“Emakumeen talentu guztia baliatu behar dugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan”

  • 80 emakume zientzialari espedizio batean ari dira egunotan Antartikan, tartean da Uxua Lopez. Duela bi urte ehuntzen hasi zen 1.000 emakume adituren sareko kide dira. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Hurrengoa, klima aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea, berandu baino lehen.

Argazkilaria: Dani Blanco.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Uxua Lopez Flamarique (Tafalla, 1983)

Telekomunikaziotako ingeniaria da. Duela hamabi urtez geroztik Acciona enpresan ari da lanean eta otsailaren 13tik Antartikan dabil Homeward Bound proiektuan parte hartzen. Zientzia eta teknologia alorretako mundu zabaleko 80 emakume bildu dira ekimen horretan, urtebeteko formakuntza saioa egin ondoren. Helburua da 2025erako 1.000 emakumeren sarea eratzea klima aldaketaren aurkako borrokan erabakimen postuetan esku har dezaten.

Zein da zure lana Acciona enpresan?

Azken bost urteotan kontrol zentroan ari naiz lanean. Handik energia berriztagarrien 400 bat estazio kontrolatzen dira, 14 gigabyte-eko energia iturriak. Ia 80 pertsona ari gara lanean atal horretan eta ni sistemaren segurtasunaz arduratzen den taldean nago. Duela bi urte ziber-segurtasun graduondoa egin nuen eta industriarako kontrol sistemak kudeatzea da nire espezialitatea. Alor horretan gerta daitezkeen arazoek eragina izan dezakete fabrika baten jardueran, elektrizitate zentral batean edo semaforoen funtzionamenduan. Ondorioak oso larriak izan daitezke pertsonentzat. Guk orain arte, zorionez, ez dugu ezustekorik izan.

Zer da Antartikako bidaia hori?

Urtebeteko formakuntzari amaiera jartzen dion espedizioa da, Homeward Bound proiektuaren barruan. Ekimen hori duela bi urte sortu zen hamar urtera begirako helburuarekin. Urtero 80 emakume aukeratzen dituzte STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) alorrekoak. Sare bat osatzen dute eta helburu nagusia da hamar urte barru munduan 1.000 emakume ongi prestatuak izatea, klima aldaketaren inguruko erabakiak hartzen diren guneetan ardura postuak izan ditzaten.

Aurtengoa bigarren edizioa da. Ideia Australian sortu zen. Emakume zientzialari bat, Jessica Melbourne-Thomas, eta trebatzaile bat, Fabian Dattner, elkartu ziren emakumeen lanari balorea emateko asmoz. Zenbait ikerketa garrantzitsutan bildutako datuek erakutsi zieten genero parekidetasuna duten lantaldeen emaitzak %50 hobeak izaten direla gizonak gehiengoa diren taldeetan baino. Bi emakumeok konturatu ziren klima aldaketaren borroka galtzen ari garela eta onuragarria izanen zela parekidetasunaren estrategia aplikatzea.

Zergatik funtzionatzen dute hobeki talde parekideek?

Ikerketa horietan ikusten da emakumeok gure sormenaren eta gure esperientziaren bidez bestelako soluziobideak ematen ahal dizkiegula arazoei. Oso kontu larria da emakumeen talentu guztia alferrik galtzea. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer gertatu den hainbat mendetan aprobetxatu ez den talentu horrekin guztiarekin.

Argi dago emakumeok baditugula beste ikuspuntu batzuk, bestelako bizi esperientziak ditugulako. Arazoei aurre egiterakoan, esate baterako, orain arte ohikoak izan ez diren soluziobideak bilatzeko gai gara. Oro har, hobeak gara talde-lana egiterakoan. Batzuetan soluziorik onena ez dator ezagutza tekniko oso altua duzulako, baizik eta hori izateaz gain, kontuan hartzen dituzulako beste gauza asko: elkarlanaren balioa, zer nolako emozioak sorrarazten dituzten hartutako erabakiek, zer ondorio ekarriko dizkien beste pertsonei, esate baterako. Emakumeen talentu eta trebetasun guztiak baliatu behar ditugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan. Jokoan dagoena ez da emakumeen, gizonen edo pinguinoen biziraupena, denona baizik, planeta osoarena.

“Euskal Herrian udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira”

Nola izan zenuen proiektu honen berri?

