“Lanaren estimua omendu nahi izan dugu”

  • Galdemoduen Trilogia diskoa Mugaldekoak taldearen hirugarren lana da (Gaztelupeko Hotsak, 2017). Taldekideak herriz herri ari dira kontzertuak eskaintzen. Urretxun egin genuen bat Edu Zelaieta (irakurketa, ahotsak), Beñardo Goietxe (ahotsak, gitarra elektrikoa eta akustikoa), Raúl García Etxeberria (gitarra elektrikoa eta akustikoa, zerra musikala eta ahotsak) eta Xavi Pérez Bull baxujotzailearekin. Bai diskoak bai eszenako errezitaldiak berebiziko arreta merezi dute.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Duela 14 urte sortu zen. Euren proiektuaren gibelean liburu bat eta hiru disko daude: Edu Zelaietak 2004n plazaratu zuen Mugaldekoak liburua (Susa), eta hartatik “pertsonaiak pertsona bihurtu zirela”, erran digu Zelaietak. Hasiera hartan Goietxe, García Etxeberria eta Zelaieta aritu ziren liburuko poema musikatuak aurkezten, eta ondoren, 2006an, Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan diskoa osatu zuten. 2012an, berriz, Begiak lekuko bigarren diskoa plazaratu zuten hainbat lagun musikarik lagundurik. Kanten bertsioak izan ziren nagusiki. Galdemoduen Trilogia hirugarren diskoa karrikaratu dute berriki, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik betiere. Ander Barrenetxea bateria-joleaz gain, Idoia Guilleneak, Morauk eta Pettik parte hartu dute, besteak beste.

Zer berri, hirugarrenean?

Edu Zelaieta: Hasierako gure dinamika literarioagoa izan zen liburuaren inguruko saioa izan zelako, baina talde osatu ahala musikariak nagusitzen joan dira eta poliki-poliki dinamika musikalago batean sartu gara. Eskaintzen dugun zuzenekoa halakoxea da, kontzertu baten antza hartu du. Aldi batez, Beñardo zirikatu behar izan dut, berak ere kantuen hitzak idatzi dituelako.
Beñardo Goietxe: Bai berak kitzikatua edota “behartuta” ausartu eta animatu naiz nolabait, kontrastea jartzeko. Baina ziur aski, berak eta nik egindakoak zein diren argi daude. Edo ez? Betiko galdera da. Tira, bertze pausotxo bat eman dugu, Mugaldekoak taldekook sekula egin gabea. Edonola ere, Edu gure hitzen irule nagusia izan da, da eta izanen da.

Bizitza asmatu beharra dago, naski.

Edu Zelaieta:
“Mugaldekoak ez da talde profesionala, baina bai naturala. Bakoitza besteen mugan ari gara, eta aberasgarria da hori”

Zelaieta: Bizitzari zentzua eman behar zaio. Areago, XXI. mendean bizi gara eta bizitzari zentzu emateaz gain, berrasmatu behar dugu bizitzen. Horretan ari gara, eraikuntzan, gero eta gehiago erabiltzen den hitza duzu: eraikuntza pertsonala, artistikoa, literarioa… Kontu edo erronka polita da bizitza.

Mugek zedarritua betiere bizitza. Mapa pieza lekuko.

Goietxe: Eduren poeta maiteenaren egokitzapena da musika pieza hori, Wislawa Szymborskarena. Mugaldekoak mapako muga-mugakoak gara. Kontzeptu hori gure artean izan da hasieratik, eta ongi definitzen gaitu: Edu Gasteizko beratarra edo Berako gasteiztarra da. Raúl eta biok Berakoak, eta orain Vilafranca del Penedèseko gizon motzor hau. Maitekiro erranik... [irriak].
Xavi Pérez Bull: Bai, Elizondon bizi naiz, Lesakan bizi ondoren, beraz ni ere mugan ibiltzen naiz aspaldion. Bartzelona eta Tarragona artean jaio nintzen, cavaren lurraldean. Militante musikala naiz, Inadaptats eta Eina taldeetan aritua, eszena punkean zaildua. Lehen jorratu ez nituen musikak jotzen ari naiz lagun hauekin, beste era batean espresatzen naiz baxuarekin orain. Pozik ari naiz, lurra hartu nuen Bera aldean, Beñardo euskara irakaslea dut... Zurgina ere banaiz eta ardiekin ibiltzen naiz tarteka.
Raúl García Etxeberria: Niri atetxo zabalago bat ireki zait konposizioetan manera berezi batez lan egiteko. Beñardo eta bion artean egin izan dugu hori orain arte, baina oraingoan ekarpen pertsonalagoa egin dut, nire bidea urratu aldera. Gorputz espresio eta antzerkiko irakaslea naiz. Tailerrak antolatzen ditut haurrekin eta...; oinarrian musika lantzen dut. Mugaldekoak taldean nire lana horren adar bat da, egunerokoarekin lotzen dudana.
Zelaieta: Gutako bakoitzak badu bere proiektua. Mugaldekoak ez da profesionala, baina bai naturala. Bakoitza besteen mugan ari gara, oso aberasgarria da hori. Ni irakaslea izateaz gain, idazlea naiz. Doinu bat eman letra jartzea ariketa izugarria zait, aberasten nau. Besteek ere halaxe egiten dute. Baldin eta Mugaldekoek laugarren diskorik ateratzen badugu, ni ez naiz hemen egonen, zubiak eraikitzen lan eginen dut...  [trufaka].

Etsaiak kantaren harian: garai ona al da etsaiekin adiskidetzeko?

Goietxe:  Etsaiak beti ditugu inguruan, lagunak ditugun bezala. Baina kantak dioenez, etsaiak ez dira sekula behar bezala estimatzen, eta beharrezkoak dira, baina agian gehiegi ditugu.

Guardia zibilez beste ari haiz, noski.

Beñardo Goietxe:
“Etsaiak ez dira sekula behar bezala estimatzen, eta beharrezkoak dira, baina agian gehiegi ditugu”

Goietxe: Guardia zibilak bakean utzi behar ditugu. Onddo bila kantan diogunez, onndo bila ari dira, eltzetzuak dira gure hitzetan. Baina, egiari zor, etsaiak ere badira bertzelakoak, batzuk inguruan ditugu, bertze batzuk gure barrenean. Kanpoan ikusten ditugu etsaiak baina barruan ere baditugu. Horren inguruan ari dira kantaren hitzak.

"Dena da botere kontua… dio beste pieza batek. Taldean ere bai? Zer dio katalan euskaldunak?

Xavi Bull: Ez, ez, alderantziz, gurean ez dago hierarkiarik. Noski, bakoitzak badu argi eta garbi taldean zer egin behar duen, zein den bere rola, horrek berez sortzen du aritzeko molde bat, baina inork ez dio beste inori esaten, “hau edo beste egin behar duzu”. Gure arteko boterea oso da “popularra”, boterea izatekotan herrikoia da, horixe dut gustuko nik.  

Beldurrak ez du barkatzen“” diozue kanta batean. Kanta ona.

Zelaieta: Beldurra unibertsala da, adin guztiak harrapatzen ditu, kultura guztietako jendeak. Aurreko diskoan ere gai hori landu genuen. Beldurra ezagutu behar dugu eta kudeatzen ikasi, batzuetan, aurrez aurre begiratu behar zaio beldurrari, ausiki egin, baita bortz hozka egin ere.

Iker Barandiaranek diskoaren kritika egin berri du ARGIAn. Folkak ba ote du mugarik? zioen haren testuaren lerroburuak.

García Etxeberria: Ez dut uste folkak mugarik duenik. Baina gurea folka al da? Guk egiten duguna zaila da definitzen. Gurean badago folka, erreferentzia asko Ameriketarik baitatoz, doinuak eta letrak ere bai. Beñardoren erreferenteak eta bionak, asko eta asko, handik heldu dira.

Xavi Bull:
“Jorratu ez nituen musikak egiten ari naiz lagun hauekin, beste era batean espresatzen naiz baxuarekin orain”

Botika horizontala-k cabareta, rock baziloia, Arthur Leeren arima eta surfaren dotorezia ditu baitan”, zioen Barandiaranek.

Goietxe: Musika kritikariak egindakoa pertsonala da, kazetari guztiek dute konparatiba ezberdina, baina redios... Kriston ohorea da Arthur Leerekin konparatzea, maite baititugu haren kantak eta estiloa. Edonola ere, oraingoan folkaz harago joan gara, lehen bi diskoetan folkaren kutsu gehiago nabaritzen da. Raúlek jotako gitarra elektrikoa dela medio, rock kutsu handixeagoa hartu du disko berriak. Folk eta rock musiken ildoen artean ari gara.
García Etxeberria: Xavik berriz, erritmo punttu berria ekarri du diskora, baxuaren erritmo joria jarri dio. Zuzenean ere ari da gurekin eta horrek diskoa eta emanaldia hurbilarazten ditu. Zuzenean ez dago bateriarik eta nabaritzen da pixka bat. Ni soka munduko hibridoa naiz, gitarra elektrikoa eta akustikoa –eta gitarra eskuko bentiladore batekin– jotzen ditut zuzenean, zerra musikala eta harmonika ere bai. Beñardok gitarra akustikoaz gain elektrikoa ere jotzen du, beraz zuzenean ere moldatzen gara...

