Bai ala ez baino harago

  • Aurreko mendeko 80ko hamarkadan jakin zuten zientzialariek emakume bat norberaren obuluz ernaldu ez zen umeaz erditu zitekeela. Orain herritarron ahotan dago gaia, gure ingurukoek egin dutelako edo egin nahi dutelako, eta batez ere, aldeko eta aurkako iritzi abaniko handia dagoelako. Euskal Herrira 250 haur inguru datoz urtero atzerriko emakumeen umetokietan hazita. Hemen debekatuta dago. Eztabaida ez da legeztatu edo debekatu, hori baino askoz korapilatsuagoa da. Konplexutasun hori ulertzeko gakoak eman ditugu erreportajean.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Guraso izatea, desioa ala eskubidea?

Pertsona orok guraso izateko eskubidea dauka ala guraso izatea nahia da? Etxebizitza izateko eskubidea daukagu, ordainpeko lana izatekoa, osasun zerbitzuak jasotzekoa...

Nork du eskubidea zertarako? Gurasoak du eskubidea haurra izateko? Umetokia eskaini duen emakumeak zein eskubide ditu? Eta jaioko den haurraren eskubideak zein dira?

Batzuen ustez, eztabaida honetan desioak eskubide mailan jartzen ari dira, eta eskubide batzuk beste batzuen gainetik jarri dira. Guraso izateko erabaki askeak gainerakoa gailendu du.

Baliabideak eskura izateko eskubidea

Gauza bat da guraso izan nahia eta beste bat horretarako dauden baliabideak denon eskura egoteko eskubidea. Guraso izateko modu bat baino gehiago dago: adopzioa, harrera familiak, obulu eta esperma donazioa, in vitro teknika, subrogazioa... Baliabide horiek herritar guztien eskura al daude? Bikote heterosexualek, gay bikoteek edo lesbiana bikoteek, emakume bakarrek, eta gizon bakarrek, aukera berak al dituzte baliabide horiek eskuratzeko? Maila sozioekonomikoaren arabera ez al dute herritar batzuek baliabide horietara heltzeko aukera gehiago? Baliabide ekonomiko gutxien dituztenak ez al dira jokoz kanpo gelditzen?

Gayen kontua ote da subrogazioa?

Hedabideetan zenbat bikote heterosexual agertu dira ordezkapen bidezko ernalketa edo subrogazioa legeztatzeaz hitz egiten edo atzerritik ekarritako haurrak erakusten? Ez ote ditugu gay bikoteak gehiago entzun? Ahots batzuek diote gayen lobbya lehen lerroan jarri dela subrogazioa legeztatzearen alde. Beste ahots batzuek diote haurdunaldi subrogatuan bitartekaritza lana egiten duten enpresek berariaz bikote homosexual gizonezkoak lehen lerrora ekarri dituztela: “Emakumeekin alderatuz guraso izateko aukera gutxiago dute, guk aukera eskainiko diegu”. Beste kontu bat da ordezkapen bidezko ernalketa egin duten edo egin nahiko luketen bikote heterosexualek zergatik ez duten nahia publikoki adierazten: ez dago ondo ikusia; gurasotasun eredu tradizionalari eutsiz, subrogazioa ezkutuan izan eta gero haurra “betiko eran” izan dutenaren itxura eman daiteke...

Kanadan haurdunaldi subrogatua egin duten bikoteen %20 gizonezkoak dira. Han truke komertzialeko subrogaziorik ez da onartzen, doakoa izan behar du eta osasun zerbitzu publikoen bidez kudeatzen da prozesua. 2014an, 1998 eta 2012 urte artean egindako ikerketaren emaitzak plazaratu zituzten: ordezkapen bidezko ernalketara jo zuten herritarren %80 ez dira bikote gizonezkoak.

VAE eta Subrogalia subrogazioan bitartekaritza lana egiten duten enpresa espainiarrak dira. Antzeko datuak eman dituzte enpresok: Subrogaziora jotzen duten pertsonen %70-80 bikote heterosexualak dira. Gainerakoak gizonezko bikoteak, gizon bakarrak, eta gutxiago emakume bakarrak dira.

Emakumeak bere gorputzaren gain askatasunez erabakitzen al du?

Haurra bederatzi hilabetez bere sabelean izango duen emakumeaz ari gara. Emakume horrek ez al dauka eskubiderik berak erabakitzeko ordezkapen bidezko ernalketa egin nahi duen ala ez? Nor da nor hari ezer esateko? Subrogazioaren aldeko eta aurkako iritzien artean asko azpimarratu den ideia da. Gaur egun, munduan ordezkapen bidezko ernalketa egiten duten emakumeak oso baldintza desberdinetan ari dira horretan, eta egoera sozioekonomiko oso desberdinak dituzte. Bigarren ideia hori da subrogazio komertzialaren aurka hitz egiten dutenek mahai gainera ekartzen dutena. Hau da, gauza bat da norbere gorputzaz erabakitzeko eskubidea eta beste bat behar ekonomikoak eraginda ordezkapen bidezko ernalketa diru iturri berebizikoa izatea. Eskaera dagoelako dago eskaintza, hala diote batzuek.

Adibideak oso desberdinak dira, ordea. Indian emakumerik pobreenak ari dira haurdunaldia burutzen, bitartekaritza enpresen eskuetan euren gorputzak utziz. Haien ohiko bizitzan baino askoz hobeto zainduak sentitzen dira kliniketan, 24 orduz haien osasuna zaintzen (kontrolatzen) dute, eta sekula baino hobeto jaten dute bederatzi hilabetez. Urteetan irabaziko ez luketen dirutza jasotzen dute. Pozik dira emakumeok. Alabaina, zergatik erabaki dute subrogazioa egitea? Zorrak kitatzeko, alabaren ikasketak ordaintzeko, etxea erosteko, alaba “ondo ezkontzeko”...

Oso bestelako adibidea. Kanadako emakumea. Lagun batentzat izango du haurra, diru irabazirik gabe. Atzean ez dago arrazoi ekonomikorik eta prozesua osasun publikoaren bidez kudeatuko da. Hirugarren adibide bat. Ameriketako Estatu Batuetako emakume bat. Ez du Kanadakoak moduan altruismoz izango haurra, berak milaka dolar kobratuko ditu. Ezin du diru-laguntzak jasotzen dituzten herritarren zerrendan egon, bestela ezingo luke tratuan sartu. Familiako ekonomian aparteko dirua izatea da bere nahia.

Hirurek jo dute ordezkapen bidezko ernalketara. Oso adibide desberdinak dira, ordea. Zenbateraino gauzatu da kasu bakoitzean erabakitzeko eskubidea askatasunez? Zenbateraino eragin du emakumearen erabakian behar ekonomikoak?

Haurdunaldian

Emakumeak subrogazioa egiteko duen eskubideaz hitz egin dugu. Beste kontu bat da, hala egitea erabaki eta gero, haurdunaldian zein eskubide dituen eta noiz arte. Erabakitzeko eskubideaz ari garenean ondoko egoerez ari al gara? Haurdunak erabakiko al du umea erditzea edo zesarea egitea? (Diru trukeko tratuetan zesarea baldintzen artean dago: haurdunak gutxiago sufritu dezan, umea politagoa atera dadin, zailtasunak saihesteko...). Haurdunak izango al du eskubiderik umea jaiotakoan berak hartzeko? (Kanadan eta Europako hainbat herrialdetan badute horretarako aukera). Zer gertatuko da eskatzaileak haur bat eskatu badu eta bi badatoz? Haurra gaixotasunen batekin badator, zein da erantzule? Haurduna nor izan zen jakingo al du umeak ala halako informaziorik ez zaio emango?

Nazioarteko adibideak ikusita, oro har, esan daiteke tratua zenbat eta komertzialagoa izan eta zenbat eta bitartekaritza enpresa gehiago izan orduan eta eskubide gutxiago dituela haurdunak. Aldiz, tratu altruistetan eta erakunde publikoen esku-hartze sendoa dagoen tokietan haurdunak haurdunaldian erabakitzeko eskubide gehiago du.  

Familia ereduen abanikoa zabaltzen ari da

Familiak osatzeko gero eta modu gehiago daude. Ordezkapen bidezko ernalketa ez da eztabaidarako dagoen gai bakarra eta ez da azkena izango. Bere bakardadean aztertu eta arautu beharrean testuinguru osoa berrikustea eskatzen du. Aztertu beharko litzateke nola dagoen arautua adopzioa, nork duen adoptatzeko eskubidea eta gaitasuna, zein eskubide dituen adoptatutako haurrak. Harrera familiak ere badaude. Ospitale publiko eta pribatuetan in vitro ernalketa teknikak egiten dira; obulu eta esperma donazioak egiten dira. Osasun sistematik kanpo emakume batek lagun baten esperma baliatzen badu haurdun gelditzeko, ez dago araututa. Dauden aukerentzat eta etorriko direnentzat lege aterkia beharrezkoa da.

Heteroaraua gaindituko ote da?

Mapa azpiko adibideak begiratu besterik ez dago. Ordezkapen bidezko ernalketa arautzeko modu asko daude. Estatu batzuetan bikote heterosexualak baino ez dira onartzen; beste batzuetan bikote heterosexualak eta homosexualak; beste batzuetan bateko eta besteko bikoteak, emakume bakarrak, eta gizon bakarrak.  Heteroarauaz hitz egiteko eta berori gainditzeko aukera ematen du eztabaida honek. Ariketa bera egin liteke gainerako familia osaketa aukeretan; nork du adopziorako eskubidea, nork obulu eta esperma donazioez baliatzeko aukera, eta abar.

Hemen ezin denez, atzerrira doa jendea

Euskal herritarrak Espainiako eta Frantziako estatuetako legeei lotuta daude. Legedi horiek diote debekatuta dagoela haurdunaldi subrogatua. Umetokia behar dutenak kanpora doaz. Hemen arautzearen aldekoek diote, debekuak atzerrira joatera behartzen duela jendea eta hainbat estatutan haurdunaren eta umearen eskubideak ez direla errespetatzen. Hemen diru irabazirik gabeko eta baldintza zorrotzetako sistema ezarriko balitz haurdunak eta umeak babestuko liratekeela diote. Beste kontu bat da Euskal Herriko eskaera guztiari erantzuteko adina emakume legokeen prest umetokia uzteko. Euskal Herrira urtean subrogazio bidez izandako 250 haur iristen dira. 2016an, Espainiako Estatuan (47 milioi biztanle), 800dik gora pertsonak jo zuen atzerrira ordezkapen bidezko ernalketa egitera, eta Kanadan (35 milioi biztanle), era altruistan, urtero beste hainbeste emakumek eskaintzen du bere umetokia.

Bestalde, bai Frantziako Estatuak baita Espainiakoak ere, atzerrian jaiotako umeok erregistratzeko trabak ipini ditu atzo arte. Gaur egun, bi estatuek nolabait legeztatu dute eta haurrak erregistratzeko aukera ematen dute.

Alderaketak egitea saihestezina da  

Ordezkapen bidezko ernalketaz eztabaidatzerakoan etengabe aipatzen da prostituzioa. Bietan emakumearen gorputza erabiltzen da. Prostituzioa legeztatzearen alde dagoenak subrogazio komertzialaren aldeko jarrera izan beharko al luke? Prostitutak bezala umetokia eskainiko dutenak aske al dira haien gorputzak nahieran erabiltzeko? Bata lana bada bestea zergatik ez da izango?

Erantzunak baino galderak egin ditugu artikuluan, gaiaren hari muturretako batzuk haizatu nahian, eztabaidarako baliagarri izango direlakoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurdunaldi subrogatua
Naia Izko, Itaiako kidea
“Alokairu sabelek emakume langileon zapalkuntza betikotzen dute”

Bilbon egin zuten uztailaren 20, 21 eta 22an alokairu sabelen lehen kongresua. Hainbat ikerlari, jurista eta akademialarik parte hartu zuten, Asociación Son Nuestros Hijos, Asociación Gestación Subrogada en España eta Gure Umeen Ametsak elkarteak... [+]


Haurdunaldi subrogatuaren aldeko kongresua arbuiatu dute Bilbon

Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala hasterako bildu dira Azkuna Zentroaren parean. “Erreprodukzioaren merkantilizazioa” salatu eta "alokairu sabelen amaiera” aldarrikatu dute. Itaiak antolatu du elkarretaratzea.


Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala egingo dute Bilbon uztailaren 20tik 22ra

Bilboko Udalaren azpiegitura den Azkuna Zentroak jasoko du kongresua. Hainbat akademizista, ikerlari eta juristek parte hartuko dute bertan. Protesta antolatu du Itaiak, erreprodukzioaren merkantilizazioa salatu eta kongresua bertan behera utz dezaten eskatzeko.


Erosi

Erosi jertse bat, galtza batzuk, zapatak, autoa, etxea, sofa, telebista handi bat eta manta bero bat sofan botata zaudenean telebista handi hori goxo ikusi ahal izateko. Erosi doritos pakete bat, garagardo batzuk eta lagunekin konpartituko duzun pizza.

Erosi. Erosi zure... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Kubako herritarrek baiezkoa eman dioten Familiaren Kode berriak sexu berekoen ezkontza eta haurdunaldi subrogatua onartzen ditu

Kubako herritarrek baiezkoa eman diote Familiaren Kode berriari (orain arte indarrean zegoena 1975ekoa zen). Bertan onartzen dira sexu berekoen ezkontza eta hauek haurrak adopzioan hartzeko aukera, haurdunaldi subrogatua arautzen du eta 18 urtez beherakoen ezkontza debekatzen... [+]


2022-06-23 | June Fernández
“Estatuak ez luke arautu behar familiak nolakoa izan behar duen, askotariko ereduak babestu baizik”

Gizon ez-heterosexualen aitatasun desira ikertu du Borja Muñoz Arrastia sexologoak. Familia nuklearraren eredu hertsia errepikatu baino, umeak hazteko alternatiba komunitarioak sendotzea aldarrikatu du EHGAMeko kideak.


2022-04-06 | ARGIA
Haurdunaldi subrogatuak haurraren eta amaren eskubideak urratzen ditu, Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera

Epaitegietara iritsitako haurdunaldi subrogatu kontratu baten harira, Espainiako Auzitegi Gorena berriz mintzatu da haurdunaldi subrogatuaz. Gisako kontratuek dakarten "adingabearen interes gorenari kaltea eta emakumearen esplotazioa" onartezinak direla adierazi du.


Itziar Alkorta Zuzenbide Zibileko irakaslea
“Haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez da jasangarria”

Itziar Alkorta Idiakez Zuzenbide Zibileko irakaslearen ustez, haurdunaldi subrogatuak giza eskubideen kontrakoak dira. Hala ere, nazioarteko debeku bat posible ez den bitartean, arautze murriztailearen aldekoa da.


Kajsa Ekis Ekman
“Ezin da sabel bat alokatu, emakumea da alokatzen dena eta hori esplotazioa da”

Kajsa Ekis Ekman (Stockholm, Suedia, 1980) kazetaria eta Being and Being Bought - Prostitution, Surrogacy and the Split Self liburuaren egilea da. Gaztelaniazko bertsioa argitaratu du Bellaterra argitaletxeak 2017an: El ser y la mercancía: prostitución, vientres de... [+]


Eguneraketa berriak daude