Bizikidetzaren alde eta aurreiritzi arrazisten zein klasisten aurka egindako diskoa da 100% Oion. Mursegoren arrastoa galdu gabe, letra politiko argiak dituena. Diskoa osatu bitarteko prozesuaz hasi, eta hizketagai gehiago ere sortu dira: musikaren ahalmen mobilizatzailea edota tradizioa ulertzeko modua, esaterako.
“Hustuta, baina pozik” bukatu du 100% Oion proiektua Mursegok. “Eskerrak Ibon RG eta Ander Barriuso ondoan izan ditudan, ze nik jota amaitu dut”, dio. Lauso oroitzen du dena hasi zenekoa, bai baitira ia bi urte ordutik. Askorik pentsatu gabe eman zion baiezkoa Idoia Zabaleta bitartekariari. “Asko miresten dut, eta berarekin lan egin nahi nuen”. Gero ezagutu zituen proiektuaren xehetasunak: nola baden Komanditario Berriak izeneko ekimen bat, Daniel eta Nina Carasso Fundazioarena: “Garai batean elizak edo erregeek bakarrik zeukaten artelanak enkargatzeko ahalmena. Ekimenak, aldiz, gizarte zibilari eman nahi dio botere hori, kolektibo desberdinek dituzten beharrak asetzeko”. Oiongo bizikidetza hobetzea helburu zuen proiektuak jaso zuen fundazioaren laguntza, berari proposatu zioten disko bat osatzea, eta orduan hasi zuen bileraz, Whatsappez, buruko minez eta une ederrez jositako aldi bat, orain gutxira arte luzatu dena.
Zergatik Oion?
Mugako herria da. Bertako askok Logroñon egiten du lan. %21eko langabezia tasa dago, ia gazteen erdiak ez du lanik. Etorkin asko dago, batez ere pakistandarrak, arabiarrak eta ijitoak. Eta elkarbizitza arazo handiak dituzte. Adibidez, eskola publikoaren eta ikastolaren arteko gatazka oso grafikoa da. Parez pare daude, hesi batek banatzen ditu. Publikoan daude etorkin guztiak, eta ikastolan gainerakoak. Baina bertakoen artean ere dena dago polarizatuta: edo zara euskalduna, edo zara pepero bat. Hori bai, peperoek haurrak ikastolara eramaten dituzte, etorkinez jositako publikora ez eramateagatik. Eta panorama horretan sortzen dira islamofobia, estereotipo negatiboak –hala nola eskola maila jaisten dutela, ospitaleak kolapsatzen dituztela, eta abar– eta Zurrumurru, zurrumurru kantan aipatzen diren beste hainbat kontu.
Ze pauso eman dituzu kantak osatzeko?
“Urteak daramatzagu Laboatik eta Letetik bizitzen. Puskatu beharra dago horrekin”
Oiondarrekin hainbat bilkura egin ondoren, Idoia Zabaletak eta biok fitxa bat osatu genuen, ze kanta mota egin nahi genituen zerrendatuz: arabierazko haur kanta bat, zurrumurruen aurkako bat, tekno-jota bat… eta gero pentsatu genuen herriko ze kolektibok parte har zezakeen. Orduan jakin genuen bertso eskola bat zegoela, edo Irule kultur elkartea –trikitia, txistua, dantza eta abar erakusten dituena–, rock taldeak, gazte asanblada… Iazko uda ostean Whatsapp bidez funtzionatzen hasi ginen, eta haur kanta arabiarra hautatzerakoan, emakume musulmanek egungo pop kantak bidaltzen zizkidaten, oso edulkoratuak. Nirekiko pentsatzen nuen: hau ez dut egin nahi. Gero elkartu ginen Manolo herriko jakintsuarekin, eta hark kontatu zizkigun zeintzuk diren Oiongo ohiturak.
Haren ahotsa sartu duzu kanta batean.
