Badira bi Eskola Txiki eguneroko jarduera osoa tailerretan burutzen dutenak, ohiko arloetan oinarritu gabe. Umeek ez dute eserita egon beharrik, nahi dutenean tailer batetik bestera joan daitezke eta horrela erabakitzen dute zer tailerretan aritu, zer egiten, zenbat denboraz. Ez dago testu-libururik, ez ikasmailarik, ez adin bakoitzean eman beharreko edukirik, ez azterketarik. Eta erabateko adin aniztasuna dute: 2-12 urte arteko ikasle guztiak elkarrekin aritzen dira uneoro. Ezaugarri horiekin guztiekin, berez desagertzen dira konparaketak, etiketak, lehia. Bertako irakasleek etengabe adierazten dute beste irakasleei entzuten ez dieguna: euren eskolan denbora dutela.
Ezagutu nahi bi eskola publiko hauek? Ongi-etorria eman digute Zizurkilgo San Millanen eta Abaltzisketako Txalburun [hemen ikus dezakezu proiektua azaltzen duen webgunea].
Baina itxaron. Lehenik, atarian erantzi dezagun berokiarekin batera helduen ikuspegia, haurtzaroaren babes-gunera sartzera goaz-eta.
Gabonetako oporralditik bueltan joan gara Zizurkilgo San Millan eskolara. Bertan irribarretsu hartu gaituzte 2014-2015 ikasturtean proiektu iraultzaile honi ekin zioten Elena Laiz (proiektuaren koordinatzailea), Leire Arreseigor (Abaltzisketako proiektu burua) eta Alaitz Zengotitabengoak (Zizurkilgo proiektu burua).
Eskola barrutik erakutsi digute eta tailerrak nola dauden antolatuta ikusi ahal izan dugu: aroztegian alde batean eraiki eta deseraikitzeko zurezko piezak eta eraikuntza jolasak daude eta bestaldean aroztegiko “benetako” erremintak eta zura. Mugimendu tailerrean psikomotrizitatea lantzeko koltxonetak, eta baita mugimenduari lotutako beste lengoaiak lantzeko tresnak ere, esaterako, musika-tresnak, dramatizaziorako oihalak, dantzarako musika-entzungailua... Zientzia tailerrean, esperimentatzeko eta manipulatzeko materialak, besteak beste hondar kaxa, iturria, sukaldea... Baratzea eta sukaldaritza ere zientzia tailerraren zati dira, bizitzako laborategi handiak. Liburutegian aurkitu ditugu era guztietako irakurgaiak, bertsolarien irudiak, ingelesa ere bertan lantzen dutela adierazten duten idatziak, eta banaka zein taldean gustura irakurtzeko txoko goxoak. Arte tailerrean, adierazpide askorako oinarrizko materialak: pintura, buztina...
Eskola hauetan ez dago “klaserik”, ez tailer bakoitzean eman beharreko denborarik, ez lanak bukatzeko eperik
Tailer bakoitza da desberdina, sartu orduko deika ari zaizkigun hamaika aukera erakusten ari zaizkigu, eta ez dugu faltan bota ohiko arbel, banakako mahai eta aulki ilararik. Atariko plakak adierazten duenez, eraikin honek 2012an bete zituen 100 urte, eta beraz, posible da edozein ikastetxe egokitzea tailerretan antolatzeko, aldizkarietako diseinu berritzaileen beharrik gabe, obra konplikaturik eta altzari garestirik gabe.
Atsedenaldia da eta gaur ikasle denak kanpoan ari dira jolasean, beste batzuetan haur batzuek eskola barruan jarraitzea erabakitzen dute. Zizurkil eta Abaltzisketako eskoletan erlojuak bi gauza soilik adierazten ditu: tailerren hasiera eta amaiera eta tarte horretan zer hiru edo lau tailer egongo diren zabalik. Ez dago “klaserik”, ez tailer bakoitzean eman beharreko denborarik, ez lanak bukatzeko eperik.
Ohiko eskola sistemak, bereziki hizkuntzarekin nahiz matematikarekin loturiko lengoaiak bultzatzen ditu, sarri, besteak baztertuz. Eskola Txiki hauetan, saiatzen dira tailerretan lengoaia ezberdinak azaleratzeko aukerak ematen
“Ume guztientzako eskola” nahi dutelako ekin zioten besteengandik hain ezberdina den eskola antolatzeko era honi. Ume guztiak gustura, motibatuta, benetan baloratuak eta errespetatuak sentitzea esan nahi du “ume guztientzako eskola” izateak, eta bakoitzari interesgarri zaizkion aukerak ematea “bere izaera, berak barruan duen hori garatzeko”. Horretarako ezinbestekoa da ikasle bakoitza ulertzea, bakoitzak adierazpide edo lengoaia batzuen bidez kanporatzen baitugu barruan duguna. Aldiz, ohiko eskola sistemak, bereziki hizkuntzarekin nahiz matematikarekin loturiko lengoaiak bultzatzen ditu, sarri, besteak baztertuz. Eskola Txiki hauetan, saiatzen dira tailerretan lengoaia ezberdinak azaleratzeko aukerak ematen. Zengotitabengoak aitortu duenez, “ume batzuengan lengoaia batzuk oso garbi ikusten ditugu, baina beste lengoaia batzuk oraindik ez ditugu identifikatu. Baina kontua ez da ume horiek ez dutenik lengoaiarik, noski”. Laizek gehitu du umeen lengoaiak ulertu ezean, zaila dela baliagarri izango zaizkien aukerak ematea ikasle hori egoki garatu dadin: “Oraindik ez dugu denetan asmatzen, erronka handia dugu umeren batekin, ez dugulako lortzen ikustea bera ere gustura, zentratua... baina saiatzen ari gara”. Begirada aldatzea gakoa da, euren hitzetan, beste lengoaiak ezagutzeko, baina Arreseigorrek nabarmendu duenez, “ardura gurea da, irakasleona. Gure lana da, ez umearena. Normalean, umearengan jartzen da pisua eta ez irakasleongan. Eta gu gara asmatu behar dugunak edo begirada aldatu behar dugunak”.
Tailerretan antolatutako eskola hau “filosofia” gisa definitzen dute, “begirada” modura, “bizitzeko modu” hitzarekin ere bai. Ez da metodo itxi bat, ezta errezeta ere. Pertsona janztea eta bakoitza den hori garatzen joatea dute helburu, umeek ikaskuntza esanguratsua burutzea, eta horretarako ebidentzia honetatik abiatzen dira: “Umeek ez dute helduok bezala ikusten, are gutxiago helduok bezala pentsatzen”.
Elena Laiz: "Umeek ez dute pentsatzen guk nahi dugun bezala. Ez dute ikusten guk nahi dugun bezala... eta ez bagara hortik abiatzen, ez badugu hori onartzen, alferrik da. 12 urtera arte umeak dira. Umeen mundua umeena da, eta guk helduena eskatzen diegu, oso azkar"
Umore handiz kontatu dute tailerrei ekin aurreko urteetan, proiektuka lan egiten zutenean, umeek landutako edukiak ez zirela benetan umeek landuak, eta ez zutela jakintza hori benetan barneratzen. Laizen hitzetan, “eduki batzuk garatzen zituzten eta iristen ziren gauza batzuk egitera, baina egin behar zirelako, eta oso behartuak, oso gidatuak, gure hitzak erabiltzen zituzten, ez zen beraien lana, nahiz eta beraiek aukeratu gaia eta nahi den guztia. Denok emaitzarekin pozik geratzen ginen, baina beraiek gero beste zerbait pentsatzen dute, ez du zerikusirik egin dutenarekin”. Horren froga gisa adibide hau azaldu du: “Gertatu izan zitzaidan gai bat landu, aurkezpena egin, eta gelatik ateratakoan ikasle horietako bati galderaren bat egitea beste modu batera, eta eman zidan erantzunak ez zuen zerikusirik lanarekin! Beraiek benetan uste dutena da kontu-kontari ari zarenean erantzuten duten hori. Umeek ez dute pentsatzen guk nahi dugun bezala. Ez dute ikusten guk nahi dugun bezala... eta ez bagara hortik abiatzen, ez badugu hori onartzen, alferrik da. 12 urtera arte umeak dira. Umeen mundua umeena da, eta guk helduena eskatzen diegu, oso azkar”.
Elena Laiz: "Edukiak, tailer guztietan eta uneoro ateratzen baitira gure eskolan: beharrak eraginda, bizitzako gertakizunek eraginda, ume bakoitzaren jakin-minak eraginda..."
Ume bakoitza bere ikaskuntza prozesuaren gidari dela aitortzeak eta umeen begirada eta pentsaera ez dela helduena onartzeak zeharo aldatu du irakasle hauen begirada eta funtzioa. Laizek azaldu duenez, “ikasleak etortzen zaizkigu behar gaituztenean: galdetzeko, beren kontuak esateko, ziurtatzeko, iritzia jakiteko eta beraiena esateko, gertatutakoak komentatzeko… Hori nahikoa da askotan beraien ezagutzak garatzeko, hazten joateko eta baita, guk ere, umeak gehiago ezagutzeko. Eta gainerako uneetan, ez gaituzte behar, beraien kabuz egiten dute aurrera. Irakasleon rola errotik aldatzen da ikuspegi honetan. Bidelagunak gara, ez gara zer eta nola egin behar den agintzen dugunak. Baina oso garrantzitsua da umeek gure prestutasuna sentitzea uneoro, helduen presentzia baita garrantzitsua, makina batek inoiz ordezkatuko ez lukeena”.
Begirada aldatzeak ordura arteko jokabideak deseraikitzea eskatu die. Zengotitabengoak adibide hau jarri du, ikasleekin aritzean maiz sentitzen duena: “ai! aurreratu egin naiz, egoera horretan azalpena nik eman beharrean itxaron banio, agian beste era batera jokatuko zuen ikasleak”. Laizek zera gaineratu du: “‘Tranpa moduko bat’ egiten genuen hasieran. Adibidez, umeen arteko elkarrizketan eguzkiari buruzko aipamenen bat egin bazuten, hor joaten ginen unibertsoari buruzko informazio piloarekin, umeei ahalik eta gehien sartzeko. Eta konturatu gara ezetz, ez dutela hori ikasteko interesik. Umeak berehala konturatzen dira noiz diren gaiak benetan era naturalean eta euren interesen ondorioz atera direnak, eta noiz irakasleok tranpa eginez, behartuta sartzen dizkiegunak. Edukiak, tailer guztietan eta uneoro ateratzen baitira gure eskolan: beharrak eraginda, bizitzako gertakizunek eraginda, ume bakoitzaren jakin-minak eraginda...”.
Alaitz Zengotitabengoa: "Legez konpetentzia batzuk lortu behar dituzte ikasleek, baina DBH 4. mailan, ez LH 6. mailan"
Eskola ia guztietako doinua da curriculumak agintzen duen guztia eman ezinik dabiltzanez, ez dagoela betarik ez modurik beste hamaika gauza lantzeko. Horregatik geratu gara ahoa bete hortz, bi eskola publiko hauetan ez dituztelako curriculumeko edukiak oinarri. Zengotitabengoak azaldu digu zertara dauden legez behartuta eta zertara ez: “Konpetentzia batzuk lortu behar dituzte ikasleek, baina DBH4. mailan, alegia, 16 urtera arte dute hauek lantzeko tartea. Ez LHko 6. mailarako”. Eta Arreseigorrek zalantzan jarri du curriculumak egiten duen konpetentzia eta arloen arteko loturak zentzurik baduen: “Konpetentziak arloekin lotu nahi izan dituzte, baina haien arteko lotura ez da batere ebidentea”. Euren eskoletan konpetentziak edo gaitasun horiek lantzen direla berretsi dute. Arreseigorrek honela biribildu du: “Zer behar du ume batek konpetentziak garatzeko? Ziurtasuna hartzea bere gaitasunetan, bere burua ezagutzen joatea, norberak bere interesak ezagutzea, eta aukera izatea horiek garatzeko”. Eta zalantzan jarri beharrekoa curriculuma bera dela gehitu du Zengotitabengoak; umeen ezaugarriekiko egokitasun falta eta edukiz gainezka egotea egotzi dio: “Posible al da umeekin egon den pertsona batek hori guztia egin daitekeela pentsatzea? Baina umeekin benetan egon denak e, ez gelara sartu, berea bota eta alde egiten duenak!”.
Curriculumeko edukiak eman beharretik beren burua askatuta, testu-liburuak agindutako ariketak jarraitu beharrik gabe eta urtez urte egin beharreko gutxienekorik zein gehienekorik gabe, denbora berreskuratu dute bi Eskola Txiki hauetan
Curriculumeko edukiak eman beharretik beren burua askatuta, testu-liburuak agindutako ariketak jarraitu beharrik gabe eta urtez urte egin beharreko gutxienekorik zein gehienekorik gabe, denbora berreskuratu dute bi Eskola Txiki hauetan. Sekretua zein den galdetu diogu Zengotitabengoari: “Lehentasunak jartzea. Guk umeei ematen diegu denbora, bakoitza bere erritmoan garatzen joan dadin. Bestalde, hasten duten lana, ataza edo ekintza bukatzeko ez dute eperik. Izan ere, hauetako bakoitzak bere denbora behar du; une eta egoera bakoitzean, ezberdina”. Laizek zehaztu du zer den umeei denbora ematea: “Gure ardura da denbora uztea ikasleek garatu dezaten barruan daukaten hori. Denbora eskaintzea beraien interesak landu ahal izateko”. Eta beste denbora bat ere badago beren eskoletan, irakasleena, ikasleak behatzeko: “Denbora hartu egin behar da, denbora eskaini, denbora erabili... ‘Ez daukagu denborarik’ esaten da baina denbora denok daukagu, zertan erabiltzen dugun da gakoa”.
Egunero, tailer bakoitzean behatutakoa idazten dute irakasleek eta astean behin irakasle guztien arteko bilera egiten dute ikasleen gainean hitz egiteko. Horrez gain, astero bi orduko formazio saioa egiten dute. Hezkuntza munduko autoreez gain, kultura, ekonomia eta gizarteko eragileen ekarpenak ere aztertzen dituzte, eta tailerretan egiten duten praktikarekin alderatzen dute etengabe, ea ipar modura hartzen dutena eta praktikan egiten ari direna bat datorren birpentsatuz.
Leire Arreseigor: “Guk ez dugu esaten ikasleari zer falta zaion, eta ebaluazioak normalean hortik joaten dira. Etiketa jada hortxe dago, ikasle bakoitzaren zailtasunei lotuta, zertara ez den iristen azpimarratuz”
Ebaluazio jarraitua egitea eta azterketarik ez egitea errealitatea dira hainbat eskoletan. Baina berriz ere galdera-mamua: zertara daude behartuta ikastetxeak ebaluazio kontutan? Zengotitabengoak azaldu duenez, “hiruhileko bakoitzean informeak bete behar ditugu, baina hor ere aukera zabala dago. Guk informe irekiak egiten ditugu: bertan jartzen dugu umeak zer egiten duen, zer gustatzen zaion egitea tailer bakoitzean, lagunekin aritzen den edo batez ere bakarrik, nola sentitzen den, berak proposatzen dituen lanak edo gure proposamenen zain egoten den... alegia, zer ikusten dugun. Baina ez gara baloraziotan sartzen”. Arreseigorrek zera zehaztu du: “Guk ez dugu esaten ikasleari zer falta zaion, eta ebaluazioak normalean hortik joaten dira. Etiketa jada hortxe dago, ikasle bakoitzaren zailtasunei lotuta, zertara ez den iristen azpimarratuz”. Ikasturte bukaeran aktak betetzera behartuta daude eta akta horiek delegaritzatik datozen eredu itxi bat direla azaldu dute, arloka antolatuta. Eta hor bai, kalifikazioa jartzera behartuta daude. “Baina ikusi dugunez denek egiten dutela aurrera eta gu ez garenez inor esateko ‘honek askoz hobeto egin du aurrera besteek baino’ –ez ditugunez konparatzen–, denak ‘oso ondo’ doaz, noski. Beraien garapena eta ikaskuntza aurrera doalako, etengabe, modu egokian”, esan du Zengotitabengoak. Etaparen bukaeran, LHko 6. mailara iritsitakoan, ikusiko balute ikasle batek urtebete gehiago bertan ematea behar duela, egoera hori aztertuko lukete.
Filosofia honetan, eskolako kide guztiek elkarrekiko duten tratua funtsezkoa da, batez ere umeenganakoa. Ikasleek maitasuna eta errespetua sentitu behar dituztela azaldu dute, eta Laizek adierazi du benetako errespetua kontzeptu oso sakona dela: “Errespetatzea da denbora eskaintzea bera den hori garatzeko, eskaintzea aukerak lengoaia ezberdinetan aritu ahal izateko, behatzen dugun guztia izan dadila gauzak egiteko modua aldatzeko bidea eta ez ikaslea sailkatzeko edo kalifikatzeko... Umea errespetatzea da entzutea –baina ez belarriekin soilik–, baloratzea ekartzen duena, bakarkako momentuak eskaintzea, bideratzea inork ez diezaion inori minik egin, onartzea gure pentsamendutik oso urruti daudela eta beste era batera ulertzen dutela, onartzea guk proposatzen diegun guztiari ez diotela helduko eta galdera baten aurrean erantzun oso diferenteak egon daitezkeela, galdera gutxi eta irekiak egitea, ikaslea besteen aurrean ez ebidentzian uztea, ez larri sentiaraztea jendaurrean... Ikaslea ondo tratatzea hori guztia eta gehiago da”.
Elena Laiz: “Borrokatu beharko da. Ume horien gurasoek hasi beharko dute DBHn beste egiteko modu batzuk eskatzen. Zeren tristea eta injustua da umeak han moldatu behar izatea”
Horra Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietako ikasleen gurasoen galdera nagusia. Laizek zorrotz erantzun du: “Orain arte, gure burua“Borrokatu beharko da. Ume horien gurasoek hasi beharko dute DBHn beste egiteko modu batzuk eskatzen. Zeren tristea eta injustua da umeak han moldatu behar izatea” babesteko edo, behartuta sentitzen ginen esatera ‘lasai, egokitzen dira DBHn, moldatuko dira, ondo joango dira’. Nik orain jada ez dut hori esan nahi. Ez dut nahi umeak prestatzea horretara ondo moldatu daitezen. Zeren hori ez da, gure ustez, hezkuntza eredu egokia”. Argi du bidea: .
Eskola publikoa dira bi hauek, eta galdetu diegu Hezkuntza sailetik zer balorazio jasotzen duten: “Beraiei galdetu beharko diezu, guk geuk ez dakigu eta” erantzun digute. Proiektu hau hasi zutenean, Begoña Garamendi Berrikuntza zuzendariak erabat babestu omen zuen proiektua. Baina oraingo berrikuntza zuzendariarekin ez omen dute elkartzerik lortu, nahiz eta behin baino gehiagotan eskaera formala egin dioten. Pertsonalki bai, Hezkuntza saileko kide askorengandik jaso omen dituzte goraipamenak, “baina hitzez harago, praktikan, momentu honetan ez dugu babesik. Esaterako, hiru urtetan zerbitzu eginkizunak izan ditugu proiektuari lotuta eta horrek klaustroari egonkortasuna ekarri dio. Aurten, aldiz, egonkortasunik ez da bermatu”. Hezkuntza Sailak horrelako proiektua zaintzea, balioestea, benetan aintzakotzat hartzea, inplikatzea eta gizartean ezagutzera ematea beharrezko ikusten dute.
Uste dute gainerako Eskola Txiki guztietan aukera dagoela filosofia honi ekiteko. Batzuetan hasiak dira, Larraulgo eskolan, adibidez, “jauzi handia” eman dutela diote. Eta Aizarnazabalen eta Ezkio-Itsason ere pausoak ematen hasi dira.
Eta eskola handietan ere, zergatik ez probatu? “Laneko baja handienetakoa duen lanbidea da irakalseona: umeekin maiz borrokan, tiraka, denboraz larri, presiopean... Askoz hobeto biziko ginateke denok filosofia honekin: Ahaztu gauza batzuk, eman denbora beste gauza batzuei, ez borrokatu hainbeste edukiekin...” dio Laizek.
Elena Laiz: "Haurtzaroa, eskolan behintzat, zoriontsu bizi badute, horrek eragin ona eduki behar du, seguru. Ezinezkoa da hemen ez ikastea”
Ez da txantxetako kontua gustura bizitzea. Izan ere, ikasleak eskolan bizi egiten dira. Gaurko umeek beren eguneroko hainbeste ordu nola bizi dituztenaren arabera, izango dira etorkizuneko pertsonak eta gizartea. Laizek azken gogoeta hau utzi digu: “Umearoa etapa bat da, oso berezia, eta ez diegu lapurtu behar. Haurtzaroa, eskolan behintzat, zoriontsu bizi badute, beren buruarekin ongi, horrek eragin ona eduki behar du, seguru. Ezinezkoa da hemen ez ikastea. Gizakiok zoriontsu egon eta ez ikastea ezinezkoa da, sen hori daukagulako”.
TONUCCIREN AMUA
33 urte dira Elena Laiz Zizurkilgo Eskola Txikian irakasle hasi zela. Ikaskuntza prozesuan adin aniztasunari abantailak ateratzen bide luzea urratu du geroztik Laizek: ez zuten testu-libururik erabiltzen, ez azterketarik egiten, eta lau maila elkartuta aritzen ziren gela berean. Adin aniztasuna da Eskola Txikien ezaugarri nagusia, eta irakasteko moduan eragin handia duenez, Laiz urte askoan aritu da Eskola Txiki guztietako irakasleak formatzen.
Duela 30 urte ezagutu zituen Laizek Myriam Nemirovsky eta Francesco Tonucci pedagogoak, eta garai hartan izen hori ematen ez bazitzaion ere, proiektuka lan egiteari ekin zioten. “Baina horrekin guztiarekin ere, ikusten genuen eskola hura ez zela denontzako egokia”. Tonucci 2014an etorri zen Eskola Txikietako irakasleentzako bi hitzaldi ematera eta bertan amu hau bota zien denei. Ondoren, Zizurkilgo San Millan eta Abaltzisketako Txalburu eskolek erronkari heldu zioten: tailerretan lan egitea eta adin aniztasunean sakontzea.
Proiektuan sartzea erabaki aurretik, gurasoen oniritzia bilatu zuten. Ikasle zaharrenen gurasoek izan zituzten duda gehien, “DBHra pasatzean zer?” galdera buruan. Zizurkilen proiektua aurkeztuz eta argudioak emanez lortu zuten gurasoen %100en oniritzia. “Beti bihotzez eskertuko diegu gugan jarritako konfiantza” azpimarratu du Laizek. Eskola lehendik ere pedagogikoki berritzaile izateak trantsizioa erraztu zuela uste du.
Abaltzisketan, aldiz, gurasoen dudak argitzeko formazio tailer asko egin behar izan zituzten, baita bilerak ere. Gehiengoak hartu zuen proiektu honi ekiteko erabakia, eta egun gehiengoa oso gustura dago, nahiz eta oraindik DBHko jauziaz kezka adierazten duten ikasle zaharrenen gurasoek.
Lehen Hezkuntzako adin ezberdinetako sei ikasle baino ez ditu Zigako (Nafarroa) eskolak. Aukera baliatzen dute elkarbizitza lantzeko, tokiko curriculuma sustatzeko, landa ingurunea pedagogikoki aprobetxatzeko eta herria bera bizi eta dinamiko mantentzeko. Hori bai, ume gehiago... [+]
Ekainaren 12an egingo da Eskola Txikien 34. jaia, Errezilen. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitarau ederra prest dute. Arratsaldean 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskainiko dute: Errezilen jaio zen Maria Dolores Agirre idazle,... [+]
Pandemia dela medio, inbidiaz begiratu du askok eskola txikietara, bertako talde txiki, kanpoko espazio zabal eta landa eremuetara. Ikastetxe hauetatik ikasteko daukagunaz eta dituzten erronkez aritu gara Euskadiko Eskola Txikiekin, gidaritzan aldaketa eman dela aitzakia... [+]
Eskola publikoak euskalduntzen eta metodologia modernoa aplikatzen aritua, D ereduaren aldeko borrokan. Egoera politikoa pil-pilean zegoen garai haietan, batzuentzako oraindik frankismoaren kiratsa zuen eskola hura irauli eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Eskola Publikoaren... [+]
Zabaleko Bizirik Plataformak jakinarazi du Hezkuntza Sailak adierazi diola Zabaleko ikastetxea itxiko duela. Bat-bateko eta adostu gabeko erabakia izan dela diote. Plataformak eskola euskalduna, publikoa, gertukoa eta txikia defendatuko duela azpimarratu du.
Herri txikia da Antzin eta ixtear egon zen bertako eskola publikoa, herriko haurrak hirietako ikastetxeetara joaten zirelako. Ikasleak erakartzeko, euskarazko D eredua ezartzea erabaki zuten, eta horri gehitu behar diogu pandemia garaian landa guneko eskolei balio handiagoa... [+]
COVID-19ak eragindako eskolaren etenari alternatiba bilatu diete Gaztelu herri txikiko gurasoek: udalaren lokaletan burbuila taldeka aritzea. Hezkuntza Sailetik ezezkoa jaso dute ordea. Iritzi artikulu honetan azaldu dute guztia.
Gipuzkoako eskola txikien arteko hartuemanak sendotu, elkar ezagutza bultzatu eta haien guztien topagunean bilakatuko da Aginaga ekainaren 9an. Aginagako Eskolaren bueltan ospatuko da, Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute.
Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia... [+]
Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.
Eskola txikiak herri eta auzoak bizirik izateko funtsezkoak direla adierazten du festak. Aukera polita izango da Arroa auzoko (Zestoa) eskolaren errealitatea ezagutzeko, tartean, gurasoek larritasunez eskatu arren atzerapenez doazen eraikuntza berriaren orubea.
Azterketa eta noten eskema tradizionala alboratu eta ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio hezigarria lantzen dute gero eta ikastetxe gehiagotan. Euren esperientzia kontatzeko eskatu diegu horietako lauri: Langile ikastetxe publikoa, San Bizente ikastola, Arrankudiagako... [+]
Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. “Orain arte gurpilak eraman gaitu” aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den... [+]