“Abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da”

  • Orain urtebete inguru erabaki zuen Izaskun Gonzalezek bazela garaia ordenagailuaren aurrean bakarrik pasatako orduei izen bat jarri eta proiektu bat abiatzeko. Horrela sortu zuen Rrucculla, eta denbora gutxian zeresan franko eman du bazterretan. Egun, disko berrian sartuta dabil buru-belarri.

Belaunaldiaren marka darama Izaskun Gonzalezek (Barakaldo, 1994). “Youtuben hazi naiz. Gai naiz segundo gutxi batzuetan jazzik smooth-ena entzutetik grime-a entzutera pasatzeko. Nire egunerokoa horrelakoa izanik, normala nire musika ere gisa berekoa izatea”. Urtebete pasatxo da Rrucculla izenpean agertokietan hasi zenetik, eta ordutik kanta sorta ederra osatu du, denak ere erritmo eta soinu oso desberdinen hibridaziotik sortuak, free-jazzaren, hip hop abstraktuaren edota poparen oihartzunak dituztenak. Ez dira, halere, samplerren “ebaki-itsatsi” soilak. “Nire abestietan gauza bakoitza egon behar duen tokian dago. Denak dauka zentzu bat”. Zentzu hori letretara ekartzen saiatu gara elkarrizketa honetan.

Noiz musika-zaletu zinen?

Etxean betidanik entzun dugu musika. Gurasoek denetarik jartzen zidaten: latin jazza, rocka, Phil Collinsen diskoak… Bederatzi urterekin discmana erosi zidaten, eta hura entzuten pasatzen nituen orduak. Anaia gitarra ikasten hasi zenez, nik bateria aukeratu nuen, eta zazpi urtez aritu nintzen ikasten. Musika lengoaian ez nintzen oso abila, ordea. Ez nuen solfeorik ikasi, asko aspertzen ninduten gauza horiek. Bateria eskoletan ere ez nuen inoiz etxeko lanik egiten. Ez naiz oso arduratsua gauza horietan. Beti aritu naiz nire kasa, interesatzen zitzaizkidan kantak ikasten.

“Ez dakit zergatik esaten den nire musika konplexua dela. Bizitza erraza al da, akaso?”

Musikari asko dabil kexu: musika klaseek sorkuntza pizten lagundu behar luketela, partiturak interpretatzera mugatu beharrean.

Hala da. Bateria ikasten urte batzuk aritu ondoren, kontserbatorioan sartu nahi izan nuen. Marinbak eta bestelako perkusioak ikasi nahi nituen. Segituan ohartu nintzen, ordea, irakaskuntza diziplinatu eta serioa zela hura, eta nire sormen propioa kamustuko zidala. Nik neure burua hobeto ezagutu nahi nuen, nigandik aterako zen zerbait osatu, eta ez paper batean jartzen duena jotzen ikasi. Ezagutzen ditut kontserbatorioan bateria ikasi duten zenbait lagun, parean paper bat jartzen ez badiezu zer jo ez dakitenak. Ez dakite inprobisatzen. Niri hori ez zait interesatzen.

Koloreetatik eta formetatik abiatuta sortzen dituzu kantak. 

Lehendabizikoak bateria erritmoetatik abiatutakoak ziren, baina konposatzerakoan neure buruaz aspertzen naizenez, melodia edo soinu bati tiraka sortzen hasi naiz. Eta bai, musika lengoaiarik ez dakidanez, lagungarri zaizkit koadroak, arte obrak, jendea, irudiak eta formak. Abesti baten istorioa egiten laguntzen didate.

Zehaztu dezakezu hori? Zertan laguntzen dizute koloreek, formek eta abarrek abesti baten istorioa egiterakoan?

Ezin dut logelan eta bakarrik konposatu. Gurasoen etxeko egongelan sortzen ditut kantak, eta han, sofaren parean, Kandinskiren irudi batzuk daude. Jazz disko bat osatu nuen irudi haietan oinarrituz. Ohitura horrekin jarraitzen dut konposatzerakoan: zirkulua bonbo bat da, karratua bateriaren kaxa. Koloreekin, berriz, sinestesia gertatzen zait. Ez naiz ausartzen esatera gorria sintetizadorearen linea bat dela. Hori bakoitzaren arabera izaten da.

Orain urtebete hasi zinen zuzenekoak ematen, Bilbo Hiria lehiaketako finalera iritsi zinenean. Zergatik erabaki zenuen jauzi hori ematea?

Ez dakit. Beti pentsatu izan dut ez nuela ezer apartekorik egiten. Baina ez nuen izan nahi betelan hutsera mugatzen diren artista horietako bat ere. Apuntatu nintzen, hautatu ninduten, eta, nire harridurarako, gertatu da gertatu den guztia.

Hori baino lehenago, bateria jotzen zenuen hainbat rock taldetan. Noiz eta zergatik hasi zinen ordenagailuarekin esperimentuak egiten?

Hamasei bat urterekin hasi nintzen ordenagailuarekin saltsan. Ordurako, nahiko musika konplexua entzuten nuen, The Mars Volta eta halakoak. Haiek erabiltzen zituzten soinu elektronikoak nola sortzen ziren jakin nahi nuen. Egin nituen saiakera batzuk orduko taldeekin, bateria jo bitartean ordenagailuarekin probak eginez, baina ez zuen funtzionatzen, eta nire kontura etxean jarraitu nuen. Arratsaldero teklatua eta bateria jotzen aritzen nintzen, bi eskutara. Loop-ak egiten hasi nintzen, gero produkzioan sakondu nuen, elektronika garaikideko kontuetan, eta halaxe, gaurdaino.

Erabat autodidakta zara, beraz.

Bai. Duela urte eta erdira arte ez nekien zer zen musika produzitzea, masterizatzea, nahasketak egitea, eta halako ezer.

Harrigarria da urte eta erdian zenbat gauza egin dituzun. Asko jo duzu zuzenean, jaialdi handietan ere bai: BBK Live-n, Primavera Sound-en eta Low Festival-en, adibidez.

Pentsa ze bilakaera: lehen ez nuen nire musikaz hitz egiten gertuko lagunekin ere. Bilbo Hiria lehiaketaren aurretik inork ez zekien musika egiten nuenik. Kosta zitzaidan lehen kontzertuei neurria hartzea, nire kantek kapa asko dituztenez, zati batzuk grabatuak nituelako. Ezin nuen %100 zuzenean aritu. Orain kontrolpean daukat dena, eta gogoz aritzen naiz. Primaveran jotzea ederra izan zen, ordu perfektuan, goizeko hirurak aldera. BBK-n, ordea, ez nintzen gustura aritu. Ongi dago musikari hasiberriak gonbidatzea eta hori guztia, baina denok ez dugu balio arratsaldeko bostetan jotzeko. Sekulako eguzkitzarra zegoen gainera, eta nik Ableton Push bat erabiltzen dut. Han ez zegoen modurik argiak ikusteko, eta set guztia egokitu behar izan nuen. Kaotikoa izan zen. Ez nintzen batere eroso sentitu.

Abesti deserosoak eta aurreikusteko zailak egin nahi omen dituzu. Nola egiten da hori?

Ez dakit. Badakit adibidez, technoa aurreikusgarria egiten zaidala. Gustatzen zait beste kanta batzuekin nahastuta, DJ saioetan egiten den bezala. Baina niretzat, abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da. Afrobeat erritmo batetik grime erritmo batera igarotzea. Lau konpasean behin kanta apurtzea. Ez duzu aurreikusten, eta sorpresa horrek txunditzen zaitu.

Zergatik iruditzen zaizu technoa aurreikusgarria?

Beltzen erritmoan doan danbor konstante bat delako. Senti dezakezu bestela, baina hori konposatzea niretzat ez da berezia. Ez nuke gozatuko. Elementu gehiago behar ditut, emozio gehiago kantaren barnean. Irakurri dut zerbait, technoaren tempoa eta bihotzak minutuko ematen dituen pultsazioak antzekoak direla, eta horregatik gustatzen zaiola jendeari zazpi orduko saioetara joatea. Nik goza dezaket pixka bat, baina zazpi ordu segidan ezingo nuke entzun.

Zure abestiak mantso liseritzekoak dira, aldiz. Entzunaldi aktiboa eskatzen dute.

Ez dakit zergatik esaten den nire musika konplexua dela. Bizitza erraza al da, akaso? Nire kantak egun arrunt bat bezalakoak dira. Gauza asko gertatzen dira egun batean, une batez oldarkor zaude, eta handik gutxira barrez, eta… ez dago deus konplexurik hor.

“Musika lengoaiarik ez dakidanez, lagungarri zaizkit koadroak, arte obrak, jendea, irudiak eta formak. Abesti baten istorioa egiten laguntzen didate”

Esan nahi nuen ez direla aurreikusgarriak, ez behintzat egunero supermerkatuan, autoan, tabernan, jendeak entzuten dituen kanten %90a bezalakoak, estruktura eta erritmo errazekoak. Belarria pop kulturan hezi duenari eskatzen diote esfortzu pixka bat.

Bai, hori bai. Orain lantzen ari naizen diskoan sartu nahi izan dut pop mundua, eta zin dagizut, bizitzan egin dudan gauzarik zailena izan da. Ez naiz popa egiteko gai. Zerbait ateratzen zait, baina ez zait gustatzen. Zerbait gehiago behar duela iruditzen zait. Ulertzen dut, dena den, batzuei entzuteko zaila egitea.

Silvia Pérez Cruzen Loca abestiaren rework bat egin duzu. Edo, bat-batean, Aserejé-ren zati bat sartzen duzu abesti batean. Ze irizpide erabiltzen duzu gauza horiek erabakitzeko?

Ez dakit. Aserejé-k grazia egiten dit, besterik gabe. Kantari beste giro bat ematen dio bi mundu erabat desberdin batzeak. Bestalde, beti gustatu izan zait Silvia Pérez Cruzek egiten duena. Elkarrekin kolaboratzea zaila izango denez, gau batez Loca Youtubetik deskargatu, Abletonean jarri eta esperimentatzen hasi nintzen.

Ableton-a aipatzen duzu, Logic Pro-a ere erabili izan duzu… musika elektronikoak ez al du software pribatuarekiko dependentzia handia?

Bai, hori badago. Nik, orain, Ableton-a bakarrik erabiltzen dut. Zertarako ordainduko ditut mila euro tramankulu puska batengatik, soinu hori bera ordenagailuan izan badezaket?

Badaude beren sintetizadore propioak eraikitzen dituztenak ere…

Tira, ordenagailuan saltseatu ahala ikasten duzu programak hackeatzen eta hori guztia. Ni gehiago naiz software zalea hardware zalea baino. Beti egin dut lan eskura ditudan tresnekin. Ableton-arekin ez balitz, ziur asko beste programa batekin egingo nuke musika. Badira, adibidez, zarata egiteko doako programak.

Zertan ari zara orain?

Hurrengo diskoa amaitu nahian nabil. Lan gogorra izaten ari da, soinu jakin baten bila nabil eta. Denbora pila ederra ari zait kentzen. Tarteka etsigarria da, altu jarri dut langa eta ezin jakin ea maila emango dudan. Gustatzen zaizkidan musika guztiei buruzko nire ikuspegia da oraintxe egiten ari naizena. Izan nahiko nukeena, entzun nahiko nukeena. Hor nago. Elektronika garaikideago eta aurreikusezinago bat da.

Amaitzeko, aipa ditzakezu interesatzen zaizkizun artista garaikide batzuk?

