Aurtengo udaberriaren bukaera aldera testuaren egilea Palestinan izan zen, Al-Khalil (Hebron) hirian zein inguruko eskualdean. Bertatik bertara izan zuen beduinoen egoera ezagutzeko aukera, eta Israelgo Gobernuak ezartzen dizkien bizi-baldintza onartezinez oharturik, basamortuko biztanleen errealitatea ezagutarazteko asmotan kronika bat igorri du.
–Oh, fuck! –Ohi baino goizago esnatu da Richard, dutxako txandan lehenengoa izateko asmotan. Gazte ingelesari ikaragarri kostatzen zaio esnatzea, altxatzeko beti azkena izaten da eta bere ibileragatik lepoa jarriko nuke checkpointera iritsi arte eldarnioan egoten dela; batzuetan (ez dut idatziko gehienetan eta are gutxiago guztietan, gaiztotzat hartuko nindukezulako) kontrolgune ilun asaldagarria zeharkatu ondoren eta guzti. Bada, gaur alferrikako lana hartu du, apartamentuan urik ez dagoelako. (H)ura da bere desesperazio iturri lehorra, eta gainerakoona, berria ezagututakoan gainerako pisukideongan zabaldu baita etsipena. Ez dakigu zer maila hartu duen hondamendiak: pisua, etxea, auzoa edo Hebron osokoa. Abu Alik, pisuko jabeak, hasiera batean handik bi ordura arazoa konponduta egongo zela esan badigu ere, azken berria da lau egun pasatu arte ez dugula etxean dutxatu edo bonbatik tiratzerik izanen. Bero ikaragarria kalean, hesteak askatzeko beharra eta eflubio dantza komunean zein logelan. The horror.
*****
–Umm al Kheirra joateko eskaera jaso dugu. Norbait prest? –Luluk ez du galdera bukatzeko denborarik izan. Joxemarik eta biok geure burua aurkeztu dugu ziztu bizian, berezkoak ditugun sentimendu nobleek bultzatuta. Ez genekien nora joanen ginen ezta zertara ere, baina behintzat dutxa bat hartzeko eta, nola esanen nuke, “giro sobera kargatutik” ihes egiteko abagunea izanen genuen. Bai, egoera zailetan euskaldunak (edo) beti lehenengo lerroan (euskalduna ote naiz ni, Mallorcan jaioa eta hazia eta aldi berean euskaraz dakien gizasemea? Digresioa). “Autobusez ala oinez joanen gara?”, galdetu diogu Lulu gure koordinatzaileari. Harridura marka aurpegian iltzatua zuela ikusita, ohartu gara beste ergelkeria bat bota dugula. Hebronetik 19 kilometrora bakarrik egon arren, autoek hainbat buelta eta errebuelta egin behar izaten dituzte herrira iritsi arte kontrolguneak direla eta; oinez joanen bagina geure izerdian itota edo ignizio espontaneoaren biktima hilko ginateke, Umm al Kheir bero izugarriko basamortuan dagoelako. Ez litzateke oso akabera heroikoa izanen. Beraz, Hebronen lan egiten duen umm al kheirtar batekin, Azeezekin, kontaktatu dugu eta berak hartu du gu bere sorterriraino eramateko ardura.
Polizia palestinarraren komisaldegi baten aurrean elkartzea adostu dugu. Azeez iritsi bitartean konturatu gara polizia-etxean giroa lasaia dela, oso lasaia, lasaiegia. Alde Zaharrean bizi izandako esperientzia latz guztiak buruan ditugula, balirudike beste herrialde, planeta, unibertso batean geundela. Edo akaso Palestinako Aginte Nazionala da Who doktorearen telefono-kabinan sartuta beste dimentsio baterako bidaia egin duena? Beste digresio bat.
*****
–Zer ezagutzen duzue nire herriaz? –Poker aurpegia. Bidean Umm al Kheirren berri jakin dugu Azeezen bitartez. Herria 1948ko Nakbaren, hau da, palestinarren exodoaren ondorioa da. Israelgo Estatua sortutakoan, Arad basamortuan bizi ziren hainbat beduinok alde egin behar izan zuten beren guneetatik eta urtetan eta urtetan alde batetik bestera ibili ziren. 1956an Hebron eskualdeko lur horiek erosi zizkieten Yattako bizilagun batzuei, eta han bertan finkatu ziren. Artzaintzan, beduinoen jarduera nagusian, aritu ziren, eta bizimodu arrunta ahalik eta lasaien egiten jardun zuten 25 urtez, hori posible baldin bada munduko bazter honetan. Bazirudien behingoz txokoa aurkitua zutela. Baina 1981ean dena aldatu zen. Israelgo herritar batzuek erabaki zuten beduinoen lur horiek aproposak izan zitezkeela beren etxeak eraikitzeko. Hori normala da, esate baterako neronek ere askotan pentsatu izan dut pisu txikian bizi beharrean, kontxo, zergatik ez?, lorategia duen etxe batean bizi nintekeela, eta dudarik ez dut nire (ia) akatsik gabeko jarduera profesionalak soldata handiagoa merezi duela. Zoritxarrez, Nafarroako Gobernuak ez du Israelgo Estatuak bezain eskuzabal jokatzen eta gure pisu txiki baina atseginean liburuak kokatzeko Tetrixean jokatzen jarraitu beharko dut luzean, eta gehienetan galdu. Israelgo Gobernuak, aldiz, zenbait lur konfiskatu zizkien legezko jabeei, hots, beduino arabiarrei, eta Karmel kolonia eraiki zuen. Herriak zer eskatu, hura eman. Erraza, ezta?
*****
–Iritsi gara. Hau gure Herriko Etxea da. Azken urteetan bi aldiz eraitsi dute eta seguru gaude hemendik gutxira berriz saiatuko direla botatzen. – Etxearen aurrean lagun batzuk metalezko estruktura bat altxatzen ari ziren. Gehienak ez ziren arabiarrak, eta geroago jakin dugu okupazioaren aurkako judu talde bat zela. Oraindik Azeezen autoan oin bat genuela lanean sutsu eta trebe jardun dugu, euskaldunak (edo) baikara, eta Awdah lider itxurako gazte baten agindupean egitura bukatu dugu. Gero, oihal batez estali eta barruan gozo egoteko koltxoi eta kuxin koloretsu batzuez hornitu dugu. Zalantzarik gabe, euskaldunon (edo) ekarpena erabakigarria izan da denda garaiz prest egon zedin. Ameriketara iritsi ziren lehenengo europarrak eta Unibertsoko arrantzalerik hoberenak izateaz gain, jakina da Aitorren oinordezkoak oso iaioak izan ohi direla denda beduinoak eraikitzen Arabiako basamortuetan. Ostrakek noizbait frogatuko dute.
Gure ekintza gogoangarri epikoak herritar dezente ezagutzeko aukera eman digu: Ali, Ahmed, Awdah, Mahmoud... Benetan atseginak. Ez dakit zenbat litro te edan ditugun, eta afaltzera ere gonbidatu gaituzte, bi aldiz! Palestina styleko dieta. Andreek ez dute gurekin afaldu, ez gela berean izan, Azeezen emaztea lipar batez eta ama, luze, izan ezik. Hori bai, kalean gurekin elkartu diren emakumeak oso abegikorrak izan dira eta baten batekin hitz batzuk trukatu ditugu, ohiko agurrak eta antzeko formulismoak besterik ez. Irribarre atsegin batez egin ditugu topaketa hiperlaburrak. Infusioak bata bestearen atzean edan bitartean, herriaren egungo egoera ezagutu dugu.
*****
–Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkaritza etorri zen, agindu asko egin eta 3.000 shekel (770€) eman zizkigun. – Gure harridurarako, Nafarroa ez da zonifikatua dagoen lurralde bakarra. Osloko akordioen ondorioz, Zisjordania hiru eremutan banatuta dago. Hasiera batean, zonifikazio horrek behin-behineko izan behar zuen, eta Palestinako Aginte (ejem) Nazionalak gero eta eskumen gehiago hartu behar zituen Palestinako Estatua sortu arte. Betiko behin-behinekotasun horiek. Ikus dezagun nolakoa den sailkapen hori:
A gunea Palestinako Aginte (benetan?!) Nazionalaren agindupean dago, eta segurtasunaz zein afera zibilez arduratzen da. Lurraldearen % 18 da, eta bai hiri nagusiak, bai beren ingurua hartzen ditu, koloniak izan ezik, of course. Teorian, israeldarrak ez litezke sar zonalde horietan, baina gizakiak oraindik ez du ezagutzen Israelgo armada ahalguztidunak sartzeko eskubiderik eta ahalmenik ez duen tokirik.
Palestinako Aginte (kar, kar, kar) Nazionalak eta Israelgo Estatuak B gunearen kudeaketa partekatzen dute. Palestinarrak eginkizun zibilez arduratzen dira eta israeldarrekin batera betebehar militarrez. Hau da, Netanyahuren neska-mutilak zonalde horretan sartzen direnean Ramallahko gobernuaren indar ausartak oroitzen dira, zera, gunearen beste puntan zerbait egin behar zutela, momentuan burura etortzen ez zaiena, baina seguru daude bidean gogoratuko dutela. Hori bai, harainoko bidaia ahalik eta azkarren egin dadila. Eremu horiek Palestinako lurren % 21 hartzen dute, eta bertan ez dago koloniarik. Nola bestela?
Israelgo Estatuak C gunearen gaineko eskumen zibil eta militar totala du, totalagoa esan nahi dut. Lurraldearen % 61 da, eta honetan bai, kolonia guztiak sartzen dira (horren inguruko zalantzarik?), koloniak konektatzen dituzten errepideak, zeinetan israeldarrek baino ezin baitezakete ibilgailua gidatu, lurrak eta “segurtasun eremuak”, Harresiaren ondoko lurrak kasu. Egun 400.000 kolonok jainkoak emandako eremuan dute etxea eta 150.000 inguru palestinar, gehienak beduinoak, ozta-ozta bizi dira jainkoak oraindik kendu ez dien lur apurrean. Umm al Kheirreko biztanleei azken taldeko partaide izatea egokitu zaie.
*****
–Koloniako oiloek ez dute iluntasuna ezagutzen. Guk ez dugu argindarrik. – Buelta bat eman dugu herrian, azkarra herria txiki-txikia delako. Futbol zelaia ikusi dugu, “Bartzelona ala Madrid?” galderari “Athletic de Bilbao” behin eta berriro erantzunez. Harritzekoa da zenbat dakiten Palestinan Espainiako futbol txapelketari buruz, nik baino dezente gehiago; Osasuna eta guzti ezagutzen dute. Belarrik gabeko zelaitik harri koxkor batzuk kendu ditugu, bihar partida dagoelako eta ahal dela lesioak saihetsi behar direlako, eta ondoren Herriko Etxean argazki batzuk ikusi ditugu, denbora pasan irrikan espero genuen momentua iritsi arte. Noizbait dutxatzeko desio lizuna betetzeko aukera izango genuen! Ura irudikatu dut nire gorputzaren alderdi ezkutuenak freskatzen eta xaboiaren usai goxoa nigandik kirats sarkorra uxatzen, txorrotaren azpian “Ikusi mendizaleak” abestu bitartean; oilo ipurdia jarri zait pentsatze hutsarekin. Baina, oh, fuck!, ezin izan dugu gure ametsa bete, herrian ez baitago ur korronterik eta elementu likidoa oso urria eta preziatua da hemen. Okupazioaren beste ondorio anker bat da.
Mahmoudek azaldu digu Israelgo Estatuak C guneko biztanleen oinarrizko beharrak bete beharko lituzkeen arren, kolonoenez baino ez dela benetan arduratzen. Are gehiago, baldintzak zailtzea beduinoak beren lurretatik aterarazteko estrategia bat da, eta horregatik, adibidez, arabiarrek ez dute ur korronterik, ezin dute dagozkien lurretan eraiki eta argindarra baldin badute, beduinoek beraiek erositako sorgailuari eta eguzki panelak jartzeko Alemaniako laguntza programa bati esker da. Beste estrategia batzuk dira, adibidez, dirua eskaintzea herritik ateratzearen truke edota zuzenean etxeak eraistea eta familiak kalean (beno, kalerik balego) uztea. Lehen aipatu bezala, bulldozerrek Herriko Etxea bi aldiz bota dute, soldaduek eta beren kolore eta neurri guztietako armek babestuta. Bai eraitsitako Herriko Etxea bai suntsitutako beste etxe batzuk Europar Batasunaren laguntzaz eraiki ziren. Gora nazioarteko kooperazioa!
Hala ere, ez dut argindarrarena erabat sinetsi, herriaren gainetik goi-tentsioko kableak pasatzen baitira. Gezurretan harrapatzeko asmoz, Mahmoudi galdetu diot zer diren kable horiek. “Kolonia ikusten duzu?”. Nola ez, herria eta kolonia elkarren ondoan baitaude, hesi batek banandurik. Kolonoren bat footing egiten ikusi dut, besteren bat txakurra ateratzen. Noizbait beduinoena izandako lurrean eraiki dutenak itxura atsegina du, urbanizazio modernoarena, erretiratuak bertan bizitzeko ideala. Lasaitasunaren oasia ematen zuen kolono baten Ak 47 edo Cetme edo dena delakoa ikusi dudan arte. -Bada, kable horiek koloniatik kolonoen oilo haztegira joaten dira. Guk ez dugu argindarrik. -Oilategiraino ibili gara eta egia da, ezin izan dut Mahmoud hutsean harrapatu.
*****
–Ez ezazue uste berehala lokartuko zaretenik. Gaur gauean mintzatu eginen gara, barre eginen dugu eta agian dantzatu eta guzti eginen gara. – Horrela mintzo zaigu Awdah. Trebeziaren trebeziaz eta inon den lanez eraiki dugun dendan eman dugu gaua. Zorionez, eta batzuen uste maltzurraren kontra, ez da erori. Awdah eta Ahmedekin solasean aritu gara eta lehertu arte egin dugu barre gaueko ordu txikietan. Dantza egiteko saiakera bat ere izan da, baina horretan geratu da, jainko guztiei eskerrak, neka-neka eginda nengoelako. Oso gazte atseginak dira eta ez dute gure kiratsari buruzko aipamenik egin. Estimatzen da. Laurok elkarrekin egin dugu lo. Alde txikiagatik izan bada ere, zurrungaren lehian euskaldunok (edo) nagusi.
*****
–Ura itzuli da. Dutxatu gaitezke. – Goizean goiz esnatu gara eta inguruan buelta bat eman dugu eskolaraino. Herrian esan digute unibertsitario asko daudela herrian, Hebronen ikasitakoak. Eta egia ematen du, behintzat gurekin dauden ia guztiek karrera edo graduren bat ikasi baitute, edo horretan ari dira; ikus-entzunezkoak, ingeniaritza, filologia eta irakasle-ikasketak dira ezagutu ditugunak. Hamad heldu den urtean Londresera joanen da Zuzenbidea ikastera, beka bati esker. Esan digu bukatu bezain pronto herrira itzuliko dela, ikasketak burutu nahi dituelako herrikideen baldintzak hobetzen laguntzeko. Auskalo zer ekarriko ote dion etorkizunak.
Eskolatik bota gaituzte azterketak egiten ari zirelako eta gure presentziak arreta galarazten omen zielako ikasleei. Bale, bagoaz. Bidean artzain batekin egin dugu topo eta elkarrizketa bizia izan dugu, hark arabieraz eta guk ingelesez, konturatu arte berak gure ingelesa guk bere arabiera bezain “ongi” ulertzen zuela; beraz, arabiera-euskara izatera pasatu da solasaldia. Esan nahi nuke munduko herri zapaldu guztiok hizkuntza berbera dugula, hau da, elkartasunarena, edo horrelako lema epiko-poetikoren bat bete dela, baina egia berdaderoa da ez diogula elkarri deus ulertu. Eta hala ere denbora dezente eman dugu keinuak egiten, interpretatzen saiatzen eta sekulako azalpenak ematen.
Bazkal ondoren futbol partida ikusi dugu, arratsaldeko 16:00etan! Imajinatzen ahal duzu futbol partida bat sauna batean? Bada, horrelako zerbait antolatua zuten. Beharrik duela urte batzuk belauneko lesioa izan nuen, suizidio kolektibo saiakera horretan parte ez hartzeko aitzakiarik ezin hobea izan baita. Joxemarik ez du aitzakiarik asmatzen minutu bakar bat ere galdu; kamera eskuan, eserlekutik altxatu eta irudi batzuk hartzen hasi da. Etxeko taldeak irabazi du, noski. Bestalde, Luluk hots egin digu eta, besteak beste, dutxatu berri zela kontatu digu. Richard ere dutxa hartzekoa omen zen, siestatik esnatutakoan. Inbidia bekatu txarrenetakoa omen da eta gu bekatari handiak gara. Badugu ura pisuan.
*****
–Itzuliko zarete? Esaiezue zuen lagunei hona etortzeko nahi dutenean. – Despeditzeko ordua iritsi da, Hebronerako bidea hartu behar baikenuen. Mesedez itzultzeko esan digute eta guk baietz, itzuliko garela. Gurekin elkartu diren lagunak benetan maitagarriak eta atseginak izan dira, hunkitzeko punturaino, are gehiago bizi duten egoera ezagututa. Eta ez nuke palestinar guztiak (edo, esate baterako, Amazoniako indigena guztiak, edo arbizuar guztiak une orotan) superfantastikoak direla dioen topikoa adierazi nahi, baina egia da gurekin izan diren beduinoek gustura baino gusturago sentiarazi gaituztela. Nolanahi den ere, batez ere bueltatuko ginateke nazioarteko ordezkarien presentzia beharrezkoa delako Umm al Kheirren; horrela jakinarazi digute herriko biztanleek. Ziur dira edozein momentutan bulldozer israeldarrak etxebizitza gehiago eta Herriko Etxea berriro eraisten saiatuko direla. Zoritxarrez, litekeena da Europa edo Ameriketatik etorritako lagunak izanda ere, etxebizitzen bukaera aurrekoen antzekoa izatea; baina, aktibisten testigantzari esker, injustizia hori ez litzateke isilpean gordeko, edo isilpe absolutuan ez, behintzat.
*****
–Atera zaitez komunetik, Richard! Go out! Dutxatzeko ni lehena! Ez, nik gehiago behar dut, hautsa gorputzaren zulo guztietan sartua dut eta! – Oihuka eta prakak jaisten hasiak sartu gara pisuan Joxemari eta biok, dutxan lehenago nor sartuko zen lehia gupidagabean buru-belarri. Oilo-ipurdia, freskotasuna, usain goxoa, plazeraren plazera, akabosea... “Mutilok, CPTkoek hots egin digute Mahmounn atxilotu dutelako”, izan da Luluren agurra. Merkatuan atxilotutakoan, soldaduak bere etxera joan dira anaia txikiaren bila. Zorionez mutikoa ez zegoen han, baina militarrek familiarrak mehatxatu dituzte: esan diete gutxien espero dutenean itzuliko direla, Mohanned harrapatuz gero hil arte jipoituko dutela, eta senideak ere egurtuko dituztela. Eskatu digute faborez gaua beren etxean pasatzeko, benetan ikaraturik daudelako. Goazen lehenbailehen.
–OH, FUCK!
Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.
Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]
Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]
Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.