Planetako jende burutsuenei uneoroko zoriona zerbitzatzen dien Apple multinazionalak Irlandan eraiki nahi du Europako datu biltegirik handiena, 850 milioi euroko inbertsioa datozen 15 urteetan. Ordaindu gabeko zergetan lehendik milaka milioi ostu dizkien arren, irlandar ia guztiek nahi dute Applek berriro hauta ditzan bere negozioetarako. Ez denek, ordea. Bada norbait jarraitzen duena epaitegietan borrokan urrezko sagarraren asmoaren kontra.
Bi urtez auzitegietan katramilatuta eduki ostean, urri hasieran epaitegiek atea zabalik utzi diote Appleri Irlandako Galway eskualdean eraiki dezan Europako bigarren data center handiena. Multinazionalari bere maitasuna irailean kaleko manifestazioz deklaratu zioten Athenry herrian jendeak zoratzen daude. Aldiz, epaileengana jo zuten hiruek adierazi dute helegitea aurkezteko asmoa.
Bata Brian McDonagh da, ustez Applerentzako egokiak ziren beste lur batzuk erosten 22 milioi gastatuta, orain horiek galdu nahi ez dituena. Bigarrena Sinead Fitzpatrick abokatua, proiektua doan eremuaren ondoan bizi dena. Hirugarrena eta benetan hautsak harrotu dituena Allan Daly da, AEBetan sortu eta Athenryko emakume batekin ezkondua, Kaliforniako Sierra Search ingurumen aholkularitzarekin lan egiten duena internet bidez.
Allan Daly joan den udan bisitatu zuen David Gilbert kazetariak, haren argudioak Vice hedabidean biltzeko “Irlandako herri txiki bateko gizon batek pikutara bidal ditzake Applek Europarako dituen planak” kronikan. “Dalyren kezka da Applen data center berria sekulako zama izango dela Irlandako sare elektrikoarentzako. Era berean, Applek ez dauka planik eraikuntza berrietan sortuko dituen gas isuri handiak murrizteko. Proiektuarentzako aukeratu duten lekua ere ez da egokia, Galwayn badira gune egokiagoak dagoenekoz planetan izendatuta daudenen artean”.
2015eko abuztuan jaso zuen Appleren ordezkarien bisita. Athenryko hotel bakarrean egindako hitzorduan, oso gozo mintzatu omen zitzaizkion, “baina argi utzi zuten ez zutela ezer aldatuko, ezer egitekotan egingo zela justu haiek esandako eran eta epeetan”. Munduan gehien balio duen konpainia horrela jokatzera dago ohituta.
Krisi garaiotan, iPhoneen salmentak makaldurik, konpainiaren emaitzak bermatzeko garrantzia berezia hartu dute, iTunes, App Store, iMessage, iPhoto eta gainerako zerbitzuek, datu biltegi handiak behar dituztenek. Eta Europako parlamentuetan kezka eragiten duenez bertako herritarren datuak munduan barrena zabaltzeak, horiek Europan biltzea nahitaezkoa bihurtu da. Oinarrizko negozio atal horretan besteren mende ez egoteko Applek bereak nahi ditu. Badauka bat Danimarkan eraikia eta Irlandako hau izanen da AEBetatik kanpo daukan bigarrena.
Daly ez da izango Irlandak gisa honetako proiektuetan ingurumen kontrol oso eskasak dauzkala dioen ez lehena eta ez bakarra, baina gehienek atzera egin duten bezala berak aurrera jarraitu du. Bide batez esanda, Amazonek Dublingo unibertsitateko campusean egin nahi duen 1.000 milioi euroko beste data center baten kontra ere ari da.
Salaltzen duenez, Dublingo agintariek IDA Irlandako Garapen Agentziaren bidez herritarrei ezkutatzen dizkiete proiektuen benetako ingurumen eraginak, multinazionalak ekartzeko beren obsesioan. Ez da harritzekoa Athenry eta inguruetan herritar gehienak haserre egotea Dalyrekin, eskualdea berpizteko aukera galduko duten beldurrez. Athenry for Apple facebookean ikus-entzun daitezke beren argudioak, Applek ekarriko dien aurrerapenaren itxaropenak eta Dalyren kontrako haserrea.
Viceko kazetaria egon baitzen talde horretako kideekin, Daly aipatuta batek esan zion “proiektu handiak oztopatzen jarraitzen baldin bazuen, bukatuko zuela Michael McCoyk bezala”. McCoyk Dublin inguruko beste herri batean hainbat proiekturi oztopoak jartzen zizkion eta joan den urte amaieran haren gorpua aurkitu zuten jipoituta hila. Hemerotekan bilatuz gero irakur daiteke poliziak ez duela hiltzailerik aurkitu.
Kolonialismo berria Europan bertan
Allan Dalyk kalkulatu duenez, Athenryko data biltegia eginez gero Applek 240 Megawat kontsumituko ditu, hots, Irlandako argindar kontsumoaren %6, herrialdeko etxebizitza guztien laurdenaren pareko. Applek dio, bost urteren buruan gehienez 30 Megawatera iritsiko dela. Dalyk arrapostu, Applek kontabilitatetik kanpo uzten dituela Irlandan dauzkan zerbitzu ugarien kontsumoak.
Kontua da Irlanda kokagune estrategiko bilakatu dela konpainia askorentzako. Batetik, Brexitarekin, bera gera liteke Europar Batasuneko herrialde ingeles hiztun bakar. Eta bestetik, konpainien etekinei jartzen dizkien zergak Europako apalenak dira. Microsoft izan zen lurreratzen lehenbizikoa, 2009an Dublinen ia bost hektareako eraikina ezarriz. Ondoren iritsi dira Alibaba, Google, Amazon, Facebook...
Multinazionalen data biltegiek iaz bertan 300 Megawat baino gehiago kontsumitzen zuten. Horretarako argindar sarean egokitzapen handiak egin behar izan ditu Irlandak, milaka milioi aterata irlandarren sakelatik. Ordainetan, oso enplegu gutxi sortzen dute, Applek Athenryrako 150 aipatzen ditu, Amazonek Dublinen 15 sortu ditu.
Applek dio energia guztia berriztagarrietatik eskuratuko duela. Greenpeacek ere txalotu omen du jarduera hori. Dalyk uste du, aldiz, kontsumo itzel hori lehendik dauden berriztagarrietatik xurgatzea ez dela onargarria, Apple agintariek behartu behar dutela bere ingurumen eragina murriztera. Danimarkak, esate baterako, bertan data center bat eraikitzeko exijitu dio ordenagailuek sortutako beroa aprobetxatzea inguruko etxeen berokuntzan, Seatlen Amazoni eskatu dioten bezala; Kalifornian Googlek teilatuetako euria biltzen du makinak hozteko. Applek antzeko konpentsazio bat egin ahal izango zuen 200 hektareatako oihanaren ordez onartu balu beste lur eremu bat Athenryn bertan, herriko eraikin publikoak berotuz. Baina Apple ohituta dago nahi duen guztia egiten Irlandan.
Zer diren kointzidentziak, Dublingo epaileek Athenryko data biltegiari argi berdea eman dioten egun beretan Europako Batzordeak Irlanda auzitara eraman du Appleri 13.000 milioi euro barkatu dizkiolako zergatan. Iazko irailean agindu zioten Europako agintariek Dublingoei kobratu gabeko zerga horiek eskatzea Appleri. Kopuru izugarriak Irlandaren urteko gastu sozialaren bi heren adinakoak. Baina gobernuaz gain herritarrak ere zorra ez erreklamatzearen alde daude, inkesten arabera.
80ko hamarkadatik neoliberalek beste guztiontzako garapen eredutzat aipatu izan duten tigre zeltak paradisu fiskal baten baldintzak eskaini dizkie multinazionalei. 2008ko krisia lehertu zenean inork ez zituen ukitu horien zerga betebeharrak. Europak ezarritako neurri hori saihestu eta korporazio handioi plazer egiteko edozer egingo du Irlandak: XXI. mendeko kolonia baten ezaugarri asko betetzen ditu, tartean herritarren menpekotasuna. Baldintza horietan, ea nork erakusten dizkion hortzak Appleri.
Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Maiatzaren 28an hartuko dute neurria ofizialki. 1967 aurretiko mugak aitortu dizkiote Palestinari, eta bi estatuen konponbidearen alde lerratu dira. Israelek esan du erabakiak terrorismoa saritzen duela.
Herri bateko familia eta eskola guztiek adosten badute haurrei ez dietela smartphonerik erosiko, akabo seme-alabei mugikorra emateko presioa, akabo mugikorrik ez duen haur bakan horien bazterketa. Bada, Irlandako Greystones hiriko zortzi ikastetxeek eta horietako guraso... [+]
Europar Batasunean inoiz enpresa bati ezarri dion isunik handiena jarri dio Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den enpresari, Meta-ri, herritarren datuen babeserako arauak urratzeagatik. Edonola ere, 1.200 milioiko zigor hori 2022an Metak izandako irabazien %5 inguru... [+]
Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]
Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]
Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]
2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.
Sinn Feinek lehenbiziz irabazi zituen Stormonteko Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan maiatzean eta horrek ematen dio gobernu autonomoa gidatzeko aukera, baina DUP alderdi unionistak uko egin dio gobernuko bere kideak izendatzeari.
Irlandaren etorkizuna hamarkada honetan erabakiko dela eta auzia benetan konponduko dela uste du Sinn Feineko presidente Mary Lou McDonald-ek. Hala adierazi du El País egunkarian.
Irlandarrek bere hizkuntza galdu dute eta ingelesa irabazi. Zer gehiago irabazi dute? Zer gehiago galdu? Astebete egin dut Dublinen, James Joyce-ren Ulysses nobela mardulean oinarri hartzen duen Bloomsday jaialdia bizitzen eta aztertzen.
Lehenago ere ibili izan naiz Irlandan,... [+]