Euskal Herrian, aipatuko nituzke Kvalvika, II (Kris GM), Mark Luva eta Delorean. Hemendik kanpo, Iglooghost egungo produktore onena iruditzen zait. Lorenzo Senni aparta da, baita Sophie eta Abra ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika elektronikoa
2022-09-23 | ARGIA
Zuberoan Hitza Hitz, musika urbanoaren jaialdia asteburu honetan

Hitzez Hitz festibala egingo dute estreinakoz Mauleko Jai Alai zelaian irailaren 23an eta 24an. Duela urtebete sortu zuten Festibalerat elkartea jaialdi hau antolatzeko eta 20 taldek musika urbanoa joko dute.


Ikaragarri bilakatu

Kronika hau aldez aurretik idatz nezakeen, dantzalekuko esperientzia sentsoriala karaktere gutxitan deskribatzea zaila bada ere. Diskurtso hegemonikoa ere gailendu da kultura ofizialaren arrakaletatik kanpoko adierazpenetan. Lur azpian gertatzen denaren kontakizuna eskura eman... [+]


2021-04-13 | Kepa Matxain
Amsia
“Makinen mugak bilatu nahi ditut”

Inguruotako elektronika giroan ibilbide luzeenetakoa duen artista da Amsia. Hogei urtetik gora daramatza klase guztietako hardware, sampler, sintetizadore eta ordenagailuz inguratuta, soinu bidaiak izan nahi duten kantuak ekoizten. Ez du oso gustuko palestrara ateratzea, baina... [+]


2020-11-26 | Kepa Matxain
Xabier Bastida, 'Abaunz'
“Ez zait interesatzen koherentzia estetikorik gabeko debaldeko nahasketa”

Xabier Bastida Abaunz-ek ez du bere lana ikusgarri bihurtzeko txanparik jotzen. Haren arrastoari segika hasten denak Bandcamp helbide bat aurkituko du –Brooklyngo Jollies diskoetxearena–, eta bertan deskribapen labur bat, argazki gandutsu bat eta azal beltzeko disko... [+]


Aitor Etxebarria, musikaria
“Elektronikaren industriarekin desliluratua bukatu dut”

Munduko bazter ugaritan utzi du bere marka musika elektronikoko musikari eta DJ bezala; ezabaezineko lorratza da El Txef-A-rena, baina aldi batez bere alderdi hori isilarazi du, barneko musikari heterodoxoari ate-leihoak zabaltzeko. Markak filmerako egindako soinu bandatik... [+]


2020-01-29 | Xalba Ramirez
Hegan egiteko, Lumi

Lumik eman digu neguko haize eta hotzari aurre egiteko aukera. Itzal zikinak lan berria aurkezten aritu dira Orbeleko lagunekin, aretoa erdi bete erdi hutsik zutela. Bertaratu ez direnen kalterako. Zoragarria izan da.


2018-12-04 | Xalba Ramirez
Telmo Trenorren 'Heat' diskoa
Uda luzatzeko

Telmo Trenor Egiako (Donostia) beatmaker ezaguna da. Hip-hoparen munduan hasi zen baseak eraikitzen, Gallinero All Stars edo %100 Gourmet-en. Heat diskoa aurkeztu du uda hasieran Elsa Records zigiluarekin. Erritmo funk-kaliforniarrak, hondartzak eta palmerak gogoan izan ditu... [+]


2018-07-13 | Julia Eckhardt
Eliane Radigue
“Egin nahi dudan musika soinutik harago doa”

Ekainaren 28an kontzertu atipikoa antolatu zuen Tabakalerak Kinestesia: mugimenduaren logika programaren barruan. Occam Delta plazaratu zuten Julia Eckhardt, Yannick Guédon eta Emmanuel Holterbach musikariek, soinuaren eta musikaren esentzia bilatzen duen lau piezako... [+]


Eguneraketa berriak daude