Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen

  • Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017ko ekainaren 13an - 15:28
Ekitaldia Adur Euskara Elkarteko Karine Etxeberrik eta Sareinak taldeko Gema Lasartek aurkeztu zuten. Argazkia: Adur Euskara Elkartea.

Literatura eta feminismoa batzen dituen Sareinak taldeak urteak dira bere buruari esan ziola Marijane Minaberri idazle eta sortzaile isilak omenaldia merezi zuela. Ez zen lehen omenaldia izango, baina Minaberrirekiko ez garela sobera esker onekoak izan sentitzen zuen taldeak. Sareinak pentsakizun horietan  zela hil zen otsailean Minaberri.

Konbentzimendu handiagoz, Urepele, Banka eta Alduden 2012az geroztik lanean ari den Adur Euskara Elkartearekin bat egin eta omenaldi xumea antolatu zuten, ekainaren 11n, Alduden.

Sanoki aretora hurbildu ziren 30en bat lagun, batzuk Minaberri ederki ezagutu zutenak. Gazteagoak ere baziren, bera baino haren obra oparoa ezagutzen dutenak.


Ekitaldian estreinatutako Lekukoak oroitzen erreportajea

Bankar sortzailearen lanek harilkatu zuten ekitaldia. Nola ez, kantuz goxatu zen aretoa, Mikel Erramuzpe eta Amaia Gortairuren eskutik, Minaberrik lertxunari idatzitako poesia abestuz. Ondoren, Minaberri beraren hitzak entzuteko aukera izan genuen Kanaldude telebistak 2008an egindako elkarrizketaren bidez. Hor ageri da Gema Lasartek aurkezpenean esan bezala, ahanzturak jan duen emakume handia, bere obraz galdetuta umorez eta apal erantzunez.

Josune Muñoz Sareinak taldeko kideak Bankako sortzailearen obra hobeto ezagutzeko parada eman zuen, entzule batzuentzat aski ezaguna, beste batzuentzat ez hain ezaguna. Atalki ezizenez sinatzen zuen idazlearen kalitate handiko lanak azpimarratu zituen, haren obren sonoritatea, haurrentzat egindako lana, eta begirada zabala, antzezlanak, olerkiak, komikiak, ipuinak, landu baitzituen.

Berriz ere oholtzara bankarraren lana, oraingoan Gexan Alfaro lagun eta lankidearen ahotsetik. Gorosti landarea ipuina irakurri zuen hark.

Ondoren, Kanaldudek 20 minutuz gorako erreportajea eskaini zuen. Pantxika Maitia kazetariak Minaberri ezagutu zuten lau lagunen (Xipri Arbelbide, Itxaro Borda, Aines Dufau eta Luzien Etxezaharreta) testigantzak bildu ditu lanean. Emazte idazleen bidea ireki duenetariko bat moduan aurkeztu ziguten Minaberri, bere lana edonon sartzen zuena. Emakume apal deskribatu zuten, lan isila egin zuena, are bere lana gutxietsi zuen emaztea. Bankar alegera eta umoretsuak altxor bat utzi duela azpimarratu zuten, gorde beharrekoa. Testigantzen bideoak Minaberriren argazki ederra egiten laguntzen du, eta entzule batek esan zuen moduan, “ekitaldia bukatuko da baina lekukotzen bideoa hor izango da betiko”.

Eta ekitaldia amaitzeko, Hego Euskal Herrian sortzailea ezagutarazi zuen musikariak, Oskorri taldeko Natxo de Felipek, Marijane kanta zan! diskoko bi abesti kantatu zituen.

Antolatzaileek, agurtu baino lehen, hamar urte barrurako erronka jo zuten: ea hamarkada bat geroago Bankan baden kaleren bat edo eskolak baduen Marijane Minaberri izena, sortzailearen lan handi eta isila betiko agerian izan dadin.

Kanaldude Telebistan ikus daitezke Minaberriri 2008an egindako elkarrizketa eta ekitaldian estreinatutako Lekukoak oroitzen erreportajea. Ekitaldia bera aurki izango da www.kanaldude.tv-n.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marijane Minaberri
Sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017-06-02 | ARGIA
Marijane Minaberri idazlea omenduko dute Alduden

Otsailaren 23an hil zen 90 urterekin Minaberri sortzaile eta hezitzaile bankarra. Sareinak taldeak eta Adur euskara elkarteak eskainiko diote omenaldia ekainaren 11n.


2017-02-23 | ARGIA
Marijane Minaberri idazlea hil da

Sortzaile eta hezitzaile bankarra 90 urterekin hil da. Euskal Herri osoan ezaguna egin zen, haren olerkiak Oskorriren “Marijane kanta zan!” diskoan atera zirenean.


Eguneraketa berriak daude