Urtearen amaierak erreforma fiskala ekarri die opari Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresei: Sozietate Zerga lau puntu jaitsiko da, EAJ, PSE eta PPren arteko itunari esker. Lehiakortasunaz eta erakargarritasunaz hitz egiten dutenentzat beharrezkoa omen. Baina egiaz, zenbat ordaintzen dute enpresek? Eta nola eragin dezake zerga atzerakadak gastu publikoan, ongizatean eta enpleguan? Datuak eskuan, oinarrizko galdera batzuk erantzuten saiatuko gara.
“Badago tartea Sozietate Zergarekin diru gehiago biltzeko”. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak hitz horiek erabili zituen joan den maiatzean, iradokitzeko zergak igotzeko aukera zabalik zegoela. Haren ustez euskal enpresariek ez dute beste toki batzuetan baino gehiago ordaintzen. Esaldiak harrabotsa sortu zuen botere ekonomiko, patronal eta foru instituzioetan.
Urte erdi eskas geroago, igaro gara enpresei zergak igo behar zaizkiela imajinatzetik azken aldiko beherakada handienetakoa egitera: konpainia handien gaineko tasa nominala %28tik %24ra pasa da eta enpresa ertain eta txikiena %24tik %20ra. Hori guztia, duela gutxi Sozietate Zerga hamarreko bat ere mugitzearen kontra zegoen PSEren baimenarekin.
Jeltzale eta sozialisten pirueta akrobatiko horretan sartzen da, baita ere, EAEko Aurrekontu Orokorrak onartzea –PPrekin abstentzioa adostuta– ezusterik ezean hil honen 22an Eusko Legebiltzarrean. Confebask enpresarien elkarteak txalotu egin du akordioa eta azpimarratu du negoziatzeko “eredu propioa” ezarri dela. Hiru alderdi horiek (EAJ, PSE eta PP) bloke ekonomiko handi bat osatu dute de facto “egonkortasunaren” izenean, lurralde historikoetarako ere balio duena, Arabako kontuekin ikusi dugun bezala.
Azpiazuri belarrondokoa
Enpresei zergak jaitsita, diru gehiago izango dute bederen langileei soldatak igotzeko... Horrela pentsa zezakeen herritar apalak akaso, eta Azpiazuk ere igoal hori pentsatu du berrikitan eskatu duenean enpresek eta sindikatuek soldata igoerak hitzartu ditzatela –Lan Harremanen Kontseiluko azken txostenaren arabera, 2008tik hona %5 gutxitu da langileen eros ahalmena–. Beste behin belarrondoko galanta eman diote patronaletik: “Oso erosoa da igoera eskatzea pagatzen duena beste bat denean”, erantzun dio Iñaki Garciñuno Cebek Bizkaiko enpresen elkarteko buruak Herri Irratiarekin egindako elkarrizketa batean. Sozietate Zergarekin pasa dena ikusita, zeinek daki hurrengo urtean Olentzerok ez ote dien langileei soldata igoera beharrean jaitsiera ekarriko paperean bilduta...
Elkarrizketa berean, Garciñunok ziurtatu du soldatak igotzeak ez dakarrela halabeharrez kontsumoa handitzea edo ekonomia dinamizatzea: “Langileak bere ekonomia saneatzeko edo kredituak amortizatzeko erabil dezake igoera hori”. Eta nahi gabe, hankaz gora jarri du enpresei zergak jaistea eskatzeko patronalak erabili ohi duen argudio nagusietako bat: soldata igoerak kontsumo igoera halabeharrez ekartzen ez duen bezala, zerga jaitsierak ere ez baitu esan nahi enpresak gehiago inbertituko duenik enplegua sortzeko. Izaera espekulatiboa duten beste inbertsio batzuk gailentzen dira askotan, Mikel Zurbano EHUko irakasleak ARGIAren zenbaki honetan (“Zerga atzerakada”, 17. orrialdean) esan duen moduan.
Zerga jaitsieraren kaliza
Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak azaldu duenez (El País, 2017-11-17), egiaz, negozioaren mundu erreala ezagutzen duten enpresetako kontseilari delegatuek ez diete kasu gehiegi egiten zerga tasei, ez omen dira faktore garrantzitsua inbertitzeko orduan. Donald Trumpen zerga erreformaz ari da Krugman noski –enpresen gaineko presio fiskala %35etik %20ra jaistea ekarriko duena–, zehazki, estatubatuar presidentearen ekonomia aholkulari bati gertatu zitzaiona kontatu du: “Goi mailako exekutiboekin bildu zen eta galdetu zien ea zergak jaitsita nork uste zuen kapital gastuak igoko zituela. Gutxi batzuek jaso zuten besoa”. Pasadizo horrek erakusten du noraino den auzia ideologikoa, noraino zerga jaitsieraren kaliza “eskuindar ideologoen iruditeriaren” parte, Krugmanek dioen bezala.
Soldata igoerak kontsumo igoera halabeharrez ekartzen ez duen bezala, zerga jaitsierak ere ez baitu esan nahi enpresak gehiago inbertituko duenik enplegua sortzeko
Zer punturaino gurean ere da horrela? Arantxa Tapia Ekonomia sailburuak berak aitortu du Sozietate Zergaren tasa nominala jaistearen helburua dela “soilik hori” begiratzen duten atzerriko inbertsioak erakartzea (El Diario Vasco, 2017-12-11). Argazki fiskala txukundu eta “kanpo irudia” saldu beharreko zerbait da Cebeken esanetan. Marketing pixka bat, beste tokietako neoliberalek lurralde aske bat ikus dezaten gure herrian euren enpresentzat. Ideologia.
Eztabaida pil-pilean
Zergaren erreforma 2018ko urte hasieran tramitatuko da eta itxura guztien arabera martxora arte ez da onartuko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan, urtarrilaren 1eko atzeraeragintasunez. Denbora horretan egongo da zeresanik eta bestelako ekimenik hala ere. Joan den ostegunean Eusko Legebiltzarreko plenoan Elkarrekin-Podemosen mozioa eztabaidatu zen fiskalitatearen inguruan; gehien duenak, “apenas” ordaintzeaz gain, “beherapentxo fiskalak” egiten zaizkiola salatu zuen talde horretako kide Julen Bollainek. Mozioa ez zen aurrera atera, baina saio monografiko bat egitea eskatuko dutela iragarri dute Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduk.
Sozietate Zergaren aldaketa sustatu duten EAJk eta PSEk azaldu dute tasa nominala jaitsi bai, baina tasa efektiboa –azkenean egiaz ordaintzen dena– igo egingo dela kenkari eta hobarietan aldaketak egin dituztelako “kontraprestazio” moduan, Idoia Mendiaren esanetan. Horrek diru-bilketa handituko duela diote, eta enplegua sortu, eta justizia fiskala egin –enpresa handiak baitira kenkariak gehien baliatzen dituztenak zerga gutxiago ordaintzeko–, eta egonkortasuna ekarri... Hala al da? Beste hainbat galdera egin dizkiogu gure buruari, oinarrizko galdera horri erantzuteko.
Euskal Finantzen Kontseiluak, paparra ateratzeko moduko datua eman zuen urrian azkeneko aldiz bildu zenean: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek krisiaren aurreko “giharra” berreskuratu eta 2007ko diru-bilketa historikoa gainditzea lortu dute 2017ko ekitaldiko datuei erreparatuz –%10etik gorako igoerak izango dituzte aurre ekitaldiarekin konparatuta–. Baina diru-kutxa publikoari egiten zaion ekarpenean oso joera ezberdinak ikusten dira soldatapekoen PFEZ zergari edo eta Sozietate Zergari begiratuz gero.
Sozietate Zergarekin enpresek ekarritakoa erdira jaitsi da hamar urtean: 2007an 2.034 milioi euro bildu ziren eta 2016an berriz 1.003 milioi baino ez dira izan. EAEn tributatzen duten enpresek, hortaz, pastelaren %7,7 baizik ez dute jartzen, Espainiako Estatuan berriz %12. Azpiazuk, hain zuzen, datu hori jarri zuen mahai gainean “algodoiaren froga” gisara, nabarmentzeko euskal enpresek zerga baxua ordaintzen dutela.
Azken urteetan gainera, kopuruak berdin-berdin egin du behera –2017ko ekitaldiko aurreikuspenek diote joera hori apurtuko dela lehen aldiz–, krisia gaindituta enpresek mozkinak handitu dituzten arren. Lan errentetatik PFEZ bidez lorturikoa, aldiz, igotzen joan da eta %35 suposatzen du jadanik; gainerakoa zeharkako zergen bidez ordaindutakotik biltzen da, batez ere BEZa.
80ko hamarkadan enpresen gaineko presio fiskalaren batez bestekoa %45 eta %40 artean zegoen mundu mailan Tax Fundation AEBetako think tank kontserbadorearen arabera. Baina Tatcherismoak eta laissez faire (“utzi egiten”) doktrinak ekarri dute enpresak gero eta gutxiago zergapetzea: OECD Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen artean %32koa zen tasa 2000. urtean, eta orain berriz apenas iristen da %25era.
Europan Sozietate Zergaren pisua BPGaren %2,5 baldin bada (Eurostat), EAEn %1,5 da –Nafarroan are eskasagoa, %1,2–, askoz gutxiago beraz
Euskal enpresari elkarteak askotan azaldu dira kexu, esanez gutxien ordaintzearen karreran atzean geratu direla orain arteko %28arekin –lurraldeotan gehiengo diren enpresa txiki eta ertainek %24ko tasa dute, nolanahi ere–. Baina enpresek ekarritakoa konparatzen badugu herrialde baten ondarea kalkulatzeko erabiltzen den Barne Produktu Gordinarekin (BPG), oso bestelako datua daukagu:
Azaro amaieran zerga erreformari buruzko bilerak eta akordioak azkartu zirenean, datu esanguratsu bat eman genuen ARGIAren webgunean, ELA eta LAB sindikatuek helarazita: EAEko enpresen %78k ez du Sozietate Zerga ordaintzen. Zehazki, enpresen %55ek galerak aitortzen ditu eta beste ia %23k dio ez duela saldorik edo 6.000 euro baina gutxiago irabazi duela, Ogasunari aitortu behar ez izateko. Horretarako, kontabilitatean doikuntzak egiten dituzte edo emaitza positiboei erreserbara egindako ekarpenak kentzen dizkiete, besteak beste.
Kontuak hutsean uzteko enpresa askok erabiltzen duten mekanismo ohikoena da aurreko urteetako galerak konpentsatzea –15 urte egin dezakete atzera, krisiak bete-betean jo zuen garaira alegia–. Orain arte galera horiek mugarik gabe usatu zitzaketen, baina zerga erreformarekin %70eko langa izango dute enpresa txiki eta ertainek, eta %50ekoa handiek.
Mekanismo hori erabiltzen duten enpresen gehiengo zabala tamaina txikikoa da ordea. Gipuzkoan, esaterako, galerak konpentsatu dituzten enpresen %97k 50 enplegatu baino gutxiago dute. Hala, ez da ziurra hortik bildutako dirua nahikoa izango ote den Sozietate Zergaren tasa nominalaren beherakadari aurre egiteko. Zerga-oinarri positiboa duten apurrek, bestalde, kenkariak aprobetxatzen dituzte are gutxiago ordaintzeko.
Zalantza horien aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak erreforma “osotasunean” ikusi behar dela esan zuen Legebiltzarrean: kenkari batzuk zorroztu dituzte I+G+i arloan, eta horrez gain gutxieneko tasa lau puntu igo dute %15-17raino. Hori guztia kontutan edukita zein izango da azken balantzea? Ignacio Zubiri Ogasun Publikoko katedradunaren kalkuluen arabera, enpresek 150 eta 200 milioi euro artean aurreztuko dute azkenean, hau da, per capita edo pertsonako 100 euro.
Eusko Jaurlaritzak 2018ko aurrekontu proiektua aurkeztu zuenean “inoizko handienak” direla nabarmendu zuen: 11.486 miloi euro. Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak “pertsonak eta auzolana” ardatz dituela nabarmendu zuen abenduaren 11ko plenoan. EH Bilduren taldetik Maddalen Iriartek erantzuna: “Aurrekontu hauek enpresarioei oparitu zaien kontraerreforma fiskalaren ondorio dira, 155arenak eta Confebaskenak”. ELAk ere kritika zorrotza egin eta “antisozial” deitura jarri die.
Aurrekontuen murrizketa erabat lotuta dago diru-bilketarekin, zorraren ordainketarekin eta defizit mugarekin, sindikatuen ustez. ELAk eta LABek Sozietate Zerga aldatzeko akordioaren aurrean elkarrekin egindako prentsaurrekoan, “gastu-araua” gogorarazi zuten.
Sindikatu abertzalearen arabera, diru-bilketan 2007ko mailara itzultzea lortu da, baina denbora horretan BPGa %10 gehiago dela kontuan izanda, duela 10 urteko egoera berdintzeko 1.375 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke. Hala ere, aurtengo likidazioan 478 milioi euroko superabita izango du Jaurlaritzak. ELArentzat “gezurra” da aurrekontuak handitu direnik: zifra osoari kenduz zorra ordaintzeko jarri beharrekoa eta AHT egiteko Espainiako Gobernuari aurreratutako dirua, 2009an baino 200 milioi euro gutxiago dauka erkidegoko administrazioak bere partidetarako. Edo beste modu batean esanda: BPGaren %15 izatetik %12,8 izatera igaro da aurrekontuen pisua.
Murrizketa hori arlo zehatzetan nabaritu da. Manu Robles-Arangiz Institutuak egindako azterketa baten arabera, adibidez, osasungintzarako gastu publikoa BPGren %5,3tik %4,8ra igaro da 2009tik hona, eta hezkuntzakoa ere %0,7 murriztu da. Hain zuzen, hori da Hezkuntza publikoaren sektoreak azkenaldiko greba eta protestetan mahai gainean jarri duen kexetako bat: EAEko aberastasunaren %3,8 inbertitzen da Hezkuntzan, baina Unescok %6ko gutxienekoa aholkatzen du, hain justu Europako batez bestekoa dena.
Aurrekontuen murrizketa erabat lotuta dago diru-bilketarekin, zorraren ordainketarekin eta defizit mugarekin, sindikatuen ustez. ELAk eta LABek Sozietate Zerga aldatzeko akordioaren aurrean elkarrekin egindako prentsaurrekoan, “gastu-araua” gogorarazi zuten.
Arau horrek 2011ko Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma du oinarri eta sabai bat ezartzen du gastu publikoarentzat. Hortik gora zorra ordaintzera bideratuko litzateke. 2017ko uztailean Espainiako Kongresuan onartu zen –EAJ eta UPNren aldeko botoekin, besteak beste– erkidegoek gehienez ere %2,5eko hazkunde nominala eta 2020rako defizita zero izatea. Sindikatuen ustez foru-ogasunek horregatik egingo diote “uko” diru-sarrera bati enpresei zerga jaitsiz: “Aurrekontu politika eta fiskalitatea parean doaz”.
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]
Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]
Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]
Bi alderdiek azaldu dutenez "elkarrizketak" abiatu dituzte zerga sistemaren inguruko erreforma egiteko. Helburuetako bat "progresibitatea handitzea" izango dela diote, baina prozesua udal eta foru hauteskundeen ondoren amaituko dela ohartarazi dute.
Mundu honetan ezer ez da ziurra, heriotza eta zergak izan ezik”. Benjamin Franklinek esan omen zuen 1789an eta, egia esateko, ez zaio arrazoirik falta. Erresuma Batuko lehen ministroaren zergak murrizteko proposamenak hondamendia ekarri zuen bertako ekonomian eta... [+]
Pertsona Fisikoen Errenten Zerga deflaktatuko du beste behin Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 1etik aurrera, oraingo honetan %5,5, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez. Aditu eta ekonomialari askoren aburuz, baina, neurri horrek desberdintasun sozialak... [+]
Pertsona Fisikoen Errenten Zerga deflaktatuko du beste behin Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 1etik aurrera, oraingo honetan %5,5, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez. Aditu eta ekonomialari askoren aburuz, baina, neurri horrek desberdintasun sozialak... [+]
Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]
Jakina da eskuduntzen auzia erabakigarria dela arlo ekonomikoan. Botere banaketa zehazten omen du. Eta zorrotzagoak bagara, boterea nork duen, eta beraz, nork ez duen ere ezartzen duela esan dezakegu. Eskuduntza nagusiak estatuek beretzat gorde dituzte, baina kapitalak du eredu... [+]