Ez; Euskal Herrian ez dugu klima tropikalik. Baina bai; baditugu iratze paleotropikalak, hezetasun handiko eta tenperatura ez oso aldakorreko guneak behar dituztenak. Horietako bat da Vandenboschia speciosa. Ezagutzen duenak bat egin lezake bere izen zientifikoaren esanahiarekin: speciosum “ederra”, “itxura onekoa”. Aldiz, bere edertasuna lehen aldiz aurkitu zuen botanikariaren subjektibotasunaren emaitza baino ez dela pentsa daiteke. Vandeboschia speciosa landare berezia, bitxia eta erakargarria dela, ordea, ezin inork ukatu; edo, ikusi al duzu inoiz iratze zeharrargirik zure inguruan?
“Trés rare”; oso arraroa omen zen iratze hau Euskal Herrian XIX. mendean. Hala esaten zuten behintzat aurreneko aleak aurkitu zituzten botanikariek euren artikuluetan. Biriatuko mendietan aurkitu zuen aurrena (1885an) Zeiller botanikariak. Eta amua bota zien beste botanikariei, inguruan gehiago izango zirela aipatuaz. Honela, urte gutxira (1898an), M. Michel Gandoger botanikariak Bulletin de la Société Botanique de France izeneko aldizkarian aurkikuntza baten berri eman zuen. Trichomanes radicans –egun Vandenboschia speciosa moduan ezaguna– izeneko iratzea aurkitu zuen Jaizkibelen: Pasaian eta Hondarribian. Artikuluaren hasieran adierazten duenaren arabera, Gipuzkoa ez zen a priori botanikari hauek erakartzen zituen lurraldea. Hau dela eta, dio, gutxitan bisitatua izan zela Andaluzia bezalako lurralde “exotikoen” aldean.
Behin bidea irekita, beste hainbat lekutan aurkitu zuten iratzea: 1904an, M. Daguinek –Baionako Lizeoko irakasle zenak– eta Zeiller berak, Laxia arroan, Txarraenia arroilan eta Bidarraien.
Dokumentu zahar hauek irakurrita, bada gaurkotasuna galtzen ez duen aipamenik. Izan ere, botanikari zaharrek iratzea aurkitu zuten guneei buruz egiten dituzten deskribapenek landarearen bizilekuaz, eta gaur egun ere bizitzeko behar dituen baldintzez pista asko ematen dizkigute.
Botanikariek idatzitako artikuluetan bailara sakon, arroila edo kobazuloez hitz egiten dute maiz. Izan ere, Vandenboschia speciosa iratzeak eremu subtropikaletan ematen diren baldintzak behar ditu bizirauteko: hezetasun handikoak eta tenperatura ez oso aldakorrekoak. Eta baldintza horiek, gurean, gune horietan betetzen dira: isurialde atlantikoko bailara itxietan.
Iraganean hedapen zabalagoa zuen espezie erliktiko honek, egun, basoz inguratutako haran sakonetan aurkitu du bere babesgunea; ibar-basoak errekako hezetasunari alde egitea oztopatzen dion lekuan. Toki horietan, izozteek kostata estaltzen dituzte erreka aldameneko arroilak eta harri arteko kobazulo txikiak, eta tenperaturak egonkorragoak dira urtean zehar. Hor aurkitzen du iratzeak bere txokoa; baldintza subtropikaletara gehien inguratzen den eremuan. Ezaugarri horiei, iratzeak azidotasun handiko lurzoruekiko duen joera gehitu behar zaie.
Euskal Herriko Vandenboschia speciosa iratzearen populazioak arduraz zaindu beharko genituzke. Iratzearen gunerik onenak Europan Azoreetan, Madeiran eta Kanariar irletan daude, bertako klima iratzearen oso aldekoa delako. Europa kontinentalean, ordea, iratzea kostaldera dago mugatua. Bretainia eta Britainia Handiko hainbat kostako lekutan aurkitu da, beti ere modu ez jarraian banatua. Europa barrualdean, gune jakin batzuetan baino ez da topatu. Euskal Herritik behera eginda, egoera ez da askoz hobea.
