Euskal Herria basoz baso

  • Eguzki sasoia iristearekin batera ohiko bihurtu da gure kostaldeko herriak bertako nahiz kanpoko jendez betetzen ikustea. Hondartzak lepo, masifikatuta, eskuoihala jartzeko ia tokirik gabe egon ohi dira maiz. Badirudi eguraldi onarekin ahaztu egiten zaigula itsasaldeko norakoetara ez ezik, bestelako esparru naturaletara irteera aukera ugari ere baditugula: horietako bat dira basoak.

Bertizko Jaurerria. Argazkia: Dani Blanco.
Bertizko Jaurerria. Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco

Hamaika baso ditugu Euskal Herrian, bakoitza bere forma, ezaugarri eta bereizgarriekin. Parke Naturalen barruan daude horietako zenbait, babestutako eremuetan. Beste asko, berriz, ez dira inongo parke edo naturgune ezagunen parte: bisitariak sorpresaz harrapatuko ditu fama handirik gabeko baso horien xarmak.

Izan ere, zer da basoak eskaintzen diguna? Zein da basoaren xarma? Batzuek lasaitasunarekin lotuko dute, itzalpeko freskotasunarekin, animalia, landare eta zuhaitzen artean galtzearekin. Beste zenbait basoko zerbaiten bila hurbilduko da bertara: fruituak, perretxikoak, sendabelarrak… Eskuzabala da basoa. Edozein dela ere bertan galtzeko arrazoia, ezin uka guztiok zertxobait “basatiago” egiten gaituela, zentzumenak zorroztu eta naturaren parte sentitzeko beta eskaintzen digula.

Erreportaje honetan, bada, bidaia bat proposatuko dizuegu: Euskal Herria aldez alde zeharkatuko dugu basoz baso mugituz eta horietako zenbaitetan geldialdiak eginez. Herrialdeen arteko muga-marrak jarraituz marraztu dugu ibilbidea, mendebaldetik ekialderako noranzkoan. Goazen bada!

Abiapuntua: Izkiko basoa, ametzaren paradisu

Izkiko Natura Parketik hasiko dugu ibilbidea. Arabako Mendialdean dago baso hau, Bernedoko, Arraia-Maeztuko eta Kanpezuko udalerrien barruan. Landare eta zuhaitz espezie guztien artean, badu protagonista nagusi bat Izkiko basoak: ametza (Quercus pyrenaica). Basoko 9.000 hektareatik erdia, gutxi gorabehera, ameztiek hartzen dute.

“Geologiaren eta landarediaren arteko korrelazio garrantzitsua ematen da Izkin: basoaren erdigunea, Izki erreka pasatzen den bailara, oso inguru hondartsua da eta ameztiek osatzen dute. Periferiako guneak, berriz, inguru harritsuagoak dira, eta haritz eta erkametzez daude osatuta”, azaldu digu Jonathan Rubines Arabako Parke Naturalen teknikariak.

Bestalde, eta azalera aldetik eremu oso txikia hartzen badute ere, Izkiko bereizgarri dira lurrazalera ateratzen diren gune lohitsuak, ur bildu txikiak. Bertako herritarrek “zapaka” hitzaz ezagutzen dituzten putzuok floraz eta faunaz oso gune aberatsak dira, bertan aurkitzen baitira beste inon ez dauden hainbat espezie.

Landaredian, aipagarritzat du teknikariak baso barruan hazten den nartziso mota bat: lilipa arrunta (Narcissus pseudonarcissus). Lehenetarikoa izaten da udaberrian loratzen. Martxo-apiril aldean baso oraindik marroiaren barruan kolore horiko nartzisoen larreak sortzen dira, paisaiari ukitu ederra emanez.

Basoan sartzean, begi nahiz belarriak adi edukitzea komeni da, lurretik edo airetik, handi nahiz txiki, baina hamaika animalia topatu baitaitezke Izkin. Zuhaitzen artean ametza bada nagusi, animalien artean okilak du paper hori. Parkean sei okil espezie daude, iberiar penintsulako toki oso gutxitan gertatzen da hori. Gainera, parkeko espezie nagusi den okil ertainaren (Dendrocopos medius) penintsulako populazioaren %30 inguru dago Izkin. “Espezie horren kontserbaziorako ingurune oso garrantzitsua da hau”, dio Rubinesek.

Urtean 50.000 bisitari inguru jasotzen ditu Izkiko parkeak, baina Rubinesek argi du jende gehiago jasotzeko aukera baduela Arabako parkeak.

Gorbeiatik Aizkorri-Aratzera: pagoaren lurretan

Izkiko Parke Naturaletik ipar-mendebalderantz eginda, Gorbeiarekin eginen dugu topo, Araba eta Bizkaiaren arteko muga-lerroan. 1994an Parke Natural izendatua, 20.016 hektarea ditu parkeak, eta haritz, pago, pinu nahiz beste hainbat espeziez osatutako baso ugari ditu bere lurretan. Arabako aldean pagoak dira nagusi: Altubeko pagadi zabalaren adibidea da esanguratsuena.

Gorbeiatik ekialdera eginez, Bizkaia atzean utzi eta Gipuzkoa-Araba muga-lerroa segituko dugu helmuga berrira iritsi arte: Aizkorri-Aratz Parke Naturala. 19.400 bat hektarea ditu, eta horietatik 10.000 inguru basoak direla azaldu digu Valentin Mugarza Martinez Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko zuzendariak: “Batetik berez sortutako baso naturalak daude, pagadi, harizti eta ameztiak adibidez, eta bestetik landatutako basoak, hainbat pinu motaz eta alertzez osaturik, batez ere”. Pagoak dira nagusi Aizkorri-Aratz inguruetan, baso naturalek hartzen dituzten 7.000 hektarea ingurutik 6.000 bat pagadiak baitira. Araba aldera, ordea, ametz eta erkametzek ere badute protagonismoa, 1.000 hektarea inguru hartzen dituzte. “Pagoa hedatzen ari da, eta horrek badu alde txar bat: haritzari lekua jaten ari zaiola. Parkearen helburuetako bat bada hariztiak mantendu eta azaleratzea”, kontatu digu zuzendariak.

Izan ere, haritz kanduduna (Quercus robur), Euskal Herrian ohikoa den zuhaitz espeziea, asko galdu zen Gipuzkoan eta Bizkaian basoak ustiatzearen eta lurrak esku pribatuetan egotearen ondorioz. Aizkorri-Aratzen egun 400 bat hektarea osatzen dituzte harizti kandudun nahiz kandu-gabeek. Haritz kandu-gabeetatik (Quercus petrea), 200 hektarea inguru daude parkean. “EAEn espezie horren basorik handienetakoa da.

Ikatza egiteko basook ustiatu zirenez, parke inguruko egungo basoak 60-70 urteko baso gazteak dira, nagusiki. “Faunari zuzenean eragiten dio horrek: fauna aberatsa izateko beharrezkoak baitira zuhaitz zaharrak, egur hila, eta abar”. Baso zaharretan adinako aberastasunik izan ez arren, hala ere, animalia espezie ugariren bizitoki da Aizkorri-Aratz Parke Naturala: hegazti harrapari eta bestelakoez gain –sai zuria, miru gorria, okil beltza–, gailurretako uhandrea, baso igel iberiarra, elur-lursagua eta beste animalia asko aurki daitezke bertan.

Bertizko Jaurerrira bidean, pagadi eta hariztiak zeharkatuz

Aizkorri-Aratzetik Nafarroarako norabidea hartuta, ezin aipatu gabe utzi Urbasa-Andiako eta Aralarko parke naturalak. Araba-Nafarroako muga-lerroan lehena eta Gipuzkoa-Nafarroakoan bigarrena, pagadiz osatutako basoak nagusi dira bietan.

Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga-lerroari iparralderantz jarraituz, berriz, etapako hirugarren parke naturala zeharkatuko dugu: Aiako Harria. Esanguratsuak dira Añarbeko urtegiaren inguruan dauden harizti eta pagadi basoak, animalia espezieen aniztasun handiko tokiak. Lurrazaleko aberastasunaz gainera, aipatzekoa da lur azpiko eremua ere: Arditurri meategietan murgiltzeko aukera izanen du Aiako Harrira hurbiltzen den bisitariak.

Aiako Harritik Nafarroara sartu eta Ipar Euskal Herriranzko norabidea hartuta, azkenean, iritsi gara hirugarren eta ibilbideko azken helmugara: Bertizko Jaurerriko Parke Naturalera. Euskal Herriko basoen inguruko erreportajearen ideiaz hitz egin nionean, segituan aipatu zuen Miel Mari Elosegi biologo eta Nafarroako baso teknikariak Bertizkoa. “Zuhaitzak jaio, heldu, hil eta usteldu egiten dira, hori da baso baten ziklo natural osoa. Eta Artikutzan eta Bertizen oso ongi ikusten da hori”, azaldu zuen.

Harrigarria da Bertizek, Oieregi eta Oronoz-Mugairiko herriguneetatik hain hurbil dagoen basoak, gizakiaren esku-hartze hain txikia jasan izana. Nola den hori posible? Bada, erantzuna aurkitzeko Bertizko basoaren historia kuriosoa pixka bat arakatu behar da. 1898an Pedro Ziga Mayo eta Dorotea Fernandez jauntxoek erosi zuten Bertizko Jaurerria, eta haiek hiltzean garaiko Nafarroako Diputazioari utzi zioten testamentuan lursaila. Baldintza bakarra jarri zioten: basoa bere horretan uztea, esku-hartzerik gabe, ezertan aldaketarik eragin gabe.

Pagadi eta hariztiak elkarbizitzan ari dira Bertizko parkeko 2.040 hektareetan. Gutxiago, baina haltzadi, amezti eta txilardiak ere topa daitezke bertan. Eta noski, baso hain aberatsa izanik, animalia espezie ugarirentzat bizitoki ezin hobea da jaurerri ingurua, batez ere oihaneko hegaztientzat.

“Hildako zuhaitzak usteltzen ari dira, eta horrek desastrea dirudi. Askok diote, ‘hau utzikeria!’. Baina ez, kontua da basoak benetan horrelakoak direla”, dio Elosegik. Bertizen dena ez da erregularra eta kontrolatua. Edozein gizarterekin alderatzen du biologoak basoa, adin guztietako zuhaitzak egon behar dute: zaharrak, gazteak, jaioberriak…

Bertizko baso aberatsetik buelta eginda, hemen emanen diogu gure baso-ibilaldi honi amaiera. Jarraitu genezakeen aurrera Nafarroa-Iparraldeko mugalerroa hartuta, eta Iratiko baso ezaguna zeharkatu, eta handik segi Pirinio aldera, eta… Lehenago esan bezala, asko dira Euskal Herrian ditugun basoak, eta ezinezko guztiak erreportaje bakarrean sartzea. Edonola ere, udan basoan galtzeko harra norbaiti piztu izan diogula espero dugu, beti ere burua erabiliz: utz dezagun kotxea etxean, zaindu eta errespetatu dezagun ingurua eta saihestu ditzagun hondartzetako masifikazioak basoan. Akabo bestela…

Basoa udan: lan eta lan

Zertan da basoa udan? Zein fase bizi du urtaro oparo honetan? Jakoba Errekondok eta Miel Mari Elosegik bat egin dute azalpenean: udan lanean ari da basoa, hosto guztiak aterata eguzki energia aprobetxatzen, fotosintesia egiten, bere gorputza fabrikatu eta zabaltzen, udazkeneko uztarako eta negua pasatzeko prestatzen. “Udan dena dago bor-bor: landareak, animaliak, perretxikoak… Guztia!”, dio Errekondok. “Basoaren iraupenerako fase garrantzitsuena da uda”.

Gizakion biziraupenerako ere ezinbestekoak dira basoak, beharrezko dugun oxigenoa sortzeaz gain igortzen dugun karbono dioxidoa xurgatzen baitute. Zuhaitz motaren eta bestelako ezaugarrien arabera aldakorra izanik ere, U.S. Forest Service and International Society of Arboricultur erakundearen arabera, zuhaitz hektarea batek 19 pertsonarentzako adina oxigeno sortzen du urtean. Horrek esan nahi luke, adibidez, Arabako biztanleen erdia Izkiko basoak sortzen duen oxigenoari esker bizi dela. Ez da makala!

Nafarroako bi pagadi, UNESCOren munduko ondare natural izendatuak

Iratiko Basoko Lizardoia eta Isabako Aztaparreta pagadiek jaso dute UNESCOren izendapena. Uztailaren 7an, Europako jatorrizko zenbait pagadiri aitortu zien “salbuespenezko balio unibertsala” nazioarteko erakundeak, eta horien artean daude Nafarroako biak.

“Duela urte mordoa hainbat babes neurri jarri eta basoen sailkapena egin zuen Nafarroako Gobernuak. Zenbait basori ‘Erreserba integral’ izendapena eman zien orduan. Babes osoko gune horietan ezin da ezer egin, ezin dira ukitu, eta baso lanik ez da egin ehun urtetan”. Lizardoiako eta Aztaparretako basoez ari zen Miel Mari Elosegi, UNESCOren izendapena ezagutu baino lehen. Izendapena jaso duten bi horiez gain, Ukerdiko Erreserba Integrala da babes osoko hirugarren gunea Nafarroan, Larrako mendigunean.

“Oso ikusgarriak dira pagadi horiek, basoak berez nola funtzionatzen duen ikusteko aukera ona ematen dute, baina eremu oso txikia hartzen dute: Lizardoiak adibidez, 200 hektarea ditu, irlatxo baten modukoa da”, zioen Elosegik. Babes osoko irla txiki horiek handitzen hasteko balioko ote du aitortzak?

Kultur eskaintza

Naturaz gozatzeko aukera ez ezik, iraganera bidaiatzeko eta gure historia ezagutzeko aukera ere eskaintzen digu basoak. Urteetan, hamarkadetan eta mendeetan, gizakiak harreman estua izan du bere inguruko oihanarekin. Basorako gure irteerak, beraz, bestelako kultur eskaintza eta jarduerekin osa ditzakegu. Hona hemen horietako batzuk:

Antzinako aztarnategiak: Historiaurreko aztarnategi ugari daude Euskal Herriko mendi eta baso inguruetan, antzinako gizakiaren lekuko. Trikuharriak, tumuluak, harrespilak eta zutarriak dira horietako batzuk, baita kobazuloak ere. Horietako asko topa daitezke erreportajean aipatutako Aizkorri-Aratz inguruetan, besteak beste.

Meategiak: XIX. mendearen bigarren erdian garrantzi handia hartu zuten meategiek Euskal Herrian. Horien aztarna dira egun gure lurraldean sakabanatuta dauden meatze zaharrak: Aizpeakoak Zerainen (Aizkorri-Aratz) edota Arditurrikoak Oiartzunen (Aiako Harria), beste askoren artean.

Interpretazio zentroak: Erreportajean aipatutako parke guztiek dituzte interpretazio zentroak. Bisitariari harrera egiteaz gain, parkeko eta bertako basoetako informazioa emanen diote bertan: fauna eta flora, geologia, historia, antolatutako jarduerak...

Museoak: Basoen eta Parke Naturalen inguruan hainbat gairi buruzko museoak bisita ditzakegu, tokian tokiko errealitateari erantzuten diotenak. Esaterako, Egurraren Museoa Zegaman edo Gatz Museoa Leintz-Gatzagan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoa
2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Lezkarekin sagardo hobea

Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere (Vitis vinifera). Sagasti, mahastiko lanak eta dolare, soto, upelategi eta pitarretako lanak... [+]


Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]


2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Gregorio Ugartemendia. Pagadien egile
“Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago”

Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo, garai batean lahar, pagadi gaur egun: Gregorio Ugartemendia Zubillagaren basoa duzu.


“Ebaki eta bota” teknika

Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Biezko
“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”

Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu hori ez zitzaidan gustatzen…”, azaldu du ekoizleak. Lekunberrik,... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
“40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko”

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


2024-04-17 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


Eguneraketa berriak daude