Oscar Temaru politikari eta aktibistak (Tahiti, Polinesia Frantsesa, 1944) bizitza osoa eskaini dio bere nazioari. Polinesiaren Askatasunerako Frontea sortu zuen 1979an, Polinesiako presidente izan zen 2004-2013 artean, eta 34 urte daramatza Faa Polinesiako komunitaterik handieneko alkate. Bi helburu ditu: Frantziak Moruroa uhartean eginiko proba nuklearrak munduan salatzea eta Frantziarengandik independentzia lortzea.
Polinesiako 118 uharteetako bat da Moruroa, Tahititik 1.250 kilometrora. Frantziak proba nuklearrak hasi zituen han 1960ko hamarkadan eta handik gutxira eraginak sufritzen hasi zineten.
Moruroa klima mediterraneoko irla zoragarria zen, arrantzatzera joan ohi ginen bertara. Eta bat-batean, gauza arraroak gertatzen hasi ziren: kokoak erortzen, zuhaitzak ihartzen, arrainak hiltzen… Paisaia guztia horitu zen, eta “ur hauek kutsatuta daude” idatzita zuten seinaleak jarri zituzten. Guk elkarri begiratzen genion beldurrez, kutsaduraren zergatia ulertu ezinik. Ez albisteetan ez inon ez zuten horren berri ematen. Pixkanaka, Moruroara sartzeko segurtasun neurriak handitzen joan ziren eta ezin zen argazki kamerarik eraman. Iristean kutsadura neurtzeko aparatu bat zeneukan eskuragarri, baina irteeran bertan utzi behar zenuen. Polinesiarrok arraina jatea izugarri maite dugu eta askok eta askok Moruroako uretan arrantzatzen jarraitu zuten. Gorpu mordoa aurkitu zituzten urteetan eta Frantziara bidali ziren azalpenak eskatuz. Haiek ordea, inongo azalpenik eman gabe hilkutxetan itzuli zituzten. Hau guztia ikusita, munduari gertatzen ari zena kontatzeko sekulako beharra sentitu nuen.
“Moruroa irla zoragarria zen, eta bat-batean gauza arraroak gertatzen hasi ziren: kokoak erortzen, zuhaitzak ihartzen, arrainak hiltzen... Paisaia guztia horitu zen”
Gertaera horiek bultzatu zintuzten politika egitera?
Zehazki politika ez. Gure herriarengatik eta jendearengatik egin nuen, gure osasunagatik. Garai hartan zientzialari batzuk ezagutu nituen, horien artean Marie-Thérese Danielsson andere frantziarra eta Bengt Danielsson jauna, suediarra. Antropologo eta aktibista bikote honek ederki ezagutzen zuen lekua, eta hainbat hitzaldi eman zuten munduan zehar, Moruroako kasuaz. Moruroa mon amour liburua ere publikatu zuten. Beraiek izan ziren kutsaduraren arrazoiak azaldu zizkidaten lehen pertsonak: Frantzia proba nuklearrak egiteko erabiltzen ari zela gure herria. Bagenekien oso arriskutsua zela hau salatzen hastea eta Frantziak ahal zuen guztia egingo zuela eragozteko, baina ezin genuen isilik gelditu.
Zuen lehen pausoetako bat izan zen Nazio Batuen Erakundean salatzea.
1978an antolatu genuen lehen bidaia New Yorkera, Kaledonia Berriko ordezkariekin batera, beraiek ere Frantziarengandiko askatasuna lortzeko borrokan ari baitira. Frantziak, baina, agerraldia eragotzi nahi zuen. Bidaia bezperan, Tahitin lanean ari zen funtzionario frantziar bat etorri zitzaidan iluntzean bulegora, eta ohartarazi zidan New Yorkera nuen hegazkina ez hartzeko, aireportuko kontrolean nire maletan droga sartuko zutela eta jendarmeak zain izango nituela kanpoan atxilotu eta kartzelara eramateko. Kontatu zidanez, bere nagusiak izan zuen ezohiko bisita batengatik jakin zuen plana, eta niri abisatzera etorri zen. Eskerrak eman nizkion eta ez nintzen joan aireportura, noski. Gizona duela hiru urte hil zen eta orduan kontatu nuen lehen aldiz gertaera hau. Ez nuen urteetan bere berririk izan, baina 2004an Frantziara egin nuen bidaia batean bisitatu eta berriro ere eskerrak emateko aprobetxatu nuen.
Gertaera horrek ez zintuen kikildu.
Ez, urtero martxoko lehen astean manifestazioak antolatzen hasi ginen. Batzuetan Tahitin eta besteetan Marshall Uharteetan, estatubatuarrek bertako Bikini atoloian egin zituzten proba nuklearrak direla-eta elkartasuna erakusteko. Gogoan dut lehen aldia kalean protestan, hamabost lagun inguru soilik izango ginen. Batzuek erotuta geundela pentsatzen zuten. Guk ordea antolatzen jarraitu genuen eta urtez urte gero eta gehiago ginen. Pixkanaka munduan zehar ere protestak eta hitzaldiak antolatzen hasi ginen. New Yorkera esaterako, urtean behin hogei bat lagun joaten ginen Nazio Batuen Erakundearen aurrean hitz egitera. Frantziako ordezkaritza ez zen azaltzen hitzaldi hauetara.
1995ean proba nuklearren aurka sekulako protesta egin zen Papeeten, Tahitiko hiriburuan.
Azken protesta handia izan zen. Frantziako presidente zen garaian François Mitterrandek proba nuklearrak gelditu zituen, baina 1995ean Jacques Chirac agintera iritsi eta probak berrabiarazi zituen. Sekulako protestak antolatu genituen, mundu guztiko jendea etorri zen: Japonia, Europa, AEBak, Zeelanda Berria, Australia... Frantsesen agintepean zeuden hiriko hainbat eraikini su eman zitzaien, horien artean aireportuari. Ondorioz, jende asko kartzelaratu zuten eta behartu zituzten esatera ni nintzela antolatzailea, berriro ere ni kartzelaratu ahal izateko. Baina gertatutakoaren errudun bakarra Frantziako Gobernua zela deklaratu zuten atxilotuek.
Eta hainbat urtetako borrokaren ondoren, Polinesiako presidente izatera iritsi zinen.
Ordura arteko Polinesiako presidentea, Gaston Floos, Jacques Chirac-en lagun mina zen eta albisteetan behin eta berriro irakur zitekeen bien arteko harremana zein ona zen eta aurreikuspenen arabera urteetan jarraituko zuela gure nazioko presidente izaten. Egoera hori aldatzeko, erabaki genuen Polinesiako partidu txiki guztiekin bat egitea, eta 2004an lehen aldiz hauteskundeak irabazi genituen. Frantziako Gobernuak ez zuen hori onartu eta deklaratu zuen Polinesian hauteskundeak ez zirela bukatu. Berriro kontatu zituzten boto guztiak. Bigarren deklarazioa izan zen esatea Polinesiari diru-iturri guztiak moztuko zizkiotela. Nik honela erantzun nien: “Iturriko kanila itxiko diguzue, baina euriak jarraituko du guri ura ematen eta beti izango dugu zerbait emateko”. Ez zituzten inoiz onartu hauteskundeen emaitzak eta sei hilabetera berriro konbokatu zituzten. 2004tik 2013ra bost aldiz izan ziren hauteskundeak eta bostak irabazi genituen. Urte konplikatuak izan ziren, baina Nelson Mandelak dioen bezala, askatasunerako bidea ez da erraza.
“Hauteskundeak irabazi genituen, baina Frantziak ez zuen onartu eta sei hilabetera berriro deitu zituzten. 2004tik 2013ra bost hauteskunde, eta bostak irabazi genituen”
Erreferente politikotzat daukazu Nelson Mandela?
Bai, jakina. 1996an aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen. Kartzelatik irtetean egin zuen lehendabiziko bidaietako bat Zeelanda Berrira egin zuen, bertako All Blacks errugbi selekzioari eskerrak emateko, Hegoafrikako Apartheid sistemaren aurka zeudela erakusteko lehenak izan baitziren Munduko Kopako finalean Hegoafrikako selekzioaren aurka jokatzeari uko egiten. Bidaia hori aprobetxatu nuen Mandelarekin egoteko, eta proba nuklearren aurka generaman borrokaz hitz egin nion. Orduan aprobetxatu nuen esateko Tahitiko kale bati bere izena jarriko geniola. Eta hil zen egunean Faako kale nagusia Nelson Mandela hiribidea izendatu genuen.
2013an lortu zenuten Nazio Batuen Erakundeak duen deskolonizatu beharreko herrialdeen zerrendan berriz agertzea.
1946an Deskolonizazio Batzordea sortu zuen NBEk, baina urtebete soilik iraun genuen zerrenda horretan, Frantziak kentzea lortu baitzuen. Urteetan eskatu diegu laguntza Frantziaren proba nuklearrak gelditzen laguntzeko eta zerrendan egon gabe ezin zigutela lagundu esaten ziguten. Azkenean, urteetan kalean eginiko protestei, lider politikoei egindako eskaerei eta munduan emandako hitzaldi guztiei esker zerrendan berragertzea lortu dugu. Hain juxtu urte berean, Moruroako proba nuklearretan lanean aritu ziren langileen elkartea konpentsazio eske altxatu zen, eragindako osasun kalteengatik. Baina Frantziako Gobernuak agiriak eskatu dizkie, osasun arazoak proba nuklearrek eragindakoak direla frogatzeko.
“Macroni gutuna idatzi diot, NBEk agindu bezala deskolonizazio prozesuarekin hasi behar duela esanez”
Dagoeneko lau urte dira zerrenda horretan zaudetela. Aurrerapausorik eman al du NBEk?
2016an Asanblada Nagusiak ebazpen bat argitaratu zuen, esanez Polinesiak bere nazioko baliabide guztien kudeaketarako eskubidea duela eta Frantziak horien agintea eman behar diola. Bestalde, ebazpen horretan lehen aldiz Frantziari proba nuklearrek sortutako osasun arazo eta kalte ekonomikoen inguruko informazioa eskatu dio. Frantziak, noski, oso gaizki hartu du, asko gustatzen baitzaie moralizatzaile papera betetzea eta munduari aholkuak ematen aritzea.
Eta zein da egungo Polinesiako Gobernuaren jarrera gai honekiko?
Edouard Fritch Polinesiako presidentea duela bi urte New Yorken izan zen nazioarteko komunitateari adierazten Frantziaren eta Polinesiaren arteko harremana oso ona dela eta proba nuklearren gaia konpondua dagoela. Berdin haren aitaginarreba, urteetan Polinesiako presidente izan den Gaston Floose: mundu guztian ibili da esanez proba nuklearren kutsadura guztia garbitu dela dagoeneko. Probak babestu eta ezkutatzen dituzte.
Baina kutsaduraren eragina urteetan sufritu duzue polinesiarrek.
1966an egin zituzten lehen proba nuklearrak eta urte batzuetara gaixotasun berri eta ezezagunak iritsi ziren Polinesiara. Mota ugariko minbizi kasu mordoa esaterako. Gaixoen tratamendua eta kutsaduraren garbiketa 50-60 bilioi franko kostatu da urteko. Gu biktimak gara, Frantzia egin beharko litzateke gastu hauen kargu. Moruroan natura purua zen eta gaur egun gerraontziz betetako uharte desertua da.
Emmanuel Macroni gutuna idatzi diozu kargura iritsi eta berehala.
Lehendabizi eskerrak eman nizkion bere kanpainan Aljeriako gerra eta kolonizazioa humanitatearen aurkako krimena izan zela esateagatik. Baina bere horretan geratu ziren deklarazioak; dirudienez Aljeriatik Pariserako bidean Frantzia osoaren presioa jaso zuen. Bide batez aprobetxatu nuen esateko NBEk agindu bezala deskolonizazio prozesuarekin hasi behar zuela. Faako aireportua Frantziaren kontrolpean egotetik bertako komunitatearen kudeaketara igarotzea, esaterako. Gutuna jaso orduko Macron Polinesiako presidentearekin bildu zen eta Faako aireportua bertako komunitateak ez baina Polinesiako Gobernuak kudeatua izateko prozesua hasiko dutela adierazi zion. “Primeran –esan nion–, baina aireportuko zuzendaritzan Frantziak gehiengo izaten jarraituko al du?”, galdetu nion, eta baietz erantzun zidan. Orduan gauzak ez dira aldatzen; frantziarrek jarraituko dute erabakiak hartzen.
