Gazteak ume migranteei bidea errazten

  • SOS Arrazakeria elkarteak 3. ikasturtez Urretxindorra proiektua eraman du aurrera: jatorri atzerritarreko 10-14 urte arteko ume banarekin astean hiru ordu eman dituzte 28 gaztek, borondatez, aisialdia partekatuz. Migrazio prozesua bizi duen umearen “motxila” arintzen laguntzen duela kontatu digu Loira Manzani SOS Arrazakeriako kideak, eta “proiektua aldebiko onuraren isla dela” azpimarratu digute tutoretza lan horretan boluntario aritu diren Aitor Martín Camerón eta Oihana Bellido Sesmak. Gure herrietako hainbat umeren bizipenak ikusarazten lagundu digute euren hitzek.


2017ko uztailaren 12an
Oihana Bellido Sesma, Urretxindorra proiektuan borondatez aritu den tutorea; Loira Manzani SOS Arrazakeriako langilea eta Aitor Martín Camerón tutorea. Argazkia: Dani Blanco.
Oihana Bellido Sesma, Urretxindorra proiektuan borondatez aritu den tutorea; Loira Manzani SOS Arrazakeriako langilea eta Aitor Martín Camerón tutorea. Argazkia: Dani Blanco.

Kataluniako Ruiseñor proiektua “kopiatu eta hemengo egoerara egokitu” dutela kontatu du Manzanik. Bizitzako garai batean bera baino nagusiagoa den gazte baten erreferentzia ongi etorriko zaien umeei aukera hori ematea da helburua: “Badira beren emozioak kudeatzen eta adierazten ikasi behar duten umeak, badira sozialki harremanak izateko zailtasunak dituztenak, badira iritsi berri direnak eta beraz ingurua ezagutzen ez dutenak...”. Manzanik adierazi du horrelako beharrak edozein umek izan ditzakeela, baina Urretxindorra proiektuan jatorri migranteko umeetan zentratu direla, SOS Arrazakeria elkartearen egitasmoa delako, alde batetik, eta migrante egoerari lotutako motxila batzuk ere badirelako, bestetik: “Ume askoren bizipena da gurasoengandik banatu zirela jatorrizko herrian, gurasoak hona etorri zirelako lan bila. Handik urte batzuetara hemen elkartzen dira berriz, nerabezaro betean, ordura arteko bere erreferenteak diren lagun eta helduak jatorrizko herrian utzita”. Migrazio doluaz mintzatu zaigu Aitor Martín Camerón, Hondurasko 14 urteko umearekin borondatezko mentoretzan aritu den Tuterako gaztea: “Etortzeko erabakia bere gurasoek hartu dute, eta urte eta erdiz egon zen ama gabe, bere ama hemen zegoelako lanean bera ekartzeko dirua irabazten. Horrek ondorioak ditu umearengan. Tutoreok ondoan gaude, bere borondatearen aurka hartutako erabakiak ekarri dion egoera aldaketara egokitzeko prozesuan”.

Tutorea: erreferente gaztea eta ez instituzionala

Urretxindorra proiektuan lehen aldiz parte hartzen duten kide denei zail egiten omen zaie ulertzea juxtu zein den mentoreen funtzioa; bai gurasoei, umeei eta tutoreei beraiei ere. Martín Camerónek azpimarratu du tutorearen eta umearen arteko harremanaren oinarria “pertsonala dela, ez da ezer instituzionala. Lagun egin gara, eta nire haurrak behar zuen instituzioetatik kanpoko figura bat egunerokotasunean, ordura arte zituen baliabide gehienak instituzioek emandakoak baitziren”. Manzanik azaldu du berariaz hautatzen dituztela tutore gazteak, “helburua baita erreferentziazko pertsona hori ez izatea umeak guraso edo irakasleekin identifikatuko duen heldua. Umeek ikus dezatela eurak urte gutxi barru izango direla egun mentorea den pertsona hori”. Oihana Bellido Sesma Donostiako gazteak berretsi du laguntasunezko harreman izan duela 9 urteko boliviarrarekin: “Ni pixka bat zaharragoa izanik eta gertutasunari esker, konfiantza izan du bere arazoak kontatzeko”. Manzanik azaldu du mentore izateko ez dela aparteko formaziorik behar, “eskatzen dieguna da enpatia eta motibazioa”. Tutorearen funtzioa ongi mugatua baina bere horretan emankorra dela adierazi du: “Ondoan egotea astean hiru ordu horietan, saiatuz aisialdiko denbora hori hezitzailea eta eraikitzailea izan dadila. Eta konfiantza izatea elkarren artean, umea eroso sentitu dadila mentorearekin, nahi duena kontatzeko edo proposatzeko. Horraino. Arazo horiek konpontzen saiatzea ez dagokio mentoreari. Ongi pasatzea da oinarria, eta hori bera ere ez da gutxi egoera zaila bizi duten umeentzat. Gazte batek galdetzea zer den egin nahi duena eta hori bilatzea, asko da!”.

Hemengo ere sentitzen laguntzeko

Bikote bakoitzak erabaki du hiru ordu horiek nola antolatu eta denbora horretan zer egin. SOS Arrazakeriak Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten kide guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu, eta nahi izan dutenek bertan parte hartu dute. Martín Camerónek kontatu du asko baliatu dituztela jarduera hauek, “oso gustura egoten baikinen beste mentore eta umeekin. Horrela, biltzen ginen atzerrietan jaiotako umeekin, eta horrek asko irekitzen du lurraldetasunaren kontzeptua, proiektua aprobetxatu dugu asko ikasteko. Eta bestalde, nire haurrak bazuen aukera beste mentore batzuk ezagutzeko, bertakoen erreferentzia gehiago izateko”.

Bai Martín Camerónek eta bai Bellido Sesmak azpimarratu dute Urretxindorra proiektuaren bidez ume hauek hiria, kultura eta hizkuntza gehiago ezagutu dituztela. Beren jatorrizko kulturari eusteari garrantzia handia ematen diote, eta aldi berean, bertakoari leku bat egiten saiatu dira tutoreak. Martín Camerónek azaldu duenez, “nire haurra duela bi urte etorri zen, 12 urterekin, eta dagoeneko oso ongi ezagutzen zuen Donostia fisikoki, baina ez zen gerturatzen hemengo bizitzeko modura eta kultur ekitaldietara. Ezagutzen zuen Olentzero edo Donostia Eguna, baina ez zituen bizi. Kontua ez da ez duenik ekitaldi horietara gerturatu nahi, baina parte ez sentitzearen sentimendua bazuen. Kontziente zen bera beste leku batekoa zela. Pareta hori gainditzen saiatu naiz, hemen dagoen unetik, hemengoa ere badela transmititzen”.

Umeek euskararekiko duten harremana estutzen saiatzen dira Urretxindorra proiektuan. Ume batzuek jarrera ezkorra dute euskararekiko; Manzanik jarri die hitza haien sentimenduei: “Euskara bizi dute eskolako eta akademiako hizkuntza bailitzan, beste haurrak iristen direnera iristen uzten ez dien elementu gisa. Euskararekiko hesi emozional hori haustea da gure helburua, estimua izan diezaiotela, eta ikus dezatela euskara badela maitasunaren hizkuntza ere, laguntasunarena, eguneroko bizitzarena...”. Martín Camerónen haurrak ez zuen jarrera ezkorrik euskararekiko, baina hitz egiteko gaitasunik ere ez. Oriora joan ziren egun batean, euskara herri horretan komunikazio hizkuntza arrunta dela ohar zedin, eta umeak kafetegian asteroko colacaoa euskaraz eskatzea izan zen Martín Camerónen helburu xumea. Bellido Sesmaren umeak gaitasun handiagoa zuen, eta zinema euskaraz ikustera joan dira, jolasak ere euskaraz egin dituzte... Tutoreren batek umea bere familiara eraman du, euskara etxeko hizkuntza ere badela erakusteko, edo kuadrillarekin euskaraz aritzen dela erakutsi dio...

Ikasturtearen amaieran Urretxindorra Proiektuko partaideek eginiko festako argazkia.
Ikastetxearekin harremanetan

SOS Arrazakeriak ikastetxeei azaltzen die proiektua, eta parte hartzea ongi etorriko zaien umeak hautatzen ditu ikastetxeak. Hautatutako ume hauek eta gurasoek nahi badute, Urretxindorra proiektuan parte hartzen hasten dira. Manzanik adierazi duenez, “denei garbi uzten diegu ez dela jarduera akademiko bat, helburua ez dela eskolako emaitzak hobetzea... baina eskolak ere baloratu behar dituela emaitza akademikoak ez diren edukiak eta batzuetan emozioei, harremanei eta egoera pertsonalei lotutako faktoreek eragina dutela emaitza akademikoetan. Eskolek ikusten dute umeak hobeto daudela, irekiago, harreman hobeak dituztela... Funtsean, autoestimua hobetzen zaiela eta batzuetan horrek eragina duela emaitza akademikoan, ume hauetako asko ez baitabiltza aise eskolan”.

Neurtuta, hazten doan proiektua

Zazpi bikotek hasi zuten Urretxindorra proiektua duela hiru ikasturte, Donostian eta Errenterian. Hurrengo ikasturtean, 14 bikotera igaro ziren, eta bi herriei Hernani gehitu zitzaien. Aurtengo ikasturtean 28 bikotera hazi da kopurua, hiru herri hauetan. Hurrengo ikasturterako, 35 bikotera iristeko aukera du SOS Arrazakeriak, eta hiru herri hauez gain Lasarte, Tolosa eta Urnietara zabaltzea. Baina Manzaniren arabera, kopuruak ere zaindu beharrekoak dira: “Agerian geratzen ari da behar erreal bati erantzuna ematen ari garela, baina argi dugu helburua ez dela kuantitatiboki proiektua haztea. Ezezkoa esan behar izan diegu ikastetxe batzuei, pertsonen arteko harremanez ari garelako eta harremanak zaindu egin behar direlako. Ezin dira bikote pila bat sortu ondoren ez badugu denborarik harreman horietan sortzen diren arazoak lantzeko”.

Tutore izateko nola eman izena

Irailera arte dago zabalik hurrengo ikasturtean tutore modura izena emateko epea. Deitu dezakezu 943 321811 zenbakira edo idatzi urretxindorraproiektua@gmail.com-era. Euskaraz dakitenei lehentasuna ematen diete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aisialdia
Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Jauzi.eus, Iruñerriko eskolaz kanpoko euskarazko jardueren bilatzailea

Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak, kohesio sozialerako aukera galdua

Asko hitz egiten da hezkuntzan dagoen ikasle segregazioaz, baina ikasgelatik atera eta zein doa igeriketa ikastarora, futbol taldera, dantza akademiara? Zein gelditzen da arratsaldero kalean, gaztelekuan edo etxean, baliabide ekonomiko eta logistikorik ez duelako? Nolako... [+]


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


2022-09-06 | Jon Torner Zabala
‘Pastorola’: Handituz doa euskarazko rol jokoen eskaintza

Rolariak elkarteko kide Pello Gutierrezek sortu du Pastorola rol joko kolaboratiboa, Zuberoako pastoralen narratiba eta egitura oinarritzat dituena. Euskaraz jokatzea helburutzat hartuta, pasa den urtean Adur rol jokoa aurkeztu zuen elkarteak. Bide horri eutsi dio... [+]


Ibilbide geologikoak (III)
Geoparkeko flysch harrigarria irakurtzen

Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.


Haurren pantaila kontsumoa udan, aintzat hartu beharrekoak

Aisialdi orduak biderkatuta, haurrak entretenitzeko telebista eta tabletera jo ohi dugu udan. Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez… hainbat gogoeta jaso dituzte Criar.cat-en eta hona ekarri ditugu.


Zaldibiako plaza auzolanean eta begirada berriak txertatuz ari dira diseinatzen

Herritarrak inplikatuz eta Arkitekturako ikasleen laguntzaz, bizilagun guztiak kontuan hartuko dituen plaza ari dira diseinatzen Zaldibian. Hilero arlo bati eskaintzen diote tartea: zaintzaren arkitektura landu eta espazioa ikuspegi feministatik aztertu ostean, haur eta gazteek... [+]


Eguneraketa berriak daude