‘OxyContin’ epidemia AEBetan: gure medikuak bihurtu gaitu jonki

  • Droga epidemia berriaren biktimak ez dira ghetto txiroetako gazte baztertuak. Oraingoan eltxoak pozoiarekin bezain ugari erortzen direnak dira langileria eta klase ertain zuriko seme-alabak, auzo estandarretakoak, etxe txiki baten eta bi autoren jabe diren gurasoak, zaharrak bezala gazteak. Edozein klasetako oinazeri aurre egiteko agintarien bezala medikuen establishmentaren bedeinkapen oroz OxyContin opiazeoa hartzetik abiatuta jonki amaitu dutenak.


2018ko otsailaren 21ean
‘The Onion’ aldizkaritik hartutako argazkian, OxyContin-en iragarki bat autobus geltoki batean: ‘It gets you high’ euskaraz “igoarazten zaitu” esango genuke, edo “suspertzen zaizu”, baina ingelesez hitz joko maltzurra egiten du leloa Hegoaldeko euskalduna
‘The Onion’ aldizkaritik hartutako argazkian, OxyContin-en iragarki bat autobus geltoki batean: ‘It gets you high’ euskaraz “igoarazten zaitu” esango genuke, edo “suspertzen zaizu”, baina ingelesez hitz joko maltzurra egiten du leloa Hegoaldeko euskaldunak “subidoia ematen dizu” esango lukeenarekin. 2017an AEBetan barrena zabaldutako publizitate arrunta ez balitz... Perdue konpainiak 2006an, urte bete lehenago, auzitegi federal batean onartua zuela marketin gezurtia erabili zuela, 600 milioi dolarreko isun eta guzti. Inpunitatea zer den.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Nire gamelua egunaren 24 orduetan etor zitekeen, astearen zazpi egunetan. Neu ninduen bezero onena. Mezua bidali egin zidan errehabilitazioan sartuta nengoenean, material gehiago bazeukala”. Dealerrak prezio merkeagoa eskaini zion, berriro eroriko zelakoan, baina Nan Goldinek uko egiteko indarra atera zuen, ohartuta drogaren katea eteten ez bazuen denbora gutxiko bizia zeukala.

Goldin argazkilari ezaguna egin zen 70eko eta 80ko hamarkadetako New Yorkeko giro alternatiboetan. Orduan egin behar izan zuen lehenbiziko errehabilitazioa garaiko estupefaziente ohikoenetatik garbitzeko. Gaur nozitzen dituen monoak, ordea, ordenaren maitale diren enpresaburu eta medikuek eragin dizkiote, Joanna Walters kazetariari kontatu dionez.

2014an Berlingo mediku batek gomendatu zion OxyContin ezkerreko eskumuturreko tendinitisa arintzeko. “Lehenbizikoz errezetatu zidaten 40 miligramo hartzea eta izugarri eragin zidan, goragaleak, makalaldia. Denborarekin, ordea, egunean 450 mg behar nituen”. Tarteka pilula hauts bihurtuta esnifatu ere egiten zuen. New Yorkera itzulita medikuek ukatu ziotenean errezeta, merkatu beltzera jo zuen, OxyContin bila baina baita beste droga merkeagoen xerka ere, diruz estu zebilenean.

Massachusettseko errehabilitazio zentrotik iazko martxoan irtenda, OxyContinen inguruko informazioen bila hasita ohartu zen erabat legezkoa den botika hori dela AEBetan azken 20 urteotan zabaldu den opiazeoen krisiaren errudun nagusia. Drogen epidemia berriak dagoenekoz 200.000 pertsona baino gehiago hil ditu AEBetan.

Larriagorik ere jakin zuen, ordea, betidanik arte munduan mugitu den Goldinek: OxyContin marketin estrategia bihotz gabeenak erabiliz medikuen eta jendeen artean nagusitzea lortu duen Purdue konpainia Sackler familiarena dela, New Yorketik Londresera, Guggenheim, MET eta artearen beste tenpluetan atal ospetsuen  babesle diren Sackler filantropoena. “Ez dakit nola bizi daitezkeen beren larruaren barruan”.

The New Yorker kazetaren joan den urriko alean Patrick Radden Keefek dossier mamitsua eskaini zion Sackler familiari: “Oinazezko inperio bat eraiki zuen familia”. Bigarren titulua: “Sackler dinastiak beren analgesikoaren erruki gabeko marketinarekin sortu ditu milaka milioiko etekinak... eta milioika drogen menpeko”.

Arthur, Mortimer eta Raymond Sackler –hirurak hilak, azkena iaz– mediku eta enpresaburuek AEBetako fortuna handienetako bat pilatu zuten, 13.000 milioi dolar Forbesen kalkuluetan, Rockefellertarrena baino altxor handiagoa. “Sacklertarrak sarri elkarrizketatu zituzten bere filantropiazko lanez, baina publikoki oso gutxitan aipatu zuten   aberastu zituen negozioa: hiruren familiena den Purdue Pharma, OxyContin analgesikoa 1995ean garatu zuena”.

Medikuntzako establishment guztiak egin zion ongi etorri beroa OxyContini, oinaze erdi mailako eta gogorrak dauzkaten gaixoentzako botika txit egokia zelakoan, bere ahalmen narkotikoak pixkanaka askatuz luzeago iraun arazten zituela eta. 35.000 milioi euroko etekinak emango zizkion Purdueri.

OxyContinen molekula oxykodona da, heroinaren lehengusua kimikaz eta morfina baino bi aldiz indartsuagoa. Iraganean medikuek nekez gomendatzen zuten opiazeorik –opiotik eratorritako droga sintetikoak– ez bazen minbizien oinaze handientzako edo heriotzaren mugakoentzako, botikok menpekotasuna eragiten dutelako. Medikuak izateaz gain gaztetatik marketinean trebatutako Sacklertarren gakoa izan da doktoreen fidagaiztasuna gainditzen asmatzea.

Eta farmazietatik hedatu zen izurritea

Purdue konpainia OxyContin merkaturatzeko marketin kanpainarekin medikuen ohiturak aldatzen ahalegindu zen. Aditu famatuak erosi zituen espreski prestatutako ikerlanekin iradoki zezaten botika berriak klase askotako oinazeak arintzeaz gain aparteko adikzio arazorik ez zuela sortzen, ordura arteko azterketetan opiazeoen menpetze ahalmena esajeratu egin zela.

Milioika gaixok eskertuko zuten OxyContinek hobetzea bizi kalitatea, baina beste asko hain zeuden hari kateatuak ezen eta dosi batetik bestera arteko tarteetan ere abstinentzia latza nozitzen zuten.

OxyContin merkaturatuta laster hasi ziren albiste kezkagarriak zabaltzen, leku askotan  ugaritzen ari zirela botikaren erabilera okerrak. Medikuek gero eta sintoma gehiagorentzako errezetatzen zutenez, gaixo batzuk hasi ziren beren pilulak merkatu beltzean saltzen. Alderantzizkoa ere gero eta sarriago gertatzen zen, OxyContin-en menpean erori ostean hura eskuratu ezinda bestelako opiazeoetara jotzea, heroinara bidenabar.

2003rako DEA Drogen Aurkako Agentziak salatu zuen arren Purduek botikarekin egindako marketin erasokorra zegoela epidemia berriaren oinarrian, uholdea gelditzeko modurik ez da izan, hainbeste zabalduta dago medikuen bezala gaixoen artean modako narkotikoarekiko lotura. AEBetako Adikzioentzako Medikuntza Elkartearen kalkuluetan, gaur heroina kontsumitzen duten bost pertsonatatik lau medikuek errezetatutako analgesikoekin hasi ziren.

Eta sarraskiak aurrera darrai. Gaur egunero han 145 pertsona hiltzen dira opiazeoen gaindosiz; orotara 200.000 heriotza aipatzen dituzte kalkulu ofizialek. Opiazeoetatik zintzilik 2,4 milioi iparramerikar daude.

Opiazeoen merkatua eten gabe aldatzen da. Le Monde Diplomatiquen Maxime Robinek azaldu duenez, azken urteotan opiazeo erabat sintetikoak nagusitu dira, Fentaniloa eta Carfentaniloa. Txinatik askoz merkeago ekarriak, inongo landarerik erein eta uztatu beharrik gabe laborategietan ekoizten direlako, askoz bortitzagoak dira heroina edo morfina bera baino: esatearekin hiru miligramo Fentanyl aski direla gizaki bat hiltzeko... Gaindosiagatiko azken kasu gehienak horiei omen dagozkie, tartean Prince kantariarena eta, berrikitan bere familiak jakinarazi duenez, Tom Pettirena: biak ere, ez kasualitatez, medikuak errezetatuko OxyContinetik abiatuak ziren.

