Osasun eta gizarte segurantzarik gabeko lan kontratuak, enplegu agentzia pribatuen nagusitasuna, egun eta ordukako kontratuak, pagarik gabeko lanaldi derrigortuak, mugarik gabeko kanporatzeak, soldata jaitsiera etengabeak... Nola gertatu da langileen prekarizatze basati hau? Jakina zen konpainia handietako ugazabek sustatu dutela herrialde bakoitzeko lan zuzenbidea herdoiltzeko estrategia. Grezian agiri eta guzti erakutsi dute hori nola bultzatu duen multinazional batek.
“Greziako iritzi publikoan gauza zabaldua da herrialdeko lan arautegia lobbyen presiopean eraitsi dutela. Orain artean, ordea, hori berretsiko zuten frogak falta ziren. 2011ko azaroko e-posta batek frogatzen du Lafarge zementu multinazional frantsesak, lehendik ere hainbat eskandalutan nahasia denak, arrakastaz esku hartu zuela garai hartan Atenasko gobernuak erabaki zuen lan kodearen erreforma historikoan”.
Investigate-Europe kolektiboan ari diren Benoit Drevet, Leila Minano eta Nikolas Leontopoulos kazetariek eman dute albistea: “Lafarge zementugileak nola eskatu eta lortu zuen Greziako lan arautegia eraistea”. Investigate-Europen zortzi herrialdetako bederatzi kazetari ari dira eta ikerlan hau abiatu zuten Efimerida ton Syntakon egunkari greziarrak eskuratu ahal izan zituen e-posta konfidentzial batzuetatik.
Gaia bere garaian kokatzeko, gogoratu 2011n erori zela lehen ministro kargutik Georgios Papandreu sozialdemokrata, 2010etik kanpo zorraren krisi bortitzak zanpatuta. Ordurako Europako agintariek Greziari bere kanpo zorra berregituratzeko plan ekonomiko oso gogor bat ezarri nahi zioten eta Papandreuk plan hori herritarrei erreferendumean eskaintzea agindu zien. Grezia eurotik irteteko aukera aipatzen zen hilabete haietan. Alabaina, Papandreuk bateko eta besteko presioen aurrean amore emanda kargua utzi zuen.
Denak parlamentuko jokoari begira zeuden artean indar ekonomikoek, orain modernoek botere errealak deitzen dietenek, zertan zebiltzan erakusten dute Lafargeren Greziako lehendakari Pierre Deleplanquek Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) ordezkari Bob Traa holandarrari bidalitako e-postek.
Heracles-Lafarge konpainiak Grezian 1.800 enplegatu dauzka, 422 milioi euroko salmentak eta 41 milioiko etekinak. Hiru zementu fabrika dauzka, horietako bat, Volos herrikoa, Europako handiena, porlana itsasoz esportatzeko aldamenean bere portu propioa ere baduena. %100 Lafarge-Holcim multinazional frantsesarena da: 100.000 langilerekin 25.000 milioi euroko salmentak dauzka planeta osoko 100 herrialdetan barrena.
Lafargeko buruak NDFk Greziako ekonomia arrastoan sartzera bidalitako burokratari bere mezuan –Europako Batzordean Greziako dossierra daramaten arduradun gehiagoren izenak eskatzeaz gain– zera dio: “Agindu bezala, honi itsatsita doakizu agiri bat laburbiltzen duena zein den Lafargeren jarrera Grezian premiazkoenak diren erreforma estrukturalez”. Lau neurri ezartzea derrigorrezkoa iruditzen zaio multinazionalari.
Lehena, nagusien eta langileen arteko gatazketan bitartekaritza egiteko Greziako legediak ezarrita daukan erakundearen ordez, batzorde berriak sortzea ugazaba ezagunez eta profesional ez politikoz osatuak, horrela langileek bitartekaritza lanetan daukaten indarra ahuldu eta gutxieneko soldatari buruz hartu beharreko neurriak errazteko.