Erreka sakonen ertzeko harkaitzen zuloak, iluntasuna; hori da bere lekua. Oso landare gutxik jasango duen iluntasun horretan, argi izpi gutxi batzuk eskuratuz egin beharko du fotosintesia bizirauteko. Iluntasunean hazten den baldintza subtropikaleko landarea izatea gutxi balitz, bere hosto edo frondearen berezitasuna ere agerikoa da. Izan ere, zelula geruza bakarrez osaturikoak dira, zeharrargiak. Gardentasun puntu horrek emango dio ederra deitzeko hautua egin zuen botanikariari arrazoia. Alde horretatik “speciosum”, espeziala baita.
Azken hamarkadetan Euskal Herrian egin diren iratzea bilatzeko ahaleginek fruituak eman dituzte, eta aurretik ezezaguna zen tokietan edo urria zela pentsatzen zen lekuetan ale berriak aurkitu dira. Laginketa sakonak egin diren lekuetan, Jaizkibelen eta Urumean esaterako, aurretik ezagunak ziren aleen kopurua 10 aldiz handitu da azken hamarkadan. Honek guztiak arrazoi bat du, ordea: mende honen hasieran Euskal Herrian ordura arte ezagutzen ez zen iratzearen sekreturik handiena aurkitu zuten bertako zientzialariek: Vandenboschia speciosaren gametofito fasea.
Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratze hau bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke: gametofito eta esporofito faseak
Iratzeak ezkutuan bizi nahi bazuen, alferrik du dagoeneko. Iratze guztiek bere bizi-zikloan zehar bi fase, bi gorputz ezberdin eduki zitzaketela jakina bazen ere, Euskal Herrian Vandenboschia speciosaren “iratze itxurako” fasea soilik ezagutzen zen, esporofitoa. Ordea, bada beste fase bat, iratzeak erabat bestelako itxura duena: gametofito fasea. Fase honetan, iratzeak goroldioaren antza hartzen du, zailagoa da ezagutzen, txikiagoa da, eta hori gutxi balitz, erreka ertzeko zulorik ilunenen barrualdean ezkutatzen da askotan, ia ikusezin bihurtuz.
Gametofito fasea Euskal Herrian aurkitu zen lehendabiziko egunetik, ordea, garbi ikusi zen hortik aurrera iratzea leku gehiagotan ere aurkitzeko aukera zegoela. Izan ere, Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratzea bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke, bi gorputz ezberdin izango balitu bezala, eta biek gainera, bizileku ezberdinak erabili ditzakete, iratzearen biziraupenerako abantaila handia izanik. Iratzearen gametofito fasea ezagutzeak, beraz, bide berri bat ireki zuen Euskal Herriko botanikarientzat. Ordutik, Vandenboschia speciosaren ikerketan ari den Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldeak ezagutzen ez zen lekuetan aurkitu du garoa. Urtero-urtero, aurretik ikusi gabeko lekuren batean azaltzen da oraindik ere.
Iratze honi buruz martxan den Europako ikerketa genetikorako, Jaizkibel eta Urumean hartutako laginak garrantzitsuak izango dira
Konplexutasun hau guztia dela eta, eta Euskal Herriko errekek ematen duten ikerketarako aukera bikaina baliatuta, Granadako Unibertsitateko Víctor Suárez doktorearen taldea Jaizkibelera eta Urumeara etorri zen 2012an, iratze honi buruz egiten ari diren Europako ikerketa genetikorako laginak hartzeko. Euren esanen arabera, bertako populazioek garrantzi handia izango dute ikerketan.
Europan babestua dagoen espezie honek jasan ditu mehatxuak ere. Irlandan, adibidez, ia desagertzear izan zen bildumazaleek euren herbarioetarako jaso zituztelako. Euskal Herrian, ordea, mehatxuak bestelakoak dira. Basogintza gogorrenek eragindako erreka ertzeko basoen mozketek edo eta arro oso batean egindakoek kalteak sor ditzakete, babesa kentzen dietelako eta izozteen aurrean zaurgarriago bihurtzen dituztelako. Urumeako arroan egindako modelizazio lanek ere, ez diote etorkizun ona aurreikusten espezieari. Eta klima aldaketa etsai gogorra izan daiteke hezetasun maila altua eta tenperatura egonkorrak behar dituen espeziearentzat.