2003an Barry Meierrek salatua zuen gaia “Analgesikoa: ‘botika zoragarri’ baten adikzio eta heriotzazko arrastoa” liburuan. 15 urte geroago AEBetan denen ahotan dabil OxyContin krisia, Europan ere erreplikaren bat izango duena. Ez da azkena izango, farma-industriak teknika berarekin darraielako beste hainbat botika berri sortu eta saltzen: konpainiek erositako ikerlari eta medikuek gomendatutaz gero, herritarrek begi itsuan onartzen dituzte  erremedio berri eta garestienak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industria farmazeutikoa
2024-11-08 | Leire Ibar
Farmazia enpresen erdiak baino gehiagok adimen artifiziala erabiltzen du

Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Desikasi daitekeen minaren ondoeza

“Askotan min handia sentitzen nuen oinetan, baina arraroa zen, ez nuelako lotzen kolpe batekin edo lesio batekin, eta ez nuelako identifikatzen nondik zetorren”. Iraia Etxebesteren hitzak dira; duela sei urte azalpenik gabeko mina sentitzen hasi zen oin azpian, eta... [+]


2023-01-18 | Lide Iraola
BioNTech enpresak Twitterri eskatu zion zentsura zitzala Covid-19aren aurkako txerto unibertsalen aldeko mezuak

Farmazia enpresa alemaniarrak hamar mila milioi euro irabazi ditu Covid-19aren aurkako txertoen patenteei esker. Hainbat ikerketak frogatu dute farmazeutiken lobbyek oztopatu dituztela patenteak askatzeko akordioak. BioNTechek sare sozialetako mezuak zentsuratu nahi izan ditu,... [+]


2022-11-09 | ARGIA
Opioideen kontsumo farmakologiko gehiegizkoa eta desegokia

Minari aurre egiteko, opioideen kontsumo farmakologikoa asko handitu dela eta sarri behar baino gehiago eta behar baino epe luzeagoan erabiltzen direla ohartarazi dute adituek. Menpekotasuna eta albo-ondorioak sor ditzakeen pilula errezetatzea baino, osasun baliabideetan eta... [+]


2022-06-21 | Estitxu Eizagirre
Abortatzera doazen emakumeen %85ak nahiago du metodo instrumentala, aldiz, farmakologikoa “inposatzen” ari da industria

Haurdunaldia Eteteko Baimendutako Kliniken Elkarteak ikerketa bat egin du publiko. Beren erabakiaz eta motiboez galdetu die gehienez haurdunaldiko bederatzigarren astean egonik abortatzera joan eta bi metodoak aukeran izan dituzten 1.536 emakumeri. Hauetatik %85,74ak metodo... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


Punk&roll-a, talidomidak kaltetuen isilunea urratzeko

Gosaritarako kafea eta tostadak egitea, ilea orraztea, hortzak garbitzea eta makilatzea. Egunari ekiteko eginkizun sinpleak iruditu ahal zaizkionak bati, ez dira denontzat munta berekoak. Aniztasun funtzionala daukan norbaiten azalean jarriz gero konplexutasunean irabazten dute,... [+]


Bederatzi pertsona milioidun bihurtu dira COVID-19aren aurkako txertoei esker

Txertoa Herriarentzat Aliantzak egindako azterketaren arabera, txertoen fabrikazioa eta salmenta kontrolatzen dituzten farmazia-enpresek lortutako etekinetatik, gutxienez, bederatzi pertsona milioidun bihurtu dira pandemia hasi zenetik. Zerrendaren buruan Moderna eta... [+]


Pandemiarekin aberasten

Zenbat aldiz ari dira gure agintariak, herritarron diruarekin, gauza beragatik ordaintzen? COVID-19aren aurkako txertoen aferan, gutxienez hirutan.


“Gizonentzako pilula antisorgailurik ez egotea bidegabea da, emakumeen gain utzi da ardura”

1960ko hamarkadan asmatu zuten emakumeentzako pilula antisorgailua, baina gaur egun oraindik zergatik ez dute farmazeutikek gizonentzako pilula antikontzeptiborik bultzatu, zergatik geratu dira bertan behera egindako ikerketak, zergatik gizonek ez dute interesik erakutsi?... [+]


2021-03-02 | ARGIA
Jaurlaritza Janssen enpresa farmazeutikoarekin bildu da

AEBetako Janssen farmazeutikak eskatuta egin dute bilera martxoaren 1ean Eusko Jaurlaritzan eta beraien txertoa Europan baimentzeko prozesua zertan den azaldu diete. Jaurlaritzaren hitzetan, lehen bilera horrek "Osasun Sailak eta Janssenek lankidetzan jardun dezaten"... [+]


2020-12-22 | Juan Mari Arregi
Txertoa, negozioa eta desberdintasuna

COVID-19ren aurkako txertoaren lasterketa erakusten ari da bizitzaren aldeko borroka horren atzean negozioa eta desberdintasuna ere badagoela, pertsona eta herrialde guztiak ez garela berdinak.


2020-12-17 | Juan Mari Arregi
Txertoa, negozioa eta desberdintasuna

COVID-19ren aurkako txertoaren lasterketa erakusten ari da bizitzaren aldeko borroka horren atzean negozioa eta desberdintasuna ere badagoela, pertsona eta herrialde guztiak ez garela berdinak.


Eguneraketa berriak daude