Deborah Stratman (Washington, AEB, 1967) zientziaren bidez iritsi zen zinera. Fisika ikasteari utzi zion, bukatutakoan industria militarrarentzat lan egin beharko zuelakoan eta Arte Eskolan zinearekin egin zuen topo. Gustatzen zitzaion guztia zeukan zineak: optika, erlatibitatea eta mekanika; teknologiarekin erlazioa, bai eta Tarkovskyk deskribatutako “denbora zizelkatzeko” aukera ere. Ekainaren 17an Tabakaleran izan zen Deborah Stratman berari eskainitako fokuaren saio bat aurkezteko. Zineari eta politikari buruz hitz egin genuen, bai eta soinuaren bidez mundua asmatzeko erari buruz ere.
Zientziatik zinera pasa zinenean zein zen zineari buruz zeneukan ideia?
Zine esperimentala ikusi nuen lehen aldiz hogei bat urte nituen. Une horretan aurkitu nuen benetan hitz egiten zidan zine bat. Eta orduan ulertu nuen badaudela denbora erabiltzeko beste era batzuk. Ez dute zertan era erradikalagoak izan, baina badira literariotik urrun dauden erak. Nire pelikulak ere hasieratik izan dira horrelakoak. Egin nuen lehenengoetariko bat dut gogoan: jendea filmatu nuen ilea mozten zioten bitartean eta gero nik moztu nuen filma ile mozketa bat egingo banio bezala (barreak).
Nire lehenengo zine irakasleetako bat Peter Kubelka izan zen eta dudarik gabe kutsatu egin ninduen. Haren bitartez izan nuen nire lehen esperientzia denbora eta soinuarekin. Haren bitartez iritsi zitzaidan mozketaren ideia. Astero elkartzen ginen bere mintegian eta berak Unsere Afrikareise jartzen zigun. Elkartzen ginen bakoitzean pelikula hori ikusten genuen. Besterik ez. Harrigarria zen. Zirrara sakona sortu zidan.
“Soinua pelikularen alderik subertsiboena dela esango nuke, ez baitugu soinuan hainbeste pentsatzen. Ikusten duzun hori beti egongo da zure aurrean. Entzuten duzuna berriz, 360 gradutan dago”
Zure filmografian nabari da lehen lan formalago hauetatik lan politikoagoetara eman duzun pausoa. Nola bilatzen duzu forma eta edukiaren arteko oreka?
Nire kasuan forma kontzeptu batetik ateratzen dela uste dut, bai eta aurreko forma bati aurka egitetik ere. Adibidez, Illinois parables, egin dudan azken filma bukatutakoan, ez nuen hasi nahi berriro beste pelikula erabat historikoa eta erabat neurtua egiten. Horren aurka egin nahi nuen. Gutxi erabili ditudan edo ezohikoak diren estiloak lantzea gustatzen zait beti.
Baina ez da galdera erraza, eta aldi berean, hori da funtsezko galdera. Orokorrean, zinemagile gisa ikusleek zine esperientzia bat izan dezaten nahi duzu eta pelikula ikusten ari direla senti dezaten ideia hori ezin zela beste era batean adierazi. Adibidez, Otolith Group. Ikaragarri gustatzen zaizkit eta oso onak direla uste dut, baina batzuetan beren pelikulak ikusten ditudanean, ideiak eta proposamenak bikainak iruditzen zaizkit baina iruditzen zait zinea galtzen ateratzen dela. Agian zinea ez da ideia horiek adierazteko formarik onena. Eta hori da helburua, ezta? Idazketaren bidez, argazki saiakera baten bidez edo bakarrizketa baten bidez ezinezkoa litzatekeen zerbait ikusgai egitea zinearen bidez.
Ikusleen esperientziarekin lotuta, zure pelikulek ulermen maila ezberdinak onartzen dituzte. Hacked Circuit-en, adibidez, foley estudio bat ikusiko dugu eta foley artista bat The Conversation (Coppola, 1974) filmaren eszena bati soinua jartzen. Pelikulako pertsonaia bere etxean ezkutatuta dauden mikrofono batzuen bila ari da. Pelikularen abiapuntuan Edward Snowden eta AEBetako NSA agentziaren espioitza kasuak zeuden, baina hori jakin gabe ere, pelikulak erabat funtzionatzen du. Ikusleak eta pelikularen harrera kontuan hartzen dituzu film bat egiten ari zarenean?
“Zinemaren helburua da ikusgai egitea idatziz, argazkiekin edo bakarrizketa batekin ezinezkoa litzatekeena”
Etorkizunean pelikula batek izango duen harrerak ez du inoiz ere baldintzatzen nire lana egiteko era, baina garbi daukat oso zaila dela, erronka bat dela pelikula jende guztiarentzat egitea, eta aldi berean, erradikala eta konplexua izatea. Hacked Circuit-en kasuan, esate baterako, erretratu pelikula bat dela esan genezake, edo agian, foley artista bat lanean inoiz ikusi ez baduzu, foley artea ezagutu dezakezu. Maila horretan konekta dezakezu pelikularekin. Edo, agian, koreografiak daukan erritmo estrukturarekin, loop bat denez, paranoiaren antzeko zerbait sortzen da zirkuituan zehar eta kontrol sistema batean pentsa dezakezu, ezkutuko kontrol sistemetan eta abar. Ikusle bakoitzak maila ezberdin batean konekta dezake. Pelikulak egin ahala ere ikasten duzu eta ikusleek harritzen zaituzte. Illinois Parables-en kasuan, adibidez, asko harritu nau izan duen harrerak. Egin dudan pelikularik aspergarriena iruditzen zait niri eta beste lanak baino askoz ere gehiago ikusi da. Badirudi jendeari Historia interesatzen zaiola. Nola ez! Eta jendeak atsegin duela Historia istorioen bidez nola kontatzen den entzutea. Baina, hala ere, ez daukat erantzun zehatzik.
Pelikula bat egiteko prozesuak dituen bi momentu zehatzi buruz galdetzea gustatuko litzaiguke: alde batetik, grabaketa eta kamerarekin daukazun erlazioa; bestetik, edizio gelarekin daukazuna. Askotan zure pelikulak musikalak iruditzen zaizkigu, edizio gelan sortzen dituzun sinfoniak direla eta.
Gehienetan nik neuk filmatzen ditut nire pelikulak baina beste kameralariekin lan egitea ere gustuko dut. “Found footage”-ekin [aurkitutako irudiekin] lan egiten dudanean beste kontu bat da, baina norbaiti nirekin filmatzeko eskatzen badiot, garbi izan behar dut erabat fidatzen naizela eta elkarrekiko komunikazioa ona dela. Era honetan lan egiteak begirada zabaltzen dizu, filmatzen ari zarenean nahiko miope bihurtzen baitzara. Hala ere, uste dut nik oso harreman ona daukadala nire kameralariekin. Ez naiz filmatzen duen bitartean begi bat ixten duen kameralaria, zabal-zabalik izaten ditut beti bi begiak. Nire zinema eta mundua ikus ditzaket aldi berean. Kameralari askok egingo dute horrela seguruenik. Oso lagungarria da eta.
“Ez naiz filmatzen duen bitartean begi bat ixten duen kameralaria, zabalik izaten ditut bi begiak, nire zinema eta mundua aldi berean ikusteko”
Nire kameralari bilakatu nintzen hasieran, ez bainekien oraindik zer nahi nuen eta ez nion inori azaldu nahi zeren bila nenbilen. Kamera erabiltzen nuen bitartean zerbaiten bila ibiltzen nintzen, beraz nola aurki zezakeen inork ni bilatzen ari nintzen hori? Imajina ezazu itsu bat eta bere ondoan, bere ordez eta bera izango balitz bezala, mundua ikusi eta sentitzen duen beste pertsona bat. Ez dauka zentzurik. Nire kameralari bilakatu nintzen, kamera nire zentzumen organoa baitzen. Eta asko gustatu zitzaidan. Hala ere, egia esan, gero eta interesgarriagoa iruditzen zait beste norbaitekin lan egiteko aukera. Bion arteko komunikazioan egon daitezkeen itzulpen, hutsune edo porrota interesatzen zaizkit. Nik inoiz imajinatuko ez nuen ezer ekar lezake eta.
Muntaketan berriz, diktadore samarra naiz (barreak). Hori ez diot inoiz inori utziko. Erabat autoritarioa naiz. Ni neu eta editatze gela. Besterik ez. Nire ustez hor egiten da zinema. Ni ez naiz gidoilaria, salbuespenen batekin, ez naiz inoiz gidoitik hasten. Forma ediziotik ateratzen da. Niretzat zinema egiteko gozamena editatze gelan dago. Gozamena da ustekabean zerbait probatu eta funtzionatzen duela ikustea. Mozketa eta lotura gehienak saiakeretatik ateratzen dira. Lehenago bururatu ez zaizkidan aukerak dira.
Soinuari buruzko ideia interesgarri bat aipatu duzu noizbait: soinuak erdian egoten uzten dizu. Nola egiten duzu lan soinuarekin eta nola erlazionatzen duzu irudiarekin?
Nire ustez pelikularen erdia soinua da. Pelikula mutu bat egitea erabakiko banu ere, soinua pelikularen zati handi bat izango litzateke. Agian soinua pelikularen alderik subertsiboena dela esango nuke, ez baitugu soinuan hainbeste pentsatzen. Begiak buruaren aurrealdean ditugunez, ikusten dugun edozein gauzak beti norabide bakarra dauka. Ikusten duzun hori beti egongo da zure aurrean. Entzuten duzuna berriz, 360 gradutan dago. Nire ustez, sortzeko eta adierazteko, soinua irudia baino askoz hobea da. Uste dut ez garela konturatzen soinuak zein puntutaraino sortzen duen espazioa. Irudiak nora begiratzen dugun kontrola dezake baina benetan harrapatzen zaituena soinua da. Soinua enfatikoagoa da eta benetan begirada zuzentzen duena. Horregatik gustatzen zait soinua manipulatzea: nola sentitzen dugun harraldiaren denbora, nora zuzentzen dugun gure begirada, unibertsoa zein izugarri imajinatzen dugun. Irudiak hori lor dezake baina dirutza baten truke. Soinuak berriz, gela txiki bat edo hiri oso bat sentiaraz dezake eta askoz ere merkeagoa da. Oso eraginkorra da munduaren eskala soinuaren bidez sortzea. Niretzat soinua da gakoa. Soinua zinemagile izateari lotuta ez balego, uste dut ez nintzatekeela zinemagilea izango.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]