Ezkaba mendian inprobisatutako kartzelaren barruan gertatutako tragediaz bagenekien zerbait, ez hainbeste murru horietatik at emakume taldeek eraman zuten borrokaz. Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak presoen biziraupenerako ezinbesteko izan ziren itzaleko sare horien protagonistei ahotsa eta aurpegia jarri die orain.
1938ko apirilaren 11n, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Lindatxikia kale estuko Catachú jatetxe-taberna ezagunean polizia militar frankista sartu zen ezustean sarekada bat egitera. Astelehen Santua izaki, ostatua jendez lepo zegoen bazkalostean, eta dozenaka lagun atxilotu zituzten, tartean hango nagusiak: Bibiana Rodriguez eta Isidoro Iturralde; haien seme-alaba batzuk ere eraman zituzten zezen plaza atzealdean komisaria gisa atondutako udal biltegi edo “txakurtegira”.
Besteak beste, han ziren Rufina eta Maria Iturralde Rodriguez eta Emakume Abertzale Batzako beste kide batzuk ere. Horietako asko atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan ziren, San Kristobaleko preso errepublikarrei laguntza ematea leporatuta.
Catachún harrapatutakoak ez ziren bakarrak ordea. Gerra urte horietan hamaika emakume antolatu ziren taldetan, senide nahiz ezezagun, Ezkabako gotorlekura eta Iruñeko probintzia-presondegira janaria eta arropa eraman, bisitak egin eta edozelako laguntza eskaintzeko hango presoei. Amaia Kowasch Velasco gizarte langile eta sexologoak (Iruñea, 1990) Sareak Ehotzen liburua kaleratu du Nafarroako Gobernuaren eskutik, haien guztien historia bildu nahian: “Emakume horiek asistentzia lanak egin zituzten, baina nabarmendu behar dena da lan kolektibo bat izan zela, antolatua, eta 1936tik aurrera klandestinoa”, azaldu digu.
San Kristobaleko beste botila huts horiek
San Kristobaleko gotorlekua 1934tik aurrera presondegi bilakatu zutenetik, zigorrerako eta mendekurako esperimentazio toki ilun izan zen. 1936ko udazkenetik aurrera 2.000 jende izan zuten pilatuta baldintza penagarritan. Ezaguna zaigu 1938ko maiatzean 798 preso ihes egiten saiatu zirelako: zientoka hil zituzten ehizakiak bailiran. Beste hainbeste hil ziren ziegetan gaixotasunak eta goseak jota. “Botilen hilerria” deiturikoa dugu horren lekuko, hango kapilauak kristalezko botila bana uzten zuen lurperatutako gorpuen ondoan, hildakoaren izena eta heriotzaren arrazoia barruan idatzita zituela.
Pixkanaka ari gara jakiten San Kristobaleko presoek jasandakoa, azken urteetako ikerketa historiko eta arkeologiari eskerrak. Baina ez da nahikoa gertatutakoa osorik jakiteko, ezkutuko beste botila huts asko baitaude lurpetik kanpo. Kowaschek ongi azaldu digun moduan, orain arteko ikerketak “androzentrikoak” izan dira, gizonen historian zentratu dira, eta San Kristobalen heriotzaren kontra egunero izaten zen borrokaldian emakumeek izandako parte-hartzeaz apenas idatzi da. Zergatik ordea?
Amaia Kowasch:
“Emakumeek gerra zibilean eta diktaduran jasandako errepresioa oso ezberdina izan zen eta isiltasuna eta beldurra nagusi dira oraindik”
“Emakumeek gerra zibilean eta diktaduran jasandako errepresioa oso ezberdina izan zen eta isiltasuna eta beldurra nagusi dira oraindik”, dio ikerlariak. XX. mende hasierako emakumeen eskubideen aldeko lorpenak errotik ezabatu nahi izan zituen frankismoak, hauek bazterreko kontakizunean utziaz. Ideia horretatik aldentzen zirenak, gainera, gogor erreprimitzen zituen. Baina hala ere izan ziren lehen unetik erregimenari aurre egin ziotenak: “Testuinguru politiko horretan, batzuek ihes egin zuten baina beste batzuk geratu egin behar izan ziren. Azkeneko talde honetan, aukera erreal bakarra zen antolatzea eta demokratikoki erabakitakoa defendatzea, errepublika alegia”.
San Kristobaleko emakume solidarioen historia 1934an hasten da. Urte hartako urriko iraultzaren ondorioz preso hartutako ezkertiarrak laguntzeko sareak sortu zituzten. Ideologiak bultzatuta, talde sozialistak, komunistak eta anarkistak igotzen ziren batik bat Ezkaba mendian gora presoak ikustera, Nazioarteko Laguntza Gorriaren babespean esaterako. Iruñeko eguneroko bizimoduan eragin nabarmena izan zuten halako elkartasun mugimenduek eta amnistiaren aldeko aldarrikapen politikoak ere egin zituzten.
1934: ehotzen asteko unea
Altxamendu faxistarekin baina, emakume haietako asko atxilotuak eta torturatuak izan ziren sare horietan egoteagatik. Basilisa Blázquez Funesen jaio zen, ezkerreko ideiak zituen eta, haren alaba Maria Luisak gogoan du nola ama eta beste emakume batzuk Iruñeko Casa del Pueblon elkartu eta zozketa bidez erabaki zuten San Kristobaleko zein presori lagundu; astean behin igotzen ziren tabakoa eta jakiekin bisitak egitera jotak kantatzen:
“...Y en el fuerte de San Cristobal
se nos vengó la reacción...”
Gerra hasi zenean sei urte besterik ez zituen Maria Luisa txikiari, ordea, beste irudi bat geratu zitzaion buruan iltzatuta: ama etxeko egongelan ilea moztuta, errizino-olioa edanarazia eta negarrez, ondoan bi errekete zituela. Basilisa urtebetez eduki zuten preso Iruñeko emakumeentzako kartzelan, bere espedientean jartzen duenez Nazioarteko Laguntza Gorriaren bidez iheslariak mugaz bestaldera pasatzeagatik. Ondoren deserriratu egin zuten eta azkenean Azagra herrian amaitu zuen familiak.
Patu antzekoa izan zuten Guadalupe Ezkurrak, Josefina Guerendainek, Juana Astondoak eta beste askok: umiliazioa eta mendekua. Azkeneko honek Kowaschi kontatu zion Ezkabarako bidean beldurra pasatzen zutela eta janaria arropa tartean gordetzen zutela kartzelara sartzeko.
Sareak ehotzen liburua osatzeko, egileak bost urteko lana du bizkarrean, zenbaitetan zuzeneko testigantzak bildu ahal izan ditu –denera 70 emakumerekin izan da–, Juana Astondoak hil aurretik utzitakoa bezalakoa; beste batzuetan haien oinordekoek eman dute lekukotasuna: “Kasu askotan ez dute berririk izan haien amonak, izebak edo amak azken hatsa eman arte –dio ikerlariak–. Baina gertatutakoaren jakinaren gainean daudenek, batez ere emakume horien aitorpena bilatzen dute, oroimena bizirik mantendu eta egia berreskuratzea”.
Emakume Abertzale Batza
1934ko iraultzako presoak 1936ko Fronte Popularraren garaipenaren osteko amnistiarekin irten ziren kalera, baina hilabete gutxira, Emilio Mola altxamenduaren konspiratzaile nagusiak nafar hiriburutik emandako kolpearen ondorioz berriro bete ziren Ezkaban zulatutako ziega umelak.
Gerra garaian Emakume Abertzale Batzak (EAB) hartu zuen protagonismoa presoak laguntzeko orduan, baina kasu honetan euskal batailoietako gudariekin zuten harremana soilik. Kowaschek horren zergatia zein izan daitekeen azaldu digu: “Ikerketa urte hauetan aurkitu dudana hori da, baina arrazoi konkretu batengatik: Petra Irigoien EABeko kide zena bizi delako 107 urterekin. Segur aski sozialisten, komunisten eta anarkisten artean ere egongo ziren halako sare asko”.
Paradoxikoa da, erregimena mantentzeko sorturiko presondegietako sistemak, ordena soziala kolokan jartzen zuen Iruñean
Petra Irigoien eta bere hiru ahizpak iruindar familia abertzale bateko kideak ziren eta gerra urteetan makina bat preso eta senideri lagundu zioten. Haren bidez dakigu Emakume Abertzale Batzako askoz emakume gehiago inplikatu zirela sare horretan: Magdalena, Amalia eta Maria Camino Vigura, Nati eta Dolores Ziga, Felisa eta Maravillas Redin... Horietako asko, hain zuzen, 1938ko Catachúko operazioan atxilotu zituzten.
San Kristobaleko gotorlekuko arauak oso zurrunak ziren, presoak normalean isolatuta egoten ziren eta bisitak errenkan jarrita egindako “ahozko komunikazioak” ziren: astean 15 minutuko elkarrizketa laburra, funtzionarioa aurrean zutela. Ezin zuten hitz egin gai politiko eta sozialen inguruan, ezta kartzelako kondizioez ere. Gainera, bisitariek ahaide izan behar zuten; horregatik, Iruñeko emakume askok gezurra esan eta koinata itxurak egiten zituzten, horrek zigor gogorra ekar zezakeen arren.
Gerra lehertu eta berehala hasi ziren antolatzen emakumeak altxamenduaren epizentro izan zen Iruñea txikian –Mujeres Antifascistas erakundean, adibidez–. Nondik zetorkien ausardia heriotza zabaltzen ari zen munstroaren aurrean halako arriskuak hartzeko? “Gizonak ez ziren baliente bakarrak –iardetsi du ikerlariak–. Gerra guztietan daude ikusten ez diren gerra paraleloak, eta askotan gudu zelaian baino ausartagoak izan ohi dira horietan dabiltzanak, kasu honetan emakumeak”.
Hori da hain justu Kowaschen lanaren muinetako bat, asistentzia hutsetik harago, erakustea emakumeek politikoki eta sozialki paper garrantzitsua jokatu zutela. Ikerlariaren ustez, San Kristobalen lagundu zutenek izandako rolaz gain, badira beste jokabide asko oraindik ezagutzen ez ditugunak, “esaterako, euren familiak aurrera atera behar izan zituztenenak edo Iruñeko emakumeen kartzelan egon zirenenak. Gaur egun ez dira ikertzen eta aitortzen halakoak”.
Azagratik Iruñera, 101 kilometro
Aparatu frankistak espetxe politika instituzio zigortzaile gisa diseinatu zuen boterera iritsi bezain laster, eta helburu hori lortzeko presoen urruntzea zen metodo efikazena, orain ere den moduan. Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Sareak ehotzen liburuaren hitzaurrean gogorarazi du 23 urtez kartzelan egon zen Fernando Macarro Castillo Marcos Ana poetak dokumental batean esandakoa: presoen ahulunea beti izango dira etxekoak. “Preso batek kartzelan paseoan dabilela kezka itxura ageri duenean –dio Etxeberriak– maizenik bere familiarekin lotutako arazo batengatik da”.
Kilometro askora dagoen presoaren ezintasun horrekin jokatzen du kartzelako sistema errepresiboak disidentea menperatzeko. Baina alderantziz ere gertatzen da, senideek sufrikario handia igaro behar izaten dute ezezaguna zaien urrutiko toki batean. Hala gertatu zen San Kristobalen presoak zituzten Espainiako Estatu osoko senideekin. 1934 eta 1945 artean gotorlekuan giltzapetutako 4.796 lagunetik apenas 130 ziren nafarrak; gehienak Bizkaia, Madril, Valladolid, Segovia edo Asturiastik eramanak ziren.
Aitzitik, presoen senideek ere euren artean sareak sortu zituzten jatekoa edo arropa bildu eta bi astean behin elkarrekin eramateko gotorlekuraino, autobusean, trenean edo oinez bidaia luzeak egin ostean; hala gertatu zen Segovian, Valladoliden edo... Azagran. Iruñetik 101 kilometrora dagoen Erriberako herri ezkertiar laiko hartako 30 preso inguru zeuden San Kristobalen. Haietako baten alabak, Pilar Martinezek, gogoratzen du hiriburuan bizi zen izeba batek Azagrako presoen arropak La Tudelana autobusean bidaltzen zituela eta hango emakumeek garbituta bueltatzen zituzten.
Beste emakume askok, ordea ez zuten modurik sorterrian geratzeko, ondasunak lapurtu zizkietelako edo lanik ez zietelako ematen. Iruñean gutxienez senidea ikusteko aukera izango zuten... Haietako asko hirian geratu ziren, baina jakina, ez ziren oharkabean pasatzen eta zailtasun handiak bizi izan zituzten. Nolanahi ere, iruindar anonimo askok lagundu zien, jakiak eman edo lana eskainiz.
Egunerokotasun horrek harreman estuak sortu zituen, kontrol soziala zalantzan jartzeraino. 1944an Nafarroako Diputazioko lehendakariordeak gutuna bidali zion Defentsa ministroari, presondegia itxi zezala eskatuz. Bere esanetan, presoak libre uzterakoan hirian geratzen ziren senideekin, “...produciendo un sedimento morboso, un núcleo posiblemente perturbador...”. Paradoxikoa da, erregimena mantentzeko sorturiko presondegietako sistemak, ordena soziala kolokan jartzen zuen.
Borroka anonimo baten ajeak
San Kristobaleko presoei lagundu zieten emakume solidarioen testigantzetan, etengabe aipatzen dituzte gerraurrean nabarmendu ziren militanteak. Ez soilik Clara Campoamor edo Victoria Kent bezalako politikari esanguratsuak, baita Euskal Herrian gertukoago ditugun Julia Alvarez diputatu nafar sozialista edo Julia Fernandez Iruñeko lehen ikastolaren eta Emakume Abertzale Batzaren sortzaileetakoa ere.
Amaia Kowaschen aburuz ahazturiko kontakizuna osatzeko orduan garrantzitsua da emakumeek erreferentzialtasuna lortzea: “Naiz eta ezagunak ziren, ez dute beharrezko protagonismoa izan historian”.
40 urtez frankismoak inposaturiko familia ereduaren eremu pribatura bazterturik egoteak, ordea, oraindik badakar atze beldurrik: “Elkarrizketak egiterakoan sumatu dut beldur hori, eta batez ere ikusi dut liburua argitaratzerakoan: askok nahiago izan dute anonimotasunean geratu”. Orain arte inork ez du haien lana aitortu eta ezagutzera eman, eta ondorioz, San Kristobaleko harresien ertzeko historia horiei garrantzia kendu eta isildu egin dituzte: “Pixkanaka, ikerketa askoren ostean uste hori aldatzen ari da eta emakumeak konturatzen ari dira euren parte-hartzea ezinbestekoa izan zela”.
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]