Gipuzkoako zati handi bati autobus garraio publikoa eskaintzen dion Lurraldebus zerbitzuan lineak eta maiztasunak birmoldatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Debagoieneko, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko herrietan kezka handia sortu du Diputazioaren egitasmoak, murrizketak dakartzalako haien esanetan.
2017an EAJ eta PSEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiak moldaketak egin ditu bertako herriak autobusez lotzen dituen Lurraldebus zerbitzuan. Debagoienan 2017ko urrian egin dira maiztasun eta ibilbide aldaketak; Tolosaldean eta Buruntzaldean berriz, aurreproiektua aurkeztu du Foru Aldundiak joan den udazkenean. Autobus zerbitzuak izango dituen aldaketek, ordea, arrakala sortu dute eta aurreproiektua ezagutu ostean, aldeko eta kontrako iritziek ezbaian jarri dute proposatutakoa.
Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu departamenduak zerbitzua “berrantolatzeko” beharra ikusi du Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbideetan, “mugikortasun iraunkorra” ziurtatu eta herritarren “benetako beharrei” erantzuteko. “Gure eginkizun nagusia zerbitzu publikoa hobetzea da” adierazi zuen PSEko batzarkide eta arlo horretako diputatu den Marisol Garmendiak Euskadi Irratiko Faktoria saioan. “Arrazionalizazioaz” ere mintzo da Garmendia, haren esanetan lineak “gaindimentsionatuta” baitaude.
30 urtez funtzionatu duen garraio zerbitzuaren emakida 2018ko lehen lau hilabeteen barruan lizitatu asmo dute beste hamar urterako, eta martxan izatea espero dute maiatzean edo ekainean. Diputazioak kontzesio bakarrean bildu nahi ditu orain arte hiru enpresen ardurapean egon den zerbitzua, horretarako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak beste lizitazio batzuen inguruan 2015ean kaleratutako euren aldeko epai bat dauka esku artean: “Lizitatu gabe geratzen diren zonalde bakarrak dira”.
Debagoienan 2017ko urriaren 2an jarri ziren martxan Lurraldebuseko lineen aldaketak. Bereziki Oñatin ez daude gustura. Lehen zerbitzu zuzena zuten Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergarara eta berrantolaketarekin horrek okerrera egin duela diote, ez baitute herri horietara autobusez joateko aukerarik lineaz aldatu gabe. Beste adibide bat jarri du Mikel Biain alkateak: “Oñatiri dagokionean, Bergara eta Eibarren arteko linea zuzena ere galdu dugu”. Diputazioak dio autobus-aldaketarena ordu erdiko maiztasuna mantentzearen ordainetan jarritako baldintza izan dela; baina Oñatiko Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak bestelako iritzia azaldu du Gipuzkoako Hitza-n: “Bi aukera eman zizkiguten oñatiarroi, eta guretzat biak ziren txarrak”.
Andoain, Hernani eta Usurbilgo udalek diote aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean
Eskualdeko beste zenbait udalerritan ere kexu dira lineak kendu edo ordutegia murriztu dietelako. Bergarako kasuan, hango udalak –EAJ eta PSEren agintepean– inkesta bat jarri berri du martxan herritarren iritzia jakiteko autobus zerbitzu publikoari dagokionez, eta udalbatzak aho batez onartu zuen “azken murrizketak” salatzeko mozioa.
Parte-hartze prozesua alaalegazioen tramitea?
Tolosaldean eta Buruntzaldean ere autobus garraioan aldaketak ekarriko dituen aurreproiektuak hasieratik sortu du ezinegona. Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta “udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana” salatu dute hainbat hautetsik. Zerbitzuaren birmoldaketak izango duen eragina ikusita, udalerrietako ordezkariek ere alegazioak aurkeztu dizkiote egitasmoari. Andoain, Hernani eta Usurbilgo alkateek aurreproiektua bertan behera utzi eta herrietako ordezkariekin konponbide adostua bilatzea eskatu diote Foru Aldundiari. Diputazioa ostera, aldaketak egiteko prest azaldu da baina inolaz ere ez aurreproiektua alboratuz.