Aurten parte hartzen duten emakume gehienek aurreko urteko norbait ezagutzen dute, baina nik irratsaio baten bidez izan nuen honen berri. Carne cruda deitzen da saioa eta oso interesgarria da, trataera bikaina ematen dielako bai genero gaiei baita zientziakoei ere. Klima aldaketa eta generoa nire betiko borroka esparru nagusiak izan dira eta ekimen honetan biak bat eginik datoz. Pentsatu nuen ez nuela haiek nahi zuten soslaia, gehienak zientzia ikertzaileak zirelako, baina hala ere, azken unean bidali nuen proposamena, eta hara non, onartu ninduten.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Proiektuaren aurkezpenean sustatzaileek oso ideia polita proposatu zuten. Bideo batean, galdetzen zieten neska eta emakumeei ea zer eginen luketen beren ama gaixorik balego, eta hori lotzen zuten Ama Lurrarekin eta egiten ari garen triskantzekin. Oso hunkigarria izan zen.

Joan den urteko otsailean formakuntza epea hasi zen. Hainbat lan egin dugu urtean zehar taldeka, munduko hamaika tokitan zeuden lagunekin elkarlanean. Dokumentazio pila bat irakurri dugu eta lanak hiru gai nagusiren inguruan egin ditugu: emakumeen lidergoa, estrategia, eta ikusgarritasuna. Oso lan trinkoa izan da. Gogorra, baina oso polita.

Espedizioan zer egin behar duzue?

Lau asteko bidaia da. Otsailaren 13an atera eta martxoaren 13an itzuli. Argentinan itsasontzia hartu eta bi egunez Drake itsasartea zeharkatuko dugu. Esan digute mila kilometroko bidaia garbigailuan egitea bezalakoa dela. Izugarria. Biodramina baino dezente gogorragoa den botika hartu beharko dugula esan digute, eutsi ahal izateko. Gero zientzia estazioak bisitatuko ditugu. Ez da kirol espedizioa, bisita zientifikoak dira. Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Txina eta Argentinaren estazioak ezagutuko ditugu. Antartika laborategi erraldoi moduko bat da, oso egokia berotze globalaren ondorioak aztertzeko. Planetako ur erreserba handiena da eta kutsadurarik edo distortsiorik sortzen ahal duen beste faktorerik ez dago.

Acciona enpresak nola lagundu dizu proiektu honetan?

Ekimenean parte hartzeko 16.000 dolar ordaindu behar da, kostu errealaren erdia. Acciona Energíak bere gain hartu zuen gastu hori proiektuaren filosofia bat datorrelako enpresaren helburuekin. Horrez gain, aseguruak, bidaiak eta materiala ordaindu behar nituen nire poltsikotik, baina abenduan Acciona markak Acciona Team sortzea erabaki zuen, espedizioan parte hartu behar dugun partaideekin. Ekipamendua lortzen lagundu digu eta beste partaideei ordaintzeko falta zitzaiena ere jarri du. Gainera, Ternua eta Lorpen enpresek material izugarri ona eman digute eta eskerrak eman behar dizkiet, noski.

Zer iruditzen zaizu klima aldaketa ukatzen duen AEBetako presidente Trumpen jarrera?

Gero eta eszeptiko gutxiago dago. Taldekide batzuek diote jendea konbentzitu behar dugula, baina nik uste hori jada ez dela beharrezkoa. Sinetsi nahi dutenek sinesten dute eta nahi ez dutenek ez. Nik jada ez dut pedagogiarik egiten, propaganda baizik.

Aldaketaren ondorioak begi bistakoak dira. Azken 50 urteetako CO2 emisioetan bada goranzko ikaragarri bat, lehenago inoiz existitu ez dena. Desertifikazioa, euriteak, uholdeak, lehorte gero eta latzagoak, espezie inbaditzaile pila bat zabaltzen eta ekosistema asko erabat suntsitzen… Ondorioak atzeraezinak dira eta horregatik orain da unea gure jokamoldeak aldatzeko, eskuetatik gehiago ihes egin ez dezan. Gauza asko galdu dira dagoeneko eta ez ditugu inoiz berreskuratuko.

Adibidez?

Basamortu bihurtutako eremuak, esate baterako. Txinan azken 50 urteotan 25.000 kilometro koadro gehiago dute mortu. Iberiar Penintsularen azaleraren %80 desertu izateko arriskuan dago, 2016an Espainiako Estatuko Ingurumen Ministerioak argitara emandako txosten baten arabera. Lehengo euri kopuruak berreskuratzea oso zaila da, ezinezkoa dela ez esateagatik.

Eta Antartikan?

Izotz hormak urtzea da berotze orokorraren ondorio nagusia. Glaziarrak ere desagertzen ari dira. Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke. Itsas mailaren igoera kezkagarria gertatzen ari da, itsas eta haize korronteak desberdinak dira, itsas ekosistemak aldatzen dira eta denok pairatzen ditugu ondorioak.

