Gizarte zibilaren borroka zaborretik dator Libanon

  • Libano Ekialde Hurbileko paradigma txikia da. Eskualdeko herrialde txikiena eta pluralena izanda, inguruko gatazka eta krisialdi guztiek eragiten diote. Gauzak horrela, libanoarrak desegonkortasunean bizitzera ohitu dira. Gatazka ugari bizi izan dituzte azken hamarkadetan, atzerriko armaden esku hartzeak, liskar etniko eta erlijiosoak... 2015ean gobernua erorarazteko zorian izan ziren milaka lagun, kaleak hartuta. Arrazoia gutxik aurreikusi zuen: hondakinen kudeaketa eredua.

Argazkia: Diego Ibarra Sanchez / New York Times
Argazkia: Diego Ibarra Sanchez / New York Times

2015 arte Libanoko hondakin gehienak Naamehko zabortegira bidaltzen zituzten, hau da, hiru milioi eta erdi biztanle dituen herrialde bateko ia zabor guztia leku bakar batean biltzen zen. Espazioa eta denbora mugagabeak izango balira bezala, agintariek ez zuten konponbiderik bilatu zabortegia bete arte. Politikariak ez ziren gai izan zabortegi berriaren kokalekua adosteko eta bilketa zein birziklatze azpiegituren eskasia zela eta, hondakinak azkar pilatu ziren Beiruten eta haren inguruko Libano mendilerroaren inguruetan. 150.000 manifestari inguruk hartu zuten parte urte hartako abuztuko mobilizazioetan, azken hamarkadako protestarik handienak.

Hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia izan da Libanon

Ezusteko handia hartu zuten askok, izan ere, afera ekologiko batek eragin zuen jendearen haserrea, eta ez liskar etniko edo erlijiosoek. Hala ere, hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia baino ez zen izan. Eta Beiruteko mapa politikoa aldatzeko balio izan zuen. Politika sektarioaz nazkatuta zeudenek Beirut Madinati (Beirut nire hiria) sortu zuten: agenda politiko ekologistaren bitartez, herrialde osoko politika aldatu nahi du alderdiak. Hiriburuan agintea du egun.

Betiko alderdien erantzuna axolagabekeria hutsa izan zen; arazoa kostaldean bi zabortegi zabalduz konpontzea espero zuten. Lehena Burj Hammuden zabaldu zuten, Beirut iparraldean dagoen auzo armeniarrean. Bestea hegoaldean, aireportuaren ondoan, eta txiste txarra badirudi ere, Costa Brava izeneko hondartza batean. Hainbat hilabeteko biziraupena ezarri zitzaien bi hondakindegiei, baina bi urteren ostean zabalik diraute. Zaharrak berri Libanon.

Duela bi urteko mobilizazioak hainbat hamarkadatako arduragabekerien ondorio izan ziren eta bi eredu kontrajarri zituen: gaikako bilketaren vs erraustegiaren aldekoak, Euskal Herrian aski ezaguna den eztabaida.

Zaborraren kostaldea
Burj Hammudeko zabortegia, Beirut iparraldean. (Arg.: Constanze Flamme / Zenith)

Burj Hammud eta Costa Brava ezohiko neurriak izan ziren, Cedar Environmental taldeko buru eta Zero Zabor Libano plataformaren eragile Ziad Abi Chakerrek dioenez. Libanoarrek argi dute zabortegien politikak ez duela etorkizunik eta eredu berrien bila dabiltza.

Proposamen ugari egin dira, baina politika egiteko eredua aldatu arte norabide berean jarraituko dutela uste du Abi Chakerrek: “Alderdi gehienek erraustegiaren proiektua babesten dute, espekulatzen jarraitzeko modua delako. Hondakinen kudeaketa monopolioa den bitartean, etekin ekonomikoak lehenesten jarraituko dute”.

Bi zabortegiak betetzen jarraituko dute gainezka egin arte. Burj Hammud Beiruteko auzorik populatuenetarikoa da, eta baldintza higienikoak nabarmen okertu ahala geroz eta ohikoagoak dira bizilagunek eragindako suteak. Costa Bravako zabortegiak, berriz, kolokan jarri du aireportuaren bideragarritasuna, zaborrak ehunka kalatxori biltzen baitu. Hegazkinen motorrekin talka egiteko arriskua dela eta, behin baino gehiagotan neurriak hartu behar izan dituzte. Alarma akustikoek eraginkor izateari utzi diotenez, Costa Bravako hondakinak lurperatzen hasi dira, kostaldea are eta gehiago desitxuratuz.