Naturak eman digun bitxikeria honek gure artean jarraitzea nahi badugu, erreka ertzeko basoak ondo mantentzea, edo eta berreskuratzea da prebentziorik onena. Landare hau bilatzen lan egiten dugunok, bestalde, Europako ikerketa genetikoaren emaitzen zain jarraituko dugu, bitartean, ale berrien bila erreka ilun eta malkartsuetako pareta hezeetan begiak irristatzeko aukerarik galdu gabe.
Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]
Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta... [+]
Deforestazioa geldiarazteaz gain, milioika zuhaitz gehiago behar ditu Lurrak klimaren zoratzea gelditu, euriak ugaritu eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Baina ez begiratu soilik Amazonia edo Kongo edo Indonesiako hondamendiei: Europan lan handia daukagu duela mende gutxi... [+]
Mundua mapeatu dute, eta orain, xehe-xehe dakigu ezinbestean zein lur eremu babestu beharko genukeen gainean dugun krisi bikoitzari aurre egiteko: bioaniztasuren galera eta klima larrialdia. Sciences Advance aldizkarian Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proiektuaren... [+]
Autobidea igarotzeko tunel batean izaten ari diren etengabeko leherketek etxebizitzei eta ondare arkitektonikoari eragin diete. Bilboko Bolintxu haraneko herritarrak kexu dira eta Supersur handitzearen kontrako plataformak publiko egin du salaketa.
Alemaniako mendebaldean munduko makina automatizatu handienek (100 metroko altuera, 200 metro luze eta 14.000 tona) lurra irensten dute eta liseriketaren ondoren kalitate baxuko ikatza iraizten dute, zentral termikora eramateko prest. Meategiak, 1978an ireki zenetik, Hambacheko... [+]
Bizkaiko Foru Aldundiak, Agustin Ibarrola basoa margotu zuen artistaren familiaren onespenarekin, gaur egungo basoaren inguruetan Ibarrolaren zuhaitzen erreplikak egingo dituela jakinarazi du. Izan ere, jatorrizko basoko zuhaitzak hiltzen ari dira, xingola marroia gaitzagatik... [+]
Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]
Hondarribiko ikasleek ametza zuhaitzaren haziak ernaltzen lagundu eta ondoren Jaizkibelen landatu dituzte, bertako basoa pixkanaka berreskuratu dadin; mendiaren hiru dimentsioko maketa ikusgarria ere osatu dute; eta Jaizkibelen kokatutako hirigintza plan bat asmatu dute... [+]
Gaur goizean okila garrasika aritu da etxe gaineko haritzean (Quercus robur). Luze aritu da eta haserre zela zirudien. Goiza ederra da, freskoa baina arraitsua, oso argia. Urteko egun luzeenetara hurbiltzen ari gara eta goizean goizeko argitasunean igarri da. Kexu zen, ordea,... [+]
Modu guztietara, onez eta txarrez, amenazu guztiak zorroztuz esan digute baina guri bost. Mundua, gure mundua hiltzen ari gara. Gure bizimodua ezin da inola ere eutsi, eta jasanezina da gurekin batera bizitzea egokitu zaien beste bizidun guztientzako. Egunetik egunera ari gara... [+]
Udazkena azkenetan da. Bazterrak kolorez janzten doaz. Garai aproposa mendian ibiltzeko. Lurrean, han eta hemen hosto artean barreiatuta ikus daitezke irailaz geroztik arbolatik jausitako lokotxak –sokalak, arbotsak, morkotsak, kirikiñoak–, inguru heze eta... [+]
Polinizazioa garrantzitsua da landare gehienen bizimoduan. Espezie eta aldaera bakoitzaren etorkizuna eraikiko duen hazia sortzeko nahitaezkoa. Lorearen aieka arrak sortzen duen polen aleñoak aieka emearengana egingo duen bidaia da polinizazioa. Bidaia hori intsekturen... [+]