Argazkia: Dani Blanco.

Eta hemen, Euskal Herrian?

Hemen udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira. Panpa-lezka edo panpa-belarra (Cortaderia selloana) da inbaditzaileetako bat. Jatorriz Hego Amerikakoa da belar altu hori, Panpan eta Patagonian bizi da eta Euskal Herriko kostaldean gero eta gehiago ikus daiteke. Bertako landare asko kaltetzen ditu.
Zergatik dabil hain emakume gutxi zientzian eta teknologian?

Betidanik emakumeak ikusezinak izan dira alor horietan eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Komunikabideetan agertzen diren adituak, adibidez, ia guztiak gizasemeak dira. Testuliburuetan ere oso gutxi ageri dira. Nobel sarietan soilik %3 izan dira emakumeentzat zientzian. Horregatik guztiarengatik erreferente falta izugarria dago eta horrek ondorio zuzena du neskengan, ikasketak aukeratzerakoan. Askotan neskei sinetsarazten diete txarragoak direla zientzia eta matematiketan. Errealitatea ez da horrelakoa. Emaitzak eta notak hor daude kontrakoa erakutsiz.

Bestalde, zientzia eta teknologia karrera oso gogorra da. “Publish or perish” argitaratu edo hil, esaten da, adierazteko etengabe zure ikerketen berri ematen aritu behar duzula eta ez da amatasunarekin bateragarria. Emakume askok lehia profesionala alde batera uzten dute eta beste askok ama izatea geroko uzten dute lanean toki on bat erdietsi arte. Unibertsitatean emakume askotxo dago, batez ere hainbat gradutan, biologian, adibidez, baina gero ardura postuetara ez dira iristen.

Arrakala handiak daude, eta handiena zaintzak eragiten duena da. Emakumeok Antartikara joan ahal izateko gizonek eraman behar dituzte haurrak medikuarenera, kartetan aritu aitonarekin, erostera joan eta arropa garbitu behar dute. Zaintza lanak eta etxeko lanak partekatzen ez diren bitartean ezinezkoa da emakumeok aukera berdinak izatea gure garapen profesionalean.

Enpresa munduan, ni nagoen alorrean, adibidez, gizon batek haurra izatea gauza ona da enpresarentzat, horrek esan nahi baitu bere egoera pertsonala egonkorragoa izanen dela, ez dela auskalo nora joanen, zentratua egonen dela enpresan. Aldiz, emakume batek umea duenean arazoa dator: orain bere lehentasunak aldatuko dira, ezin izango da beti libre egon, nahasiago ibiliko da, lanetik atera behar izanen du askotan… Arrakala horiek guztiak, eta soldatetan daudenak, desagertzen ez diren arte emakumeok etorkizun zaila dugu.

Soluziobidea?

Aldatu maila guztietan. Gizonezkoek ohartu behar dute pribilegioak galdu behar dituztela eta enpresek neurri batzuk bai ala bai hartu behar dituzte bateragarritasun erreala lortu ahal izateko. Gobernu mailan lege egokiak behar dira emakumeen garapen profesionala sustatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako proiektu kide batek esaten zidan han kongresu batzuetan haurrak zaintzeko zerbitzuak dituztela, inor etxean gelditu ez dadin arrazoi horrengatik. Eta zenbait kasutan bazterketa positiboa egin beharko da emakumeen alde.

Desberdina litzateke mundu parekidea?

Nik uste dut baietz. Askoz lasaiagoa litzateke. Gerra, gorroto eta muga arazo askoz gutxiago legoke. Kooperazio eta komunikazio gehiago legoke, zalantzarik gabe.

Greba feminista

“Martxoaren 8an Antartikan ez dakit zer eginen dugun, baina zerbait bai, seguru. Dena den, nik uste dut greba azaroaren 3an hasi beharko genukeela eta urtarrilaren 1era arte iraun. Nafarroan emakumeok lan berdinarengatik %18 gutxiago kobratzen dugu, beraz, kontuak aterata, azaroaren 3ra arte baino ez genuke egin beharko lan”.  
 

Emakumeak, klima aldaketaren biktimak

“Berotze globalaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak emakume pobreak dira, haiek bizi baitira lurrari lotuak eta oso baliabide gutxirekin. Adibidez, uholdeetan gehien hiltzen direnak emakumeak dira askok eta askok igerian ez dakitelako”.
 

