“Literaturarekin ukitu eta zauritu ez ditugun lurralde asko daude oraindik”

  • Sei ipuinek osatutako Bihotz handiegia (Susa) liburua argitaratu du Eider Rodriguez idazle errenteriarrak. Aurrez landutako tonutik asko urrundu gabe, konbikzio berrituekin idatzi ditu ipuinok. Dagoeneko asko egin dituela-eta, bestelako elkarrizketa osatzen ahalegindu gara; eta lortu ere, lortu dugula esan digu.

Argazkia: Batiste Ezeiza.
Argazkia: Batiste Ezeiza.

Ez dira oso serio hartu behar idazle batek aurkezpenean esandakoak, baina nonbaitetik hasi behar: Bihotz handiegiarekin idaztearen plazera berreskuratu omen duzu.

Denbora asko egon naiz fikzioa idatzi gabe eta beldur pixka bat banuen: eskua galdu izana… Tarte horretan askotan galdetu diot nire buruari: “Idatzi, zertarako?”. Baina behin hasita, konturatu nintzen baietz, oraindik ere gustatu egiten zaidala, eta gauzak gertatzen zaizkidala idazten dudanean.

Lehenengo liburuetatik hona asko aldatu zaizkizu “zertarako” galdera horren erantzunak?

Apur bat bai. Oraingo honetan idatzi dut ni arduratzen nauten gauzei buruz, eta ez horrenbeste nire ustez besteei gustatuko zaien gauzei buruz. Lehenengo liburua azken finean beti da abentura bat, idazle izatea zer den ezagutzea eta abar. Gero bigarrena eta hirugarrena bai izan ziren nolabaiteko inertzian idatziak; eta uste nuen geldialdi luzeago hau kalterako izango zela. Baina iruditzen zait ezetz, konbikzioak indartu ere egin zaizkidala. Gauza asko dauzkagu guk, eta dauzkat nik, kontatzeko eta idazteko. Lurralde eta espazio asko ez ditugu literaturarekin ukitu, zauritu edo zabaldu oraindik. Gainera ni bezalako norbaitengan –adin jakin batekoa, genero jakin batekoa, lurralde jakin batekoa…– gurutzatzen dira hainbat eta hainbat ardatz interesgarriak izan daitezkeenak, edo behintzat beste ikuspegi batetik begiratzeko balio dezaketenak. Zentzu horretan, indartuta idatzi dut, ikuspegia zabalduta.

“Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik”

Bihotz handiegia ipuina da luzeena. Ohikoa da izenburura ipuin bat eramateko joera, eta oker ez banago, hala egin duzu zuk liburu guztiekin. Alferkeria da, edo ondo biltzen du izenburuak bestela ere liburuaren muina?

Badago nire ezin edo herren bat, izenburuak jartzeko zailtasun bat, bai. Asko kostatzen zait, baita besteen izenburuak ondo ulertzea ere. Baina beste plano batean, liburu osoaren tonua biltzen dute bi hitz horiek. Gaixotasun edo akats bati egiten dio erreferentzia; baina aldi berean bihotzak okzidentean duen maitasunarekiko lotura dago; eta gainera, “handiegia” horrek egokitasun falta ere adierazten du.

Ipuinotako pertsonaiek nork bere buruari nekez aitortzen dizkion desirak eta pentsamenduak dituzte, baina zaila da nolabaiteko enpatia ez sentitzea. Halako pertsonaiek erakartzen zaituzte eta ezin diezu iskin egin, edo bada hautu bat horren atzean?

Nik uste dut haiek aurkitzen nautela ni, baina bizitza errealekoak ere halakoxeak gara. Inguruan dugun pertsona anodinoenak ere halako batean harrituko gaitu auskalo zerekin. Ez zait iruditzen, beraz, liburuko pertsonaiak ez-ohikoak direnik: denak bezain arraro eta sinple dira. Baina, agian, momentu txar edo ez-ohiko batean harrapatu ditut.

Esplizituki azaltzen da batzuetan, besteetan ez, baina ipuin asko daude zure errealitate gertukoenean kokatuta. Geografikoki behintzat: Donostia, Hendaia, Errenteria…

Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik… Vancouverreko Alice, auskalo nongo Jack… Gure izenekin, gure herrietan, gureak bezalako problemak dituzten pertsonen berri eman nahi izan dut nik. Errealismo horrek asko erakartzen nau: gure miseriak beste zerbaitetan bilakatzeko aukera horrek plazera ematen dit.

Donostian hitz egin dugu Eider Rodriguezekin, 'Bihotz handiegia' liburuan ere agertzen den hirian (argazkia: Batiste Ezeiza).

Zazpi urte joan dira Katu jendea argitara eman zenuenetik. Tartean, Joseba Sarrionandiaren obra eta itsasoarekin duen harremana aztertu dituzu doktorego tesian. Izan du lan horrek eraginik ipuin hauetan?

Neurri batean bai. Hiru urtez beste idazle baten obrari begira aritzeak ematen dizu perspektiba bat: zure lanarekiko, hizkuntzarekiko, bizi zaren tokiarekiko… Horrek onerako eragin dit. Aldi berean, beldurra galdu diot huts egiteari. Oso denbora laburrean idatzi behar izan nuen tesia, egunero aurreratuz… Beste helburu eta erregistro batekin aritzen zara bai, baina muskulua indartzen lagundu didan gimnasia ariketa modukoa izan da, hala ere.

Zinema ikasketak egindakoa ere bazara. Ikus-entzunezko lengoaiaren ezaugarrietako bat bada pentsamendu edo gogoetak ekintza eta irudiekin erakustea. Literaturan gogoetei hitzak jartzea errazagoa izan arren, zuk ere maiz jotzen duzu irudietara.

Pertsonaien hausnarketa intelektualek pisu handia duen literatura horrek, pentsamenduaren literaturak, asko aspertzen nau. Horretarako nahiago dut saiakera irakurri. Zinemak, orokorrean, beste bide bat hartzen duela egia da, baina baita idazle askok ere: Ameriketan, atlantikoaren beste aldean, ekintza eta dialogoen bidez kontatzen da nagusiki, eta ni ere hor nago erosoen.

“Pertsonaien hausnarketa intelektualek pisu handia duen literatura horrek, pentsamenduaren literaturak, asko
aspertzen nau”

Gorka Arrese Susako editoreak esan duenez, idazle gisa hazi zarelako daude liburu honetan aurrekoetan baino ipuin luzeagoak.

Oraingo honetan, ipuin batean kontatu nahi izan ditut istorio bat baino gehiago, eta horrek berez dakar espazio gehiago behar izatea. Kontatu nahi nuena kontatu nahi nuelako atera dira orri gehiagoko ipuinak. Azkeneko ipuinaren abiapuntua da ama batek alabari esaten diola dituen eskuak ez direla bereak. Horrekin egin zitekeen ipuin labur eta efektista bat, baina ez zen hori nik kontatu nahi nuena. Gauza gehiago nahi nituen esan edo erakutsi: bi gorputzen arteko distantzia, ama eta alaba zenbat urrundu ziren, biek ala biek, oso modu desberdinean bada ere, euren jatorritik urruntzeko hartutako joera.

Bide batez: ez da Arreserekin lan egin duzun lehenengo aldia, baina Susan editatuko duen azkenetakoa izango da Bihotz handiegia. Nola izan da prozesua?

Erraza izan da. Oso presente egon da, baina gainean egon gabe. Berak errespetatu du nire erritmoa eta esango nuke nik ere berea errespetatu dudala. Bera ere, ni bezala, mejoratu egin da adinarekin, eta oso ondo ulertu dugu elkar. Barre asko egin dugu bidean, eta nire momentu neurotikoenetan ere jakin du ni lasaitzen. Pena handia dut Susako editore lana utziko duelako, egia esan.

Orain gutxi gorputzek Bertso Txapelketa Nagusi honetan izan duten garrantziaz idatzi duzu. Zure ipuin hauetan ere gorputzak oso presente daude.

Beltzek idatzitako literatura asko irakurri izan dut, bereziki Txalaparta argitaletxean lanean aritu nintzen garaian, eta idazle beltzek asko egiten duten zerbait da gorputzari buruz idaztea. Usainak, formak… Emakumezkoek bereziki. Nik uste dut badagoela hor norbera ukitu, usaindu eta paperera eramanez besteentzat ere ukigarri, alegia ikusgarri, egin nahi bat. Nire kasuan ez da nahita egindako zerbait izan, baina a posteriori konturatu naiz baietz, gorputzen deskribapenek, haiekin jolasten duten pertsonaiek, tokia dutela liburuan. Liburuaren azalak ere ondo ordezkatzen du hori.

Egia da euskal literaturak ipuin-liburu ugari eman dituela, baina badirudi oraindik idazle batek ez duela pauso definitiboa eman nobela bat idazten duen arte. Zuk ipuingiletzat duzu zure burua?

Nik belarri hobea izango banu agian idatziko nuke poesia, edo kalakariagoa banintz, nobelara joko nuke akaso. Baina agian nire ezaugarri pertsonaletara eta nire bizi baldintzetara ondoen egokitzen den generoa ipuinarena da. Ez da ez hobea, ezta okerragoa ere. Egia da ez duela nobelaren prestigio bera, baina beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Irakurri denetik irakurtzen dut, hori bai. Horretan ez naiz batere zurruna.

“Debaluatutako esparrua da literaturarena, eta hori ez da naturalki gertatzen. Badaude erabaki batzuk, egunero modulatzen gaituztenak”

Saiakera idazten ez, baina sustatzeko lanean bai ari zara, Eskafandra bildumaren bidez.

Kultur munduko lau lagun hasi ginen hasieran biltzen, asmo jakinik gabe, kultura, euskara eta feminismoa uztartzen zituzten zenbait kezka konpartitzeko. Taldea handitu zen pixkanaka, eta azkenean hortik atera dena izan da bilduma bat, guretzat feminismoan erreferentziazkoak izan daitezkeen liburuak euskarara ekarri nahi dituena. Baina erronka ez da hori bakarrik: liburu horien sustapena egitea eta haietan dauden borrokak gureekin uztartzea ere bai. Gaur eta hemen eragiteko bokazioa du, mundua pentsatzeko bideak proposatzekoa. Silvia Federiciren Caliban eta sorgina atera dugu oraintxe, eta sekulako liburua da, ni asko markatu ninduena.

ETBtik kendu duten Sautrela literatur saioko taldean ere hartu zenuen parte. “Analfabetismo kulturala bultzatzen ari dira, arrakasta handiz, gainera”, esan zenuen Berrian.

Debaluatutako esparrua da literaturarena, eta hori ez da bakarrik naturalki gertatzen. Badaude erabaki batzuk, egunero modulatzen gaituztenak. Literatura ez interesatzeko bezala modulatu nahi izan gaituzte, eta horren ordaina da daukaguna. Kultur politika nefastoen ondoriozko hau. Suizidio komunitario eta programatu bat da, ez bakarrik literaturarekikoa; kulturarekikoa eta hizkuntzarekikoa ere bai. Haserretu egiten naiz gai honekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Eraikitzen ari garenaren definizio bat

Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Miren Amuriza Plaza
“Kanpokoak hain argi identifikatzen eta salatzen genituen bitartean, barkaberak izan gara etxekoekin”

DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Eguneraketa berriak daude