu, zein da euren helburua? Nork agintzen du oinarrian?

Lehen aipatu dut nik boterea hizki larriz jartzen dudala normalki. Boterea diodanean, ez naiz Gobernuez ari. Benetako boterea duenaz ari naiz. Eta hauek dira guztiaren aurretik, gainetik, agintzen dutenak. Azkenean, kapitala da guztiaren gainetik duguna gizarte honetan. Bankuek erabakitzen dute, multinazionalek erabakitzen dute. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko moduaz ari gara. Izugarria da herritarrak, udalak, zein arinkeriarekin zorpetzen gaituzten gutxi batzuk aberasteko.

Okerrena da, milioika euroko kontratu horiek, politikariek sinatu eta onartzen dituztela, guztion onerako dela salduz gainera.

“Kotxerik ez dabilen Super Surra dugu, hondakinik gabeko erraustegiak eraiki nahi dituzte, AHTrena eskandalagarria da, hasieran errepideetatik kamioiak kentzearekin justifikatu zuten, orain berriz, merkantzietarako ez dela erabiliko diote, ez du denborarik aurreztuko hiriburuen artean, ez du loturarik izango beste hiriburuekin... eta dena berdin. Hau al da azpiegitura ‘estrategikoak‘ izatea? Ingurumenari kristoren sarraskiak eragin eta herritarrak bizitza osorako zorpetu. Estrategikoak dira, enpresariak eta banketxeetako jabeak aberasteko estrategia jarraitzen dutelako soilik".

Epe motz-ertainera zer politika publiko espero duzu ezagutuko dugula Hego Euskal Herrian?

Oinarrizko zerbitzuak ere pribatizatu egiten dituzte, hobeto funtzionatzen dutenaren aitzakian. Badakigu hori gezurra dela, atzetik dagoena enpresari bat dela etekinak gizartera bueltatu ordez bere patrikak betetzen dituena, baina gainera kopeta galanta dute, gu guztion onerako dela esateko.

Azpiegitura “estrategikoak” direla diote, baina egunero ikusten ditugu “estrategikoak” diren azpiegitura horiek kasu askotan alferrikakoak izaten direla. Kotxerik ez dabilen Super Surra dugu, hondakinik gabeko erraustegiak eraiki nahi dituzte, AHTrena eskandalagarria da, hasieran errepideetatik kamioiak kentzearekin justifikatu zuten, orain berriz, merkantzietarako ez dela erabiliko diote, ez du denborarik aurreztuko hiriburuen artean, ez du loturarik izango beste hiriburuekin... eta dena berdin. Hau al da azpiegitura “estrategikoak” izatea? Ingurumenari kristoren sarraskiak eragin eta herritarrak bizitza osorako zorpetu. Estrategikoak dira, enpresariak eta banketxeetako jabeak aberasteko estrategia jarraitzen dutelako soilik.

Erakunde publikoetan egin daitekeen politika gero eta lotuago dago? Gizartea eraldatu nahi duten politikariei zer bide geratzen zaie?

Oso pertsona baikorra naiz eta pentsatu nahi dut, guztion lanarekin, gauzak aldatuko direla. Ezinbestekoa da ordea, guztiok inplikatzea honetan, guztion lana da. Egoera ez da erraza, eta uste dut gure kontrako salaketa honekin marra gorri asko zeharkatzen direla. Asko dago jokoan, eta ez soilik Iñaki Errazkin eta nire kontrako bizi guztiko zigor ekonomikoa. Hortik harago doa salaketa. Proiektu estrategikoak ukiezin bilakatu nahi dituzte salaketa honekin. Inork ez dezan pentsatu gauzak beste modu batetara egin daitezkeenik eta herritarrontzat kaltegarriak diren azpiegiturak, proiektuak, gelditu daitezkeenik. Beraien helburua, hauteskundeetako emaitzak kontrolatu ezin dituztenez, behintzat beraiek lotuta utzitako proiektuek aurrera egitea da. Inor ez ausartzea proiektu horien kontra. Hori da guzti honetan larriena. Ezin diegu hau egiten utzi.

Lobbyen presioak gutxi ez, eta zuen epaiketarekin gehitzen bada pertsonalki zigor ekonomiko itzelak jasotzea, zer ezaugarri edo baldintza behar ditu zure ustez politikari batek, programan hitz emandako neurri ausartak praktikan jartzeko?

Ez dakit ausardia behar den. Hautetsi izateko, nik uste dut behar-beharrezko dena, herrigintzan sinestea dela. Herria bizirik dagoen zerbait da eta horren alde eta hori defendatuz egin behar da lan. Ez da erraza ordea, askotan herritarron interesak lehen aipatu dudan botereekin talka egiten baitu, baina hor tinko mantendu behar dugu eta ez utzi nahi dutena ez egiten. Ardura ezberdinak ditugunok edo izan ditugunok, herritarron interesak defendatu behar ditugu. Horrek izan behar du politikan dabilen ororen iparrorratza. Eta zalantzarik gabe, herri bizi eta libre baten alde ilusioz beteta lan egin.

Nola ikusten duzu gaur erraustegiaren gaia?

Kezkaz ikusten dut errauste plantaren oraingo proiektua. GHK-ko administrazio kontseiluan  EAJ eta PSEko ordezkariak besterik ez daude. EH Bildu Gipuzkoako bigarren indarra izanda ere, ez digute bertan parte hartzen uzten. Legegintzaldi hasieran, bost EAJko kide, bost PSEko kide eta ni gonbidatu ninduten administrazio kontseiluko kide izateko. Lehenengo bi administrazio kontseiluetara joan nintzen eta inolako abisurik gabe, nire postua beste bati eman zioten. Gauzak nola egiten ari diren ikusita, badirudi ez dutela lekukorik nahi, eta horrek kezkatzen nau. Hondakinen tratamentua pribatizatu egin dute eta aurrerantzean, gauzak aldatu ezean, txinatarra den Urbaser enpresari lotu gaituzte. 35 urtetan, gipuzkoarron diruak txinatar enpresa baten etekin ekonomiko izango dira derrigor.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez du Zubietako erraustegia zigortuko Artaxoara lixibiatuak eramateagatik

Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.


2024-09-05 | ARGIA
Igandeko errausketaren aurkako giza katean Donostiako Udalaren hondakinen kudeaketa salatuko dute

Errausketaren Aurkako Mugimenduak Errausketaren aurkako giza katea egingo du datorren hilaren 8an Donostian. 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik.


Jaurlaritza prest dago Ekondakin zigortzeaz hitz egiteko, Artaxoako hondakin ilegalengatik

Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.


Arkaitzerreka: GuraSOSek salatu du kutsatuta agertu dela, eta GHK-k dio fenomeno naturala dela

Ostiralean herritar batek detektatu zuen ura ez zegoela garbi, baina ezin da jakin noiztik dagoen horrela. ARGIAk jakin duenez, URA agentziako kideak bertaratu dira Arkaitzerrekara. Aspalditik salatzen ari dira erraustegiaren isuriak eta kutsadura.

 


Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]


Erraustegiak lehen pozoiak erakutsi baldin baditu... zer egin?

Gipuzkoako erraustegiaren emisioen bost urteko jarraipenaren emaitzak aurkeztu ditu ToxicoWatch fundazioak. Emaitza kezkagarriak, bizidunei eta zehazki gizakiei osasun kalte larriak eragin diezazkieketen kutsatzaileez ari garelako. Emaitza nabarmenak, erraustegi berria eta ustez... [+]


Zubietako erraustegia martxan jarri zenetik, toxikoak asko handitu dira inguruko herrietan

Bost urtez aritu da laginak hartzen Toxicowatch erakundea erraustegiaren inguruko oiloen arrautzetan, goroldioan, zuhaitzetan, sedimenduetan eta ama esnean, besteak beste. 2019tik dioxina maila asko handitu da, baita metal astunak, PFASak eta beste gai oso kutsagarri batzuk ere... [+]


2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
Erraustegia geratzeko protesta planta atariraino eraman dute

Zubietako erraustegia geratzeko Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako oinezko martxan parte hartu dute larunbat goiz honetan.


2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
“Itxi ezazue behingoz, alferrikako erraustegi zikin, arriskutsu eta garesti hau!”

Zubietako erraustegia ixteko eskaria atariraino eraman du Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetan Lasarte-Oriatik abiatu duen oinezko martxan. Ertzaintzak sarbidea inguratua zuen atari horretan bertan plazaratu duen adierazpenean, erraustegia behingoz ixtea eskatu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


2024-05-08 | ARGIA
Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu eta martxara deitu dute

Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Eguneraketa berriak daude