Bonberenearen inguruan sortu eta hazitako taldeak Kalima disko bikoitza aurkeztu berri du, orain arteko lan borobil, ilun eta osatuena. Era berean, munduaren ikuskera ilundu zaio taldeari eta askoz hitz oldarkorragoak idatzi dituzte. Hazi egin da taldea zentzu guztietan eta, rock talde baten gisa funtzionatu eta konposatzen jarraitzen badute ere, are eta estilo fusio handiagoa du lan honek. Teklatuak areagotu dira, melodiak presente daude, baina oskola geruza sendoagoak ditu, aberatsagoak, eta kanta bakoitzak izaera nabarmenagoa hartu du. Kantek bezalaxe, taldeak bere bidea egiten jarraitzen du. Juantxo Arakama abeslariarekin hizketaldia izan dugu.
Salgai jarri aurretik diskoa sarean doan deskargatzeko moduan jarri zenuten…
Jarri genuen deskarga librean salgai jarri zen une berean. Jendea harritu da, baina guretzat koherentea da. Disko ugari deskargatu ditugu eta gure musika leku gehiagotara heltzeko modua da, ez dugu mugarik jarri nahi. Baduzu formatu fisikoa, baina beste batzuk ere bai.
Aurkezpen kontzertuan aipatu zenuen Glaukomako bost musikariek ez duzuela taldetik dirua irabazten. Zuentzat garrantzitsua da hori bereiztea?
Kristoren errespetua diegu musikaz bizi direnei, baina gure egoera ez da hori. Baina gure inguruan hala dela pentsatzen dute batzuek, eta horregatik argitu nahi izan nuen. Musika egitera 24 ordu dedikatzea oso ona izan daiteke, baina era berean zure independentzia eta askatasuna ez dira berak. Guk atera dezakegu nahi dugun diskoa, nahi dugunean eta nahi duguna kontatzen. Hori oso garrantzitsua da guretzat.
"Musika egitera 24 ordu dedikatzea oso ona izan daiteke, baina zure independentzia eta askatasuna ez dira berak"
Diskoetxe-plataforma oso duin baina apal batean zaudete, baina gero eta jende gehiagok jarraitzen zaituztete. Nola bizi duzue hori? Bertigoa ematen du?
Bonbereneak eskaintzen digu azpiegitura, baina disko bakoitza autogestionatua da. Bertigoa? Ez. Jende gehiagok entzuteak ez du ekartzen beste modu batean funtzionatu behar dugunik eta gu oso harro gaude. Nik astelehenero lanera joan behar dut igual-igual. Baina pozten nau jendeak kantuak gustuko izatea. Gainera, jende gehiagok gu entzuteak ez digu eragiten konposatzean; horri ez zaio inongo arretarik jarri behar.
Aurreneko bi lanak laburragoak eta entzuterrazagoak dira. Oraingoa, baina, disko kontzeptuala, luzea, ilunagoa. Diskoak baino kantuak kontsumitzen diren garai honen kontrara?
Gu diskoekin hazi gara, nahiz eta sound system kulturan ohikoak diren singleak. Baina guretzat lan egiteko formatua diskoa da. Ez zaigu inporta tendentziaren kontra egitea. Hasi ginen orain dela pare bat urte ideiak biltzen, inprobisazioak grabatzen… eta ez genekien disko bikoitza egingo genuenik. Erabat irekita geunden eta hala irten da.
Glaukomak oso melodia borobilak lantzen ditu, itsaskorrak. Kalima-n ere badira, baina askoz gordeago; ilunagoa da disko hau.
Bai, disko ilunagoa da. Gu zaharragoak gara eta oraingo Glaukoma Kalima da. Gure mundu ikuskera hauxe da orain. Dantza egiteaz gain, giro eta testura ilunetan ibiltzea gustatzen zaigu. Disko honek denetatik dauka: 13 kanta, interludio bat, ordu eta piku irauten du. Horrek ematen dizu denetatik egiteko aukera. Ez gaude beti haserre, ezta beti pozik ere, disko hau horren isla da.
Zu batez ere ragga, jungle, hip-hop… zalea zara. Besteak ere? Antzematen da zuen artean denetariko musika gustuak daudela.
Bai, denetariko gustuak daude atzean, baina neurri batean denok gara estilo horien zaleak. Toki desberdinetatik gatoz, baina reggae-a eta rap-a dira batzen gaituztenak. Estilo askotatik edaten dugu eta gure formatua rock banda batena da gehiago, reggae bandek ez dute inondik inora guk bezala distortsioa erabiltzen…
Luze jo dizue Kalima erditzeak.
Bai, baina nahita izan da. Bi disko, bira, Bad Sound System-ekin batera egindako lana… Kristoren erritmoan ibili ginen, eta erabaki genuen disko hau egiteko denbora lasai hartzea. Ez da disko sufritua izan. Gorabeherak beti izaten dira, baina nahi genuen mimoz eta gustuz egin eta hala izan da. Buru-belarri ia urtebete pasa dugu: konposatzen, letrak idazten, grabatzen…
Eta soinuarekin goia jo duzue.
Bai, oso-oso gustura gaude. Oraingoan are eta hobeto elkar ulertu gara Txap-ekin [Karlos Osinaga, soinu teknikaria]. Beti oso ondo ulertu dugu elkar, baina oraingoan pauso bat harago eman dugu. Lehen diskoan ez genekien zer soinu nahi genuen, eta gerora zaila egiten zitzaigun nahi genuenari hitzak jartzea esplikatzeko. Gainera, Txap-ek guk emandako ideia gehiago garatu du. Maisua da, eta berarekin konpartitzen dugun premisa bat da organikoa izan behar duela, hori errespetatuta noraino heltzea da kontua.
Gustura gelditu zara idazten eta abesten? Hitzak idazteko prozesu hori leizean sartuta, zer izaten da gogorra, ilusionantea?
Hitzak idazteko denbora gehiago izan dut eta inoiz baino diziplinatuago aritu naiz. Zorte handia da horrela lan egin ahal izatea. Egin dut negar, barre, haserretu… egoera animiko guztiak pasa ditut.
Taldea oso musikari handiek osatzen dute; eta horren zalantzarik balego, horra hor, Recreation kanta instrumentala.
Diskoak behar zuen kanta hori eta guk ere bai. Azken finean, ni nago txapa ematen kanta guztietan eta behar zuen instrumental bat gogoz egina. Banda bat gara eta reggae eta rap-etik harago goaz. Izan ere, rock taldeek bezala funtzionatzen dugu: guztiok batera konposatuz.
Aurretik jakin bazenu zuen kanta bat Gazteako zerrendan egongo zela, are eta gordinago idatziko zenuke?
[Barre egin du] Apustu bat galdu dut horregatik. Nik ez nuen uste, baina jarri nahi badute asko pozten gara. Kanta eta hitzak onak dira eta garrantzitsuena da abestia eta mezua ahalik eta jende gehienarengana zabaltzea.
Hitzak urte batean idatzi dituzu, baina badira gaurkotasun handiko batzuk: esaterako, EAJk ertzain gehiago izateko saldu gaituela dioena.
Bai, hori azkena izan zen.
“Munduaren iparraldekook gutxietsi egiten dugu hegoaldea”
Eta horra hor Herentzia, Kataluniako gertaerekin bat datorrena…
Hori lehendik idatzita dago, baina Trantsizioaren gaia ia eternoa denez… Hori beti izango da aktuala, zoritxarrez.
Zuen kantetako hitzek beti izan dute gertukoarenganako kritika zorrotza, baina disko honetan posizionatu zarete gehiago, hemen ez dago txantxarako tarterik.
Urte batzuk pasa dira hasi ginenetik, musika industria ere ezagutu dugu, badakigu zer dagoen. Hala atera zaizkit hitzak, gogorragoak, baina lehengo ariketa bera eginez.
Diskoaren diseinua dotorea bezain gordina da.
Dena jasotzen du, kontzeptu guztiak: basamortua, hondarra, itsasoa –hain zuzen ere, diskoaren norabidea–, generoaren asuntoa –Barbie eta Ken–, esklaboak –kontzentrazo esparruen jantziekin–, ihesaldia… Guk nahi genuen diskoa entzun eta gero diseinuak zentzua hartzea.
“Hileta kanpairik ez, hau hasi besterik ez da egin, idor zegoen lurra berdetzen hasi da”. Iraultza rap-etik etorriko da behingoz?
Hip-hoparen gain uztea iraultza egitearen ardura… kontuz! Basamortuaren kontzeptuetako bat da Tolosaldean eta Euskal Herrian, salbuespen batzuez gain, hip-hop eta reggae-a ez dela apenas egon eta are gutxiago euskaraz. Orain, aldiz, badirudi gazteek gero eta gehiago entzuten dituztela reggae-a, hip-hopa, reggaetona… Eta euskaldunek bilatzen dituzte erreferentziak euskaraz: Bad Sound System, Ziribilio Sound…
Hip-hopak jende gaztea engantxatzen du…
Bai, baina gure inguruan gehiago engantxatzen du sound systemak, reggae-ak. Baina azken finean guretzat reggae-a eta hip-hop gauza bera dira. Engantxatzen dute oso musika estilo errealak direlako, benetakoak, kontatzen dizutenak gazteek ikusten dutena, eta horrek asko identifikatzen ditu. Euskal Herrian ez dakit zer gertatuko den, baina egia da munduan rock-and-rolla ez dela jada entzuten den estiloa. Nik oso gustuko dut, baina erreferente izateari utzi dio.
Zer dakarkigu hegoaldeko haizeak? Eta zer ikasi beharko genuke hegoaldetik?
Munduaren iparraldekook hegoaldea gutxietsi egiten dugu, baina hegoaldean badakite zoriontasuna guk baino errazago aurkitzen, badakite beste erritmo batean bizitzen. Asko daukagu beraiengandik ikasteko.
“Kalima, zer preziotan saltzen dugu gure arima”. Ze mixerableak garen guztiok…
Bai. Esklaboak gara denok. Eta esklabo bezala, batzuk kontzienteago, beste batzuk oso pozik esklabo izate horrekin, eta beste batzuk ez hain pozik. Zer den Kalima? Gaur egungo basamortua, postmodernitatea, galderarik gabeko mende baten kronika… Izan ere, gaur egun ez da erantzun falta, galdera falta baizik.
Aurkezpena baino bi ordu lehenago heldu da lan talde jendetsua dena muntatzera. “Baina, aber, tipo bat da rapeatzen eta DJ bat bere atzean-edo eta listo, ez? Zer muntatu behar dute hemen ba?” pentsatu du nire garun batzuetan erabat osatu gabeak. “Amets, ixo... [+]
Ningra da bere izen artistikoa. Raplaria da eta atera berri du Hazia bere lehen bideoklipa, Enbor taldearen eskutik. Kontzerturen batean ikusten baduzue, mundua bide onetik doan seinale.
Arratsaldeko 19:00ak besterik ez dira, baina iluntasuna kaleetan zehar sartu da. Urtarrileko gau hotzen berotasun aterpe bilakatu da Gasteizko Gaztetxea. Foku gorriak piztu eta oholtza ketu da, barra inguruak garagardo botilatxoz bete diren heinean. Hip-hop kulturan murgildu,... [+]
Gangsterrak, drogak eta mafiak eguneroko kontua dira Arrano Pertxaren eta Lengu Ilunaren unibertsoan. “Zipaio” hitza existitzen ez den Euskal Herri independentetik ari dira abesten: “Kostaldeko nafarrak halakoak gara, jokozale drogazale beti kriminalak”... [+]
Arrano Pertxa eta Lengu Iluna rap taldeak Bilborock aretoan joko du gaur Aste Nagusiaren barruan. Gangsta raparen kodeak Euskal Herrira ekarri ditu bikote honek.
Haurrak. Gazteak. Asko. Nonahi. Oraindik hain zaharra ez zarela uste baduzu –30 urteak ondo beteta dauzkagun askori pasatzen zaigu, “30ak dira 20 berriak” eta antzeko milongak saldu dizkigutenetik–, konbentzitu zaitez: bai, dinosauro bat zara ikasleen... [+]
“Haur txiro baten bizitzak, klase ertain edo klase akomodatu bateko beste batenak adina balio du”. Buenos Airesko poliziak 16 urteko Luciano Arruga anaia bahitu eta hil zion Vanesa Orietaren hitzek irekitzen dute Norte Apacheren Juanito Laguna azken diskoa. Hego... [+]
Iruñeko Katakraken ikastaroa antolatu dute musika beltzaren inguruan. Izen emateko epea zabalik da.
Euskal hip hoparen urtea izango ote da 2015a azkenik? Eskaintza falta delako behintzat ez da izango, “euskaraz ez dago rap diskorik” esatea aspalditik debekatuta dago. Aurten publikatu diren bi diskok eta argitaratzear den beste batek merezi dute entzunaldia.
Gurean, quilombo hitza entzutean, guztiek pentsatuko dute gutxi-asko iskanbilaz ari garela. Baina quilomboak ihes egindako esklabo beltzek oihanean sortutako errepublika libreak ditugu. Ez da kasualitatea, beraz, Norte Apache taldearen azkeneko diskoak izen bera eroatea,... [+]
Batzuen artean : Bi herri, irrintzi bat.
Musikherria
Iraupena : 59´30´´
Prezioa : 5€