Estiloak estilo, nafar guztiei gustatzen zaizkizue rancherak.

Xavi Bull: Bai, egia da, nik Xorroxin irratian entzuten ditut ia egunero.
Goietxe: Dudarik gabe, honetan ez, baina bigarren diskoan Conjunto Bernalen Mi único camino kantaren bertsioa egin genuen, tex-mex klasikoa. Oraingoan ere bada, ez da tex-mex bat, baina badago landako kanta horietako bat edo bertze. Onddo bila balada horietako bat da, Mexikoko akordeoiaren ukitua du… Bortzirietatik edota Baztandik Hego nahiz Ipar Ameriketara jende asko joan zen lanera, eta Nafarroa osora zabaldu zen handik. Bertze euskal lurraldeetan ere eragin handia izan dute rancherek.
Zelaieta: Aitaren aldetik nafarra izanda ere, ez naiz bertakoa. Aitari rancherak izugarri gustatzen zitzaizkion, baina hori unibertsala da. Esaterako, Arabako hainbat tokitan ere, berbenetan, entzuten dira rancherak, Joselu Anaiak folk-rock taldea hor ari da orandik ere.

Hiriko menditarrak edo mendiko hiritarrak zarete?

García Etxeberria:
“Ez dut uste folkak mugarik duenik. Baina gurea folka al da? Guk egiten duguna
zaila da definitzen”

Zelaieta: Mugaldekoak proiektuaren ezaugarria kontrastea da, bai musikan bai letretan. Gu muga aldekoak gara, aldez eta moldez, nahi eta nahi gabe, kontzienteki eta inkontzienteki. Gauza anitz gustatzen zaizkigu, beste anitz ez, eta gustukoak sartzen ditugu diskoan. Kontua da koktela ongi osatzen asmatzea.
Goietxe: Truke musikala eta literarioa egiten dugu, munduko gauzak sartzen ditugu. Denok menditarrak gara, denok gutxi asko badugu lotura baserritarren munduarekin, hirian ere bagabiltza, bistan da. Belaunaldi bakoitzak eman du karrikarako pausoa bere unean. Gurean kontraste hori nabaritzen da, mendiarena eta karrikarena.

Bizizaleak zarete edonola ere. Hurrup! kanta lekuko.

Zelaieta: Gauza ainitz gara. Disko honetan aurrekoetan baino letra errimatu gehiago daude. Hori ere izan dugu ariketa edo gimnasia gisako bat. Prozedura aldetik, muga-mugan dauden piezak dira, musiken eta letren arteko zubiak dira. Hasieran, idazkiak musikatzen genituen gehien eta orain alderantziz, musikari letrak jartzen dizkiogu. Mugaldean gabiltza betiere, batetik abiatu eta alderantziz bidea eginez. Hurrup! kanta da horren lekuko, baiki.
Goietxe: Euskalki gehiago sartu dugu, Bortzirietakoa eta lapurtera nahasian, Eduren Gasteizko euskalkia barne. Hitzen mugen artean, gurea askotako kolorea da, kolore nabarra.

Emaztekia langile azken kanta hizpide, zuzenean darabiltzazuen galdemoduen filosofiaren harian: mundua mundu denetik utzi al dio emakumeak lan egiteari?

Zelaieta: Diskoan oro har, badago gogoeta anitz, baita zirtoa erabiltzeko joera ere. Hain zuzen, zuzenean darabilgun “galdemodua”, saioa planteatzeko eta harilkatzeko modua da. Zientzian nola filosofian planteatzen den gisan, guk halatsu nahi dugu egin. Kanta horren letra bluesman batena da, nik egokitua; alta, 1928ko emazte langileen blues bat da, Mississippikoa.
García Etxeberria: Hitz horiek ingelesetik euskara pasatzea, eta egoki kantatzea oso zaila da, beraz, tratamendu libreagoa eta zabalagoa eman diogu kantari.
Goietxe: Topikoa izan liteke, baina ama, amatxi, baserriko emakumeei, eta gaur egungo emakume langileei eskainia da. Lanaren estimua omendu nahi izan dugu. Oro har ere, diskoa ildo horretan egina dago.

Mugaldekoak Urretxun: Raúl García Etxeberria, Edu Zelaieta, Xavi Pérez Bull eta Beñardo Goietxe.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude