“Une egokian, Mossoek ez dute Kataluniako herriaren kontra egingo”

  • Politikari gutxik jaso ditu horrenbeste txalo eta irain hain denbora laburrean. Bilorik ez diozu ahoan aurkituko, salbuespenezko garaiotan, Espainiako politika astindu duen outsider katalan honi. Esquerra Republicana de Catalunyaren Bartzelonako egoitzan hartu gaitu Gabriel Rufiánek. Mediaseteko kamerak zain ditu atean, baita kalez jantzitako hainbat polizia ere. Elkarrizketa egin eta bi egun geroago Guardia Zibilak Generalitateko 12 goi kargu atxilotuko ditu, tartean bere alderdikide batzuk, eta milaka lagunek kaleak okupatuko dituzte Kataluniaren aurkako estatu kolpearen lehen kapitulua salatzeko.

Argazkia: Jordi Borràs
Argazkia: Jordi Borràs

Sei urteko seme bat daukazu. ¿Nola uztartzen dira garaiotako martxa frenetikoa eta familia?
Politikagintzaren lehen lerrora salto eman genuenean, Joan Tardàk esan zidan lehen gauza zera izan zen: “Asko zaindu familia”. Hori egiten saiatzen naiz geratzen zaidan denbora apurrean.  Ez ditut nire ingurua, bizilekua eta gertukoak aldatu. Berdin-berdin tratatzen naute, ea hori mentalki oso ondo datorkit. Baina egia da, lan honen alderik txarrena dela hau.

Nola daramate presio mediatikoaren gaia?
Unearen arabera. Badira momentu korapilatsuagoak. Hemen eta Madrilen ez dut aparteko esperientzia txarrik izan. Jaso dudan bakarra animoak eta maitasuna dira. Lehen ez genuen emazte eta semearekin bizitza sozial handirik egiten eta orain ere ez.

Zapaterok, berriki egindako elkarrizketa batean, esan zuen eskuineko nazionalismoak ez zuela independentzia aurrikusten, eta independentista zirenek ere ezin zuten imajinatu egoera hau hain goiz emango zenik.
Horrelako argudioek berresten dute orain 10-15 urte independentista ez zen jende multzo bat egun independentziaren alde dagoela. ‘Haitzulo’ mediatikoaren arguditeriaren parte da politikari eta lider katalanez asko hitz egitea eta oso gutxi kalean gertatzen denaz. Azken batean, beste batzuez aritzen dira beren buruaz hitz egin behar ez izateko.

Gutako asko Espainiako Estatua aldatzen saiatu gara, baina, azkenerako, ulertu dugu estatua aldatzen dela Kataluniakoaren moduko prozesu politiko baten bitartez; nahiko nuke, egunen batean, estatuko gainerako nazioek bide beretik ekitea.

Guardia Zibilak erreferendumaren webguneari ezarritako zentsura informatikoki gainditzeko irizpideak zabaldu ditu  nork eta Generalitateko president-ak. Oso gauza eroak gertatzen ari dira egunotan, ezta?

Bai [barre artean]. Batzuentzat ‘shock’ hutsa da, baina hemen, salbuespenezko garaietan, salbuespenezko koalizioak egin ziren eta oso bestelako munduetatik zetozen pertsonak, Carles Puigdemont eta Anna Gabriel kasu, egun jardun berean ari dira.

“Zilegitasuna vs agintea” al da bizitzen ari garena?
Nik uste baietz. Estatuak legeak baino ez ditu eskura; gau bakar batean beraiek aldatu zuten konstituzio bat, 40 urtez bortxatu dutena, 47 eta 128 artikuluak kasu. Aldiz, egun, paparra jasota aldarrikatzen dute. Erabateko hipokresia da. Gizartea ez da legeen arabera moldatu behar, gizartea da legeak egokitu behar dituena. Gainera, gauza bat da legalitatea eta beste gauza bat, oso bestelakoa, zilegitasuna. Orain 80 urte, egunean 8 orduz lan egitea, greba egiteko eskubidea edo bozkatze unibertsala legez kanpokoak ziren.

Argazkia: Jordi Borràs

Bidean honakoa zioen kartel batekin egin dut topo kalean: "Desobedientziarik gabe, ez da independentziarik".
Ni oso eroso sentitzen naiz desobedientzia hitzarekin, baina, zinez, uste dut askoz zuzenagoa dela norberaren buruarekiko obedientziaz hitz egitea. Horixe da Kataluniako parlamentuak egin duena: bere buruari obeditu, hitzemandakoa bete eta agindu independentistari hutsik ez egitea. Oposizioa, era ez-zilegi batean, kexu zen hauteskunde-programa betetzen ari ginelako, hain zuzen. Apaltasun osoz diot, horixe da politikagintzaren etorkizuna. Kataluniako parlamentua erakusten ari da ondoren gertatu behar duena, baita Espainiako Kongresuan ere.

CUPeko alkateak agindu judizialak desobeditzeko prest agertu dira. Zenbait girotan azkura eragin du erabaki horrek, Mossoekin gatazka eragingo duelakoan.
Puigdemontek berak, gutako batzuen antipoda ideologikoetan dagoenak, esan du ez diola balizko inhabilitazioari men egingo, President-a jarri edo ken dezakeen bakarra Kataluniako herria delako. Gauza bera adierazi du Oriol Junquerasek. Aurrerapauso handia da, inoiz horrelako urratsik egitea askori pentsaezina egiten zitzaion pertsona batzuen aldetik.

CUP eta ERC-ko alkateek, baita PDeCATekoek, eta, seguruenik, beste alderdiren batekoek ere, egingo dutena ez da desobeditzea izango, beren jendearekiko konpromisoa betetzen saiatzea baizik. Lehen, bozkatzera ez joateko edo ezetza bozkatzeko asmoa zuen pertsona asko, egun, bozka ematera joango da eta batzuk baietzaren aukera aztertzen ari dira, ulertu dutelako ez dela zilegi haien herrian demokratikoki hautatu duten alkatea jazartzea.

Oriol Junqueras, Ada Colau eta Carles Puigdemontek sinatutako eskutitz batean Espainiako Gobernuari, Mariano Rajoyri eta Felipe VI. Erregeari eskua luzatzen zioten berriz elkarrizketari ekiteko.
Ez dut oso ondo ezagutzen eskutitzaren negoziazioa nolakoa izan zen, baina egon zela imajinatzen dut.  Kataluniako herriak, bere ordezkari politikoen bitartez, lau edo bost urte daramatza mahaian eserita bestaldean norbait jarri zain. Ezinbestekoa da islatzea Kataluniako herria azken egunera arte negoziazio mahaian izan zela eta jaso zuen erantzun bakarra erabateko errepresioa, zapalkuntza eta Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bidaltzea izan zela. Hori nazioarte mailan, hurrengo bataila jokatuko den eremuan, oso garrantzitsua da.

Urriaren 1az galdetuta, batzuk estatu kolpeaz mintzo dira, beste batzuek diote, erreferenduma egitekotan, arazo asko izango direla...
Egia esan, erreferendumarekin lotutako pertsona edo bileretan, nik ez dut ezagutu plan alternatiboren bat proposatu duen inor. ERC eta CUPen aldetik guztiz ziur nago horrelakorik ez dagoela, eta PDeCATen aldetik ere, uste dut ezetz. Erabateko gehiengoa daukagu parlamentuan, milaka eta milaka pertsona daude kalean eta president-ak, presidente-ordeak eta gobernuak oso argi daukate erreferenduma egin egingo dutela. Hori nola geldiarazten da? Guardia Zibila jendea atxilotzera bidaliz? Komunikabide eta inprimategien aurrean poliziak jarriz? Erreferendumaren posterrak bahituz? Lapurtu ostean kartel horiek kalean jarrita baino famatuago bilakatzen ari dira eta. Geldiezina da. Joan Tardàk ondo dioen gisan, historiak egiaztatu du ez dagoela demokrazia gelditzerik, jendea kalean geldiezina dela. Erreferenduma egin egingo da, beste alternatibarik ez dagoelako. Liskar eta gatazka politikoak hautestontzien aurrean konpontzen dira.

“Gauzak aldatzeko aukera bat baino ez da Kataluniako independentzia. Hori besterik.”

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ez dira erreferendumaren aurka lanean ari diren agente bakarrak. Herri askotan Udaltzaingoa eta Esquadra Mossoak dira jendea jazartu ala zentsura aplikatzen ari direnak.
Guardia Zibila komunikabide baten aurrean jarri denean, guk ez ditugu haiek seinalatu. Areago, gu Espainiako Kongresuan duintzen saiatu gara guardia zibilen lan-baldintzak, kasu askotan oso kaskarrak direlako. Klase politikoarena da erantzukizuna. Gure aldetik arduragabea litzateke polizia hau edo beste seinalatzea. Baina ziur naiz, une egokian, Esquadra Mossoek ez dutela Kataluniako herriaren aurka egingo.

Poliziak bahitu ditu 100.000 kartel kalean inork ikus ez ditzan, baina aldi berean “legez kanpoko” kartel horiek Twitter bidez zabaldu ditu mundu osoak ikus ditzan.
Dramatikoki, Espainiako Barne ministro Zoidok horrelako txioak idazten ditu, horri esker hauteskundeak irabazten dituelako. PP, Ciudadanos, Auzitegi Konstituzionala, Fiskaltza eta Aranzadi brigada mediatikoak horrela jokatzen dute Espainiako Estatuan hauteskundeak irabazten dituztelako era horretan. Hemen, aldiz, bigarren mailako alderdiak dira, PP bereziki.

Anaiatzat ditugun politikari batzuek kontrakoa irudikatu arren, Rajoy ez dago Moncloan efektu meteorologiko baten ondorioz. Berak hauteskundeak irabazten ditu, eta are gehiago irabazi ditu Carme Forcadell epaileen aurrera eramanez. Pankartak egiteko txantiloiei argazkiak eta bideoak eginez, Pablo Escobarren kokaina bailiran, irabazten dituzte hauteskundeak Espainian.

Guda mediatikoa lehen lubakia da.
Orain dela urte batzuetatik hona fronte mediatikoaren erasoa sufritu dugu. Euskal Herrian ezker abertzaleak aspalditik daki hori zer den. ‘Lokatzaren makina’ da, Umberto Ecok dioenez. Zenbait hedabidetara joaten garenean oso ondo dakigu zertara goazen. Azken aldion ehunka elkarrizketa egin ditut. “Ideiarik ere ez dut” esanez bi galdera baino ez ditut erantzun. Bat da “Nola botako duzue armada?” eta bestea “Nola hartuko duzue aireko espazioaren kontrola?”. Zintzoki, ez dut ideiarik, baina ziur naiz era baketsuan izango dela eta ez dela ezer gertatuko. Baina hori erantzutea nahikoa izan da milaka bideo egiteko ideiarik ere ez dudala esanez. Xabier Garcia Albiolek arrakasta handiko txioa idatzi zuen hortaz eta, areago, Kataluniako Parlamentuan Joan Coscubielak “ideiarik ez duen diputatua” deitu zidan. Oso ondo ulertzen dugu zertaz doan hau dena. Etxetik negar eginda gatoz.

“Bruneteak” ez du hitz egingo nola Estatu batek herri baten aurka egingo duen, nahiago dute denbora gehiago inbertitu jantzi dudan arropaz edo nire tonuaz aritzeko. Baina guk zentzu kritiko batez interpelatu nahi dugu telebistan edo Youtuben ikus gaitzakeen jendea. Momenturen batean buruan kirrinka egin diezaien. Apurka-apurka lortzen ari da. Maila pertsonalean, alde ikaragarria ikusten dut Madrilgo burbuila mediatikoaren eta Kataluniako egoeraren artean. Lan handia beharko da hori aldatzeko.

“Kataluniaren aurkako guda zikina ez da iraganeko kontua, egun ari da gertatzen”

Eztabaida eta kontraesanak Kataluniako hedabideen barruraino ere heldu dira. Hor dago Ara egunkariaren kasua, erreferendumaren publizitate ofiziala ez jartzeko erabakiaren harira sortutakoa.
Alderik ahulena dela uste dut. Nire aldetik ez litzateke oso bidezkoa izango orain komunikabide baten aurka egingo banu, bakoitzaren ustez bere lerro editoriala ei denari egoki erantzun ez diotelakoan. Ez litzateke justua izango langileentzat. Hedabide guztietan dago jende duina. Guztietan. Hori da nik ezagutu dudana, bereziki Madrilen.

Ziurra dena da Katalunian gertatzen dena ezkutatzen saiatuz gero, azkenerako, galtzaile aterako direla. Gertatzen ari dena estaltzen saiatzen denak, mediatikoki ordainduko du urriaren 2tik aurrera.

Cuatro telebista katean zuzenen sartuko naiz orain, eta ondo dakit ez nautela ondo tratatuko. Haserre ikusi nahi zaituzte. Katalan bat, arrazoi apur bat duena, baina haserre dagoena. Baina ikusten dutenean gai zarela baita haiek trolleatzeko ere, edo ziurtatzen diezuenean hemen ez dela ezer erretzen ari, haiek dira deseroso jartzen direnak. Erabateko astakeriak esaten dira. Madrilgo telebista bateko platoan dagoen tipo batek azaltzea zuri zu zeu bizitzen ari zaren errealitatea, kurioso xamarra da.

Beste adibide bat jarriko dut. Pasa den asteko larunbatean Alberto Garzóni elkarrizketa egin zioten La Sexta Noche-n. Ordu erdiz aritu zen enplegua sustatzeko Izquierda Unidaren neurriei buruz. Ni poz-pozik joango nintzateke edozein hedabidetara gure enplegu politikaz solastera, baina ez, nik Puyoli buruz hitz egin behar dut. Dramatikoa hau horrela esatea, baina hala da. Ondo dakigu zertara goazen.

Gero eta errepresio handiagoa, orduan eta elkartasun eta mobilizazio handiagoa. Hori al da ekuazioa?
Ez. Oxala errepresiorik ez balego, baina egon egongo da. Bortizkeria judizialak jarraituko du. Inhabilitazioak. Guda zikina. Guk ondo egiaztatu dugu “Catalunya operazioa” ikertzeko Kongresuan eratu zen komisioan. Guda zikina ez da iragana, gaur egun gertatzen ari da eta gertatuko da aurrerantzean ere. Egia esan, seko aspertuta egongo dira gure atzetik dabiltzanak, oso bizitza aspergarriak ditugu eta.

Prozesuak aurrera egin ahala, Kataluniako gizarteak ezkerrerantz egin duela begi-bistakoa da.
CUPen moduko agerpenak dira horren bermea. Kasu askotan haiek izan dira prozesu honen lema, jende askoren kontzientzian kilker hiztunarena egin dute. ERC alderdia gero eta handiagoa da, askotariko pertsonak biltzen ditu. Horrek indar politiko garaile bihurtzen du. Nire itxaropena da, noizbait, horrelako zerbait gertatzea ezker abertzaleari Euskal Herrian.

Beste ezker batek, Podemosek, dio Rajoyk alde eginez gero, dena aldatuko dela. Hori oso diskurtso tranpatia da, esan nahi duelako PSOE, Ciudadanos, Auzitegi Konstituzionala eta enparauak konbentzitu behar dituzula. Anaitasuna eskatzen digute. Baina gure ustez hori beste gauza bat da, adibidez, irabaz dezakeenari irabazten uztea eta ez esatea zain egon behar dela besteak irabazi arte.

Burgesiari buruzko galdera ondokoa da: zergatik da txarra PDeCATekin autodeterminazio prozesu bat adostea eta, aldiz, ona da PSOErekin adostea Espainiako erreforma? Momentuz, erantzuna isiltasuna izan da.

Argazkia: Jordi Borràs

Ezkerreko beste sektore batzuk prozesura batu daitezen errazteko, ez al zen interesgarria izango gaurdanik balizko errepublika katalana definitzen hastea?
Ematen du hortaz ez dela hitz egiten, baina ez da guztiz egia. Kalean eta ekitaldi politikoetan aipatzen da. Baina aukera hori etorriko da, emaitzaren arabera, laster hauteskunde konstituziogile edo autonomikoak izango ditugulako. Orduan bakoitzak azaldu ahalko du bere herri proiektua.

Bestetik, Kataluniako Parlamentuak, inguruan zarata handia izanik ere, oso aurrekontu sozialak onartu ditu ezbairik gabe. CUPen babesa horren bermea da. CUPek, oso independentistak izanik ere, ez luke inoiz baietza emango, gure historian gastu sozial handiena duten aurrekontuak ez balira.

Ez al duzu uste azken aldian prozesuaren hanka instituzionalenak protagonismo handiegia hartu duela?
Epika handiko eta konfeti askoko une bat izan zen. Oso politikoa izan zen beste une bat ere izan zen, orduan aurrekontu bat eta gehiengo parlamentario bat adostu behar izan ziren. Artur Masek hanka egin behar izan zuen garaia zen.  Saihetsezina zen kalearen unea instituziora mugitzea.

Egun, logikoki, oso kalekoa den unea bizi dugu. Agian kanpotik eman lezake instituzioek aginte osoa dutela, baina gure hurbileko historian politikari katalanak tresna baino ez dira izan. Hau da, hau guztia geldiarazteko Moncloara bidaia bat egitea bururatuko balitzaio norbaiti, jendea gainetik pasatuko litzaoke. Norbaitek Rajoyri eskua emanda, imajinatzen al duzu horrelako argazkirik? Horrelako egoerak oso gutxitan bizi izan dira politikan.

Estatut berriak ilusio handia piztu zuen jende askorengan. Horren isla nagusia izan zen Artur Mas, Lluran i Lleida eta Zapateroren arteko argazkia. Eta ez zen ezer gertatu. Hori gaur egun pentsaezina da.

Ulertzen dut esaten duzuna, baina ANC eta Súmate herri plataformetatik natorrenez eta barrutik ikusi dudanagatik, ez dut hala ikusten, baina agian arrazoi duzu.

“Espainiako ezker bat dugu aurrean, borroka eta desobedientziatik datorrena, oso duina eta ausarta, baina Kataluniaz ez duena ezer ulertzen”

David Bonvehí-k, ardura handiko PDeCATeko kidea, orain hiru aste esan zuen estrategia aldatuko dutela urriaren 1eko erreferendumaren emaitzak txarrak badira.
Galdera hori haientzat da. Halere, PDeCATekin onbera xamarrak izan behar dugu. Datozen lekutik datoz eta prozesu honentzat ezinbestekoa den eremu parlamentario eta soziala ordezkatzen dute. Haien jendearentzat ari dira hizketan. Nolabaiteko pragmatismo hori haien ADNaren parte dela uste dut. Baina, nik ezagutzen dudana da, eta zintzoki diot, oinarriak prozesuarekin guztiz engaiatuta daudela. Ideologikoki nire antipodetan daude, baina erabat konprometituta daude. Ni horrekin geratzen naiz.

Beste mota bateko konpromisora salto eginez, EAEko lehendakaria ere oso argi mintzo da.
EAJren barruan zati bat dago Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldekoa dena erabat. Zati horri errespetua diot, baina PPk aurrekontuak EAJri esker onartu zituen. Iñigo Urkulluren adierazpenak klabe horren arabera ulertu behar dira. Ulertzen ez dudana da zergatik batzuek uste duten EAJk erreferendumak bermerik ez duela dioelako gure prozesua kaltetu behar duen. EAJ gaur egun alderdi autonomista da ia osotasunez. Espainiako Kongresuan interes propioak dauzka eta lehentasunezko bazkidea da PPrentzat. Hein batean, logikoa da. Batetik, hori egiten duen lehen aldia ez delako, eta, bestetik eta gehien bat, eskuineko alderdi bat besterik ez delako EAJ.

Barcelona en Comú-ko Gerardo Pisarellok dio “mobilizatu eta bozka dezagun autoritarismo zentralistaren aurka oldartzeko” eta Podemoseko Pablo Iglesiasek “PP botatzeko laguntza behar dugu”. Alde handi xamarra dago, ezta?
Buruzagitzaren eta bozka-emaile, militante, zale eta haiengan konfiantza jarrita duen jendearen artean bereizketa egiten saiatzen gara. Baina badira hainbat lider Podemos, Catalunya Sí que es Pot, Barcelona en Comú eta Catalunya en Comú-n, motzean, ondoregoa diotenak: “orain ez datorkit ondo”.

Dramatikoa da, gure artean anaitasuna gailendu beharko litzatekeelako. Guk erabat ezinezkoa zen zentsua mozioa babestu dugu Espainian, begirune demokratiko eta duintasunagatik. Aldiz, beraiek txapel bakarrarekin bi buru estali nahi izan dituzte.

Oso eskertzekoa da garrantzi handiko hainbat kidek, lehen minututik, erakutsi duten ausardia; Jaume Asens, Albano Dante edo Marta Sibina, adibidez. Zirkulu eta asanbladetan erreferenduma eta 78ko erregimena hausteko duen gaitasuna kosta ala kosta babestu eta defendatu dituen jendea da. Aldiz, beste batzuen planteamendua da, zilegi izanik ere, etorkizunean PSOErekin adostuko duten proiektuan kargudun bilakatzea. Eta orain erreferendumaren alde agertzearekin bateraezina irizten diote. Baina zorionez afiliatuen eta militanteen iritzia gailendu da. Ziur gaude aktiboki parte hartuko dutela.

“Erreferendumarekin lotutako pertsona edo bileretan, ni ez dut ezagutu plan alternatiboren bat proposatu duen inor”

Manuel Monereo (Podemos) eta Pau Llonch-en (CUP) arteko buruz-burukoa ikusi al duzu?
Bai. Izan ere, Monereorekin komentatu nuen Kongresuan.

Monereok zioen jende guztiak dakiela erreferendumik ez dela izango. Ondorengoa erantzun zion CUPeko Pau Llonch-ek: “Espainiako ezkerra autodeterminazio eskubidearen alde dago, baldin eta ez bada inoiz gauzatzen”.
Egia borobila da. Paurekin oso harreman ona daukat. Gaur egun ezkerrak duen bururik onenetakoa dela iruditzen zait. Noizbait ikusi nahiko nuke, adibidez, parlamentu batean. Eztabaida interesgarri horrek ondorengoa utzi zuen agerian: oso duina eta ausarta den Espainiako ezker bat dugu aurrean –Monereok ordezkatzen duena–, borroka eta desobedientziatik datorrena, baina ez duena ezertxo ere ulertzen. Kataluniari begira erabateko miopia dutela erakusten ari dira. Katalanak, nolabait, haserre dauden espainiar batzuk garela esatera murrizten da beren mezua. Haiek boterean jarriz gero dena konponduta dago, arazoa Rajoy delako. Baina arazoa askoz harago doa. Guk oso argi dugu hau guztia Espainiarengatik ere egiten dela. Espainiako Estatua demokratizatzeko aukera bakarra Kataluniako autodeterminaziotik pasatzen da.

CUPek amore eman izan balu eta egungo president-a Artur Mas balitz, hau guztia posible litzatekela uste duzu?
Gogoan daukat garai hartan CUPeko zenbait lagunen artean tentsioa eragin zuen zerbait esan nuela: “Masek ordezkatzen duen hori gabe, ez dugu egingo”. Horrekin adierazi nahi nuen independentismo mota asko daudela, jendea oso bide ezberdinetatik heldu dela hona: arrazoi ekonomikoak, identitarioak, ideologikoak –hori da nire kasua–, alderdikoiak, eta abar. Eta bada independentismo mota bat presidentzialista dena, ‘masismoa’. Estatu bat gure kontra edukita eta hauteskunde plebiszitarioen ostean gehiengo argia izanik, inor ez dago soberan.  Batzuk beldur ziren –ni horietako bat nintzen–  zenbait ikur galtzen bagenuen, gustukoak izanik ala ez, nolabaiteko ordezkaritza gal genezakeela, Historiak erakutsi du independentismo presidentzialista hori Puigdemontek bereganatu duela egun. Beste jende mota bat honetan sartuta Junquerasengatik dagoen bezala. Nire kasua guztiz bestelakoa da.

Zientzia fikzio politikoa egitea da, baina egia da aldaketa eragin zuela PDeCATen, eta agian, hori gabe aurpegi eta lider berriak geroago helduko zirela. Halere, ez dezagun ahantzi, Generalitateko president-a izan gabe ere, hor dagoela Artur Mas. Beragatik honetan sartuta dagoen jendea, masismoa, ordezkatzen jarraitzen du.

Santander, BBVA, La Caixa, Sabadell eta Popular bankuek orain bi urte komunikatu bat sinatu zuten esanez alde bakarreko independentzia aldarrikatuz gero Kataluniatik alde egingo dutela.
Lehenik, horrek gezurtatzen du prozesu hau Kataluniako burgesiak gidatutakoa dela dioen mantra hori. Hala balitz, galdera hau ez litzateke planteatuko, eta, gainera, honezkero independenteak ginateke. Bigarrenez, jende horrek ez du ideologiarik. Akaso zerbait badu, baina nagusia dirua da. Erabateko pragmatismoak zuzentzen ditu. Gehiago ala gutxiago gustatuta ere, Katalunia ekonomia indartsua da, Espainiako Estatuko motor ekonomikoa. Beraz, jende horrek nahi duen gauza bakarra da dolar bakar bat ere ez galtzea.

Argazkia: Jordi Borràs

Aldiz, Eskoziako kasuan, indar faktikoak ez ziren hain oldarkor azaldu. Agian, SNP, indar kapitalista bat agintean zegoelako?
Ni marxista naiz. Gu ez gara antisistema, sistema da gure kontra dagoena. Nik uste dut dena aldatu beharra dagoela, baita eredu neoliberal hau ere.

Orain hilabete batzuk, Generalitateko ekonomia kontseilua kudeatzea Grial Santua ematen zuen, soilik bakan batzuen esku zegoena. Baina orduan ERCk hartu zuen bere gain, Oriol Junquerasek, lehendakari-orde gisa.  Esportazioak ea kanpo-inbertsioa inoiz ez bezala doaz, eta BPGak Estatukoa eta Europako hazkundea bikoizten du. Uste duena Katalunian, egun batetik bestera, kaleak sutan jarriko direla eta dena aldatuko dela, oso oker dago.

Ez dezagun ahaztu Espainiako Estatuak BPGren %114a zor duela. Baietzak irabazten badu, hurrengo egunean Espainiako Estatuak izango du interes handiena Kataluniari gauzak ondo joan dakizkion. Prozesua irekiko dugu den-dena negoziatzeko, baita aktibo eta pasiboak ere. Beraz, ez dut uste arazorik izango denik, ni finantzen munduaren kritikoen agertzen den sektore batekoa banaiz ere.

