“Historiaren estolda-zulotik joandako mundu baten ondorengoak gara”

  • Hernanin bildu gara Luzaiden bizi den bartzelonarrarekin, bilera-oste eta bazkalaurreko tartean. Marc Badali buruzko informazioa bilatzean, honelakoekin egin ohi da topo: nekazaritza ekologikoa, okupazioa, autogestioa… Izan ere, orain 20 urte mendiko eta landa-eremuko esperientzia libertarioak ezagutu zituenetik buru-belarri ibili da gizarte-eraldaketaren praktikan.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Marc Badal Pijoan (Bartzelona, 1976)

Nou Barrisekoa da baina urteak egin ditu Pirinio inguruetan, Huescan eta Nafarroan. Ingurumen zientziak ikasi zituen, eta agroekologiaren alorreko master bat egin. Artikuluak eta liburuak idatzi ditu landa-eremuko talde esperientziez, nekazalgoaren historiaz eta hazien joan-etorriez. Gaur egun, Cristina Enea fundazioko Haziera hazi artxiboaz arduratzen da, eta Kanpoko Bulegoa kolektiboko kidea da.

Nondik datorkizu landa-eremuarekiko interesa?

Landa-eremuko okupazioaren barruan askotariko jendea dago, badaude punkaren girotik zetozenak, hiriko bizimodu eroa utzi eta mendira joan zirenak, gero beste batzuk hippyagoak… Baina gu hiriko militante petoak ginen. Ni neu, nire adiskideak eta gaur egun lankideak direnak buru-belarri geunden sartuta hiriko okupazio-mugimenduan, eta militantzia politikoaren bitartez hurbildu ginen landa- eta nekazal-eremura.

Bartzelonan geundela ezagutu genituen halako esperientziak, Sasé (Huesca) eta Arizkuren (Nafarroa) herri okupatuak, besteak beste, eta gizarte-zentro autogestionatuetako kide batzuk hasi ginen autokritika egiten, ea guk egiten genuen hura, etxe okupetako festetan garagardoa saltzea, nolako autogestioa ote zen.

“Barrikada utzi eta urazak landatzera” joan omen zineten. Nolatan?

Bartzelonan halaxe esaten ziguten, hitzez hitz. Hasieran, mendira joandako haiek ikertzen hasi nintzen, eta gero ni bihurtu nintzen haietako. Mundu berri bat deskubritu nuen herri okupatu haietan, eta sentipen hori oso indartsua da. Leku txundigarriak izan ohi dira, zu bizi zaren tokia ez bezalakoak, eta proiektuak ere izugarriak iruditzen zaizkizu. Gero, sakondu ahala, gabeziak ere ikusten dituzu, baina 20 urteen irakinaldi horretan iruditzen zaizu halako toki batean askoz gehiago landu daitekeela eguneroko baliabideen autogestioa, ez soilik arlo materialean baizik eta harremanetan eta antolakuntza moduetan. Beste kontu bat da gero benetan zer dagoen, eta luze eta zabal hitz egin genezake genero harremanez eta botere rolez, baina praktikaren miseriak dira horiek, proiektu guztietan baitago, printzipioz, hori dena eraldatzeko asmoa.

Zer ingurutan ibili zara?

Hasteko, esan moduan, Sasén egon nintzen, husteko arriskuan baitzegoen eta azkenean hustu baitzuten. Jende mordo bat bildu ginen han Guardia Zibilaren zain, eta ez zetozenez, Arizkurenen antolatu zituzten topaketa batzuetara joateko esan ziguten, eta hara joan ginen. Gero, karrera amaitzera itzuli nintzen Bartzelonara, eta ikasketa amaierako lana egiteko Pirinioetako okupazio esperientziak ikertu nituen, batez ere Garrotxa eta Ripollès eskualdeetakoak. Zortzi urte egin nituen etxean, joan-etorrian, gauzak koordinatzen eta. Nafarroa, Huesca eta Alta Garrotxa ziren nire gune nagusiak.

Zer-nolako proiektuak ziren?

Ildo horretan dabilen jendeak hautatu ohi dituen tokiak nahiko muturrekoak dira, beraz, proiektu gehienek auto-hornikuntza dute helburu. Halako tokietan, normalean kanpoan lan eginez lortzen da dirua, mahatsa edo sagarra biltzen, edo akaso etxean egindako kosmetikoen ekoizpen txiki batekin. Berdurak edo haragia modu ekologikoan ekoitzi eta saldu nahi badituzu, badaude toki aproposagoak, beraz hala egin nahi dutenek bestelako tokietara jo ohi dute.

Hasierako “euforia” pasata, bestelako hausnarketak argitaratu zenituen landa-eremuko astintzearen mugez (Fe de erratas: La agitación rural frente a sus límites).

Urte asko egin nituen estatu osoan hitzaldiak ematen gai hauei buruz. Gero, Madrilgo Bajo el asfalto está la huerta kolektiboko Dani Lópezek eta biok liburu kolektibo bat koordinatu genuen, 50 lagunen testuak eta esperientziak biltzen zituena. Dani Madrilen zegoen eta ni harat-honat ibiltzen nintzen, fanzineak motxilan. Urte luzez egokitu zitzaidan koordinatzaile- eta dinamizatzaile-lanak egitea eta, halako batean, giroan nahiko irakurriak ziren zenbait autore hasi ziren landa-okupazioaz hitz egiten munduko arazo guztien konponbidea balitz bezala, eta hitzaldietan ere bazegoen beti norbait halakoak esaten zituena: “Hemen egin behar duguna zera da, Lakabekoak bezala, dena utzi eta mendira joan”. Joera horri erantzuteko idatzi nuen testua. Urte asko egin ditugu gure proiektuak saltzen eta zabaltzen, eta oso ondo dago, ez diot gure proiektuak zentzugabeak direnik inolaz ere, baina ez ditzagun gure buruak ez besteak engaina, esanez hauxe dela panazea eta denek egin behar luketela guk bezala.

Argazkia: Dani Blanco.

Muga materialak aipatzen dituzu testuan.

Maila materialean, autogestioaren kontua nahiko mugatua da, ezin zara merkantzien ekoizpen industrialaren saretik guztiz atera: gasolina behar duzu, materialak, tresnak… Asko murriztu dezakezu, eta egia da Sasén adibidez bertako buztina eta harriak erabiliz eraikitzen zirela borda txikiak, baina salbuespena da hori. Eta, gero, elikaduraren auto-hornikuntza zertan datzan, ba, oilo batzuk, baratzetxoa, esnea… Inork ez ditu urte osoko zerealak edo lekaleak landatzen. Beraz argi dago hori birpentsatu beharra dagoela.

Edonola ere, zure iritzian, muga ez-materialak dira gakoa.

Arlo pertsonalean eta elkarbizitzan, hortxe egiten dute huts gure proiektuek. Ez da gure kontua bakarrik, oro har mundu guztiak egin ohi du huts horretan, edozein lan-eremu eta familiatan daude gatazkak. Ez gaude besteak baino hobeto, baina ezta okerrago ere. Hori bai, egia da gure proiektuen helburu nagusietako bat dela marko berri bat ezartzea harremanetarako, elkarrekin bizitzeko, hazkuntza pertsonalerako... Bakoitzak jakingo du zer asmorekin joan den halako toki batera, baina esango nuke helburua ez dela, bere horretan, baratzea edukitzea; baratzea bitartekoa da, baratzea nahi duzu zuk ereindakotik jateko, beste pertsona batzuekin batera eraikitzeko eta abar. Hala ere, halako komunitateak ezagutu eta alde egin duen jende asko dagoen moduan, ezagutzen dut Arizkurenen edo Lakaben urte mordo bat egin duen jendea, eta hor jarraitzeko asmoz dagoena. Hortaz…

Zu ez zara hirira itzuli, eta Luzaiden bizi zara orain.

Halako komunitateetan egon garenok, eta horiek utzi arren mendian jarraitu nahi genuenok, %90ak talde txikiagotara jo dugu. Nik aspalditik neukan argi ez nuela talde handietan bizi nahi. Bizi izan naiz beste lau lagunekin, beste bi lagunekin, eta orain dela bost urtetik kidea eta biok gaude Luzaiden.

Zer aldatu da lehen urte haietatik hona?

Bertako jendearekiko harremana. Atzera begira, esango nuke nabarmen aldatu dela hori, guk garai hartan ez geneukan inongo harremanik landan bizi zen gainerako jendearekin, guztiz at bizi ginen, eta harremanik izatekotan liskarra izaten zen gehienetan. Egia da errazagoa dela harremana egitea bi pertsona izanda (eta gainera, senar-emaztetzat hartzen bazaituzte), 20 lagun izanda baino, auzoek ez baitakite nor bizi den han eta nor ez, ez eta bizibiderik ote duzuen. Baina, nire kasuan behintzat, eta uste dut hala zela guztion kasuan, garai hartan ez geneukan interesik han inguruko jendearen historian.

Orain, ordea, bestela da. Apurka-apurka lanagatik ere kontaktuan jarri nintzen ghettotik kanpoko nekazari-antolakunde eta abarrekin, eta hasi nintzen gehiago irakurtzen nekazalgoaren historiaz, aztertzen zer gertatu den bizi garen nekazal-mundu horretan eta, ondorioz, zer pentsatzen duen gure modukoa ez den jendeak.

Argazkia: Dani Blanco.

Hain justu ere, nekazal-mundu zaharraren desagerpenaz hitz egiten duzu oraintxe berrargitaratu den liburuan: Vidas a la intemperie, nostalgias y prejuicios sobre el mundo campesino.

Mendira joan garenoi askotan egozten digute nostalgiko hutsak izatea, historiaren estoldatik bota duten mundu bat berreskuratu nahi omen dugulako, baina, egia esan, gehienok ez dugu mundu hori ezagutzen, nahiz eta gehienok nekazarien ondorengo izan, bigarren edo hirugarren belaunaldian. Nekazal-mundu zaharreko jendeak ez zuen inoiz idatzi bere historia, bestek baizik, gizonek batez ere. Nekazal-munduaz idatzi diren topikoak berrikusi eta desmuntatu nahi nituen.

Nola joan da mundu hori historiaren estoldatik behera?

Faktore askoren ondorio da, eta lurralde bakoitzak baditu bere ezaugarriak. Baina apur bat atzera joz gero, lur komunalen itxiera berebiziko porrota izan zen, XVIII. eta XIX. mendeetan, eta horrekin batera estatu modernoa sortu zen, dena zentralizatu, nekazal ekonomia monetarizatu zuen estatuak… Lurraldearen kudeaketaren kontua errotik aldatu zen, eta sekulako kolpea hartu zuen jende xeheak; gainera, orduantxe, eta ez kasualitatez, industrializazioa abiatu zen, eta proletarioak sortu.

Bestalde, ezin ahaztu Europaren kolonizazio proiektua. Huraxe izan zen, batetik, kapitalaren jatorrizko pilaketaren gune nagusietako bat, ondoren Industria Iraultza egiteko balio izango zuena, baina, horretaz gainera, Karibeko plantazioetan saiatu zen lehen aldiz, modernitatean, eskala handiko monokultibo bat, langile esklaboek jorratua. Azukrea, batez ere. Ekoizpen logika berri bat saiatu zen. Gero, lurjabe europar handiak –Katalunian, esate baterako, Codorniu eta Freixenet–, kolonietan irabazitako diruari esker eta Ilustrazioaren abaroan, hasi ziren agronomia eskolak sortzen eta beren lurretan teknika berriak sartzen. Nekazaritzari buruzko ikuspegi berri bat eratu zen, elikadura-industria abiatu zen…

Eta Espainiako Estatuan?

Espainiako Estatuan, XX. mendean, frankismo izeneko gauza bat gertatu zen, eta 40 urte horietan izugarrikeria handiak egin ziren, baina, besteak beste, landa-eremua hustu zen, nekazal-ekoizpena suntsitu, eta lehen sektoreko erakunde eta sindikatuen indar kolektiboa guztiz desartikulatu.

Ezin izan dut ehuneko ehunean egiaztatu, baina esango nuke herri abandonatuen fenomenoa guztiz espainiarra dela, eta espainiarra diot frankismoaren ondorio delako: Pirinioetan 400dik gora herri daude hutsik. Herriak, bai, eliza, hamabost etxe eta 70 borda handi dauzkatenak. Estatuan, 1.500 inguru dira herri hutsak, kontuan hartu gabe baserriak, masiak eta kortijoak.

Harira itzulita, frankismoaren ondoren trantsizioa etorri zen, ordurako lehen sektore profesionala zanpatuta zegoen, bai antolamendu aldetik bai animo aldetik, eta 1986an, Espainiak Europan sartu nahi izan zuenean, orduan etorri zen azken ezpata-kolpea: Herbehereek, Alemaniak eta Frantziak onartu zioten sartzea, betiere zenbait nekazal sektore saltzen bazituen, batez ere esne-ganadua, erlaitz kantauriarrari eragin ziona.

Aldea nabarmena da, beraz, Euskal Herriko hegoalde edo iparralde…

Bai, Luzaiden argi ikusten da. Gipuzkoako eta Bizkaiko kasua berezia da, industrializazioa dela medio, baina Nafarroa Garaiari adibidez asko eragin zion orain frankismoaz kontatu dizudan guztiak, eta kontrastea egiten du Beherearekin edo Zuberoarekin. Iparraldean jende gazte asko ikusten da artaldearekin, elikadura-artisautzaren legeari esker halako inbertsio handirik egin gabe sal ditzakete gaztak, azoka itzelak daude, eta batez ere, Iparraldeko erakunde kolektiboek eta, oro har, Frantziako nekazari-sindikatuek sekulako indarra daukate. Edonola ere, joera bat dago, eta Iparraldean ere esplotazio txikiek itxi egin beharko dute 20-30 urtean.

Zer joera da hori?

Gaur egun ez dauka zentzurik Europan janaria egiteak, Errusiatik edo Brasiletik edo dena delakotik baitator. Inperatibo ekonomikoak agindutako inperatibo teknikoak dio eskala handiko ekonomiak baino ez direla errentagarri, eta oraingoz posible denez gauzak urruti eramatea petrolioari esker, bada, familia mailako ekoizpen txikiak ez du etorkizunik. Gogoan izan behar dugu, hala ere, oraindik badagoela gure inguruan nekazaritzatik bizi denik, baina datuak ezin dira ukatu. Gipuzkoan, eta aspaldiko datua da, biztanleria aktiboaren %0,8 baino ez zen nekazaritzan ari. Hain justu ere, herrialdeen garapen maila eta modernizazioa halaxe neurtzen dira: zenbat eta nekazaritza gutxiago, orduan eta modernoago eta garatuago herrialdea. Faktore asko daude, baina, esan bezala, erregai fosilei esker jaten dugu gaur egun jaten dugun moduan, eta badakigu horiek agortu egingo direla berandu baino lehen… Beraz, akaso guk ez dugu ikusiko, baina joera derrigor aldatuko da.

Kanpoko Bulegoa

Kanpoko Bulegoa kolektiboan dabil buru-belarri Badal. Hanka bat Luzaiden dauka, landan, eta bestea, berriz, kultura garaikidean: hala, “hor tartean dagoen eremua jorratu nahi dugu”, eta horretarako sortu dute kolektiboa, “landako kulturari eta lurraldeari eskainitako gogoeta-eragilea”. Aurten, Arnegi eta Luzaideko ibarraren bi aldetara bizi diren jendeak bildu dira, eta horren fruitua da bilduma baten lehen alea: Endemis[t]moak: muga bizileku. Informazio gehiago, Baserriko Arte Sarearen webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-12-20 | Hala Bedi
Okupazioaren aurkako neurri berriari ezetz esan diote Gasteizen, hainbat gaztetxek eta kolektibok deitutako elkarretaratzean

Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]


2024-12-09 | Gedar
Asteburuan zehar, ehunka lagun hurbildu dira Durangoko gaztetxe berrira

 Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.


2024-11-06 | Julene Flamarique
Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideen aurkako karguak kendu ditu Fiskaltzak

Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.


Gasteizko Auzolana pilotaleku okupatuaren “Inaugurazioa 2.0” ospatuko dute urtebeteko itxialdiaren ostean

Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]


Herri Labanderia ireki dute Gasteizko Alde Zaharrean, udalak abandonatutako espazioan

Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak

Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


2024-05-14 | Hala Bedi
Gasteizko Alde Zaharreko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Eguneraketa berriak daude