Kudeaketa krisi baten ikur

Bi zabortegiak krisiaren ikurrak baino ez dira, Libano bera zabortegi erraldoi bihurtu baita. 10.000 kilometro koadro ditu –Euskal Herriaren erdia–, hiru milioi eta erdi biztanle eta geografia askotarikoa. Kostalde mediterraneoa, zedrozko basoak, 3.000 metroko altuerako mendiak eta basamortua. Tripolitik Tirora (163 kilometro) doan errepidean, itsasoa bezain urdinak diren milaka plastiko botila pilatzen dira bide bazterretan. Hirietan ez ezik, barnealdeko edozein herrixkatan ikus daitezke hondakinak botatzeko erabiltzen diren lursailak.

Herritarren jarrera asko hobeto behar da Ziad Abi Chakerren ustez. Hezkuntza faltaren ondorioz, “kexu diren gehienek ez dute birziklatzen”, haren ustez. “Sentsibilizazio lan handia egin behar da oraindik; bestalde, birziklatu nahi dutenek baliabide gutxi dute”. Birziklatzea borondate kontua da Libanon. Norberak bildu, sailkatu eta birziklatze gunera eraman behar du. Koloretako edukiontziak gutxi dira, eta nekez aurkitu daitezke auzo umiletan.

Gainpopulazioak ere ez du mesederik egiten eta bereziki larria da milioika errefuxiatuen egoera. 2011z geroztik Libanok milioi eta erdi siriar errefuxiatu hartu ditu, Nazio Batuetako Iheslarientzako Goi Mandatariak (ACNUR) emandako datuen arabera. Hala ere, 2014. urtetik ez da zenbaketarik egin, herrialdeko oreka politikoa ez harrotzeko asmoz.

Manifestazioa Beiruten, zabortegien kudeaketa txarragatik protestan. (Arg.: Nabil Mounzer / EPA)

Ezin dira ahaztu, bestalde, 1948tik Libanon dauden errefuxiatu palestinarrak. Bi kasuetan, hondakinen kudeaketa ezak arazo higieniko latzak eragin eta gaixotasunak areagotu ditu. Shatila errefuxiatu gunean, adibidez, 40.000 lagun inguru bizi dira kilometro koadro erdian –datuak tentuz hartu behar dira, asko aldatzen baitira–, Ekialde Hurbilean palestinar errefuxiatuez arduratzen den UNWRA erakundearen arabera.

 
Deszentralizazioa konponbide

Arazoari tokian tokiko erantzuna ematea proposatzen du Abi Chakerren Cedar Environmental elkarteak: “Eskualde bakoitzak bere hondakinak kudeatuko balitu sistema askoz ere eraginkorragoa izango litzateke, eta ustelkeria murriztuko litzateke”.

Herrialde osoko hondakinak monopolio baten menpekoak izatea sistema astuna eta motela da. Libanoko politikariek ez dute interes orokorra aintzat hartzen, bakoitzaren komunitatearenak baino. Sistema politiko sektario hori aldatu ezean, hondakinen afera okertuko dela uste dute eragile ekologistek.

Hala ere, deszentralizazioaz haratago doa Ziad Abi Chaker, gaikako bilketaren aldeko apustu sendoa egin baitu azken urteotan. Mr Zero Waste goitizenez ezagutzen dute ekintzailea, hondakinek eskain ditzaketen aukeretan sinisten duelako: “Nire arrakasta zaborretik dator”.

Oso kritikoa da Abi Chaker estatu eta erakunde publikoekiko. Estatuaren papera populazioaren ongizatea babestea eta giza eskubideak bermatzea da, baina Libanon politikariek aukera horri muzin egiten diotela uste du. Aldaketa behetik etorri behar dela dio, “alderdiek jendearen eskariei jaramonik egiten ez dienean, gizarte zibilak inprobisatu behar du”.

Ekimen pribatuak arindu du gaitza
Eremu pribatutik etorri dira oraingoz irtenbide saiakerak: herrialde osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira

Bitxia badirudi ere, gizartearen ongizatea helburu duen sistema ekimen pribatuaren ondorio da. Cedar Environmentalek udalekin batera egiten du lan. Sistemaren eraginkortasuna agerikoa da bere esanetan; Beit ed-Dine hirian adibidez, Chouf eskualdean, kalean pilatzen diren hondakinak nabarmen murriztu dira, zabor tasek behera egin dute eta gainera lanpostu ugari sortu dira.

Cedar Environmental ez da aldaketaren alde egin duen bakarra; Libano osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira, tartean oinarri sozial nabarmena duen Recycle Beirut. Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuekin egiten du lan.

Libanoko hondakinen krisialdiak txanponaren bi aldeak erakutsi ditu. Batetik, kudeaketa arduragabearen ondorio ekologiko eta sozialak agerikoak dira, eta ez dirudi agintariek gauza asko aldatzekotan direnik. Bestetik, gizarte zibilaren boterea ezagutu dute libanoarrek; estatuaren babesa jaso ezean, euren gain hartzeko prest daudela erakutsi dute askok. Erraustegiaren proiektua aurrera doa Libanon, baita gizartearen parte handi baten oposizioa ere. Duela bi urte hiritarrek gobernua bertan behera utz zezaketela erakutsi zuten. Ikusteko dago zein erantzun emango dioten erraustegiari, eta hortik zer ikas daitekeen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libano
2024-11-27 | Julene Flamarique
Israelek Libanon su-etena onartu du, Gazaren aurkako erasoa areagotzeko

Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen... [+]


2024-11-15 | Axier Lopez
Georges Abdallah askatzeko agindu du Frantziako Justiziak, Europako preso politikorik zaharrena

Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da... [+]


Zertzelada batzuk Libanori buruz

Hezbollah jokoz kanpo uzteko aitzakiapean, Israelek Libanori eraso dio. Horren ondorioz, Ekialde Hurbileko Suitza txikia foku mediatikoan kokatu da, baina herrialde ezezaguna da oraindik. Antzinaroan, Feniziarren zibilizazio garrantzitsuaren sorburua izan zen, eta baita... [+]


Israelek gutxienez 150 gazatar baino gehiago hil ditu asteburuan

Asteburuan indiskriminatuki bonbardatu ditu Gaza eta Beirut hegoaldea. 2023ko urriaren 7az geroztik, 42.600 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Palestinan, Gazako Osasun Ministerioak zenbatu ahal izan duenaren arabera. The Lancet aldizkari zientifikoak uztailean kaleratu... [+]


Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea... [+]


2024-10-14 | ARGIA
40 estatuk “gogor gaitzetsi” dute Israelek NBE-n kasko urdinei eraso egin izana

Azken egunetan gutxienez Nazio Batuen Erakundeko bost kasko urdin zauritu ditu Israelgo armadak, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiaren kontrako erasoetan, Naqoura herrian. Netanyahuk esan du kasko urdinak “giza ezkutu” gisa... [+]


Libano “Gaza bezala suntsitzeko" mehatxua zabaldu du Netanyahuk

Ingelesez zabalduriko bideo baten bidez eman die abisua Israelgo Lehen ministroak: Israelgo armadarekin kolaboratu ezean, libanoarrei ere bideratuko die palestinarrek pairaturiko "sufrikarioa".


Uri Tzafon mugimendua: Jainkoaren izenean, Libano kolonizatzera

Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, "koloniza dezagun".


2024-10-02 | Moon of Alabama
Gerra hurrengo fasera iritsi da

Irailaren 17ko astean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erabaki zuen Hezbollah-rekin Libanon zuen misil trukea beste maila batera eskalatzea, eta erabateko gerra hastea.


Libanon lur erasoa hasi du Israelek, herrialde gehiago bonbardatu bitartean

“Gerraren hurrengo fasea” hasi duela iragarri du Israelgo Armadak. Beirut hiriburuan, Gazan eta Sirian ere egin ditu bonbardaketak, eta Iran mehatxatu du berriz ere. AEBek jakinarazi dute soldadu gehiago bidaliko dituztela Ekialde Hurbilean dituen baseetara, Israeli... [+]


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude