Afganistango Nangrghar eskualdekoa da, 25 urte ditu Abdul Saboorrek. Gerran jaio eta besterik ikusi ez duten gazteen testigantza gordina da. Besterik ez zuelako AEBetako armada eta NATOrentzat egin zuen lan Afganistanen, inoiz iritsi ez zen bizitza lasaia eskaini zioten eta orain, herrialde horiek mugak itxi dizkiote. Duela hiru hilabete inguru iritsi da Euskal Herrira, gudarengatik etxea utzi eta bi urtez ihesean izan ondoren.
Zergatik erabaki zenuen Afganistan uztea?
Oso gaztetan hasi nintzen lanean. Nire eskualdera Amerikako Estatu Batuetako armada eta NATO iritsi ziren eta sei urtez aritu nintzen haientzat lanean. Ez zegoen besterik. Al Qaedak edo talibanek lehertzen zituzten tankeak biltzen zituen lantaldeko koordinatzailea nintzen, base militarrera eramaten genituen tanke txikituak. Lana uztea erabaki nuen eta ni bezalakoentzat AEBetako armadak duen zerbitzura jo nuen. Bertan, zin egin ziguten haientzat lan egin izanagatik AEBetara eramango gintuztela, gerratik urrun, baina egun hori ez zen inoiz iritsi, beti paperak tramitatzen ari zirela erraten zidaten. AEBetako armadarentzat lanean ari nintzela jakin arren, ordura arte talibanek ez zuten inoiz nire familia ‘ukitu’. Baina kuriosoena da, AEB eta NATOrentzat lan egiteari utzi nion unetik aurrera, talibanak familiako kideak hiltzen hasi zirela. Banekien lana utzi izanagatik hilko nindutela, estatubatuarrek ez zidatela inoiz babesik emango. Amak bihotzeko gaixotasuna du, eta beraz, handik joateko esan zidan, ezingo zuela nire heriotza jasan.
Hortaz, denek nagusi bertsua dutela uler daiteke?
Honen inguruan ezin dut asko hitz egin. Aurreko galderari erantzunez, Kabulen talde batekin elkartu nintzen Afganistandik ihesean irteteko. Trafikatzaile batengana joan ginen eta erran zigun diru kantitate handi batengatik Europara 15 egunetan ekarriko gintuela. Lehenengo Pakistanera eta gero Iranera joan ginen, baina Poliziak harrapatu eta hilabete eman nuen kartzelan. Oso gogorra izan zen, jendea gosez hiltzen ikusi nuen espetxean, etengabe jipoitzen gintuzten eta preso asko hiltzen zen. Handik berriz ere Afganistanera bidali ninduten.
Hasierara buelta.
Bai, beste trafikatzaile batekin saiatzea erabaki nuen. Pakistan, Iran eta gero Turkiara iritsi nintzen. Batzuetan motorrean joaten ginen, baina gehienetan menditik oinez edo korrika pasatzen genituen mugak. Lagunak galdu genituen bidean, baina trafikatzaileek atzera ez begiratu eta korrika egiteko erraten ziguten. Turkian ginela, trafikatzaileek aldean genuen diru guztia lapurtu eta bahitu egin gintuzten, familiari diru gehiago eskatzeko. Horiei gehiago ordaindu ostean, mendiz orduak eman genituen Bulgariara oinez iritsi arte. Bulgariakoa ere oso bortitza izan zen. Poliziak hartu gintuen mugan, arropa guztia kendu eta etengabe jo gintuzten, besoa puskatu zidaten eta noski, ez ninduten medikuarenera eraman. Turkiara bota gintuzten, eta berriro muga pasatzea lortu bagenuen ere, egun gutxitara poliziek berriro ere atxilotu gintuzten eta beso puskatuan behin eta berriro jo zidaten “afganiar terrorista nazkagarria” oihukatzen zidaten bitartean. Horren ondoren, errefuxiatuen kanpamentu itxi batera eraman ninduten, baina handik ihes egitea lortu nuen.
Nola lortu zenuen?
Kartzelak bezalakoak dira, baina nahiko erraza da. Kanpamentu itxietan ere trafikatzaileak daude, gela berezi bat izaten dute beraientzat gainera. Baldintza onetan bizi dira eta kanpamentu osoak daki nortzuk diren pertsonekin trafikatzen duten horiek.
Baita Gobernuak eta Poliziak ere?
Bai, noski. Ezinezkoa da ez jakitea. Lotura zuzena dago, negozio handia da. Errefuxiatuak politikoki erabiltzen gaituzte, gure egoera erabiltzen dute poltsikoak betetzeko. Sare ilun horretan Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa da, bestela ez zen trafikatzailerik egonen.
Nola sentitu zinen Europar Batasuneko muga itxien aurrera iritsi zinean?
Niretzat askoz gogorragoa izan zen ondoan nituen lagunentzat baino. Kontuan hartu NATOrentzat 6 urtez egin nuela lan, bizitza jokatzen nuen egunero Europako hainbat armadarentzat lanean, horri esker gerratik urrun biziko nintzela esaten zidaten etengabe, brother (anaia) deitzen ninduten… hori guztia ibili zait buruan mugetan poliziek jipoitzen nindutenean edo “terrorista nazkagarria” deitzen zidatenean. Engainatua eta erabilia sentitzen naiz, ez diogu inori txintik axola. Hemengo gobernuek Afganistanen negozio ezin hobea egiten dute herrialde guztia ustiatu eta arma salmentarekin, hori da ekarri diguten bakarra eta gu beren negozio erraldoi horretako pieza hutsak gara. Afganistanen, talibanek eta Daesh-ek “musulman onak” ez garelako hil nahi gaituzte, Europar Batasunak aldiz, ateak ixten dizkigu “terrorista musulmanak” garelako.
Urte bat eman zenuen Serbian, Belgradeko barrakoietan bizirauten.
Infernua izan zen iazko negua. Hotzez ez hiltzeko, trenbideko egur zaharrak erabiltzen genituen sua egiteko, baina oso kutsakorra zen kea. Ez genuen urik, askok hazteria zuten, gaixo zeuden… mila pertsona inguru k biziraun genuen egoera hartan. Belgradeko neguko argazkiak ikusten ditudanean beti egiten dut negar.
Zenbat aldiz saiatu zinen Europar Batasuneko muga pasatzen?
Urtebetean, hogei aldiz baino gehiagotan saiatu nintzen Hungaria eta Kroaziako harresia pasatzen. Aldi guztietan, Poliziak harrapatu, arropa guztia kenarazi, elurretara bota eta beren txakurrak askatzen zituzten, hozka egin ziezaguten. Gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin Serbiara bota baino lehen. Lagunak desagertu ziren, errekan itota edo hilda. Inork ez daki zer pasa zaien, gorpuak ez dira inoiz agertu, baina hau guztia Europar Batasunean gertatzen ari da, inork ikusi edo onartu nahi ez duen arren.
“Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa zaie,
bestela ez zen trafikatzailerik egonen”
Azkenean lortu zenuen muga pasatzea eta orain asilo eskaera egin duzu.
Erakunde baten bitartez eskatu dut Bartzelonan, baina oso zaila da gaur egun asilo politikoa ematea, Gobernuek ez dute nahi gu hemen egotea. Europan eta Euskal Herrian momentuz ezagutu dudan onena herritarren elkartasuna da. Politikariengandik ez dut ezer espero. Inork baino hobeto dakit zer egiten duten Afganistan bezalako herrialdeetan, ongi dakit “demokrazia eta giza eskubideen izenean” egiten duten negozio iluna zein den.
Nola gelditu daiteke hau guztia?
Argi izan behar da azken helburua ez dela guk mugak pasatzea, ezta gu hainbat herrialdetan banatzea ere. Oinarrira joan behar da. Gure herrialdeak gerran daudelako, hiltzen gaituztelako, egiten dugu ihes. Gure herrietan eragiten dituzten gerrak gelditzeko exijitu behar zaie hemengo gobernuei. Diru asko jartzen du Europar Batasunak mugak eraikitzeko eta horiek “zaintzeko” poliziak ordaintzen. Dirutza hori gerrak bukatzeko erabiliko balute, ez ginateke errefuxiatu krisi honen aurrean egonen. Gerra eta gerraren negozioa gelditu behar dira, eta horrela, ez gara gure etxetik ihesean joan beharko. Nik argi dut, bihar bukatuko balitz Afganistango gerra, bihar bertan bueltatuko nintzateke nire herrialdera.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.
Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]