Hizkuntzak batzen dituen sari anitzak

  • http://www.argia.eus/albistea/argiako-kideen-sarrera-hitzaldia13:30ak aldera heldu garenok tartea izan dugu Usurbilgo Atxega Jauregiaren atarian ardo baten laguntzaz aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta orduantxe ezagututakoekin hitz-aspertu txiki bat egiteko. Abisua pasa digute barrura sartzeko garaia dela, eta aurten mahaikide nor izango ditudan begiratzeko asti labur bat hartuta, sartu naiz; egunaren kronikatxoa egin behar dudan aitzakian normalean tokatzen ez zaidan moduko bazkari ederraz gozatzera.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Olatz Korta lankideak egindako aurkezpenarekin sartu zait lehen zalantza. 29. ARGIA Sariak esan du. “Zer kristo kontatu behar dut nik kronika honetan? Ni baino zaharragoak dira-eta sari hauek”, pentsatu dut. 29 urteotan nahikoa kontatuta egongo da ARGIA Sariez! Beraz, irakurle, sari hauetako protokolo guztiak nola funtzionatzen duen ziur asko nik baino hobeto jakingo duzunez, nik xume-xume kontatuko dizut nire begiek eta belarriek jaso dutena.

Euskal Kulturaren Gailurra dirudite mahai batzuk, gai sakon eta garrantzitsuz hitz egiteko gune. Ni ez naiz horrelako lekuen bereziki zale, eta nire zorionerako, jauregi osoan zegoen ingeles bakarra tokatu zait alboan. Ingeles euskalduna! Eta harekin aritu naiz solasean gustura asko. Euskara irakasle lanetan dabilenari interesatzen zaio zerk motibatu zuen ingeles  bat gure hizkuntza ikastera, eta horretaz jardun gara; edo baita Euskal Herriko hedabideek bezala erakundeek euskarari ematen dioten garrantziaz (edo garrantzi ezaz).

Lagun anglosaxoi-euskaldunak eman dit kronikarako pista. Hizkuntzak batzen gaitu Atxegan elkartutako guztiok, eta sariek eta saridunek ere horixe dute oinarri. Ez aurten bakarrik; urteak joan, eta urteak etorri, 29 urtez. Eta jabetu naiz zer arlo diferentetan lortzen den euskara oinarri izatea, eta zer arlo diferentetako lagunei banatzen zaizkien sari hauek. Estitxu Eizagirrek bere diskurtsoan ondo esandako esaldi batek dioen bezala: jakin ala ez jakin, ez delako berdin.

Zorionak saritu guztiei.

 

Balioetan oinarritutako sariak

Euskal kultura eta euskara lau haizetara zabaltzeagatik (dela musikaren edo kirolaren bidez), berdintasunean gizarte justuago bat lortzeko ahaleginengatik, ingurumena errespetatu, babestu eta informazioa zabaltzeagatik, eta mundu honi kolorea eta irribarrea jartzeagatik banatu dira 2018ko ARGIA Sariak.

 

PRENTSA
“Harmaila” aldizkaria

Ez da urtebete ere pasa Harmaila kiroletako euskal komunikabideak sarean ateak ireki zituenik, eta prentsa idatzian lehen aldizkaria argitaratua du dagoeneko. Lasai, patxadaz irakurtzeko kirol-prentsa egitea dute helburu, “egunerokotasuneko albisteetatik eta betiko jokoetatik pixka bat aldendu eta kirola aztertzea da Harmailaren xedea”, dio Eñaut Barandiaranek, hiru editoreetako batek. Euskara hutsean. Kirola eta euskara uztartzen dituen euskarri baten beharra ikusi dutelako egin dute proiektu honetara salto.

Kirola patxadaz aztertzeak ematen die beste begi batzuekin begiratzeko aukera. Kirola berdintasunean lantzeko eskatu nahi diote harmailari, futbolaz edo esku-pilotaz gain beste hainbat kirol ere ezagutarazi. Eta papereko lehen zenbaki horretako editorialean adierazten duen moduan “kirola politikarekin nahasian” egon ohi dela diote, batez ere profesional-mailan oso kritikagarriak diren zenbait jarrera badirela, baina plazaratu nahi dituztela, baita ere, kirolak dituen eta gizartearentzat baliagarri diren beste balore batzuk.

Saridunak: Aitor Manterola, Eñaut Barandiaran eta Iñaki Berastegi. Argazkia: Dani Blanco.

IRRATIA
“Ekosfera” irratsaioa

8 urte. 350 programa. 500-700 gonbidatu. Horiek dira Jokin Aldazabalek Euskadi Irratiko Ekosfera saioaz eman dizkigun datuak. “Oso pozik jaso genuen sariaren berria; gurea bezalako programa txiki eta apalak ARGIA Saria jasotzea eskertzekoa da”, adierazi du Aldazabalek. “Baina meritua beste askorena ere bada, jende askori eman behar dizkiogu eskerrak, eta ez ditut ahaztu nahi Arantza Txintxurreta, Kristina Zuza eta Josu Lopez Gazpio kolaboratzaileak”, jarraitu du.

Energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura, ibaiak, lurrikarak edo tren lasterra bezalako gaiez aritzen dira saio hauetan; eta azken mendean egindako txikizioak ikusirik, sarri kutsu katastrofista izan dezakete gai hauek. “Gizakiarekin errukiorra izan nahi dut, genetikoki momentuko emozio eta sentsazioek bideratuta jokatzen baitu, bere erabakiek izango dituzten ondorioak ondo ezagututa ere erabaki berarekin jarraitzen baitu. Baina guk ingurumenaren, energiaren arloetan mundu hobexeago bat izan eta ondorengoei uzteko ahalegintxoak egiten ari direnei eman nahi izaten diegu tartetxoa”, azaldu digu sarituak.

Sariduna Jokin Aldazabal. Argazkia: Dani Blanco.

INTERNET
Gabi de la Maza (txantxangorria.eus)

Jaso dezala eskua Youtuben Txantxangorriaren karaokerako euskal kantaren bat sekula erabili ez duenak. Gure euskal mundu honetan inor gutxi topatuko dugu. 2.200dik gora abesti azpidatzi ditu. Baina nola hasten da norbait horrelako lana hartzen? 37 urtez irakasle aritu da de la Maza, orain hiruzpalau hilabete erretiratu da, eta berak kontatzen du ondoen Txantxangorriaren ibilbidea: “Euskal Girotze Barnetegiak antolatzen hasi zen Hezkuntza Saila B ereduko nerabeak eskolaz kanpo modu informalean euskarara gerturatzeko. Astebeteko barnetegi hauetara gure ikasleekin joaten ginen, eta euskal musika zen nire tresna garrantzitsuetako bat. Youtube sortu aurretik hasi nintzen abestiak karaokeatzen, baina 2008tik aurrera hasi nintzen Youtube-ra igotzen”.

Hamar urte hauetan euskal kantagintzako abesti historikoetatik hasi eta azken berrikuntzetaraino jarri ditu azpidatzita denon eskura.

Gabi de la Mazak ez zuen berehalakoan pentsatuko, ikasleak motibatzeko material hau sortzen hasi zenean, 2017an euskaraz gehien bisitatu den kanala izango zenik!

Gabi de la Maza. Argazkia: Dani Blanco.

IKUS-ENTZUNEZKOA
Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena ETBn

“Pozez” hartu dute Uxue Alberdik eta Aitzol Barandiaranek ARGIA Saria, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiari egindako jarraipen-lanagatik. Jarraipen zabala egin zaio telebista publikoan txapelketa nagusiari, eta “esfortzu eta ahalegin handia” izan dela aitortu du Barandiaranek, baita “arriskuak hartu” dituztela ere. “Programaren pisua edo mamia Uxuek eraman du, nik saioaren gidari-papera hartu dut”, aitortu digu, eta eskertzekoa da rol ohikoetatik atera eta ikusleari aditu emakumea eskaintzea.

Bertso-saioak beste begi eta belarri batzuekin ikus-entzuteko tresnak eskaini dituzte, egindako lana baloratzeko gakoak eman dituzte, azaldu dute artista zer egoeraren aurrean zegoen eta horrek zertan baldintzatzen zuen bere sormena... Langintza ulertzeko azalpenak eman, eta bakoitzaren ezaugarriak definitu dituzte. “Asko eta ondo busti da Uxue, errespetuz, eta lan bakoitza modu zintzoan baloratuz. Eta muga irristakor horretan kritika zintzoak egin ditu”, azpimarratu du Barandiaranek.

Emankizun hutsa egitetik urrun, gaian aritutako bi gazteek egindako lana saritu du ARGIAk.

Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran (Arg: Dani Blanco).

SUSTAPENA
Iruñeko Udala, Berdintasun Saila

“Eraso sexistarik ez, Iruñea aske”. Horixe izan da Iruñeko Udalak hainbat gizarte eragilerekin eta talde feministekin elkarlanean egindako 2017ko Sanferminetarako estrategia komunikatiboa. Eta horixe bera da sustapen ARGIA Saria jasotzeko arrazoia.

Jaiak gozatzeko dira, kalean gora eta behera ibiltzeko, jende berria ezagutzeko, ligatzeko, dantzatzeko. Baina gizartearen erdiak sarri neurriak hartu behar izaten ditu inongo gizonek festa izorratu ez diezaion. Eta badakigu zer diren Iruñeko Sanferminak. Nolako fama hartu duen azken urteetan Nafarroako hiriburuak jaietan. “Legerik gabeko hiria”.

Urteak daramatzate, ez Iruñean bakarrik, mugimendu sozialek eta talde feministek eraso sexistak salatzen, eta Iruñean hasi dira gizarte mugimenduari eskutik helduta erakundeak ere lanean. Hasi da panorama aldatzen, “eraso sexistarik ez!” lelopean esku gorriak ezagun egin dira kale, taberna eta txosnetan, eta jada ez da horren erraza legerik gabeko hiria dela esatea. Egiteko lan handia badago ere, pauso bakoitza da garrantzitsua.

Sustapen ekintza saridunak: Zaloa Basabe eta Vanesa Eguiluz. Argazkia: Dani Blanco.

MEREZIMENDUZKOA
Pirritx, Porrotx eta Marimotots

‘Lasarte-Oria berreuskaldundu dezagun’ euskara elkartearen bueltan sortutako pailazo taldea da. “Poesia gutxi eta ekintza asko zegoen orduan, izenak berak ondo adierazten du” azaldu du Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ek. Euskalgintzaren bueltan 1987an martxan jarri zen talde honek 30 urte bete ditu pasa den abenduan, eta merezimenduzko saria jaso dute. “Oilo-ipurdia jarri zitzaigun sariaren berri izan genuenean. ARGIA euskaldunontzat erreferentzia da, eta gertuko sentitzen dugu. Herrigintzan aritzen gara biok, eta euskara dugu baloreak transmititzeko tresna. Txikien arteko enpatia eta elkarlana ere esan nahi du guretzat sari honek”, adierazi du.

“Pailazogintza klasikoan jaio ginen, baina pixkanaka herrigintzari begira sortu dugu, gai sozialei begira. Abiadura azkarregian doan mundu honi kolore pixka bat eman eta baloreak mantentzea da gure helburua”, esan du Agirretxek. Eta ez ditu ahaztu nahi izan urte hauetan guztietan eurekin lanean aritutako kolaboratzaile, musikari, abeslari eta bidean izan dituzten lagun guztiak.

Pirritx, Marimotots eta Porrotx (Aiora Zulaika, Mertxe Rodriguez eta Joxe Mari Agirretxe). Arg: Dani Blanco

MEREZIMENDUZKOA
Bakearen Artisauak

Herri honen lorpen handi bat izan da 2017an, armagabetzea. Armagabetzea bi estatuek saboteaturik zuten arren, Bakearen Artisau bihurtu ziren herritarrek lortu zuten desobedientzia zibilaren bidez lehen armak deuseztea. ARGIA Sarietan komunikazio lana saritzen dugu, eta ez ote da komunikazioa izan, armagabetzearen ezinbesteko giltza? Bakearen Artisauek, Luhuson poliziak atxilotu aurretik, herritarrei komunikatu zieten zein zen bakearen alde burutzen ari ziren ekintza eta helburua. Herritarrek ongi ulertu zuten mezua, eta Frantziako hedabideek ere, gaiarekiko bestelako ikuspegiak zabaldu zituzten. Bakearen Artisauek erabateko zilegitasuna eta horrekin batera askatasuna lortu zuten komunikazio horri esker. Ondoren ere, ez ote zen giltzarria izan Frantziako familia politiko erabat ezberdinen artean komunikazioa diskrezioz eta konfiantzaz landu izana, Frantziako Estatuak jarrera aldatzea lortzeko? Alegia, Baiona ardatz hartuta herritarrek egun argiz eta modu publikoan desarmea burutu zutenean, estatuaren errepresiorik ez jasotzea lortzeko?

Mixel Berhokoirigoinek Bake Artisauen izenean jaso du saria. Argazkia: Dani Blanco.

ARGIAko kideek Argia Sarietan egindako sarrera-hitzaldia lotura honetan daukazue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
2024-10-14 | ARGIA
Argia Sariak 2025: Proposatu zure hautagaiak

Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.


Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


2024-01-26 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Horrela izan dira 2024ko Argia Sariak

Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.


Argia Sarien kronika
Tradizio berriei so

Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.

ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Gordegia.eus

Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.


2024-01-26 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Sahara. Herri bat erresistentzian

Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.


2024-01-26 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Guggenheim Urdaibai Stop

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]


Eguneraketa berriak daude