Zortzi urte igaro dira 56 emakume bildu, arraunak estropuetara heldu eta emakumezkoen lehenengo traineru ligari hasiera eman ziotenetik. Ordutik urtero errepikatu da, eta hasiera batean lau traineru osatu ahal izatea zaila izan bazen ere, gero eta neska gehiago ari dira arraunak hartzen. 2017ko udako traineru ligan, Euskal Herriko bederatzi arraun elkarte izan dira lehian: Donostia Arraun Lagunak, Hernani, Hibaika, Kaiarriba-Donostiarra, Lea-Artibai, Orio, Portugalete, San Juan eta gaurkoan hizpide dugun Deustu Arraun Taldea.
Deustu Arraun Taldea 1981ean sortu bazen ere, 2015-2016 denboraldian itsasoratu zuten trainerua lehenengo aldiz klubeko emakumeek. Urria aldera hasi ziren entrenatzen, eta Deustuko hamar arraunlari, Portugaleteko hiru, eta Kaiku, Iberia eta Ondarroako beste hirurekin osatu zuten ontzia. Izan ere, gogoa eta nahia funtsezkoak izan arren, ez dira nahikoa traineru bat aurrera atera ahal izateko. Lehenik eta behin jendea behar da; ontzi barruan arraunean arituko diren hamahiru lagun, patroia, eta denboraldian aldaketak egin ahal izateko beste hainbat arraunlari.
Trainerua osatu duen lehenengo talde bizkaitarra izan da Deustu, lehenago Bizkaiko selekzioko ontzia aritu izan bada ere. 2016. urteko udan zazpigarren egin zuten Gipuzkoako Ligan, baita Kontxako Estropadetan ere. 2017ko denboraldian, aldiz, apur bat goraxeago egin dute Ligako sailkapenean eta seigarren postua lortu dute. Horrez gain, txapeldunak izan dira Bizkaiko Traineru Txapelketan eta Kontxako Bandera jokatzeko sailkatu dira berriz ere, zortzigarren postua lortuta.
Datorren denboraldiari begiratzeko goizegi dela diote bogalariek, oraindik hilabete asko falta baitira lehiatzen hasteko. Dena dela, egun, hogeita bat emakume inguru ari dira Deustun entrenatzen. Horietatik batzuk ibiliak dira lehenago beste arraun taldeetan, Aiala Uribelarrea esate baterako. Antzinako sardineren bidea hartuta, Nerbioi erreka gurutzatu du Uribelarreak ertz batetik bestera, Santurtzikoa baita bera.
Dioenez, gurasoengandik jaso zuen bereziki zaletasuna, eta hamaika urte zituela hasi zen arraunean. 25 urte ditu orain, eta patroi lanetan dihardu Bilboko taldean. Ikasketak, lana eta entrenamenduak uztartzeko “zoratu” egiten dela aipatu du. Izan ere, zenbat ordu entrenatzen dute arraunlariek egunean? Zenbat egun astean? Zenbat hilabete urtean?
Urriaren amaiera eta irailaren hasiera bitartean entrenatzen dute Deustuko emakumeek, hamar hilabete eta erdi inguru, astean sei egunetan. Laura Cuesta arraunlariak azaldutakoaren arabera, neguan bakoitzak ahal duen ordutegian egiten ditu aste barruko entrenamendu fisikoak, Zorrotzaurren duten lokalean. Asteburuetan, aldiz, goizetan elkartzen dira denak trainerua uretara ateratzeko.
Berak ez du arazo handirik ordutegiak moldatzeko, Bilbon bizitzeaz gain, ikaslea delako. Hortaz, arratsaldeak, asteburuak eta udako hilabeteak libre izaten ditu arraunean aritzeko. Beste hainbaten kasuan, aldiz, ez da horren erraza izaten, eta laneko ordutegi eta oporrekin uztartu behar izaten dituzte entrenamenduak. Horrez gain, gehienak Bilbo aldean bizi badira ere, zenbaitek joan-etorriak egin behar dituzte egunero.
Dena den, eta gutxieneko arraunlari kopuru bat izatea ezinbestekoa bada ere, beste gauza batzuk ere beharrezkoak dira traineru bat osatu ahal izateko, hala nola, dirua.
Hainbat gauza erosi eta ordaindu behar dira ontzia aurrera eramateko. Lehenik eta behin, trainerua. Ontzi motaren arabera, prezioa desberdina izango da. Egun gehien erabiltzen den ontzia Orioko Amilibia enpresak egiten duen “Platanito” izenekoa da, eta 40.000 euro inguru balio ditu, hainbat arraun elkartek zabaldutako datuen arabera.
Noski, zifra horri beste hainbat gastu ere gehitu behar zaio. Esaterako, arraunak, bidaiak, entrenatzaileak, instalazioak, eta ontzia alde batetik bestera eramateko beharrezkoak diren furgoneta, orga eta bestelakoak. Deustuko emakumeen kasuan, orain arte erabili duten materiala klubak zeukan aurretik, baina datorren denboraldirako arraun berriak erosiko dituztela azaldu digute bogalariek.
Hori guztia finantzatzeko bazkide eta babesleen diru-laguntzak jasotzen ditu klubak. Emakume arraunlariek, aldiz, ez dute apenas dirurik jasotzen. Gizonezkoen liga guztietan daude sari ekonomikoak, baita emakumezkoen liga nagusian (Euskotren Ligan) ere, baina Deustuk orain arte jokatu duen ligan ez dago horrelakorik. Hortaz, Kontxako Banderan sailkatzeagatik besterik ez du dirurik irabazi klubak. Zehazki, 5.000 euro jaso dituzte 2017an, arraunlari guztien artean banatzeko.
Dena dela, horrek ez du kezka handirik sortu Deustuko arraunlarien artean, azaldu dutenez, baliabide ekonomiko eta materialez haratago dauden gauzengatik ari baitira arraunean.
Arrauna kirol gogor eta zorrotza dela esaten du hainbatek. Denbora eta borondatea behar direla praktikatu ahal izateko. Diziplina eta burugogorkeria eskatzen ditu ezinbestean, dieta zaintzea, eta erabateko jarraikortasuna. Hala ere, gero eta gehiago dira antzinako Pasaiako Bateleren lekukoa hartu eta arraunak astintzera animatu diren emakumeak. Zergatik? Zerk egiten du arrauna erakargarri?
Laura Cuestaren iritziz, jendea da garrantzitsuena, harremanak: “Deustuko traineruan talde bat sortu dugu denon artean, eta oso polita da talde horren parte sentitzea”. Horrez gain, esfortzu eta sufrimendu handia eskatzen dituen kirola dela azaldu du, baina ordainetan ematen duena hori baino gehiago dela: “Estropada edo entrenamendu gogor bat amaitu ostean sentitzen duguna izugarria da, nekeza bezain gozoa da arrauna”.
Aiala Uribelarrearen arabera, aldiz, mundutik “deskonektatzeko” eta “gozatzeko” modua da: “Egia da ordu asko igarotzen dugula entrenatzen, eta askotan pentsatu izan dudala zer demontre ari naizen arraunean. Baina ezin dut utzi, ez dakit zehazki azaltzen zer den ematen didana, adrenalina ikaragarria esango nuke. Oso kirol berezia da”.
Kirol ugari egin ditu Mercedes Ortega Barrenak (Bilbo, 1967); hala nola atletismoa, paddel surfa eta orain arrauna. Hondarribiko HS2 Surf Center eskolako Dragon Boat taldeko kidea da. Batik bat minbizia duten edo izan duten emakumez osaturiko taldea da. Barrenak nabarmendu du... [+]
2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]
Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]
Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.
Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.
Diotenez, Pasai Donibanen, igerian baino lehen ikasten omen du pertsonak arraunean. Hain zuzen, Batelerak taldeak erakustaldia egin zuen iazko irailean: Kontxako bandera eskuratu zuen, bosgarren aldiz segidan. Dena irabazi ondoren, baina, hutsik geratu zen trainerua: udazkenean,... [+]
Hasieran eguraldi euritsua egiten zuenerako primerakoa iruditu zitzaion. Kiroldegiko sabaian jarri zituzten ibiltzeko makina berri koloretsuetan emango zituen goizak. Bigarren asterako aipatu zion norbaitek: ibiltzeko makina –orduan gelditzerik ez zegoen errota... [+]
Amaitzear da aurtengo arraun denboraldia. Ez soilik goi-mailako kirolarientzat, baita urte osoan arraunak astintzen jardun duten “beste” arraunlarientzat ere. Estropadek sortzen duten ikuskizunetik aldenduta, uda sasoi honetan ere izan dira, beste helburu... [+]
40 urte betetzekotan ziren eta modu berezian ospatu nahi zuten urtebetetzea. Bazkaria? Asteburu pasa ez dakit non? Ez, beste zerbait izan behar zuen, harrotasunez gogoratuko zutena, barrukoa, beharbada betiko amets bete gabea.
Aurtengo Donostiako Estropaden bigarren igandean, emakumeak erlojuz kontra bota zituzten uretara itsasoaren baldintza bortitzek “behartuta”. Gizonezkoak, berriz, tradizio sakratuari eutsiz, launaka bi txandatan.
Hamarkada bat baino ez. 2008an, itsaso basak egin zien gonbitea emakumeei lehen aldiz Kontxako Bandera jokatzeko. Itsaso goxoagoa nahiago izango zuten, baina ezin esan ezetz aukera historikoari, “hemen gaude eta ahal dugu” esan omen zuten arraunlari emakumeek.