Eta Libian Frantziak egindako gerra, Magrebeko potentzia bat kaosean murgildu eta Mediterraneoa itsaso arriskutsu bilakatu zuena, izan baldin bazen ustelkeriaren arrastoak ezabatzeko operazio bat? Nicolas Sarkozyren eta Muammar al Kadafiren arteko harremanen bilakaera azkarrak hala iradokitzen du. 2011tik zabaldutako susmoak orain bi kazetari frantsesen liburu berriak berretsi ditu.
Sarkozy-Kadafi afera lehenbizikoz 2011ko martxoan agertu zen hedabideetan. Urtarrilean oposizioaren kaleko manifestazio eta liskarretan hasitako mugimendua, udaberrirako gerra bilakatua zen. Tripoliko erregimena gainbehera zetorren eta Mendebaldeko potentzien artean Frantziak mehatxu egiten zion Libiari airetik erasotzearekin. Orduan esan zuen Muammar al Kadafik telebistako elkarrizketa batean: “Nik lagundu diot Sarkozyri agintea hartzen. Nik eman diot lehendakaritzara iristeko behar zuen dirua. Hona etorri zen, nire oihal etxolan bisitatu ninduen Barne ministro zela, eta laguntza eskatu zidan”.
Geroztik Frantzian asko aipatua izan bada Sarkozyren kanpainaren ustezko finantziazioa, orain Fabrice Arfi eta Karl Laske kazetariek lekukotasun eta dokumentu ugariz osatuta eskaini dute Frantzia eta Libiaren arteko harreman kontraesankorrak eta azken herrialde honen txikizioa hobeto ulertzeko azalpena. Mediapart hedabideak plazaratu die ia 400 orrialde dauzkan Avec les compliments du guide (Goraintziak gidariaren partetik).
Mediapartek sarean ipini du lekuko nagusiari egindako elkarrizketa, bideoan. Ziad Takieddine enpresa gizon frantses-libanoarraren ahotik John Le Carréren pertsonaia bat mintzo dela esan liteke. “Egun batean Abdallah Senoussik, Kadafiren atzerriko zerbitzuetako burua zenak, bere etxera deitu eta proposatzen dit ea eramango diodan diruaren zati bat nik neuk Claude Guéant Frantziako Barne ministroaren kabinete buruari. Baina nola egingo dut hori Frantzian sartzeko, galdetu nion. Barne ministroa informatuko dugu eta ez duzu arazorik izango. Ondoren bere anaiak ekarri zuen maleta bat diruz betea, lehenbizikoak 1,5 milioi euro zituela esango nuke, gehienak 500eko billeteak, 200eko batzuk ere bai”.
Biharamunean Afriqiyah konpainiaren hegaldian egingo du Tripoli-Paris bidaia. Aireportuan, inolako arazorik ez maleta aduanatik pasatzeko gainerako bidaiarien artean. Handik autoa hartuta Barne ministeriora. Atarian izena emanda zuzenean kabinete-buruarengana, maleta handia entregatzera.
Takieddinek bi maleta gehiago eraman zituen Tripolitik Parisera, denetara bost milioi euro. Sei urte geroago, al Kadafi hil, gerrarekin bere erregimena desegin eta Libia hondamendi erabatekoan murgildu ostean, maleten bidaltzaile Abdallah Senoussik Nazioarteko Auzitegi Penalaren aurrean berretsi zituen kopuruok, baina ñabardura garrantzitsu bat erantsita: diru hura ez zen bi herrialdeetako zerbitzu sekretuen arteko inolako konponketatarako, baizik eta zuzenean Nicolas Sarkozyri Frantziako lehendakaritzarako kanpainan laguntzeko.
Takieddinen lekukotasunagatik izan balitz, erraz baztertu ahal izango zuten dena Sarkozyren kontrako operazio bat baizik ez dela diotenek. Azken finean, lehendik beste hainbeste ustelkeria kasutan inplikatutako agentea da Takieddine, batik bat armen salerosketan hainbeste aldiz bitartekari lana egin duena. Baina Arfi eta Laskek beste lekukotasun eta batik bat dokumentu askorekin berretsi dute hark esana, Kadafiren eta Sarkozyren arteko harremanen panorama oso bat marrazteraino.
Ez da Sarkozy, Frantzia da
Kazetariek aipatzen duten agirietako batek, epaileek egiazkotzat daukatenak, eskaintzen du eskandaluaren neurria: Libiako zerbitzu sekretuen buru Moussa Koussak Sarkozyri 50 milioi emateko erabakia apuntatu zuen bere oharretan. Ordainketa guztiak ez daude dokumentatuta, baina bai batzuk, Saudi Arabia edo Malasiatik barrena jauzi eginez iristen direnak Pariseraino. Diru horiek agertu dira gero aipatu Guéanten edo 2005etik 2007ra lehen ministro izan zen Dominique de Villepinen sakeletan, zenbait erosketaren fakturekin erakutsi denez.
Diru asko, beti billetetan, eta nonbait gorde beharra zegoena. “2007an –diote kazetariek– Sarkozyren kanpainako zuzendari zen Claude Guéantek kutxa blindatu bat alokatu zuen Parisko banku batean, eta kutxa handia nahi zuenez, eman zioten bat gizona zutik sartzeko adinakoa”.
2005etik 2007ra bitartean Frantziak eta Libiak adiskidetasun handiko bolada bizi izan zuten. 2007ko abenduan 6 eguneko bisita ofizial arrandiatsua egin zuen Libiako liderrak Frantzian. Al Kadafiri komeni zitzaion nazioartean estatu paria moduan zeukan isolamendua hausteko, eta itxurazko maitasun hura garesti ordaintzeko adina diru bazeukan. Bide batez Abdallah Senoussik Frantziako auzitegietan 1998an hegazkin baten kontrako atentatuagatik –170 hildako– zeukan auzia ere askatu nahi zuen. Frantziak berriz Libiari saltzeko asko zeukan, armak bezala teknologia edo zernahi material.
Handik laster iritsiko zen gerra, ordea, 2011n. Arrazoi asko aipa daitezke Libiako matxinadaren eta gerraren pizgarri. Baina zer behar zeukan Sarkozyk Libian hain erasokor jokatzeko? Egia, gerra bat beti ondo datorkio aginteari eutsi nahi dion lehendakari bati, eta hauteskundeak 2012an ziren. Baina, gainera, horrelako gerra nahasietan beti dago arriskua dokumentazio eta froga minberak gordelekuetatik aterata galtzeko, edo komeni ez den norbaiten eskuetara iristeko; ondorioz, hobe norbera okupatzea gera daitezen.
Liburuak, ordea, ez die errua soilik Sarkozy, Guéant, eta enparauei gaineratzen. Erakutsi nahi dute ustelkeria Estatuaren bihotzean dagoela sartua. Frantziako pertsonalitate gorenek Errepublikaren atal ilunenak utzi dituzte fidatzekoak ez diren Takieddine bezalako pertsonen eskuetan. Eta gero dena konplikatzen denean abandonatu egiten dituzte Estatuak egin ezin dituenak egiteko balio duten horiek: diruz betetako maleten eramaileak, berdin paradisu fiskaletan inbertitzeko edo armen salerosketen komisio ezkutuak ordaintzeko.
“Lobby militar-industriala badago Frantzian ere” diote kazetariek. “Erakutsi nahi izan dugu jokabide berak, eta protagonista berak, aritu direla jokoan gutxienik Balladurren garaietan hasita [Mitterranden bigarren lehendakaritzan, 1993-1995] Sarkozyrenganaino”.
Irakurleak galde lezake, arrazoiz, hori horrela izanik nolaz iritsi diren informaziook publiko zabalarenganaino, berandu bada ere. Menturaz lobby militar-industrialak erabaki duelako Sarkozy bera ere aski zukutu ostean ostikadaz kanporatzeko garaia dela?
Zeren eta sekretuak gorde behar direnean erruki gutxi baitute aginte erreal horiek. Libiako petrolio ministro ohi Choukri Ghanem, Sarkozyrentzako diruen lehen erreziboen egilea, 2011n matxinoetara pasea, itota azaldu zen Vienan Danubio ibaian 2012an.
Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]
904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]
Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.
“Interes aurkakotasuna” leporatua zaiola astelehenean ireki da Frantziako Justizia ministroaren aurkako auzia Parisen. Bi astez iraun beharko luke epaiketak.
Krisi ekonomiko betean, 2013an Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu eta artifizialki igo zuela ondorioztatua du Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, eta horren erruz kontsumitzaileek 96,7 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zituztela. Konpainiaren aurkako... [+]
Laguntza publikoak eta afiliatuen kuotak gordetzen zituen kontu korronte batetik lapurtu zuten dirua goi-kargudunek. 2019 eta 2021 artean, 114.175 euro banatu zituztela uste da.
Zortzi urteren ondoren, Bidegi auzia osatzen duten piezetako bat, Gipuzkoako Aldundiak bere garaian jarritako azken kereila, artxibatu egin du Azpeitiko auzitegiko magistratuak. Bere esanetan kereilaren txostena "akatsez betea dago". EH Bilduren ustez "itxiera... [+]
Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.
Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.
Larramendiko Arnasa plataforma ekologistak salatu zuen Amaia Barredo jeltzalea, hondakinak errausteko proiektu bat Bergarako Udalaren irizpidearen aurka baimentzeagatik.
Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.
Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]