Murrizketez mintzo dira hiru udal horietako alkateak eta publikoki salatu dute aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean. “Zerbitzu batzuk kendu egin dituzte eta hori oso larria da” dio Andoaingo alkate Ana Karrerek. Andoaindik Donostiako Ospitalera joateko autobusen maiztasuna jarri du adibidetzat. Astean zehar, ordu erdiro dagoen autobusa orduro izatea aurreikusten du proiektuak orain.
Mugikortasun sailak, besteak beste, zifra bat darabil zerbitzuak “bermatu eta indartu” egingo direla baieztatzeko: Tolosa eta Donostia arteko eremuan bidaiak 55etik 62ra gehituko dira egunero, haren esanetan, eta zuzenean hiriburura doazen autobusak ere izango dira asteburuan, lehen ez bezala… “Hori al da murrizketa?” erantzun zuen irratian Garmendiak, entzule batek azaldutako kexaren aurrean.
Baina azalpen horiek oso urrun daude herrietan sumatzen dutenarekiko. Usurbil, Eskoriatza, Oñati eta Arrasaten sinadura bilketak egin dituzte aurreikusten diren edo jada egindako “murrizketen” aurrean. Tolosaldearen kasuan, hainbat udaletatik alegazioak aurkeztu dituzte eta Diputazioaren aurreproiektuarekin desados agertu dira Villabonako eta Tolosako udalak.
Tolosatik Donostiarako ibilbidean aldaketa nabarmena aurreikusten da, ordu erditik ordubetera igaroko baita autobusen maiztasuna. Zehazki, Donostiara zuzentzen diren 33 autobus izatetik 18ra jaitsiko da kopurua eta goizeko lehen orduan unibertsitateetara joateko zerbitzua 8tik 4ra. Tolosako Udalak alegazioa aurkeztu du geraleku kopurua mantendu eta maiztasunak orain artekoa izaten jarrai dezan eskatuz. Horretaz gain, Udaleko alderdi guztiek zalantzan jarri dute horrelako prozesu bat herritarren parte-hartzea sustatu gabe egitearen egokitasuna.
Mugikortasun diputatuak parte-hartzea lotu du derrigorrezkoa den alegazioen legezko tramitea betetzearekin. Hala, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko aurreproiektua “behin-behinekoa” dela dio eta jasotako alegazio guztiak aztertuko dituztela: “Maiztasunak, seguru asko, aldatu egingo ditugu azken proiektuan. Zubietako kasuan, adibidez, gure akatsa izan da eta ez da linea kenduko”. Denera, herritarrek 3.000 alegazio inguru aurkeztu dituztela diote oposizioko taldeek.
Zifren eta datuen dantza
Lurraldebuseko erabiltzaileen kopurua hazten ari da bitartean: 2016ko datuekin alderatuz, 2017ko lehen sei hilabeteetan ia 4 puntu, eta ia linea guztietan izan da hazkundea. Erabakiak hartzerakoan datuek diotenari kasu egiten diotela azpimarratu du Garmendiak: “Badakigu zehazki jendeak noiz erabiltzen duen autobusa, nondik nora joateko eta zer ordutan”. Hori kontuan edukita, goizeko punta-puntako orduak, aldatu ez ezik, indartu egingo direla dio, “jendea lanera, ospitalera edota unibertsitatera eramateko”
EH Bilduko eta Ahal Duguko Batzar Nagusietako ordezkariek ere badituzte euren datuak ordea. Foru Aldundiak, gaur egun, urteko 3,5 milioi kilometroko zerbitzua esleitzen du haien esanetan. Aurreproiektuak berriz, urteko 2,7 milioi kilometro esleitzea aurreikusten du, %23 gutxiago. EH Bilduri “manipulazioa” eta gizartean “alarma” sortu nahia egotzi dio Garmendiak, bere esanetan, koalizio abertzaleak 2015ean aldaketa eta maiztasun berak proposatu baitzituen.
Bestalde, beste eskualde batzuetan egindako aldaketek emaitza onak eman dituztela argudiatzen dute Foru Aldunditik, horretarako erabiltzaile kopuruan jarri dute arreta: Goierrin 2016an, %38,8ko gehikuntza izan zen eta 2017ko lehen seihilekoan %12,4koa. Nolanahi ere, eskualde horretan autobus zerbitzua birmoldatu eta erabiltzeko parte hartze prozesuak eta kanpainak egin ditu Aldundiak herritarren artean azken bi legegintzalditan.
Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta “udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana” salatu dute hainbat hautetsik
Langileak ere kezkatuta
Proiektu proposamenak autobus zerbitzuko langileen artean ere harrotu ditu hautsak. Orain arte Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbidea kudeatu izan duten enpresetako langileek, UGT, ELA eta LABen babesarekin, agerraldia egin zuten azaroan. Haientzat ere “murrizketak” dira Aldundiak proposaturikoak eta zerbitzu publiko batez hitz egitean “gizartearen interes orokorra interes ekonomikoen gainetik” jarri behar dela diote.
30 langilek baino gehiagok lanpostua galdu dezaketela ohartarazi dute sindikatuek –100 lagun inguru ari dira orain lanean–. “Zerbitzuak kentzean, langile asko soberan egongo dira” ohartarazi dute. Kontrara, Mugikortasun Departamentuak dio enpresa esleipendunetan ari diren langileen subrogazioa jasotzen duela aurreproiektuak eta beraz lanpostua eta baldintzak mantenduko dituztela.
Arabako zahar egoitzen egoera lehen planora pasa da berriz ere azken asteetan. Zaintza Araba elkarteak Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roque erresidentzietako egoiliarrei ematen zaien tratua salatu dute, hainbat senideren testigantzak jaso ondoren. Langileen lan-baldintza... [+]
"Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".
Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]
Aurreko urte bukaeran Elizondoko zahar-etxearen kudeaketa publifikatzeko jauzia eman zuen Baztango Udalak, eta geroztik, haren esku gelditu da egoitzaren antolaketa. Eskualdaketa horrekin batera, elikaduraren alorrean eraldaketa sustatzea izan da udalaren erabakietako bat... [+]
2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]
AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]
500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.
Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]
Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.
Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]
Igande iluntzean bozkatu dute TUVISAko langileek udalaren azen eskaintza onartu edo ez. Eskaintza ez onartu eta grebari eustearen alde bozkatu du gehiengoak, baina, enpresa batzordearen lehendakariak azaldu duenez, “grebarekin jarraitzeko beharrezko portzentajera ez... [+]
Hirugarrenez hilabete gutxitan grebara joko dute sektore publikoko langileek lan baldintzak negoziatzeko "borondate politikorik ez dagoela" salatzeko. Martxoaren 12rako deitu dute lanuztea ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek. Oraingoan Satse sindikatua ez da... [+]
Gaueko tren bidaia arruntak desagertu egin ziren duela urte batzuk ia Europa osoan, airezko garraioaren mesedetan. Baina larrialdi klimatikoak hegazkin kutsagarriak alboratzera eraman du jende asko orain, eta ordu txikitako tren sarea berriz ere martxan jarri nahian ari dira... [+]
Pediatrarik gabe lau hilabete daramatza Gasteizko Alde Zaharra eta Errota auzoetako Osasun Zentroak. Gabeziak eta arazoak aspaldi hasi ziren, ordea. Maite Fernández de Labastida Amurrio Alde Zaharreko bizilaguna da, eta apirilean hiru urte beteko dituen Harkaitzen ama... [+]