“Gerrillaz mintzatzea ia tabua da Kolonbian”

  • Duela 27 urte hil zioten aita, berak 12 zituela, baina hura ez zen bidearen amaiera izan, erbeste eta urruntze aldi luze baten abiapuntua baizik. Egiaren bila, 2010ean Kolonbiara bueltatu zen María José Pizarro, M-19 gerrillaren buruzagi Carlos Pizarro zenaren alaba, aitaren aldarrikatzaile nagusi bihurtuta. Simón Hernández zuzendariak egindako Pizarro film dokumentalaren beste protagonista dugu María José, haren bitartez aita zenaren figura ezagutzeko aukera izango baitugu. Orduko eta egungo bake prozesuen gorabeherez mintzatu gara berarekin.

Argazkia: Iñigo Azkona.
Argazkia: Iñigo Azkona.

Nola sortu zen Pizarro filmaren proiektua?

Aitari buruzko erakusketa egina nuen Bartzelonan 2009an, eta orduan Simón Hernándezek proposatu zidan nire bilaketari buruzko dokumentala egitea. Aitaren bila ari nintzen, nire bizitza sorterriaren historiarekin konektatzen, hariak lotzen... Erbestetik egindako hausnarketak ziren, Kolonbian bertan egin ezin nituenak. Aitaren kideak izandakoekin elkarrizketak egiten hasi nintzen eta apurka-apurka prozesu kolektiboagoa bilakatu zen, 2010etik aurrera publikoago bihurtu zen. Barne katarsi batetik abiatu zen dena, min sakonak osatu nahian, haurtzaroan bizi izan nuen hau dena eta ulertu beharra nuen, zer gertatu zaigun, zergatik hil zuten aita. Aita eta bion arteko elkarrizketa da filma, bere heriotzagatik eduki ezin izan genuena. Aita ageri da nire bidez, historia beraren bi zati moduko baikara, bion arteko haria osatu dugu.

Zer lortu nahi duzu filmaren bidez?

Oroimenen askotariko eraikuntzari ekarpena egitea, ezin da kontaketa hegemonikoa egon, oroimen bakarra, historia bakarra, ahots bakarra gailendu. Nolabait ahotsik izan ez duten beste sektoreei ahotsa ematea zen gure helburua, matxinada armatuari kasu honetan. Sektore horrek ezin izan du hitz egin, eta sakonki jasan ditu gatazkaren ondorioak. Gerrillaz mintzatzea ia tabua da herrialdean, izugarri gaitzetsi da, beraz, oso erraza da bestearen estigma egitea eta haren hilketa justifikatzea. Kolonbian beste sektore batzuek etsaitzat hartu duten gizartearen parte horri giza aurpegia eman behar diogu, adiskidetzeari ekarpena egiteko modua da, elkarrizketaren logika sustatzeko. Halaber, belaunaldi berrietan hausnarketa eragitea du helburu, beraiek bizi izan ez dituzten gertakariak bihar-etzi errepika ez daitezen.

“Matxinada armatuan ibili den sektoreari ahotsa ematea da gure helburua”

Aitaren zer oroitzapen duzu? Klandestinitatea bitartean, nolakoa zen zuen harremana?

Familiek egunerokotasun uneak bizi izaten dituzte, aitak seme-alabak jaso, eurekin denbora bat eman... Nire kasuan ez da hori gertatu. Oso une gutxitan ikusten nuen, aurrez iragarri gabe, eta itxuraldatuta egoten zen beti, ilea tindatuta edo bibotea kenduta, oso une laburrak baina emozioz beteak ziren, bera gizon jazarria baitzen. Horregatik neu ere jazarria izan nintzen, estatuko sektore batzuentzat Carlos Pizarroren alaba izateagatik gerra ospila nintzelako.

Hedabideetan aitaren inguruko irudi zuzena, osoa eman dela uste duzu?

Faseak egon dira hor, erabat gaitzetsia izan zen, gero idealizatua, ahantzia ondoren... Nik ahalegin handiz sustatu dudan beste bolada honetan historia ahantzi hura egungo eztabaidaren erdigunean jartzea lortu dugu. Beharrezkoa zen orain, bakearen eta kolonbiarren arteko hurbilketaren sinbolo bihurtu delako. Bakearen egungo eraikuntzan ekarpen handia egin dezake Carlos Pizarroren pentsamenduak.

FARC utzi eta beste mugimendu bat sortu zuen, M-19 gerrilla. Zeintzuk ziren bere pentsamendu politikoaren gakoak?

Oso oinarrizko gauzez mintzo zen, maiz etsai bihurtzen gaituen jarrera politikoa tartean egon gabe ere ulergarriak diren gauzez. Demokraziaz zentzu zabalean mintzo zen eta, borroka armatua aukerarik erradikalena bada ere, M-19koak “demokrazia armatua” modura definitzen zuten beren burua. Ahotsen aniztasuna aldarrikatzen zuten, Kolonbian mestizoak gara, baita indigenak, beltzak, europarrak eta iparramerikarrak ere, gure gizartea eraikitzen dugun erari erreparatuta. Osagai horiek guztiek osatzen dute gure gizartea. “Kapitalismo demokratikoaz” mintzo ziren, hau da, kapitalaren existentzia ukatu barik nola egin dezakegun hori demokratikoagoa eta solidarioagoa. Naturaren defentsaz, hedabideen rol arduratsuaz, klaseen arteko elkartasunaz eta kulturen arteko elkarrizketaz ere mintzo ziren.

‘Pizarro’ dokumentalaren afixaren ondoan, Bilbon. (Arg.: Iñigo Azkona)

Segurtasun faltagatik alde egin zenuen baina, urte batzuk erbestean igarota, une jakin batean bueltatzea erabaki zenuen. Zein zen zure helburua Kolonbiara itzultzean?

Alvaro Uriberen garaian jarrera erradikaleko hizkera gerrazalea gailendu zen: besteak ezin du existitu herrialdean. Hark boterea utzitakoan, irekialdia gertatu zen eta gutako batzuk itzuli ahal izan ginen, ordura arte debekatutako hausnarketak egiten hasi ziren eta biktimen onarpen modukoa hasi zen, eztabaida gizarteko beste sektore batzuetara zabaltzen hasi zen... Pertsonalki, etxera bueltatzea, amarekin eta inguruko jendeekin biltzea eta urte luzez partekatu ezin izan genituen uneak berreskuratzea ziren nire helburuak. Politikoki, nire belaunaldiaren ikuspuntutik, eztabaida politikorako ekarpena egiten hasi ahal izan dugu, uste baitut rol protagonista behar duela gure belaunaldiak.

Zure aitak armak uzteko hautua egin zuen eta hil egin zuten. Gauza bera gertatu zen Unión Patrióticako hautagaiekin. Egun, badirudi esku berberak zeudela horren atzean.

Gerran eta buruzagi politikoen hilketen atzean nortzuk zeuden argitzea –askotan izen eta abizen berberak errepikatzen dira–, hori da azken akordioen arabera sortuko den egiaren batzordeak izango duen zereginetako bat.
Orduko baldintzetan armak utzi eta oposizio politiko armagabea egiten saiatzean, aukera zuzena egin zuten?
Hala uste dut. Bakea ez da inoiz hautu erraza, tentsio handia agerian uzten duelako, eta nonbait armagabeturik, babesik gabe zaude. Baina nire aita hil zuten arren, herrialdeak asko irabazi zuen, kontinenteko konstituzio demokratikoenetakoa, herri indigenen eta afrokolonbiarren onarpena zuena. Tamalgarriena aldaketen aurkako sektore erradikalen presentzia izan zen, oraindik hor daude, gatazkaren lengoaia eta indarkeria bultzatzen. Gerraren dinamikak ez dira aldatu Kolonbian eta, tamalez, aita hil ostean gerraren urterik gordinenak etorri ziren, erabateko degradazioa, balioak guztiz galduta. Sektore berberak daude oraindik aldaketen aurkako lanean. Kolonbiak irabazi zuen, baina noski, nik aita galdu nuen eta Kolonbiak oso prestatuta zeuden buruzagi batzuk galdu zituen, eztabaida demokratikoan ekarpen handiak egin zitzaketenak.

Garai hartan indar handia zuten beste eragile horiek (paramilitarrak, gobernua) indarra galdu dute egungo prozesuaren testuinguruan?

Ez. Tamalez, horren erakusgarri dira azken urtean 128 buruzagi sozialen hilketak. FARCek utzitako guneetan sartu eta kontrola ezartzen ari dira bertan. Bake prozesuak ezin izango du aurrera egin talde paramilitarrak kontrolatzen ez badira, hilketa horiek sistematikoak direla onartzen ez bada, belaunaldi berriak eta buruzagi politiko berriak babesten ez badira.

Ezkerreko buruzagi eta hautagaiak hiltzea soka luzeko tradizioa da Kolonbian, XIX. mendetik.

Bai, erosi ezinen hilketa, eztabaida demokratikoa galarazteko, herriaren tragedia handia izan da, buruzagi handiak galdu ditugu: Rafael Uribe, Eliecer Gaitán... Konstantea da gure historian.

“Kolonbiako bake prozesuak ez du aurrera egingo talde paramilitarrak kontrolatzen ez badira”

Zer ezberdintasun ikusten duzu M-19ren orduko bake prozesuaren eta egungo FARCenaren artean?

Munduan giza eskubideen unea da eta M-19k izan ez zuen nazioarteko bultzada handia izan du azken honek. Egungo bake prozesuan mugimendu armatuaren sorreran dauden gaiak eztabaidatzen ari dira, akordioak aurrera egiten badu herrialdea aldatzeko aukerak zabalduko dira. Hala ere, prozesu hau duela 27 urte gertatu izan balitz sufrimendu handia aurreztuko genuen. Harrigarria egiten zait egun FARCeko buruzagiak ikustea garai batean Carlos Pizarrok emandako argudio batzuk ematen, orduan eurek kontrairaultzailetzat gaitzetsitako argudioak. Bestalde, M-19ren desmobilizazio prozesuak bidea ireki zuen beste zenbait mugimendu desmobilizatzeko, Kolonbian, El Salvadorren eta Guatemalan.

Nazioarteko babesa eta kontsentsua gorabehera, nola interpretatzen duzu Kolonbiako gizarteak erakutsitako axolagabekeria eta erreferendumean ezetzaren ustekabeko garaipena?

Ez zuen ezetzak alde handiz irabazi, gainera %64ko abstentzio harrigarria egon zen. Eliza kristauek bake prozesua gaitzetsi dute, tamalez, eliza katolikoak bake prozesua lagundu zuen, baina gero jarrera epel penagarria hartu zuen. Eskuin muturrak indar handia egin zuen ezetzaren alde eta gobernuak, berriz, huts egin zuen akordioak gizarteratzeko lanean.

Egia, justizia eta adiskidetzea hitzetatik zeintzuk falta dira Kolonbian?

Denak: justizia falta dugu, zigorgabetasun endemikoa dugulako; bakea falta zaigu gerran gaudelako oraindik, hilketak ez baitira bukatu. Agian berradiskidetzea da gutxien falta zaiguna, baina sektore askotatik etorri behar da hori, ez bakarrik biktimengandik.

Zer orbain utzi du gerrak zugan?

Gogoan marka asko izan dira, aldarte oneko emakumea naiz baina aktiboa ere bai, ez dut bilatzen jarrera eroso batean kokatzea. Sakrifizio pertsonalak dakartza horrek, izan ere, 40 urte inguruko ama naiz eta bizitza lasaia estimatuko nuke, baina Kolonbia ez da herrialde lasaia, ez da erraza, hori da jaso dugun oinordekotza mingarria. Gure haurrek herrialde ezberdina jasotzea da gure ametsa eta isiltzea ez da aukerarik onena, ezin diegu irabazten utzi sarraskitu gaituztenei. Oroimenak eta erresistentziak ahalbidetu digute jarrera kritikoz behatzea, sormenez eta zuzentasunez jardutea. Gu ez gara inoiz izango haiek bezalakoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbiako bake prozesua
2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-05-24 | Xuban Zubiria
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
“Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea”

Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]


2021-05-19 | ARGIA
Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohia hil dute Kolonbian

Venezuelako mugan Kolonbiako Armadak egindako segada batean hil dutela adierazi du FARC-Segunda Marquetalia izeneko taldeak, FARC-EPk bultzatzen duen bake prozesutik aldendu eta gerrila borrokara itzuli den talde armatuak.


2020-07-08 | Ibai Trebiño
“ELNk ez du baztertzen AEBetako soldaduekin liskar armatuak izatea”

2019an Ivan Duqueren Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketak apurtu arren, ELN erakundeko gerrilari talde batek bakegintzan lanean dihardu Kuban. Habanatik erantzun dizkigu galderak Askapen Nazionalerako Armadaren Komando Zentraleko kide eta negoziazio taldeko buru Pablo... [+]


2020-06-24 | Ibai Trebiño
“Kolonbiako Estatuak paramilitarismoa zuritu nahi du biktimen koordinatzaile berriaren bitartez”

Kolonbiako Gobernuak hartutako erabaki batek hautsak harrotu ditu berriki: Jorge Rodrigo Tovar aukeratu dute biktimen koordinatzaile kargurako, Jorge 40 ezizenez ezagutzen den buruzagi paramilitarraren semea. Haren agindupean torturatu eta hil zituzten biktimen familien samina... [+]


ELNk hilabeteko su-etena iragarri du, koronabirusaren arazoari aurre egiteko

Kolonbiako herriarekiko “keinu humanitario” bat eginez, apirilaren 1etik 30era alde bakarreko su-etena iragarri du Kolonbiako ELN gerrillak. Erabakia NBEk munduko gatazkak eteteko deiaren ostean heldu da.


Johana Acosta, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko (ACIN) kidea
“Ama Lurraren askapena da gure borroka nagusia, konkistan kendu zizkiguten lurrak berreskuratzen ari gara”

Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako... [+]


FARCeko gerrillari ohien gehiengoa “bakearen alde” dagoela adierazi dute Timochenkok eta Lozadak

Ivan Márquez eta Santrichen adierazpenak gaitzetsi dituzte Timochenckok eta Lozadak, eta “bakearen alde” daudela berretsi dute.


2019-07-24 | Z. Oleaga
Lina Arregoces. Kolonbiako FARC alderdiko bozeramailea Venezuelan
“Habanako akordioak aldarrikatu behar dira, ez bakea”

Egoera politikoa ez da gozoa Kolonbian. 2016ko abenduan bake akordioak sinatu zirenetik, 160 gerrilari ohi eta 600 "lider sozial" baino gehiago hil dituzte. FARC alderdiaren barnean egoera gatazkatsua da oso. Ivan Marquez edo Jesus Santrich bezalako buruzagi... [+]


2019-05-31 | Z. Oleaga
FARCeko buruzagi Jesus Santrich aske utzi dute

FARC alderdiko burua ostegunean utzi du libre Kolonbiako Epaitegi Gorenak. AEBetako epaile batek narkotrafikoa egotzita urtebete preso izan da. Bake Akordioak kinka larrian jarraitzen du, eta FARC barnean tentsioak handiak dira.

 


Santrich eta Habanako Akordioen bide tragikoa

Habanan sinatutako akordioa eta egungo errealitatea azalduko ditut, aurreko artikuluari segida emanez eta fokua pixka bat irekiz. Ahaleginduko naiz media nagusienetan oihartzun askorik ez duen aldearen ikuspuntutik egoera deskribatzen; noski, inongo objetibotasun asmorik gabe.


Habanako Akordioa
Zergatik daukate preso Jesús Santrich gerrillaria?

Isolamenduko 26. ziega da berea. Bogotako segurtasun handiko La Picota espetxean daukate. Itsua da duela hamar urtetik Leber sindromearen ondorioz, eta gainera diabetesa du. Hala ere, erabateko bakardadean daukate isolaturik preso. Bi margolari greziarren izena du jaiotzez,... [+]


Argazki bilduma
Bizitza, justizia eta bakearen alde errepideak moztu dituzte 15 egunez Kolonbiako hego-mendebaldeko indigenek

Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizatu eta errepideak moztu dituzte, hainbat nekazari elkarte eta mugimendu sozial eta zibilekin batera... [+]


Eguneraketa berriak daude