“Ez diogu kolonizatu izateari utziko hezkuntza sistema irauli artean”

  • Joan den ekainaren 17an, Ekuadorreko Imbaburako gobernadore izendatu zuten. Eskualdean influentzia handiena duten zazpi emakumeen artean ageri da. Herrialdean inoiz izan den gobernadore indigenarik lehena. Paolina Vercoutere Quinche, kitxua.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Paolina Vercoutere Quinche (Frantzia, 1976)

Flandriarra lehen deitura, kitxua bigarrena. Frantsesa aita, kitxua ama. Ekuadorren hazi zen haurretatik. Kultura eta Gizarte Garapena ikasketak egin zituen Otavaloko Unibertsitatean, eta Genero eta Politika Publikoak masterra Latinoamerikako Gizarte Zientzietako Fakultatean. Garabide erakundearen hizkuntza gidaritzari buruzko ikastaldian izan zen urrian Euskal Herrian.

Kitxua duzu hizkuntza indigena.

Gogoan dut amamak, gure hizkuntzari buruz ari eta yangaximi esaten zuela. Yanga, “ezer ez” da. Ximi, “hizkuntza” edo “ahoa”. Alegia, “ezerezaren hizkuntza” genuen yangaximi. Gure amak, berriz, kontra egiten zion: “Ez ezazula horrelakorik esan, ez da yangaximi, rungaximi baizik!”. Alegia, rungaximi, “gizakiaren hizkuntza”. Horrexek markatu du gure galbidea, izan dugun galbidea, oraindik ere irauten duena. Biziberritze prozesuari ekitekotan, nahitaezkoak ditugu geure kulturarekiko harrotasuna eta geure izateari eta hizkuntzari lotutako atxikimendua. Gure arazorik handiena, berriz, gaur egun, harrotasuna eta atxikimendua berreskuratzea dugu. 2008az gero, Ekuadorreko herri indigenen eskubideak konstituzioan jasota daude. Bertako herri eta nazioek hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute. Konstituzioak direnak eta ez direnak onartzen ditu, baina kontua da hizkuntza horiek –kitxua, besteak beste–, baliorik gabetuak direla aspaldi, prestigioz gabetuak, eta ondorioz, gurasoek ez dutela nahi beren seme-alabek kitxuaz edo gainerako hizkuntza indigenetan ikas dezaten.

Horixe egoera oraindik.

Gehiago esango dizut: kitxua hiztunak estatuaren administrazioari lotzen zaizkionean, antzaldatze bat gertatzen da hiztun horien baitan, espazio formaletan kitxuaz hitz egiteari uzten diote. Oso gauza arraroa… Deskolonizazio lana egin behar dugu –buruz eta gogoz deskolonizatu, oroz gain–, eta geure autoestimua berreskuratu. Hargatik ez ziguten gure aitaita-amama askok kitxuaz hitz egin, haiek jasandako tratu txarra guk jaso ez genezan. Kitxua hiztunak halako doinu bat du gaztelaniaz hitz egiten duenean, eta hori salagarri luke! Hizkuntza ez irakastea biziraupen ariketa zen gure aitaita-amamen kasuan: “Ez zaizu baliagarri eta, are okerrago, kitxuaz hitz egiten duzula jakiten badute, diskriminatu egingo zaituzte”. Legezko diskurtsoa osatu dugu, bai, lege marko bat, politika publikoa ere bai kulturartekotasunaren eta nazio aniztasunaren inguruan, baina kontua da funtzionatzen ez duen irakaskuntza sistema elebiduna dugula, ez dituela ikasle ez irakasle elebidunak sortzen, hiztunik ere bat ere ez… Horixe egoera, lege marko guztiak gorabehera.

"Asko hitz egiten da estatu nazio aniztun eta dibertsitatez betetakoaz, emakumea barne hartzen duenaz eta hau eta hura, baina, sakon-sakonean, ez dago egoera iraultzeko borondate politikorik"

Harrigarri da kargu politiko zaren horrek aitortzea.

Asko hitz egiten da estatu nazio aniztun eta dibertsitatez betetakoaz, emakumea barne hartzen duenaz eta hau eta hura, baina, sakon-sakonean, ez dago egoera iraultzeko borondate politikorik. Eta pena handiarekin diot, ni sistema politiko horren barruan bainago. Eta uste dut beharrezkoa dela barruan egotea. Kanpoko aktibismoa bezain inportantea da barrutik eragitea, zenbait espaziotan
–minimoak badira ere–, galderak egin eta zalantzak eragitea. Ni neu, gobernadore izan baino lehen, Ekonomia eta Gizartea Barne Hartzeko Ministerioko zuzendari izan nintzen eta haurrak, adinekoak eta ezgaitasunen bat duten pertsonak nituen ardura. Zuzendari izan nintzen garaian irizpide halako bat ezarri nuen familia laguntzaileak hautatzeko garaian: elebidun izan behar ziren. Horrek erresistentzia handiak ekarri zizkidan, baita neure alderdiaren barruan ere. Arrazistatzat hartu ninduten, nire Ministerio hura indioz beterik zegoela aditu behar izan nuen. Eta orain, gobernuan nagoela ere, gisako komentarioak aditu behar izan ditut. “Hemen indio usaina dago orain”. Hamaika horrelako. Esamesa horiek hor daude oraindik. Nik, esaterako, prentsa arduradun bat dut, kitxua hiztuna jatorriz –ni ez bezala–, neuk errekrutatu nuena.

Barkatu, ez zara jatorrizko kitxua hiztuna?

Ez. Nire inguruan espainola, frantsesa eta kitxua erabiltzen ziren. Geroago, baita ingelesa ere. Prozesu bat izan zen. Eskola libre batera joan nintzen. Han izan nintzen 13 urte bete arte. Harrezkero, eskola frantsesera sartu nintzen. Gazterik ezkondu nintzen, eta kitxua hiztun jatorrarekin esposatu nintzen –kitxua familia zeharo tradizionalekoa–, eta orduan, nire burua berreraiki eta kitxuaz ikasi nuen nire amarekin. Bestalde, gure ama hizkuntzaren eta kulturaren aldeko borrokalari suharra izan da beti.

Hizkuntz kontzientziaren jabe zaitugu, dena den.

Hizkuntzaren kontzientzia dut, eta militantziaren zentzua ere bai. Horrexek mugitzen nau. Ez dut kitxuaz erraz hitz egiten, oinarrizkoa baizik. Dena ulertzen dut, eta hitz egin behar dudanean, beste erremediorik ez dudanean, hitz egiten dut. Nekazarien artean, adibidez, elebidunak ez direnean, hitz egiten dut. Oso ondo hitz egiten duen jendearen aurrean, berriz, lotsatu egiten naiz, nirea ez delako haurretan ikasia, geroan baizik, eta doinuak salatzen nau. Senarrak, kitxua hiztun jatorra baita, barre egiten du nire lepotik, doinu jatorrik ez dudalako. Nire lanean, langilerik kontratatu behar dudanean, elebidunak hartzen ditut beti. Prentsa kabineteari dagokionez, kitxua hiztun jatorra izendatu nuen zuzendari eta, harrezkero, kitxuaz eta espainolez zabaltzen ditugu gure oharkizun eta jakinarazpen guztiak. Kitxua lehenestea garrantzi handikoa da niretzat, amari zor diot, amamari, nire komunitateari. Garbia izan beharra daukat, garbia izateari uzten diodan egunean politikatik irteteko garaia izango baitut.

Argazkia: Zaldi Ero.

Ez da aise izan behar kitxua izaten giro horretan.

Gobernadore naizela, janzkera jakina daramat beti, neure burua politikoki erreibindikatzeko bidea dut. Badakit nire janzkerak zer esan nahi duen, ekintza politikoa da, emakumerik inoiz egon ez den gune batean nago. Militarrekin egon ohi naiz, poliziaren agintariekin, eta beharrezko zait haiekin egotea, haien iruditeria zartatzeko, hain zuzen, zeren eta oraindaino arte, emakumezko bat ni bezala jantzita zerbitzaritzat hartua izan baita beti. Aberatsen etxeko lanak egiten zituen neskamea. Garrantzizkoa zait horren kontra egitea, eta horregatik noa beti era jakin honetara jantzita. Konplikatua da, hala ere, neure alderdian bertan ere, Alianza País izenekoan ez bainaute ulertzen.

Zer diozu kulturartekotasunari buruz? Behin eta berriz eta askotan erabiltzen den hitza.

Kulturartekotasuna diskurtso politikoki zuzenaren barrura sartu da. Hain dago erabilia, hain maiseatua, higatua… ezen esanahia galdu baitu. Gure herrian, esaterako, ez dago kulturartekotasunik. Ez, behintzat, nik ulertzen dudan moduan, nik botere banaketatzat ulertzen baitut. Alegia, bost mendez produkzio bitartekoak, botere politikoa, baliabideak, erabakiak hartzeko ahalmena… dena izan duen horrek hori banatzen hasten denean hasiko da kulturartekotasuna. Hurkoari berdintasunez hitz egitea, era horizontalean jardutea… da kulturartekotasuna. Horixe litzateke ideala, eta horixe da ez daukaguna. Gainerakoan, hainbeste maiseatu da hitza –“tolerantea naiz” eta hau eta hura–, ezen hitzak esanahia galdu baitu eta ez du ezer esan nahi.

Usteko nuen bestela zela giroa Otavalon.

Duela hogei urtetik hona bizi naiz Otavalon, sinbolismo handiko hiria Ekuadorren. Gure arbasoak Imbabura muinoaren magalean bizi ziren, hiriak guztiz baztertuak zeuzkala, hiria botere zuri-mestizoaren erdigunea zenean. Iragan mendeko 80ko hamarkadan, hainbat dinamika komertzial tarteko, kitxuek diru arrakasta handia izan zuten eta hiriaren jabego guztiak erosi zituzten. Kitxuok egin ginen hiriaren jabe, eta horren ondorioz, botere politikoaren borrokan sartu ahal izan ginen, eta historian estreinakoz, alkate indigena bat izan genuen. 1990ean, Asanblea Nazionalak Ekuadorreko kulturarteko hiriburu izendatu zuen Otavalo. Beste erremediorik ere ez zuen, tentsio betean bizi baikinen hirian –eta bizi baikara, esan beharko nuke–, indigenak eta zuri-mestizoak erdibana baikara Otavalon. Elkarri kasurik egiten ez diogula bizi gara. Etnien arteko arazoak nahi baino gehiago dira, arrazakeria ez dago baztertua. Berniza bai, emana dago, baina urra ezazu apur bat berniz hori azkazal puntarekin eta hantxe bistaratuko zaizu arrazakeria.

"Hizkuntza ez irakastea biziraupen ariketa zen gure aitaita-amamen kasuan"

Etnien arteko arazoak, arrazakeria, identitate ezberdinak lurralde berean.

Gogotik errebindikatzen dut identitatea, eta neurri berean kuestionatzen ditut, berriz, esentzialismoa eta tradizionalismoa, emakumeen aldeko borrokaren militante bainaiz. Konfliktoa eragiten dit kanpo aldera diskurtso politikoki zuzena egin beharrak. Hitzak neurtu behar izaten ditut, ez ditut esan nahiko nituzkeen denak esaten, baina ezta esan behar diren hitz politikoki zuzen guztiak esaten ere. Lehendakariaren ordezkari naiz, eta ezin dut esan dena gaizki dagoela. Aurrerapenak ere izan dira. Ekuadortarra naizen aldetik, egia da hori. Doako hezkuntzara sarbidea dugu –amets hutsa duela gutxi arte–, osasun sarea, gure eskubideen gaineko kontzientzia handiagoa… Gauza asko, joan deneko hamar urtean egin direnak, estatua ikaragarri indartu denetik. Ordu arte ez baikenuen estaturik, estatuaren presentzia besterik, guri ez zegokigun egitura bat. Zuek ehunka urte daramazue estatua eraikitzen. Gu horretan hasiberriak gaituzue.

Politikoki zuzenaren eta barnean sentitzen duzunaren artean murgil igerian behar duzu.

Bai, bada. Eta, esaterako, horretaz ari naiz master txostena idazten, generoaren ikuspegitik aztertzen nola bizirauten dugun emakumeok espazio horietan.

Masterra idazten ere ari zara. Zer diozu lan horretan, jakin baliteke?

Nondik natorren kontatzen dut, nire bizi esperientzia azaltzen dut teoria feministaren barnean. Sentimenduetatik abiatu eta amamaren, amaren, aitaren eta neure narrazioa osatu dut, teoriarekin lotuz. Beste alde batetik, hainbat elkarrizketa egin ditut, hala kitxua direnen artean nola ez direnen artean, emakumeei buruz duten iruditeriaz galdezka. Nik neuk emakume kitxuatzat berresten dut nire burua, berdinetik berdinera begiratzen diot ondokoari. Jaso dudan heziketari zor diot. Ez nago inoren aurrean begirada jaisteko prest. Eta horrek probokatu egiten du, aztoragarri zaio askori. Eta horixe nahi dut nik, beren baitan duten emakume indigena zerbitzariaren irudia deseraikitzea. Horixe da nire borroka.

Euskal Herrian izan zara Garabide erakundearen ikastaroan. Zer ikusi duzu, zer asmo duzu Ekuadorren?

Ikusi dut gauza ez dela lider baten kontua, sinergia eta gizartearen baitako askotariko faktoreen batura lortzea baizik. Kooperatibak ikusi ditudalarik, adibidez, pentsatu dut horrek ekonomian ez ezik, maila politiko, sozial eta kulturalean ere izan behar duela eraginik. Kolektibitate osoari dagokiola fenomenoa. Ekuadorren, berriz, espazio bat sortu nahiko nuke hezkuntza sistemaren barnean. Lehendakariaren eta Hezkuntza ministroaren sostengua dut. Ez dut gordin esateko ohiturarik: “Hezkuntza sistemak ez du funtzionatzen”. Ez. Aldiz, esan ohi dut: “Eredu elebidun bat proposatu nahiko nuke Otavalon…”. Eta haiek, baietz: “Aski indar baduzu, aurrera!”. Eta nik horixe nahiko nuke, eredu berri bat eraiki, eta bitartean, hezkuntza eredua birpentsatu, ez baitiogu herri kolonizatu izateari utziko hezkuntza sistema irauli artean, guztiz memoristikoa baita, gizabanako bezala ezereztu egiten baikaitu, aldi oro gu minimizatzen, autoestimua oinpean arrastaka eramatera behartzen… Hezkuntzaren bidetik etorriko da hizkuntza berreskuratzea, eta hizkuntza berreskuratzea gure kultura, gure izatea eta gure mundu ikuskera berreskuratzea izango da. Ardura horixe daukat, horrexegatik nago nagoen lekuan orain.

Fartsa

“Herri indigenen eskubideen aitortzarik bada, baina aitortza formala da, ez besterik. Gainerakoan, inork ez du ahalegin txikiena ere egin nahi. Zuri-mestizoek –hau da, estatuaren egiturek–, ez dute saiatu nahi, eroso daude beren hizkuntzan hitz egiten, ez dute esfortzurik egiteko asmorik”
 

Kolonizatua

“Senarra kitxua hiztun jatorra dut, baina ez die gure seme-alabei kitxuaz hitz egiten, nahiz eta ni borroka honetan sartuta egon. Jasotako hezkuntzak kolonizatu zuen, hamaikatan esan zioten bere hizkuntzak ez zuela ezertarako balio, barneratu zuen esan ziotena, eta ez da iraultzeko gai izan. Latza da”
 

Familia transmisioa

“Hiri giroan guztiz etena dugu kitxuaren familia transmisioa. Landa eremuan eusten diote transmisioari oraindik, baina landa eremuan kitxuaz hazi diren horiek hirira etortzen direnean ere, eten egiten da transmisioa. ‘Indioen hizkuntza da, ez du ezertarako balio’, diote. Aurreiritzi horixe da oraintxe dugun arazorik handiena”

Azken hitza: Kitxuaz

“Unibertsitatean graduatzeko garaian, kitxuaz egin genuen tesia bi lagunen artean. Ordurako, konstituzioan jasota zegoen gure hizkuntzan jarduteko eskubidea. Gure aurrean, epaimahaia, inork ere kitxua ulertzen ez zuela. Nire kideak kitxuaz egin zuen aurkezpena, nik bat-bateko itzulpena egin nion. Epaimahaian, batak besteari galdetzen zioten: ‘Zergatik hitz egiten dute horrela?’, ‘Konstituzioan jasota dago, eskubidea dute’, ‘Legezkoa da?’, ‘Bai, bai’. Horrelaxe! Kar, kar…”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kitxua
Carlos Santiago Moreta Cachiguango. Kitxua hiztuna
“Zer identitate da norberaren hizkuntzarik gabeko hori?”

Carlos Santiago Moreta kitxua hiztuna da gaur egun. Ekuadorreko Otavalo herrian jaio zen, Imbabura probintzian. Gaztetxo zela sartu zuen muturra Imbaburako Kitxua Gazteen Elkartean. Han jabetu zen hizkuntzaren garrantziaz. Indigena bai, baina ez zuen etxeko hizkuntza hitz... [+]


2022-05-16 | Sustatu
Google Translate: 24 hizkuntza gehiago, eredu berri batekin

Google Translatek 24 hizkuntza gehitu dizkio bere itzulpen sistema automatikoari. Kolonialismoak zanpatu baina hil ez zituen Afrika eta Amerikako hizkuntza batzuk daude tartean, hala nola guarani, aimara, bambara edo ewe hizkuntza Ghanakoa.


2021-07-06 | ARGIA
STREAMING | Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoez nazioarteko jardunaldiak

Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]


Joana Elisabet Muñoz Castillo. Etxeko langilea
“Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino”

Haur Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza ikasi zituen. Ordea, euskararik gabe ezingo zuela hezitzaile izan esaten zioten. Hizkuntza ikastera behartzeak ez zion graziarik egin. Halako batean, Amin Maaloufen Identidades asesinas liburua irakurri zuen. Hizkuntza gutxituak ditu gaitzat,... [+]


2019-10-28 | ARGIA
Lehen doktoretza-tesia kitxuaz

Peruko Literaturan aditua da Roxana Quispe Collantes. Bere jatorrizko hizkuntza lehen lerrora ekarri nahi zuen eta historian lehenengo aldiz idatzi den doktoretza-tesiaren egilea da.


Eguneraketa berriak daude