Indarkeria militarrak munduko edozein txokotan jendea hiltzea negozio da Euskal Herriko ehun bat enpresarentzat. Ez alferrik, erakunde publikoek industria hau sustatzen dutela azaldu digu Gasteizkoak kolektiboak. Aldiz, herritarrok zeharo hunkitzen gara, eta asaldatzen, arma hauek sortzen duten tragediaren irudiak ikustean. Gertaera horietan Euskal Herriak duen parte-hartzea ezkutatzen zaigu, edo ez jakitea dugu nahiago? Bitartean, euskal herritarron eguneroko bizitza ere gero eta militarizatuago dugu.
Urte onak izaten omen dira “krisiak” arma industriarentzat. Hala azaldu digute Gasteizkoak kolektiboko kideek, eta hala dute kontatua 2016an argitaratu zuten Estas guerras son muy nuestras liburu txit gomendagarrian. “Krisi garaietan nabarmena izaten da gastu soziala murriztearekin batera nola handitzen den eremu militarreko gastua. Hala egin zuen Espainiako Gobernuan Felipe Gonzalezek, eta Euskal Herriko armagintza berpiztea ekarri zuen. Ondoren José María Aznarrek gauza bera egin zuen Armamenturako Programa Bereziak (PEAS gaztelerazko sigletan) martxan jarrita”. Liburuan kontatua dute Armamenturako Programa Berezi horien sorreran Getxoko Pedro Morenes izan zela bultzatzaile nagusietakoa, aurretik Sapa arma enpresako kontseilari izana eta Estatuko Defentsa Idazkari kargua zuena. Eta delako programa hauek 30.000 milioi eurotik gorako zor publikoa eragin dutela. “Gaur egun Programa Berezi horiez gain, estatuak Europako Horizon 2020 programarekin bat egin du, eta enpresak esportazioetara jarrita daude”.
2017an, gainera, aldaketa handi bat onartu du Espainiako Kongresuak, Gasteizkoak kolektiboaren hitzetan: “Orain arte gastu militarraren zati bat baizik ez zen Gobernuaren aurrekontuetan agertzen, eta urtean zehar %30 gehiago gastatzen zuten Armamenturako Programa Bereziekin. Alegia, gastu militarra mozorrotu egiten zuten. Aurten, ordea, diru partida osoa Gobernuaren aurrekontuetan sartu dute eta beraz, Defentsa Ministerioaren aurrekontua %30 handitu da. Ikusi beharko da urte amaieran benetan gastatutakoa hori den edo are gehiago den. Krisialdi betean egonda ere, tamalez, ez du batere eztabaidarik piztu Defentsa Ministerioaren aurrekontua heren bat handitu izanak”. 2017an munduan I+G-ra bideratu den inbertsio osoaren heren bat eremu militarrekoa izan da, “krisialdian” Gobernuek ekonomia suspertzeko zeren aldeko apustu egiten duten adierazten duena.
Aipatutako Programa Bereziek, arma industria sustatzeko, Espainiako Armadaren gailuak berritzea edo gehitzea bilatzen dute eta Euskal Herriko enpresentzat kontratu handiak dira hauek. Europan Horizon 2020 Programak antzeko funtzioa betetzen du: webgune ofizialaren arabera, ikerketa eta berrikuntza du helburu, gizartearen erronkei erantzuteko, eta praktikan, azalpen orokor hori konkretatzen da, beste askoren artean, gailu militarrak garatzean. Argazkietan dituzu Espainiako eta Europako programa horien barruan egiten diren hainbat gailu. Ezagunenak soilik, guztira askoz ere gehiago baitira.
Eta Euskal Herrian? Gasteizkoak kolektiboak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Barne sailera bideratzen duten diru partida ez dutela batere murriztu: “Bere garaian erakundeek esaten zuten ETAren indarkeria zela arrazoia baliabide gero eta gehiago bideratzeko. Ofizialki 6 urte omen dira bakean gaudela eta Barne saileko diru partidak ez dira murriztu”. Jihadisten Kataluniako atentatuen ostean, “segurtasunaren” izenean kontrol poliziala are gehiago handituko duten susmoa du Gasteizkoak kolektiboak, eta kontrol hori puntako teknologia garatuz egingo dela.
14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna denak, hauxe dio 3. artikuluko 3. puntuan: “Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin”. Gasteizkoak kolektiboak Estas guerras son muy nuestras liburuan azaldua du lege hori buletin ofizialean argitaratu eta handik astebetera publiko egin zela Jaurlaritzak Sapari emandako diru-laguntza, “Saparen produkzioa ia bere osotasunean militarra denean”.
Armagintzako enpresei diru-laguntzak emateaz gain, lehendakari zein sailburuek “herrialde beroetan enbaxadore lanak” egiten dituztela adierazi dute: “Brasilen izan da Jaurlaritza, baita Arabiar Emirerrietan ere, Kolonbian, eta Turkian. Berarekin joaten diren enpresen artean baten bat izan ohi da armak ekoizten dituena”, merkatu berrietarako harreman sareak zabalduz: “bidaia horien ostean kontratuak agertzen dira”.
Jaurlaritzak arma ekoizpenarekin duen inplikazioa lehen era agerikoagoan egiten zuela adierazi dute: “ITP arma enpresaren akzionista ere izan da garai batzuetan”.
Erakunde publikoek armagintza sustatzeko duten beste modu bat, enpresa hauetako buruak prestigiatzea dela diote: “Enpresari eredugarritzat aurkezten dizkigute. Senerreko jabe Sendagorta sendiari era guztietako sariak eman dizkiete, ITPren urteurren ekitaldira Ibarretxe Lehendakaria joan zen...”. Gizartean enpresari hauek duten zilegitasunaren adibide gordinena, Gasteizkoak kolektiboarentzat, Jokin Aperribay da: aldi berean Sapako eta Realeko lehendakari da.
Kargu politikoen eta arma enpresen arteko lotura ikusteko, Sapa da kasu nabarmenena, garaian garaiko Gipuzkoako politikariei leku egin baitie enpresako karguetan: Ramon Labayen Donostiako alkatea; Francisco Asís Alonso Donostiako teniente-alkatea; Justo Espín Andoaingo alkatea; eta azkena Jose Ignacio Asensio, 2015 arte Sapako zuzendari komertziala zena eta egun Aldundiko Ingurumen diputatua dena.
Irailaren 7an jakin genuen, Gasteizkoak kolektiboaren eskutik, Euskal Herriko Unibertsitatea I+G garatzeko elkarlanean aritzen dela ITP arma enpresarekin. Informazio honen iturria Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuak (gazteleraz IEEE, Espainiako Defentsa Ministerioaren erakundea da) argitaratzen duen Cuadernos de Estrategia da. Cuadernos de Estrategia honek oso argi azaltzen du unibertsitateek arma industriarekin kolaboratzeko duten modua: “Kolaborazio hau formalizatzen da hitzarmenen bidez, bai modu zuzenean edo zentro teknologikoekin kolaboratzearen bidez. (...) Modu berean, ITPk kolaboratzen du EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoarekin, zeinetan nabarmen sustatzen diren Aeronautika Gela eta praktikak egiteko bekak. Gainera, kolaborazio honek sustatzen du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin doktorego tesiak egitea, karrera amaierako proiektuak eta laborategiko jarduerak. Hauen artean nabarmentzen dugu Zentro Teknologikoen ITP Jardunaldien lehen edizioa, 2015ean egindakoa (...). Jardunaldi hauetan izan ziren ITPrekin kolaboratzen duten erakunde hauek: Zamudioko Aeronautika Teknologien Zentrua, CEIT-IK4, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Publikoa eta IMDEA Materialak”.
Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an beste informazio bat ere zabaldu zuen, 2016ko azaroaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala duena albistearen iturri: EHUk Espainiako Defentsa Ministerioarekin hitzarmena duela segurtasun eta defentsari buruzko jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Horren emaitza dira Udako Ikastaroetan aurtengo irailean egin zituen jardunaldiak, Segurtasuna eta defentsa Europan izenburupean.
EHUk ITP arma enpresarekin eta Espainiako Defentsa Ministerioarekin kolaboratzen duela agertzeaz gain, Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an hau ere jakinarazi zuen, informazio iturri duena EHUren erabaki organu nagusia den Gobernu Kontseiluaren urtarrileko akta: organu horrek onartu zuela EHUk parte-hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean. Plataforma honen bederatzi sozioetatik hiru hauek dira: INTA, alegia, Defentsa Ministerioaren erakunde autonomoa I+G+B-rako; TEDAE, Espainiako armagintza sektorearen patronala; eta DGAM, Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Orokorra.
Bai arma industriarentzat ikertzen dabiltzanak eta bai lantegian piezak egiten dituztenak, lehenago edo geroago denek dakite zertarako ari diren, Gasteizkoak kolektiboko kideen esanetan. Jakin orduko lanari uko egin eta enpresa utzi duen kasu gutxi horietakoren bat gogoan dute, “eta gainerako langileek lanaldia bete, soldata ederra etxera eraman eta bere lanaz harro ez egotea erabakitzen dute”. Estas guerras son muy nuestras liburuan kritika zorrotza egiten diete sindikatuei ere, bere borroka enpresa militarretako langileen lan baldintzak hobetzera mugatzen dutela iritzita.
Duela 20 urte Araban zegoen Expal enpresarekin izan zuten esperientzia mingotsa kontatu dute: Bakearen Ikerketarako Delás Zentrua Gasteizkoak kolektiboarekin harremanetan jarri zen Expal enpresaren konbertsioa lantzeko. Proiektua finantzatzeko prest zegoen Delás, baina Expaleko langileek prozesuan parte hartzea jarri zuen baldintza. Gasteizkoak kolektiboak ere hala behar zuela irizten zion. Langileekin harremanetan jarri, eta ez zuten lortu proiektuan parte hartzerik, 2-3 langile baino ez baitziren prest agertu. “Zergatik? Konbertsioa eginez gero, langileek zuten soldataren ordez administrazioko langileena eskaintzen zien proiektuak, eta hiru aldiz txikiagoa zen”.
Saiakera hark huts egin bazuen ere, irtenbide zentzuzkoena hori dela berretsi dute Gasteizkoak-ekoek: “Enpresa txikienak itxi, langile horientzat beste lanpostu bat bilatu, eta enpresa handienak jarduera zibilera soilik mugatu”. Egingarria dela diote: “Aski dute erakunde publikoek jarduera militarra duten enpresei diru-laguntzak eta era guztietako laguntzak kentzea”. Sindikatuek ere borroka esparrua baluketela diote: “Konbenioan objekzio laborala eskubide gisa onartzea landu dezakete, hau da, langileek eskubidea izatea enpresaren proiektu zibiletan bakarrik lan egitea erabakitzeko. Horrek eztabaida irekiko luke enpresetan, konbertsio prozesuei atea irekiz”.
Antimilitarismoa jorratzen du 26 urtez Gasteizkoak kolektiboak, eta armagintzaren arazoa bere sakonean lantzeko, hainbat galdera pausatu dituzte elkarrizketan zehar: Gerren aurka egin dezakegun ekarpenik handiena ez ote da armak ekoizteari eta finantzatzeari uztea? Euskal herritarrok gure kontsumo mailari eusten jarraitu dezakegu, beste herrialde batzuei gerren eta armen bidez baliabideak kendu gabe? Gerrarik ez dagoen lekuan bakea dago? Nola deseraiki hain errotuta ditugun jarrera eta balio militaristak?
Gizartean hausnarketa bultzatzeko, “militarismoaren aurpegi ezkutuak argitzeko” unitate didaktikoa prestatu dute, DBHko 2. eta 3. mailetan lantzeko. Ikasturte honetan proban jarriko dute hainbat ikastetxetan, eta hauengandik jasotzen dituzten iradokizunak kontuan hartuta, hurrengo ikasturtean ikastetxe denen eskura jarriko dute.
Herritarrok jarrai dezakegu gure buruari kontraesanak loratzen dizkiguten galderak egin gabe, begirada albora makurtuta. Honek arazo bakarra duela oroitarazi zien BBVAko zuzendariari eta akzionistei Maria de Lluc Bagur-ek, 2017ko martxoaren 17an egin zen BBVAko akzionisten batzarrean, erakunde hauen izenean hitza hartuta: Delàs Zentrua, Setem, Justícia i Pau, Globalizazioko Zorraren Behategia eta RETS kolektiboa: “Zuen inbertsioek munduan zer sortzen duten ez bazaizue zipitzik axola, jarrai ezazue armagintzaren eta militarizazioaren munduko finantzatzaile handienetakoak izaten. Dudarik gabe, aberatsagoak izango zarete, baina jakin behar duzue zuen arduragabekeriak dakarrela gu guztiok, zuek barne, geroz eta segurtasun gutxiago duen munduan bizi izatea”.
Gai honi lotutako eduki gehiago:
Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua
Armak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak
Euskal bankuek arma enpresei bideratutako dirua
Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.
"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]
Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]
Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]
Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]
José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.
ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten... [+]
Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]
Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]
Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]