Hori da. Asko gustatzen zait prozesu hori, aitona bati entzutea eta informatzea. Era berean, bildu ginen emakume arabiarrekin. Eta pixkanaka, konfiantza sortu ahala, galderak egiten hasi nintzen, zer den emakume musulmana izatea, nola bizi duten zapiaren auzia… adibidez, ohartu nintzen Korana autolaguntza liburu bat dela beraientzat, zentzurik onenean. Eguneroko bizitzan laguntzen die. Esaten die nola tratatu bizilagunak, nola hezi seme-alabak. Goibel daudenean Koranera jotzen dute lasaitasun bila. Irakurri zizkidaten pasarte oso politak. Nik San Blasak eramaten nizkien. Badakizu, jendea tripetatik irabazten baduzu…
Beren kulturan barneratzeko aldi bat egon zen, beraz.
Bai. Bilera horietako batean kantatu zidaten Tala al badru aleina kanta, aurrez Whatsappetik bidali zidaten bat, Holandako koru batek kantatuta. Orduan ez bezala, kanta entzutean beraien ahotan, korridorean zehar txaloka eta oihuka zebiltzalarik, sekulako indarra zeukala iruditu zitzaidan. Unean bertan esan nuen: hau da kanta. Melodia oso itsaskorra zen, oso ederra. Baina, zer diren gauzak, Koranak ez die uzten publikoan kantatzen. Musika batez ere ezkontzekin eta antzeko ospakizunekin lotuta dago. Edo bestela da zerbait etxekoa edo intimoa. Kantatu dezakete, baina asko jota bizpahiru instrumentu erabilita, laguntza gisa. Guk, ordea, umeek eta emakumeek kantatzea nahi genuen. Beraz, arazo bat geneukan. Esaten genien kausa on baten alde zela, azkenerako beraiek ere ohartu ziren, eta bukatu zuten diskoan eta aurkezpenean kantatzen. Gogorra bezain ederra izan da proiektua.
Zeintzuk izan dira unerik zailenak?
Adibidez, Óyenos Oyón-ekin gertatu zitzaiguna. Kexen koru bat egin nahi genuen. Zer den hori? Ba egoera batek sortzen dizun amorru guztia bideratzea kantatzera, eta era horretara amorrua energia positibo bilakatzea –Helsinkiko ekimen batean oinarritu ginen–. Galdeketa kolektibo bat egin genuen herrian. Kartulinazko postal batzuetan bi galdera idatzi genituen. Alde batean, zer aldatuko zenuke zure herrian? Bestean, Oion kanta bat balitz, ze kanta litzateke? Postalak utzi genituen udaletxean, tabernetan, eskoletan, kultur etxean… 200 kexa inguru jaso genituen, eta horietan oinarrituta idatzi genuen letra. Herriko korua zen kanta hura kantatzekoa, baina letra bidali genienean sekulakoa piztu zen. Koruko partaide batzuek ez zituzten kexak onartu: “Nire herriak gaizki usaintzen du”, “ez dago deus egiteko”… halakoak ez zituzten ulertzen. Nola esan halakorik hainbeste maite duten herriaz? Ez zuten jakin distantzia hartzen eta autokritika egiten. Zuzendariak deitu zidan esanez korua ia desegin egin zela, baina berak erabat babesten zuela proiektua. Letra udaleko plenora eraman zuten. Batzuek ospe txarra zabaldu ziguten herri osoan. Egiten duzu sekulako lana kanta idazten, grabaketa gertu dago, eta bat-batean hori. Oso gogorra izan zen. Azkenean, kaleko jendea bilatu behar izan genuen korurako. Eta hori izan zen politena: konturatzea gelditu zen jendeak benetan sinesten zuela proiektuan, astindu genuela herria, eztabaida sortu zela, zer esana eman genuela, nolabaiteko mugimendua egon zela, eta horrek guztiak proiektua ikusarazteko balio izan zuela.
Unerik ederrenak une gogorrei lotutakoak izan dira, hortaz.
Asko bai. Aurora kantariekin ere izan genuen arazo bat –Oionen, auroroak kantatzera irteten dira Errege egunaren, Bikendi deunaren eta Done Anastasioren bezperan–. Jatorrizko letra bidaltzean, erantzun ziguten haurrentzako egina zirudiela, ez zela ulertzen, ez zitzaiela gustatzen, eta ez zutela kantatuko. Entseguaren bezperan. Azkenean, zuzendari ardurak hartu zituenari esan genion idazteko bere gustuko letra bat, eta hortik aurrera giroa pixkanaka hobetu zen. Gaupasa egin zuen biharamunerako letra idazteko. Oso letra polita, jatorrizkoa kontuan hartuta idatzia. Hunkitu egin nintzen, tipoak gugan sinetsi zuelako. Gero, atera zen atera zena. Jende amateurraz ari gara hizketan.
Pentsatzen dut erronka handiena izango zela kontu teknikoetan zenbateraino jarri zorrotz, zenbateraino eman amore.
Noski, etengabe neure burua lasaitzen aritu behar izan dut. Banekien ez zela aterako nik buruan nuena. Baina musikari gisara gutxiengo bat nahi duzu, eta ikusten duzunean desafinatuta kantatzen dutela, ez doazela erritmoarekin batera… filosofia handiz hartu beharra daukazu, diskoaren helburua beste bat dela sinestarazi behar diozu zeure buruari. Gauza horiek guztiak kudeatzea izan da zaila, baina emaitzarekin pozik nago. Azken batean, herriko kantak dira asko, eta uztakoetan saiatu naiz neure buruari jarritako maila horretara iristen. Adibidez, asko gustatu zait nola gelditu den Irulea gira biran, edo Zurrumurru, zurrumurru. Halakoetan, lagunei deitzeko lizentzia hartu dut: Aida Torres, Karlos Osinaga Txap, Mariano Hurtado, Kau Kori Kura, Amorante…
“Oiongo herritarrek esan didate aldatu direla kontu txiki batzuk. Adibidez, orain elkar agurtzen dute lehen egiten ez zutenek”
Diskoak balio izan al du Oionen zerbait aldatzeko?
Herritarrek esan didate aldatu direla kontu txiki batzuk. Adibidez, orain elkar agurtzen dute lehen egiten ez zutenek. Azken batean, kanta bat entseatzen elkarrekin luze aritu direnen artean lotura bat sortzen da. Bestalde, esan didate ondokoari beste era batera begiratzeko gai direla, gehiago enpatizatzen dutela. Disko honek ni autokritikoago bihurtu nau, eta pentsatzen dut herritarrak ere baietz. Gustatuko litzaidake proiektu honek jendea bultzatzea gauza txikiak egitera, nik zer dakit, jaietarako kanta bat, eta halako kontuak. Musikak badu –arteak, oro har– indar asko jendea motibatzeko eta mobilizatzeko. Are, musika iristen da beste arte diziplinak iristen ez diren puntu batera, hitzekin esan ezin duzuna esan dezakezu musikarekin. Eta ez du mundua aldatuko, baina Oteizak zioen –eta ados nago– arteak ez duela mundua aldatzen, baina artista aldatzen duela, eta gero artistok, pertsonok garela mundua alda dezakegunak. Ni pertsona desberdina naiz zerbait konposatu aurretik eta ondoren. Sorkuntza prozesu orok aldatzen du pertsona. Bestalde, Oiongo proiektuak nire konfort eremutik atera nau etengabe, eta uste dut hori lortzen duen artea dela benetan eraginkorra. Konfortetik atera nauten kontzertuak dira memorian iltzatu zaizkidanak: Ertz jaialdikoak, edo, urrutira joan gabe, aurten Akauzaztek Galdakaon emandakoa. Noski, izugarri dibertitu naizen kontzertuak ere oroitzen ditut, baina, oro har, uste dut musikak ez duela konplazientea izan behar, deserosoa izatera hel daitekeen ariketa baizik.
Iruditzen zait bazterrotan jendea mobilizatzeko egiten diren kantetan sarri jotzen dela epika behartu batera, beti kantaren kaltetan.
Bai, eta pena da, ze epika modu asko daude, epika errazean jausi gabe. Adibidez, Óyenos Oyón kantako kexen korua ere oso epikoa da, baina hori da asko gustatzen zaidan epika bat. Kanta horri epika itsatsi egiten zaio, kexatzen ari zara, eta kantaren izaerak berak eskatzen du epika. Gustatuko litzaidake jendea mobilizatzeko egiten diren kantak negar egiteko baino gehiago izan daitezela akziora dei bat. Badaude moduak, egin daitezke gauzak betiko formulatik harago. Hasteko, eskatu talde bakar bati kanta egiteko, betiko collageak ahaztuta. Gero, saiatu trikitia eta ska estiloko haize sekzioetatik haragoko zerbait egiten. Otutzen zait, adibidez, Berri Txarrak gai dela melodia indartsuak egiteko letra interesgarriekin. Edo, bestela, Kau Kori Kurak ziur zerbait ederra egingo lukeela.
Malkorik ez badago, ez da nire iraultza.
Eta hori bilatzen dugu betiko formulekin. Urteak daramatzagu Laboatik eta Letetik bizitzen, Txoria txori enegarrenez bertsionatzen, dela dantzarako, dela antzerkirako. Puskatu beharra dago horrekin. Zergatik ez dugu jotzen ezagutzen ez den tradiziora? Begira gerrako kantekin Tapiak egiten duen lana. Badago zer aldarrikatu. Artze bera, adibidez. Egin dezagun kantaldi bat Artzeren letrekin, edo poema errezitaldi bat, edo spoken word bat, nik zer dakit. Irakur dezagun atzetik aurrera, esperimenta dezagun horrekin. Baina erabili dezagun material hori zerbait berria egiteko. Era horretara, memoria lantzen duzu, gauza berri bat egiten duzu, zure modura moldatzen duzu, eta jendeari ezagutarazten diozu. Oarso museoan halako zerbait ari dira egiten Artzerekin. Bere poema batzuetan oinarrituta ariketak prestatu dituzte euskaltegietako ikasleentzat, eta abar. Gauza horiek oso interesgarriak dira. Zerbait aktiboa izan daitezela museoak.
Alegia, ondarea hartu eta beste zerbait egitea, bere horretan erreproduzitu beharrean.
Edo hartzea bere espiritua, bere lan egiteko modua, eta jarrera horrekin egitea beste zerbait.
Beraiek omentzeko modurik onena litzateke, ziur asko.
Laboarekin hori pentsatzen dut. Ikusiko balu zer gertatu den bere kantekin, bihotzeko bat emango lioke. Aldiz, norbait hasiko balitz bat batean hizkuntza bat asmatzen, Bachen pasarte bat kontzertu batean sartzen, edo eszenatokian Chiquito de la Calzada bezala mugitzen… Gakoa da esentzia, espiritua, lan egiteko modua berreskuratzea, eta ez obra.
ENTZUN
Mursegoren 100% Oion diskoa osorik entzun nahi baduzu, hemen duzu aukera.
Kantu politikoak ezaugarri eta gaitegi jakin batzuekin lotu izan dira betidanik Euskal Herrian. Eskema horiek oraindik indarrean badaude ere, bestelako apustuak agertzearekin bat mahaigaineratu da musikan eraldatzaile izateko moduei buruzko eztabaida. Orain eta hemen politikoki... [+]
Mursegoren Hiru diskoko zenbait kantatan antzematen da erabaki politiko bat, Europa zaharrean degradatutzat jotzen ditugun estilo musikalak integratzeko koktel esperimentalean.
Usopop, Sarako (Lapurdi) Lizarreta mendatean musika berriak eta amalurra uztartzen dituen jaialdia ospatuko da datorren larunbatean. Hirugarren edizio honetan, Ruper Ordorika oñatiarra zuzenean ikusteko aukera izango da, ingurune berezian. Berarekin batera, Rover... [+]
Mursego ::Bi (2)
Bidehuts
iraupena ::49´46´´
prezioa ::10€