Ez dugu berria turismoaren inguruko eztabaida. Bai ordea, Donostiako Alde Zaharrean herritar batzuek hotel baten aurka abiatu duten borroka: eraikineko etxebizitza bat okupatu eta bertan erresistentzia planteatu dute. “Alde Zaharra gune saturatua da, baita Udalaren arabera ere, eta ezkutuan oraindik hotel gehiago egin nahi dituzte?”, diote haserre. Prentsaurrean bizilagunei borrokarekin bat egiteko eskatu diete, nabarmenduz, Udalak oraindik ez duela azken baimena sinatu.
Lau izarreko beste hotel bat egin nahi dute Donostian, Alde Zaharraren bihotzean oraingoan: Santa Maria elizari begira, Abuztuaren 31 eta Kale Nagusiak bat egiten duten erpinean, sei solairuko eraikinean. Bi tabernaren artean geratzen den ate txikitik sartzen da. Ez da zaila imajinatzea behinola, bertako familiak gora eta behera egurrezko eskailera zahar baina dotoreetan. Egun, ez da ia inor bizi, eta lehen solairuetan eraikina kudeatzen duen enpresak dituen beste negozio batzuetako langileek egiten dute lo. Hotel proiektuaren aurka borrokatzeko bosgarren solairuan okupatu duten etxebizitzan izan da ARGIA, baita bertako kideekin solastu ere, beren anonimotasuna gordetzeko baldintzarekin.
Argi eta Josebak hartu gaituzte –izen faltsuak dira– eta ongi prestatuta dakarte esan nahi dutena. “Gure okupazioarekin eta espero daitekeen erresistentziarekin, azaleratu nahi dugu zer nolako bortxa dagoen askotan turismoaren atzean”, diote hasieratik. Asanbladan onartutako oinarrien gainean, maila pertsonalean aritu direla azaldu digute.
Ekainaren bigarren astean okupatu zuten. Batzuk lehendik okupazioan ibilitakoak dira. 110 metro koadroko etxea oso utzita zegoela oroitu dute, eta leiho onak izan arren, hauts asko zegoela. Hutsik gutxienez hiru urte zeramatzala kalkulatzen dute, baina adierazgarria da gela batean 1998ko egutegia topatu zutela paretan. Lau lagun daude bertan bizitzen, babes sare handiagoarekin. Pareta zuriak apaintzeko, marko beltzetan jarritako argazkiak aurki daitezke etxean barrena zuri-beltzean. Gehienak manifestazio eta mobilizazioen argazki ikonikoak, baita kartelen bat edo beste ere. Bosgarren pisua izaki, leihoetatik begiratu eta Santa Maria elizaren fatxadan geziek jotako Sebastian hilzoriaren figura ikus daiteke aurrez aurre. “Bazenekiten San Sebastian ikono gaya dela?”, diosku irribarrez Josebak.
“Nik uste estigma bat apurtu dugula erdigunean txukun dagoen etxebizitza bat okupatuz, bestela, ematen baitu okupatzekotan kanpoan, urruti eta oso egoera txarrean dagoen zerbait izan behar duela; egonkortasuna eta erosotasuna ez direla guretzat”, hasi da Joseba.
Sei solairuko hotela egin asmoz, urteetan pertsona gutxi batzuk bloke osoaren jabe egiten joan direla nabarmendu dute. “Legeak betez edo legez kanpo, familiak bota dituzte pixkana beren etxeetatik, eta beraz, higiezinen mobbing-a errealitatea izan da hemen”. Azpiko tabernen praktikek ere eragina izan dutela diote, auzo elkarteak berak ere salatu izan duenez. 2013an sute bat ere izan zen azpiko tabernetako batean, eta Udalak aurkitu zuen bi tabernak elkarrekin komunikatuta zeudela baimenik gabe.
“Herri mugimenduetako kideak”. Hala definitzen dute beren burua. “Auzo honekin eta Donostiarekin konpromiso bat dugun jendea gara, aurretik ere bagenuen eta orain are eta gehiago. Proiektu hau horixe bera da, auzotik bizilagunak botatzen eta turistei bideratutako hotelak egiten ari direla salatzeko aukera”. Lanak ez dira hasi. Udalak ez duela oraindik azken baimena sinatu diote eta hor presio egin nahi dute.
Eraikina egun Blanca Zaragueta zinema zuzendariarena eta Consuelo Zaragueta enpresariarena da, Vicente Zaragueta zenaren alabak biak. Azken hori beste gauza batzuen artean, El Diario Vascoko presidente-orde, Aquariumeko presidentea eta Espainiako errege ohiaren lagun izan zen, Gipuzkoako fortuna handietako bat. Jabeak ez dira bertan bizi.
Jabetzan Zaragueta ahizpena izan arren, Asier Arriola Arriola izeneko enpresari batek kudeatzen du eraikina, Nahikida SL izeneko enpresa baten bidez. Arriolak hainbat negozio ditu Donostian, denak ostalaritza eta turismoaren esparrukoak. “Eraikinaren behealdean bi taberna ditu: Atari eta Sirimiri; Parranda izeneko hirugarren bat, Narrika kalean; Alde Zaharrean bi pentsio kudeatzen ditu, Basque Tours bidai agentzia berea da, Gu diskoteka kudeatzen du, Janondo jatetxea eta Urban Youth Hostel enpresa berea da. Hori, guk dakigula. Aberastasun banaketa murrizten doa, jabeak gutxitzen ari direlako eta geroz eta botere gehiago dutelako”, salatzen dute.
“Turismoarekin denok irabazten dugu esaten digute, baina denok ez dugu irabazten. Batzuek asko irabazten dute besteok bizirauten dugun bitartean, klase borroka berriz ere. Eta orain hotel berri bat egin nahi du, eta eraikin honetan ezingo da sekula gehiago Alde Zaharreko auzokiderik bizi, eta prezioak igotzen jarrai dezaten bultzako du”, dio serio Argik.
Donostiaren turistifikazioak eta honen aurkako protestek nazioartean ere arreta deitu badute, garrantzitsua da kokatzea, balizko hotel hau auzorik saturatuenean egin nahi dutela. Irakurlea kokatzeko Parte Zaharrean Bizi elkarteko kide Xabier Arberasek orain bi aste idatzi zuen Donostiako Parte Zaharraren kasua edo beste aldera begiratzeko antzea artikuluan, instituzioen jarrera gogor kritikatu ostean, bizi duten egoeraren datu batzuk eman zituen.
“6.000 lagun bizi gara Parte Zaharrean. 700dik gora merkataritza-lokal daude zabalik, eta 210 ostalaritza-establezimendu (29 biztanleko bat); hiriko gainerako auzoen aldean, hiru bider merkataritza gehiago eta sei bider ostalaritza-establezimendu gehiago. Lokal guztien %50 daude turismora zuzenduak. Hamaika kaletan daude bilduak ostalaritza-establezimenduen %65; 17 gastronomia-elkarte, eta 280 apartamentu turistiko dago (horietatik, %84 legez kanpokoak dira); hiru hotel (bat eraikitzen ari dira) eta 62 pentsio. Eta 1.600dik gora ohe turistentzat”.
Gaiak orain gutxi hartu arren dimentsio mediatikoa, auzo honetako bizilagunek urteak daramatzate kezka mahai gainean jarriz. Geroz eta turistifikatuagoa den gunean ez daukatela kultur etxerik edo kiroldegirik salatzen dute, Orixe ikastolaren leku falta barne, zerbitzu publiko batzuk aipatzearren. Ez dago etxebizitza publikoko politika aktiborik eta askoren ustez auzoaren identitatearen, historiaren, kulturaren eta, batez ere, euskararen egoera “dramatikoa” da, artikulugileak azaltzen duenez. “Bi urteotan Udalak beste aldera begiratu du, 240 legez kanpoko kasu salatu badira ere. Horietatik, erantzunik gabe jarraitzen du % 90ak baino gehiagok”, dio.
Auzokide asko haserre dago gaia mahai gainean jartzean agintari eta hauen gertuko hedabideek emandako trataerarekin. Arberasek honela amaitu zuen idatzi zorrotza: “Bi urte igarota, Parte Zaharrean okerrago bizitzen dela egiazta genezake. Udala espezialista egin da beste aldera begiratzen, eta trebetasun osoa eskuratu du antze, argi dago, guztiz arduragabe horretan”.
Argi eta Joseba ere oso kritikoak dira egoerarekin. “Ez dakit kontziente garen herritarrok hiria hartzen ari den norabideaz, azken hamar urteetan jasan duen eta oraindik jasaten ari den eraldaketaz. Dena aldatzen ari da”. Udan lehertu den eztabaidan “oso mediatizatua eta sakontasun handirik gabekoa” izan dela uste dute hauek ere. Donostiako Udalak proposamen berriak egin dituen arren, bere ereduan sakontzen jarraitu duela ikusten dute. Horri aurre egiten eta turismo ereduari buruzko posizioak “biluzten” saiatu nahi dute.
“Periferiako auzo batetik erdiguneko beste batera, lau urteko bizi esperantza ezberdintasuna dago, eta beste gauza askoren artean, uste dugu turismoak klase gatazka areagotzen duela”, dio Josebak.
Turismoa kapitalismoaren “barne esfera” gisa definitzen du Argik, “kokagunea du hiria edo herritarren bizitokia, eta bizitokia aldatuz gero, herritarren bizitza aldatzen da. Eraldaketa hori bizilagunen kalterako izaten ari da nabarmen”.
Joseba ildo beretik doa. “Kontsumitzen dira hiriak, bizimoduak eta pertsonak, dena azalekotu egiten da, dena da typical, eta dena txikitzen doa: auzoak, hiriak, komunitateak eta planeta”.
Alde Zaharrean etxe hutsak badaudela eta auzoko ehun sozialean parte hartzera joateko dei egiten diote jendeari. “Indibidualismoaren aurrean, bultza dezagun bizimodu kolektiboa eta bizitza ingurukoekin konpartitzea”, dio Argik zer defendatzen duten ere esateari garrantzia emanez. “Okupatzeak ematen du elkar laguntzea praktikan jartzeko modu potentea, eta gainera, min egiten die”, dio irribarrez Josebak elkarrizketa amaitze bidean.
Ez daudela auzoan taberna bat duenaren edo turismo sektorean lan prekarioan ari denaren aurka argi utzi nahi dute. “Gu auzoak txikitzen eta sektorean negozio ugari dituzten enpresarien aurka gaude. Ahaztu gabe turismoak mila aurpegi dituela. Gure ekintzarekin hotela eta enpresari handiak seinalatu nahi ditugu”.
Dikotomia argi daukate: “Arriola edo auzokideok. Beraiek hotelak, guk etxebizitza komunitarioak”.
Kanpai hotsak entzun dira.
Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]
Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.
Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.
Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]
Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]
Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.
Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.
Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]
Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.
'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.
Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.
Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]
Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.
Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.