Zer etor daiteke Merkel, Macron eta enparauen Europar Batasunetik?
Europa ez da existitzen, bankuak dira. Doilorra eta zitala da Europar Batasuna, Mediterraneoko eta Mazedonia eta Grezia arteko mugako irudiak ikustea besterik ez dago. Baina horiek ere pragmatiko hutsak dira. EBk Katalunia botatzen duen edo emaitza demokratikoari muzin egiten dion egoera bat irudikatzea oso zaila egiten zait. Hungariari edo Greziari EBtik irteten utzi ez dieten berberak dira.

Jakitun gara Katalunian gertatzen ari denari buruzko interesa gero eta handiagoa dela botere-gune horietan ere.  Carme Forcadellek epaitegian deklaratu ostean, Londresen Generalitatek duen ordezkariarekin hitz egin nuen eta esan zidan orduan aukera izan zuela lehen aldiz Westminsterrera sartu eta parlamentarioekin hitz egiteko Han ez dute ulertzen parlamentu bateko presidenta bat epailera Aurrera joan behar izatea bozketa demokratiko bat babesteagatik. Estatuko erasoaldi judizial eta institucional honek ondorio bat izan du: lehen Kataluniaz jakinminik ez zuen jendea interesa azaltzen hasi da. Jean-Claude Junckerren adierazpenak edo Danimarkako parlamentarioen eskutitzak hala erakusten dute. Bruselako parlamentuko indar politikoetako hainbat kidek komentatu digutenez, kezka eragiten duen gai bat da eta orain urtebete baino leku handiagoa du agendan. Eta hori guztia gertatu da, gehien bat, Espainiako Estatua erakusten ari den gabezia demokratikoagatik.

Zahartutako Mendebaldeko gizarte atzerakoiak, berez, uzkurrak dira edozein aldaketarekiko. Independentzia prozesu orok aztoratzen du herritarren egunerokotasuna, era gogor ala apalago batean. Askotan ez al da minik gabeko prozesu bat saltzen ari?
Arrazoi osoa duzu. Eskozian gazteen %70ak independentziaren alde bozkatu zuen. Adinekoengatik galdu zen erreferenduma, beldurragatik. Beldurraren diskurtsoarekiko sektore ulerberena da, pentsioen gaiagatik-eta. Hemengoa kafkiarra da. Rajoy da pentsioen sistema lurperatu duena eta berak gu ipintzen gaitu pentsioak galtzeko arriskutzat.

Nire esperientziagatik, hemen adineko bozka-emaileak, oro har atzerakoia eta PDeCATen bueltakoa dena, erabat mobilizatuta daude. Jende asko jabetu da arazoa ez dela aldaketa, baizik eta gaur egun bezala jarraitzea. Problema ez direla etorkizuneko pentsioak, gaur egungoak kobratzeari noiz utziko diogun baizik.

Baina oso ados nago zurekin ondorengo zentzuan: independentziaren hurrengo egunean dena zoragarria eta Katalunia aparta izango dela dioen diskurtsotik urrundu behar gara. Ez du zertan hala izan behar, osatuko diren hegemonia eta bozkatuko diren proposamenen arabera izango da. Gauzak aldatzeko aukera bat baino ez da Kataluniako independentzia. Hori besterik.

Orain dela 80 urte lapurtu ziguten herri-eredua berreskuratzeko aukera bat da, denok berdinak izango garen errepublika bat, non ez den izango, abizenari esker, diru publikotik 8 milioi euro kobratzen dituen familiarik. Horregatik bakarrik merezi du. Ni oso bat nator David Fernadezen esaldi honekin: “Gure M15a prozesua da”. Jende askok dena galdu zuen, baita beldurra ere. Eta urriaren batean hori erakutsiko dela konfiantza osoa dut. Hautestontziek agintzen dutenean, emaitza ez da inoiz ziurra izaten. Pentsa, nik ez dut ezagutzen PPri botoa ematen dion inor eta hauteskundeak irabazten dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude