Urteko egun luzeenetan gaude. Eguzkia ateratzetik sartzera ia hamabost ordu eta erdi. Bero zakarrak eta ekaitzen hezetasuna. Onddo eta perretxiko sasoia; ederki gozatu ditut dagoeneko urteko lehenak.
Onddo eta perretxikoak ez dira soilik gure platererako bidea egiten dutenak. Badira beste onddo eta perretxiko batzuk zeinak plater bererako bidea egin behar duten zenbait barazki eta fruituri eraso eta alferrik galarazten dituztenak: landareen gaitz dira. Izadiaren zikloen parte diren eran, naturalak dira, baina erasotzen dieten landare horien mozkinen beha daudenentzat kalte izugarria sor dezakete.
Onddo eta perretxikoek sortzen dituzte landutako landareen gaitzen hamarretik bederatzi. Gaitz horiei aurrea hartzeko bi bide ditugu: beroa murriztu edo hezetasuna gutxitu. Bizi eta hedatuko bada, biak behar ditu onddo-perretxikoak. Hark eragingo duen gaitzari aurrea hartzeko, bietakoren bat ala biak atzeratu behar. Giroari beroa kentzea ia ezinezkoa denez, hezetasuna nola borrokatu burua berotu behar.
Lurra lehortuz ekin: karea, errautsa, dolomita, simaurra, luarra edo harea nahasi. Lurra lehortzeko beste era bat altxatzea da: ildo-bizkarrak edo mendixkak egin edo taulenak betirako goratu, edozein materialekin ertza antolatu eta lurra altxa. Ondorengo lana izango da gaitzen aurka landarea ahalduntzea: landatzean egiten den zuloan, asun zarba (Urtica dioica) ebaki berriak jarri, eta tarte handia eman, batetik bestera eguzkia lurreraino sar dadin eta landareak ere goitik behera berotu ditzan. Gero etorriko dira landareari berari emateko gaiak. Landarearen azala sendotu eta lehortzea da helburua. Horretarako landare urak erabili: azeribuztana (Equisetum arvense), larranbiloa (Matricaria chamomila), lapa-belarra (Arctium lappa), kaputxina (Tropaeolum majus), mota-belarra (Tanacetum vulgare eta Tanacetum cinerariifolium) edota salbia (Salvia officinalis). Beste hauek erantsi ur horiei: ur oxigenatua, sodio bikarbonatoa, esnea, gazura edo jogurta. Sufrea eta salda bordelesa ere onak dira, baina, inorganikoak izanik, ez dira egokienak. Buztin bentonitikoa eta diatomeen lurra ere eraginkorrak dira, silize ugari baitute.
Gorrin sasoian gaude. Gorrina, mildiua, gorriena, gorria, elgorria, herdoila, ugerra, suherreta, izen ugari jaso dugu oinordetzan, baina zikulu saltsa ederra dugu gaitzak behar bezala izen jakinekin lotzen.
Hala ere, gorrin sasoian gaude. Aurtengo lehen ia sei hilabeteetako... [+]
Baratze bazterrean beti behar du hondakinak usteltzeko txoko bat. Zopizartzean, jorratzean, belarrak kentzean edo uzta amaitu delako berea eman duten landareen hondakinak kentzean sortzen den materiala, ondo gauza aberatsa da. Jeneralean bazterrean pilatu eta bertan usteltzen... [+]
Lehengo astean egindakoa da argazkia. Platanus x hispanica, platanoa da; zurinak jotako platanoa. Oidioa ere deitzen zaio zurinari. Udaberriko gaitza da batez ere. Gaitza indarrean ikusteak oraindik udaberri giroa dugula adierazten du. Onddo batek sortzen du; hezetasun apur bat... [+]
Pare bat hilabete izango da, sukaldari landarezale batek galdetu zidan: “Huitlacoche mexikarra hemen ekoitzi al genezake?”. Izen hori aztekek erabiltzen dute beren nahuatl hizkuntzan, artaburua erasotzen duen Ustilago maydis onddoari esateko. Mexikon arto sailetan... [+]