Berdintasunaren alde

“Berdintasuna lortzeko emakumeen aldeko bazterketa positiboa egin behar da. Agian, hasieran, pribilegioak galtzeak gizon batzuei beldurra emanen die, baina onuragarria izanen da guztientzat. Gainera, pribilegio horiek gizon batzuentzat karga modukoak ere badira, asko eskatzen baitzaie soilik gizona izateagatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matxismoa
2024-07-11 | Euskal Irratiak
Eneka Barnetx Borda
“Erasoei begira, lanketa aski apala da oraindik Baionako besteetan”

Asteazkenan ireki dira Baionako bestak usaian baino goizago, bai egutegian bai tenorean. Gisa berean, Patxa plazako besta alternatiboak arratseko 6etan abiatuko dira. Eneka Barnetx Borda, Zizpa gaztetxeko kidea da.


Gorlizko Udalak kalte ordaina eman beharko dio tratu iraingarria jaso zuen emakume udaltzaingoari

2019ean, Gorlizko emakume udaltzaingo batek tratu iraingarria eta sexu izaerako jokabide desegoki larriak sufritu zituela salatu zuen bere kidea zen gizonezko batengatik, eta, horren ondorioz, 2021an baja eskatu zuen. Orain, Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko epaitegiak ebatzi du... [+]


Sanferminetako bederatzi sexu eraso ikertzen ari da Foruzaingoa, horietako hiru “intentsitate altukoak”

Sanferminetako lehen bi egunetan gutxienez bederatzi eraso sexista salatu dituzte, horietako hiru intentsitate handiko sexu erasoak, Mugimendu Feministak gaitzetsi duenez. Foruzaingoak erasoei lotutako gizonak atxilotu ditu, eta gertakariak ikertzen ari da. Erasoei erantzuteko... [+]


Emakume bati sexu erasoa egiteagatik, gizon bat atxilotu dute larunbatean Tuteran

Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du larunbat honetan Tuteran, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Emakumeak Poliziari deitu zion laguntza eske gizona jarraika zuelako.


Milaka lagunek salatu dituzte Sanferminen lehen egunean izandako eraso matxistak

Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, bezperan izandako lau eraso salatzeko. Berriozarren eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte sexu abusuengatik.


2024-07-05 | Ahotsa.info
Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa Sanferminetan

Iruñean, Sanferminetarako, udal estrategia bat sortu da eraso sexisten aurkako protokolo saretua aurrera eramateko. Protokoloak, sentsibilizazio eta prebentzio neurrietan, eta ekintza plan batean oinarrituta dago, zeina, interbentzioa, laguntza eta erantzun protokoloa... [+]


Irunberriko Udalak ez du eraso sexisten aurkako kartela jarriko herrian, “ez delako beharrezkoa”

Irunberriko Talde Feministaren eskaerari uko egin eta eraso sexisten aurkako kartela ez dutela herri sarreran jarriko erabaki du Rocío Monclús buru duen udal gobernuak, ez dela beharrezkoa argudiatuta, "beste eraso batzuk ere gertatzen direlako". Udalaren... [+]


Nagore Laffage oroitu dute Iruñean, hilketaren 16. urteurrenean

Nagore Laffage Casasolaren heriotza salatu dute Iruñean astelehenean. 2008ko Sanferminetan Jose Diego Yllanesek hil zuen, Laffagek 20 urte besterik ez zituela.


Sexu abusuak egiteagatik zigortu dute epaileek Baionako apaiz bat, baina ez du kartzelara joan beharko

70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.


Urruñan desagertutako emakumeak otsailean Poliziari jakinarazi zion senarrak “jazartzen” zuela

Ostegunean emandako prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradoreak bikotea “dibortzio-prozesuan” zegoela adierazi du, eta senarrak ez zuela onartzen. Senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean zituen gerra armak ez dituzte aurkitu. Laure Zacchello... [+]


Emakume bat desagerturik da Urruñan eta hilketa matxistagatik ikerketa ireki dute

Laure Zacchello azken aldiz ikusi zuten ekainaren 21 goizean. Fiskaltzak astelehenean senarrari behin-behineko espetxealdia ezarri zion eta haren parte-hartzea froga dezaketen “zantzu serio eta sendoak” daudela informatu du Sud Ouest egunkariak. Jendarmeriak laguntza... [+]


La Salle jakitun zen Patxi Ezkiagak adin txikikoei egindako sexu abusuez, eta ez zuten neurririk hartu

El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


2024-06-19 | June Fernández
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]


21 urteko fisioterapeuta bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta

Atxilotuak astelehen goizean, ekainaren 17an, egin zuen sexu erasoa, pazientea belauneko lesio batetik artatzen ari zela, emakumeak salatu duenez. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten eta aske utzi zuten, Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku geratu ondoren.


Eguneraketa berriak daude