Zenbaterainoko autonomia du Polinesiak eta zer da zuen alderdi politikotik (Polinesiaren Askatasunerako Frontea) eskatzen duzuena?
Konstituzioaren arabera Frantziako gainontzeko departamenduen maila berean gaude; 1977an Autonomia Estatutua eman zitzaigun eta hori lorpen handia izan zen. Baina hala eta guztiz ere, Frantziak gure nazioaren kontrol guztia izaten jarraitzen du eta guk erabateko independentzia aldarrikatzen dugu. Ilusio handiz ari gara jarraitzen Kataluniako prozesua eta Frantziako Parlamentuan ditugun hiru diputatuek Kataluniako prozesua babesteko manifestua atera zuten.
Saiatu zarete inoiz erreferendumik egiten?
Gure herria okupatzera etorri zirenean ez zen erreferendumik egin; 1942an etorri eta gerra izan zen, gure jendearen eta Frantziako soldaduen arteko borroka, Polinesiako bost artxipelagoetan. Nazio hau ez zen modu baketsuan emana izan frantziarrei, beraiek dioten moduan. Papeeteko hilerri nagusian, gerran hil ziren soldadu eta itsas-gizon frantsesen omenez eginiko monumentua dago. 1995ean, guk beste bat eraiki genuen Faako hilerrian, borroka honetan urtetan bizitza galdu zuten gure aitzindarien omenez.
Behin baino gehiagotan salatu duzu bizi-maila oso garestia dela tahitiarrentzat.
Polinesian dugun zerga sistema ez da batere onuragarria guretzat: inportatutako produktu ugari jasotzen dugu hemen eta zerga oso altua daukatenez, prezioa izugarri igotzen da. Gure programa politikoaren puntu nagusienetako bat da bertako baliabideak garatzea, inportatutako produktuekiko hainbesteko menpekotasunik ez izateko.
Tahitiera hizkuntza ofiziala al da?
Hau beste arazo handi bat da. Urteak daramatzagu hizkuntza ofiziala izan dadin borrokatzen, baina hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Hori dela-eta, belaunaldi gazteen artean apenas hitz egiten da tahitieraz. Frantzesez ikasten dute eta inguruan guztia frantses hutsean dute, baita hedabideak ere. Gogorra da, baina errealitatea da. Horregatik, Macronek dionenean kolonizazioa humanitatearen aurkako krimena dela, gogorarazten diot Aljerian bakarrik ez, Polinesian ere hala dela.
Eskoletan tahitieraz ikasteko aukerarik bada?
Gu eskolara joaten hasi ginenean debekatuta zegoen tahitieraz hitz egitea. Orain, Lehen Hezkuntzara arte soilik ikas daiteke tahitieraz. Oso denbora laburra da, ez da nahikoa. Hainbat akademikorekin hitz egin dut horretaz eta argi daukagu algebra, aritmetika, biologia, literatura… Guztia erakutsi daitekeela tahitieraz.
Tavini Huira'atira alderdiak 38 ordezkari eskuratu ditu bozen bigarren itzulian, eta gainerako bi alderdi autonomisten artean banatu dira: Tapura Huiraatira alderdiak hamasei eserleku eta A Here la Porinetia-k hiru. Independentistek hartu diote beraz agintaritza ordura... [+]
Frantsesa baino ofiziala ez den lurraldean, bertako lau hizkuntzatan gaurkotasunezko edukiak lantzen hasiko dira lekuko telebistan. Herritarren eskaria izan da.
Frantziako Konstituzioari emendakina jartzeko eskatu du herrialde horren menpe den Polinesiako Biltzarrak. Parlamentuko saioa tahitieraz egin zela argudiatuta Parisek bi lege polinesiar baliorik gabe utzi ostean dator eskaera.