Bigarren eskaria, langileen kanporatzeko baldintzak malgutzea, legeak une horretan (2011) dauden moduan kanporatutakoek errazegi daukatelako auzitegietara jotzea. Kaleratzeak errazte horrek, iragartzen zuen Lafargeko ugazabak, berehalako onurak ekarri behar zizkien enpresei, zorpean itota zegoen Greziako estatuari eta, nola ez, langileei berei.
Langileak bezatzeko neurriak
Multinazionalak Greziarako eskatzen duen hirugarren neurria, sektorekako lan hitzarmenak ezabatu eta enpresa bakoitzera mugatzea. Azkenik, galera ekonomikoagatik langileak kanporatzeko eskubide osoa enpresari uztea.
2012. urtean zehar Deleplanqueren eskari guztiak bihurtu ziren lege, Grezia salbatzeko bigarren planaren baitan. ETUI Europako Sindikatuen Institutuak laburbildu duenez, “aldaketa estruktural horiek ondoriotzat ekarri dute negoziaketa kolektiboaren zatikatze eta hondoratzea, soldaten jaitsiera drastikoa –Greziako soldata minimoa 2012an 751 eurotik 568ra jaitsi zuten– eta gizarte segurantzaren diru sarrerak jaistea”. Eta hori gutxi balitz, lan gatazketan bitartekaritza egiten zuen erakundea indar gabe utzi zuten.
2014an El País eta Wall Street Journalek argitara eman zituzten NDFren barne paper batzuk, non Greziaz okupatzen zen ekipoak onartzen baitzuen konpainia pribatuek proposatu zituztela Greziari gero troikak ezarriko zizkion murrizketa, pribatizazio eta beste neurri bortitzez osatutako erreformak.
Zer eman dute erreformok geroztik? Greziako Langileen Konfederazioak urrian zabaldu duen txosten baten arabera, benetan latza da Greziako ekonomiaren egoera, zer esanik ez langile eta jende xehearena, 2013ko hondoratze handi hartatik bururik jaso ezinda.
Mundua azken 80 urteko krisi ekonomiko larrienean murgildu zen 2008 harekin alderatuz gero, inbertsioa Grezian ordukoa baino %63 txikiagoa da. “Kalkulatzen da 2008ko inbertsioen mailara ez garela itzuliko gutxienez 2033 arte”. Kontsumoa %23 apalagoa da, “eta ez da handituko gaur dauzkagun austeritate neurriekin, baldin eta ez bada lanpostu eta soldatetan txokeko neurriren bat hartzen”.
Langabezia tasak ere hirukoiztu egin dira, 2008an lanik ez zuten 99.000 herritarrak gaur 267.000 dira, 2017an langabezia tasa ofizialki %21 da. Kopuruotan ez dira kontutan hartzen beltzean edo bestelako sasi-enpleguetan ari diren behargin ugariak. Bestalde, sindikatuak ohartarazten duenez, kopuruotatik kanpo geratzen dira Europar Batasunaren laguntza programaren batekin urtean 8 hilabeteko kontratuak dauzkatenak ere.
Lanpostu prekarioen ugaritzeak ere aldaketa handiak ekarri ditu soldatetan, aldikako langileen batez besteko sarrerak 397 eurokoak izan ziren 2016an. Denbora osoko kontratua daukaten langileen %34,7k eta ordukako kontratua daukatenen %42,13 soldata minimoa baino gutxiago kobratzen dute, 586 euro azpitik. Hori dela eta, gero eta langile gehiago bizi da txirotasun mailaren azpitik. Bitartean, estatuak zerbitzu publikoetan bezala laguntza sozialetan sekulako murrizketak egin ditu.
Greziako aktualitatearen jarraipen txukuna egiten duen Keep Talking Greecek idatzi duenez, “langabezia handiak eta austeritateak jotako Grezian soldatak hondoratu egin dira. Nagusiek ahalik eta gutxien gastatu nahi dute soldatetan, langileak behartuta daude krisiaren aurretik pentsa ezinezkoak ziren tratuak onartzera. Nagusiek lotsarik gabe edozein legeri ezikusia eginez, eskua bete kakahuete eskaintzen diete ultimatum honekin: ‘Nahi baduzu hartu, bestela utzi’. Horra langabetu etsituek errefusatu ezin duten xantaia”.
Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]
2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.
Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?
Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]
Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".