Drogaren aurkako gerraren izenean

  • Rodrigo Duterte presidenteak zin egin zuen Filipinetako txoko guztiak “garbituko” zituela. Esan eta egin. Droga kontsumitzeaz eta saltzeaz susmagarri ziren 12.500 pertsona hil dituzte jada indar paramilitarrek.

Manilako kaleak ez dira lehen bezain abegitsuak. Ez, behintzat, kalean bizi direnekin. Duela urte eta erditik nekez ikus daiteke espaloietan edo izkina ezkutuetan lo egiten duen herritarrik. Manilako kaleetan beldurra zabaldu da. Izua. “Imajinatu plaza baten erdian zaudela, bat-batean gizon ezezagunak agertzen direla eta tiroz hiltzen zaituztela. Poliziak ez du ezer egingo gertatutakoa ikertzeko, drogen inguruko afera bat delakoan itxiko du kontua. Hori da nire anaiari gertatu zitzaiona”. Hilkutxaren aurrean, Imeldak ez daki zer egin. Anaia hil zutenetik bi hilabete igaro dira eta ez dauka ehorzketa ordaintzeko dirurik. Imelda eta bere familia Manila kanpoaldean bizi dira. Han, emakume eta haur aurpegia ditu pobreziak. “Hilkutxa kalearen erdian jarri dut eta ehorzketarako laguntza eskatzen hasi naiz”, azaldu du lotsatuta Imeldak. Bizilagunek berotasunez erantzun diote eta karta-jokoan hasi dira dirua biltzeko.

Filipinetan izen propioa dauka drogaren aurkako gerrak: Oplan tokhang. Urte eta erdi igaro da Rodrigo Duterte presidenteak shabu edo metanfetaminaren kontrako gurutzada hasi zuenetik. Ordutik, 12.500 indarkeriazko heriotza zenbatu dira kaleetan. Gehienak legez kanpoko exekuzioak dira, poliziak edo ordaindutako hiltzaileek egindakoak. Presidenteak harrotasunez defendatzen ditu: “Nire agindua da hiltzera tiro egiteko. Ez naute arduratzen giza eskubideek. Kaka zaharra adina inporta zait zer esaten duten. Drogen aurkako gerra da hau”.

Lider zigortzailea
Hedabideek “Asiako Donald Trump” batailatu dute Duterte. Haren tonu drakoniar, lohi eta erasokorrak antz handia dauka Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen jarrerarekin. Filipinetako gobernuburuak ondo baino hobeto ezagutzen du legaltasunaren eta ilegal izatearen arteko marra fina. Izan ere, fiskala izan da eta 22 urtez Davao hiriko alkatea. Dutertek agindu bitartean, Filipinetako hiririk arriskutsuena izatetik seguruena eta garbiena izatera pasa zen Davao. Zehar-ondorioa: hirian ezaguna zen “heriotzaren eskuadroia” talde paramilitarrak 1.400 lagun hil zituen, tartean drogazaleak, kazetariak eta oposizioko kideak. Eskuadroiko bi kide ohik salatu dute Duterteren aginduak jarraitzen zituztela, baina justiziak ez du inoiz frogatzerik izan presidentearen eta talde paramilitarraren arteko harremana.

Edonola ere, Duterte indar handiarekin aurkeztu zen 2016ko hauteskunde orokorretara, “etxean egindakoa herrialde osora zabaltzeko asmoz”. Ez zen faboritoa eta ez zuen bozak irabazteko esperantzarik. Baina herritarrak nazkatuta zeuden klase politiko ustelarekin, hain zuzen, hamarkada luzez herrialdea gidatu zuten betiko familiekin. Hautesleek Manilako botere politikotik kanpo zegoen aurpegia aukeratu zuten.

Filipinetako presidenteak lotsarik gabe onartu du opiazeoekiko menpekotasuna izan duela eta horrek min handia eragin diola. Hortik datorkio, agian, shabuaren kontrako obsesioa. Izan ere, drogaren aurkako gerrak kutsu sadikoa du hasieratik. Dutertek gustuko du lider odoltsu eta krudelaren irudia elikatzea. Zaila da esan dituen basakerien artean hierarkia bat sortzea: “Hitlerrek hiru milioi judu hil zituen. Filipinetan hiru milioi drogazale daude, pozik sarraskituko nituzke guztiak” edo “drogazaleak hil ditut, poliziari erakusteko beraiek ere berdina egiteko gai direla” dira haren esaldi polemikoetako batzuk.

Edwin, droga saltzailea: “Narko-estatuan bizi gara. Dutertek ez du ezer egin benetako trafikatzaileen aurka borrokatzeko, metanfetaminaren salerosketarekin aberastu diren enpresariak harrapatzeko”

Negozio handia
Inork ez du zalantzan jartzen shabua arazo larria dela Filipinetan. Dosi batek 50 zentimo balio du eta Osasun Ministerioak eskainitako datuen arabera hiru milioi herritarrek kontsumitzen dute. Halere, metanfetamina ez da gozamenerako erabiltzen. Mutil gazteek, txiroek eta eskulan gogorrak egiten dituztenek kontsumitzen dute gehienean. Shabua lan orduetan aktibo mantentzen laguntzen duen droga da eta oso erabilia eskulangileen eta jeepney (autobus kolektibo) zein taxi gidarien artean.

Geografiak zeresan handia du Filipinen eta metanfetaminaren arteko harreman estuan. Izan ere, shabua produzitzeko beharrezkoa den osagaia, pseudoefedrina, fabrikatzen duen lehen herrialdea Txina da. Asia hegoaldeko oihanak, gainera, paraje aproposa dira laborategiak eraikitzeko eta droga sortzeko. Filipinetan 7.641 irla daude eta eremu askotan ez da inor bizi. Beharbada horregatik, Filipinetan ondoko herrialdeetan baino legedi malguagoa dute drogari dagokionean.

Dudarik ez dago estatuko estamentu asko aberastu direla metanfetaminak eragin duen ekonomia paraleloarekin. 2016ko hauteskundeen atarian, adibidez, drogen aurkako indar bereziek salatu zuten hautagai nagusiek Txinako enpresari haien diru-laguntza jaso zutela bozetara aurkezteko. Are gehiago, Quezom hiriko alkatea kartzelara bidali zuten bertako anbulantziak metanfetamina garraiatzeko erabiltzen zituelako. Txinatik ekarritako furgonetak ziren.

“Gehiegi dakit”
Edwin (izen faltsua) metanfetamina saltzailea izan zen urte luzez. Gameluak  Manilako hainbat auzotako drogaren salerosketa kontrolatzen zuen bi polizien laguntzarekin. Egun, ordea, ezkutatuta bizi da. Edwinek uste du bi poliziek hil egin nahi dutela. “Gehiegi dakit”, adierazi du hotel bateko logelan gordeta.“Dutertek drogaren aurkako gerra hasi zuenean shabuaren negozioan zipriztinduta zeudenen zerrenda bat egitera derrigortu zuen polizia. Ideia zen piramidearen mailarik baxuena harrapatzea, alegia, metanfetaminaren kontsumitzaileak eta saltzaileak”, azaldu du burua berokiaz estalita. “Baina drogaren negozioan sartuta zeuden poliziak beldurtu egin ziren, haien gameluek gehiegi hitz egingo zutelakoan. Hala, hiltzaileak kontratatu zituzten arrastorik ez uzteko”. Edwinen hitzetan, arazoa ez da kontsumitzailearena edo gamelu arruntarena; shabua produzitzen duenarena baizik: “Narko-estatuan bizi gara. Dutertek ez du ezer egin benetako trafikatzaileen aurka borrokatzeko, batez ere, metanfetaminaren salerosketarekin aberastu diren enpresari edo talde handiak harrapatzeko”.

Datuek arrazoia ematen diote. Drogaren aurkako gerra delakoagatik hildako gehienak kontsumitzaile arruntak dira, auzo xumeetako gazteak. Beste asko zeharkako biktimen zerrendan daude. Toki okerrean une okerrean egoteagatik hil dituzte. Eta hala ere, presidentearen ospeak gora egin du filipinarren artean. Hedabideek publikatu dituzten azken inkestek diote herritarren %85ak babesten duela bere kanpaina odoltsua. Presidentearen jarraitzaileak astero batzen dira haren alde egindako kontzertuetan. “Adore handia behar da drogari gerra deklaratzeko eta Filipinetako umeei etorkizun hobea eskaintzeko. Duterte ez da beste politikariak bezalakoa. Zin egindakoa betetzen du eta ez du eroskeriarik onartzen”, dio Mocha Uson pop abeslari famatuak.

Robert Reyes: “Duterteren errepresio-politika ez da drogaren aurkako gerrarekin amaituko. Hasieran drogazaleen aurka egin du, baina gero oposizioko ahots guztiak isiltzen saiatuko da”

Beldur isildua
Ekintzaile politikoak izututa daude presidentearekin. Robert Reyes apaiz frantziskotarrak Ferdinand Marcosen diktaduraren aurka borrokatu zuen eta erbestean bizi izan zen urte luzez. Filipinetara itzultzean heriotza-zigorra kentzeko kanpainari ekin zion eta 2007an lortu zuen bere helburua. Halere, egungo egoera oso arduragarria dela iruditzen zaio: “Hau ez da drogaren aurkako gerra, pobreen kontrako ehiza baizik”. Reyesen esanetan, presidentearen diskurtsoa klasista bezain arriskutsua da. “Funtsean zera da esaten duena: drogazaleek kaleak zikintzen dituzte, itsusi geratzen da eta horregatik bistatik kendu behar dira. Estetika kontua da”. Apaiz frantziskotarrak uste du akats handia dela Duterteren komentarioak txantxatzat hartzea, alegia presidentea zorotzat jotzea. “Duterteren errepresio-politika ez da drogaren aurkako gerrarekin amaituko. Hasieran drogazaleen aurka egin du, baina gero oposizioko ahots guztiak isiltzen saiatuko da”.

Beldurra ez da nolanahikoa. Milaka shabu kontsumitzailek eta saltzailek haien buruak salatu dituzte hilko dituzten beldur. Damutzen direnek errehabilitazio zentroetan izena ematen dute. Helburua da metanfetaminarekiko menpekotasuna kontrolatzea eta handik “garbi” ateratzea. Metodoak nahiko gogorrak dira, ordea. “Zigor-gelatan sartzen gaituzte eta hasierako egunetan ezin gara handik atera”, adierazi du Mark gazteak. Shabu saltzaile ohia bizirik atera zen haren kontrako tiroketatik. “Nire bila etorri ziren eta etxeko leihotik salto egin nuen. Hurrengo egunean errehabilitazio zentro batera joan nintzen bi aldiz pentsatu gabe”. Orain garbi dago eta laster etxera itzuliko da, baina ez da seguru sentitzen. “Heriotzaren mamua garondoan sentitzen dut”.
Errehabilitazio programa da, agian, drogaren aurkako gerraren baitan Filipinetako presidenteak erakutsi duen gizatasun keinu bakarra. Hiltzailea edo salbatzailea? Dutertek berak argi dauka: “Agian historiak presidente ankertzat gogoratuko nau, baina ez zait axola”.

Argazkiak: Cosimo Caridi

 


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude