Pentsa liteke, berdintasunean oinarritutako heziketa bermatu nahi bada, eredu mistoa dela egokiena. Hala uste du adibidez Itsaso Nabaskues futbolari ohi eta EHUko ikerlariak. Datuek, baina, bestelakoa erakusten dute sarri: elkarrekin jokatzen dutenean mutilek hartu ohi dute protagonismoa eta, gainera, ezin esan daiteke eskola kirolean nesken parte-hartzea areagotzen denik. Hori horrela, gaur gaurkoz eredu bananduaren alde egiten du Ainhoa Azurmendi eskubaloi jokalari ohi eta berdintasun gaietan adituak. Bi elkarrizketatuak bat datoz: hezkidetza oinarritik bertatik hasi behar da lantzen.
“Eskola kirolean partaidetza mistoa ezartzeak ez du esan nahi berez emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko modu onena denik, batik bat, sozializazio prozesuan haur guztiek emakume eta gizon izateari buruz ingurutik jasotzen dituzten muturreko mezuengatik, kirol arloak berezko duen izaera maskulinoagatik, eta hezitzaileek hezkidetza lantzeko dituzten mugengatik”, irakurri dezakegu Eskola kirolean neska-mutilen partaidetza mistoa edo banatua: datuetan oinarritutako proposamena (pdf) txostenaren sarreran. Eta amaieran: “Eskola kirolean neska-mutilek banatuta jokatu dezaten iritzia mantentzen dugu. Egia da tarteko ereduak oso egokiak izan daitezkeela, esaterako, jarduera berezietan (orientazioan, piraguan, herri kiroletan…) elkarrekin eta taldekako kiroletan banatuta jokatzea. Alabaina, eredu horrek erabateko estrategia edo heziketa eredu baten barruan egon beharko luke”. Avento aholkularitza-enpresak egin du txostena, Hernani eta Pasaiako udalen eskari banari erantzunez. Bi udalerriotako eta Astigarraga, Beasain, Zumaia eta Gipuzkoako beste hainbat ikastetxeren jarduna aintzat hartuta, txostenaren egileek diote ez dutela ezagutu eredu mistoak nesken partaidetza handitzea ekarri duen esperientziarik; bai, ordea, kontrakoa eragin dutenak.
Txostenaren ondorio nagusiak harritu egin gaituela kontatu diogu Avento enpresako kide Ainhoa Azurmendiri, ez genuela uste hain argi egingo zuenik neska eta mutilak banatzearen alde. “Ez zara bakarra”, erantzun digu. “Jendeak pentsatzen du, berdintasunaren defendatzaile izanik, partaidetza mistoaren aldekoa behar dudala izan. Ez naiz absolutista, eskola kirolaren ingurukoak etengabe errebisatu behar dira, baina gaur gaurkoz, ez dut uste eredu mistoa egokiena denik. Ez gaude erronkari erantzuteko prest”.
Kirol ez formalaz hitz egin digu, txikiak garenetik plazer hutsez espontaneoki egiten dugun jardueraz; eta nola, oro har, gizarteko beste hainbat esparrutan bezala kirolean ere, espazio publikoa mutilek hartzen duten gehienetan. Tradizioz gizonen espazioa baita kirola. Aipatu dizkigu sozializazio prozesua, gorputzaren jabekuntza, familiaren eragina kirola praktikatzerako orduan, inguruneak gugandik espero duena, estereotipoak… eta horiek guztiek zer nolako eragina daukaten neskek kirolarekin izango duten hartu-emanean.
Jarduera ez formalean gertatzen den gauza bera sumatu du Azurmendik eskola kirolean ere, taldeko kiroletan bereziki: “Mutilek hartzen dute protagonismoa, eta askotan neskek euren espazioa eztabaidatu gabe uzten dute”. Aventoko teknikariek benjamin mailako talde mistoen lau partida behatu zituzten Pasaia-Lezon, eskubaloiko eta futboleko bina. Eta jabetu ziren, besteak beste, pase gehienak mutilen artekoak izan zirela eta hamar goletatik bederatzi eurek sartu zituztela. Halaber, neskek baino iniziatiba jokabide gehiago azaldu zituzten mutilek; esaterako, baloia galdu ostean neskek ez zuten borroka egiten hura berreskuratzeko, mutilek baloia hartzeko keinua egitean orohar azkar etsitzen zuten neskek. “Gizartearen ispilu dira jarrera hauek, emakumeen gorputza eta espazioaren jabekuntza ezaren ondorio”, dio txostenak.
Azurmendik azaldu digu guraso askok agertu diola eredu mistoaren aldeko iritzia, euren alaba koadrilan-eta mutilekin batera ibilita, ulertezina zaielako eskola kirolean bananduta aritzea. “Gaurko ogia biharko gosea, ordea, kadetetara heltzean ezin izango dutelako elkarrekin jokatzen jarraitu”, esan digu. Eredu mistoa jarri nahi bada, kirol ibilbide osoa irauli beharko litzatekeela uste du Azurmendik, eta ez gaudela puntu horretan. Esaterako, ezin esan daiteke hezkuntza sisteman genero ikuspegia barneratuta dagoenik. “Zoritxarrez, genero ikuspegia ez dago curriculumean erabat txertatua”.
Eskola kirolaren inguruan diharduten aditu, irakasle, hezitzaile eta begiraleek, hezkidetzaz nahikoa ezagutza ez dutela dio Azurmendik. Kontua ez da soilik neska eta mutilen parte-hartze orekatua bilatzea; osagai asko dira aintzat hartu beharrekoak: komentarioak, begiradak, bromak, jokalarien sexu joera, jazarpen egoerak kudeatzea... “Hezkidetza ez da neska eta mutilak nahastea eta kitto”. Halaber, badira mutilen taldeetan jokatu baina eredu mistora pasa nahi duten mutilak, “agian ez direlako identifikatzen maskulinitate lehiakorraren ereduarekin”. Zentzu horretan, aipatu behar da mutilek ere mutilen artean bazterketa bizi dutela, arrazoi diferenteak medio. “Ez dut esan nahi emakumeok lehia gogoko ez dugunik e!”, argitu digu.
Real, Athletic eta Oiartzun futbol taldeetan jokatu du Itsaso Nabaskuesek, lesio batek erretiroa hartzera behartu zuen arte. Egun, genero berdintasunaren inguruko ikerketa-lanari lotua dago.
Emakumeen futbolaz eta eskola kirolaz hainbat iritzi artikulu plazaratu duzu. Eskola kirola: Zeinentzako kirola? izenekoan (Klitto!, 2016-10-25) kritiko agertzen zara, besteak beste, 10 urterekin neska eta mutilak bereiztearen inguruan.
Zergatik banandu, eskolan denak batera baldin badaude eta gorputz hezkuntza elkarrekin egiten badute? Argi dago hezkidetzari dagokionez lan eskerga dagoela egiteke, badela zer eztabaidatu: Soin hezkuntzan nesken eta mutilen parte hartzea berdina al da? Ala mutilek dute protagonismoa? Eskola kirolean ematen diren jarrerak errepikatzen al dira han ere? Beharbada, eskola kirolean garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke hezkidetza sustatzeari, eta ez hainbeste futboleko, saskibaloiko edo eskubaloiko arauak ikasteari.
Hiru kirol “tipiko” horiek egin behar direla nork erabakitzen duen galdetzen zenuen aipatu artikuluan…
Nire ustez galdera ez da eskola kirolak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta egiten ditugun jarduerak aproposak ote diren neska eta mutilen parte hartze hezitzailea bermatzeko, hezkidetzan sakontzeko. Eta, agian, hiru kirol horiek ez dira egokienak horretarako. Ez dago legerik behartzen duena eskola kirolean hiru kirol horiek egitea. Zergatik dute orduan horrenbesteko garrantzia? Helburu hezitzaileez gaindiko interesak al daude tartean?
Azken finean, elkar banantzean, neska eta mutilek ikasten dute bereziturik behar dutela egon. Egia da eredu mistoa gaur gaurkoz ezin daitekeela maila eta kirol guztietan txertatu; esaterako, eskola kirola 16 urtera arte luzatzen delarik, klubetan ere elkarrekin joka genezake, baina biologikoki oso desberdinak garela diote eta…
Hori da kontua. Ba al du zentzurik neska eta mutilek elkarrekin jokatzea, 16 urterekin banandu egiten badituzte?
Bananduko naute baldin eta errendimenduaren bidea hartzen badut. Aisialdi talde batera joanez gero mutilekin batera jokatuko nuke palan. Izotz hockeyan elkarrekin entrenatzen dute neska eta mutilek, atletismoan… Kontuan hartuta biztanleen %10ak jotzen duela errendimenduko kirolera, noren interesak behar dira ase, %10 horrenak ala gainerako %90arenak?
Dena den, gauzatxo bat: aintzat hartuta eskola kirolean monitore gisa izan dudan esperientzia [Lezon], eta generoa aldagai oso inportantea dela onartuta ere, esango nuke, orohar, norberak duen abileziaren araberakoa dela talde barruan izango duen protagonismoa; alegia, trebeagoa izan ala ez, bereziki horren menpe dagoela baztertua ala integratua izatea. Bestetik, jende asko senti daiteke baztertua, urritasun bat duelako, sexu-joeragatik…
Monitorearen figura aipatu duzula-eta, hezkidetzan nahikoa trebatuak daudela uste al duzu?
Hain justu horri buruzko ikerketa egiten ari gara Gasteizko campusean, soin hezkuntzako irakasle eta ikasleekin, eta ikusi dugu inklusioaren eta abileziaren inguruan nozio tradizionalak dauzkatela, eta ez direla gai sentitzen etorkizuneko –begiraleak direnean– erronkei erantzuteko. Jarrera positiboa agertu arren mugak dauzkate. Zergatik aritu behar dira neska eta mutilak bananduta? Nola bultza daiteke abilezia desberdineko umeen parte-hartzea?. Gauza askori buruz hausnartu behar dugu.
Bide batez: monitoreei “entrenatzaile” deitu ohi zaie; eskola kirola lehiarekin lotzen dugula erakusten du horrek.
Eskema batzuk barneraturik ditugu oso, subkontzientean iltzaturik.
Hala da. Ez dugunez ezagutzen gauzak egiteko beste eredurik, ondorioez hain kontziente ez garenez, aldatzeko beharrik ere ez dugu ikusten. “Neskei ez zaie kirola gustatzen”. Hori ez da horrela, ez da zerbait genetikoa, ikasitakoa baizik. Subkontzientean dauzkagun gauza horiek dira arriskutsuenak, ez garelako ondorioez ohartu ere egiten.
Kirola, futbola zehazki, tresna eraginkorra izan daiteke balore hezitzaileak transmititzeko, egoki landuz gero bederen…
Hala da, ez dut esaten futbolari boikota egin behar zaionik, baizik eta kontziente izan behar dugula hark duen kutsu maskulinoaz, eta lan egin behar dela balizko jokaera okerrak zuzentzeko, inor baztertua ez sentitzeko… Harremanetan sakondu eta estereotipoak iraultzeko tresna eraginkorra izan daiteke, baina ez abileziaren arabera soilik egituratzen baldin bada.
Askotan, hezkidetzan sakondu aldera, futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain beste kirol batzuk ere landu beharko genituzkeela hitz egin ohi dugu lankideon artean, baina guraso batzuek errezeloz hartzen dute. Pena da.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debeku bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.