Hainbeste oihu (eta murmurioren bat)

  • Raimon musikari valentziarrak eszenatokiak utzi ditu, berrogeita hamar urtetik gorako ibilbide baten ondoren, maiatzean Bartzelonako Palau de la Músican emandako hamabi kontzerturekin. Azken-aurrekoan egoteko aukera izan dugu, eta hauxe da bertan bizi izandakoaren kronika.

Agur esan dio musikari Raimon abeslariak, ibilbide luze eta oparoaren ondoren (argazkia: Cristina Calderer).
Agur esan dio musikari Raimon abeslariak, ibilbide luze eta oparoaren ondoren (argazkia: Cristina Calderer).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ez naiz inoren bizioekin sartuko ni, baina ARGIAko jendearenak benetan arraroak dira: Ramon Pelegero Sanchis, Raimon izenez ezagunagoa (nota bene: azken silaban jarri azentua, inolaz ere ez katalan hiztunen belarrietara arrotz eta grazios egiten gaituen lehenengoan), erretiratuko dela, eta ea joango nintzatekeen azken kontzertuetako batera (ea egunen batean Liberté, Egalité, Beyoncé edo Ariana Granderen kontzertu baten kronika eskatzen didaten). Guztira hamabi azken-kontzertu ziren, ondo, guztiak maiatzean egitekoak, ondo, baina sarrerak urte hasieratik zeuden agortuak, ez hain ondo. Maiatzaren 5ean berean egin nuen saiakera, eta, auskalo norbaitek sarrera itzuli zuelako (edo auskalo hil egin zelako norbait hori), baina sarrera bat, bakarra (oilategian, zer egingo zaio), lortu ahal izan nuen, maiatzaren 27rako. Azken-aurreko kontzerturako. Ez azkenerako, ezin izango diet nire bilobei Raimonen azken kontzertuan izan nintzela esan, baina kronika kobratu, barka, idatzi ahal izango dut behintzat. Eskerrik asko, beraz, sarrera itzuli zuen (edo auskalo hil egin zen) pertsona horri.

Ez da lehen aldia, noski, bereziki gustuko ez dudan norbaiten kontzertu batera joaten naizela. Tira, gustuko ez dudan, Raimon ez dut gehiegi jarraitu, egia esan, bere hit-ak ezagutzen ditut, nola ez, baina beti iruditu izan zait kantatu baino oihu egiten duen kantari bat (eta ni gehiago naiz murmurioaren aldekoa), beti iruditu izan zait kantatzen ez zekien kantari bat (eta horrek ez du derrigor ezer esan nahi, begira Fermin Muguruza). Ez da lehen aldia, beraz, baina oraingoan bereziki deseroso nago. Izango da agian kontzertua Palau de la Música ahalguztidunean egingo delako, orain tristeki (akusatuen) lehen lerroan dagoen musika jauregia, guztiok ezagutzen dugun ustelkeria kasuagatik, Felix Millet lehendakari ohia (gaizkile) buru (kuriosoa egiten da, hala, eraikinaren barruan Millet abizena leku batean baino gehiagotan irakurtzea, nahiz jakin Lluis birraitonari egiten diola erreferentzia). Eta deseroso nago, klase borroka edo, hobeki, gutxiagotasun konplexu bategatik, Palau de la Música klase altuko jendeak okupatzen baitu eskuarki, Upper Diagonal esaten zaien horietarik.

35 abesti guztira. Minutu pare bateko esku-zartak. Eta gero etxera: eszenatoki gainean hainbeste oihu jaulki duenak ezin xumeago jaitsi du azkena, 'bona nit i fins sempre' ia entzunezin bat erortzen utzi ondotik

Baina izango da Raimon gorriegi zaielako, agian, gandorra uste baino apalxeago duen jendeak betetzen du gaur areto nagusia, guztiak ere jende zintzoa, ordenako jendea, gehienak ere konbergentziaren aldekoak. Kuriosoa, halaber, orain ustez horiek ere independentistak direlako, eta Raimonek inoiz aitortu izan duelako ez dela independentista, gaur egun Kataluniak bizi omen duen prozesu politikoaren gaineko zalantzak adierazteaz batera. Ea nor ausartzen den, ordea, Raimon bezalako ikono bati lezioak ematera, eta publikoak barkatu egiten dio bekatu hori, ahaztu behintzat (azken-aurreko kontzertuan ez, zorionez, baina azken-azkenean in-inde-independència oihukatu omen zuen jendeak; gustura ikusiko nuke zer aurpegi jarri zuen Raimon gizarajoak). Adibidez familia politikoak (BCN en Comú-koek ez, besteak, emaztearenak alegia): kasualitatez, maiatzaren 27rako sarrerak lortuta, abendutik hauek, oin-puntetan iragan dira Raimonen ez-independentismoa aipatu diedanean. Esteladaren bat bada aretoan, nahiz ez den iristen Millet abizena estaltzera.

Kontzertua hasi da halako batean, hamarrak justu paseak direnean (beranduegi niretzat, lehen loaldiaren atarian egoten bainaiz ordurako, eta Barsak Alavesi lehen gola sartu ondoren). Abesti niretzat (eta susmoa dut publikoaren zati handi batentzat) erabat ezezagunekin hasi ere, ezagunak nizkion abesti zaharruno, oldarkor, builatsu horiengandik urrun, chanson frantses-napolitarretik gertuago, sorpresa atsegina. Atorra gorria jantzirik, musikari akatsgabeez inguratua (bi gitarra, kontrabaxua, klarinetea), belarri gotorrontzat eztia diren melodiak interpretatzen ditu. Adibidez, XIV. mendeko testu batekin osatua den Elogi dels diners, publikoak bereziki txalotua, auskalo testuinguruak hartara bultzatuta. Kantuek aurrera egin ahala, deskubrimendu bat: Raimonek, kontxo, uste baino hobeki kantatzen du, kantatzean oilarra instituzionalizatu duen kantariak. Oilarrei muzin egin gabe (peccata minuta, eserlekua oilategian dugunontzat), baina murmuriotik gertuago, oihutik baino. Dantza eta guzti egiten du abestiren batean. Tarteetan hitz gutxi, hori bai, despedida kontzertua izan arren. Araua hautsi du, luze gabe, País Basc abestia aurkezteko (gogoratu: “Tots els colors del verd, Gora Euskadi criden fort”), esplikatzeko, batetik, 1967an Euskal Herrira egindako bidaia batek zeharo hunkitu zuela, Ez Dok Amairu, Laboa, Lete, Iriondo, Artze anaiak, eta, bestetik, Bilboko jende bat etorri dela kontzertura (Hondarribikorik ez du aipatu). Publikoak beroen txalotu duen abestietako bat iruditu zait (ez dakit zergatik, EAJ-PP akordioaren ondoren, katalan eta euskaldunon arteko harremanak ez baitaude inoizko momenturik gozoenean).

Gehienbat diktadura garaiko istorioak kantatuko zituela espero nuen. Beste aurreiritzi bat. Bat gehiago. Ez nekien hainbeste poeta katalan musikatu zituenik, Ausias Marchengadik hasi eta Salvador Espriurenganaino. Ez nekien Victor Jararen Te recuerdo Amanda kantuaren bertsio eder bat, Et recorde Amanda, egin zuenik. Ez nekien Raimonen valentziera euskaldun katalandartu baten belarrietan arazo berezirik gabe sartuko zenik. Bisetan jendea are beroago dago. Jo vinc d’un silenci (“Qui perd els origens, perd identitat”, txalo), Diguem no (“Nosaltres no som d’eixe món”, txalo, txalo), hasi bezala bukatzeko, konposatu zuen lehen kantuarekin, Al vent (“Els ulls al vent, al vent del món”, txalo, txalo, txalo). 35 abesti guztira. Minutu pare bateko esku-zartak. Gero, zintzo, denak etxera. Raimon-zaleak dira guztiak ere, baina oroz gain katalanak.

Berrogeita hamar urtetik gorako musika ibilbide bat bukatzeko modu asko izango dira, suposatzen dut. Hauxe da Ramon Pelegero Sanchis, Raimon (oroi azentuazioa) izenez ezagunagoa den musikariak aukeratu duena. 65ak aspaldi pasata, orain hamaika urte hain zuzen, erretiroa hartzeko deliberoa hartu du orain, 1940an Xativan jaiotako musikariak. Eszenatoki gainean hainbeste oihu (eta murmurioren bat, ados) jaulki duenak ezin xumeago jaitsi du azkena, bona nit i fins sempre, gabon eta beti arte ia-ia entzunezin bat erortzen utzi ondotik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-01-31 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


2023-05-03 | ARGIA
Badator Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
Euskal kantagintzan barnako bidaia maiatzaren 3an Ziburuko Baltsan elkartean

Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskainiko dute. 15 kanta aztertu eta zuzenean joko dituzte, bidean galdera honekiko hausnarketak josiz: euskaldunok zeri kantatu diogu?


Antton Valverde, musikaria
“Euskaraz kantatze hutsa politikoa da”

Ibilbide luzeko musikaria da Antton Valverde donostiarra (Gros, 1943). Frankismo garaian hasi zen oholtzetara igotzen, 1970eko hamarkadan, haren hitzetan, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi zuelako. Artearen munduan oin bat sartuta izan du beti, ez soilik musikan egin duen... [+]


Gexan Alfaro. Olerkari militante euskaltzale
“Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan”

Ez da haren nortasuna errazki definitzen. Anitz egin du, anitzetarik. 60ko hamarkadaren amaieraz gero, kantagintza berriaren izenetan ageri da Gexan Alfaro. Militante zaildua da, euskararekin kultura, kulturarekin politika, Ipar Euskal Herriaren historiaren jakile dugu joan den... [+]


2021-12-07 | ARGIA
Panpi Ladutxeri azken agurra eman dio pilotaren munduak Donibane Lohizunen

Abenduaren 6an agurtu du pilotaren munduak azaroaren 30ean zendutako azkaindarra. Profesional mailan ezker paretan txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria da: bi txapel jantzi zituen binakako txapelketan, Joxan Tolosarekin.


Maider Lasa. Artista sortzaile librea
“Belaunez belaun ahoz ahoz transmititu diren lo-kantak gure zeluletan daude”

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen Batera proiektuen emaitzetarik bat gauzatu du berrikitan Maider Lasak, Malen Iturrirekin elkarlanean. Ekainean aurkeztu zuten Loa, loa, laguna izeneko ikusgarri performatiboa, ahotsez, gorputzez eta irudiz. Tradiziozko lo-kantak oinarri,... [+]


2021-01-29 | Jone Markuleta
Pablo Hasel rap abeslaria espetxeratzeko agindu dute, Espainiako monarkia “iraintzeagatik”

Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar eguneko epea eman dio Pablo Hasel rap abeslariari bere borondatez espetxe batean aurkezteko. Monarkiaren aurkako irainak zabaltzea eta terrorismoa goratzea egotzita.


Oskarbi
Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa

Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena... [+]


Miren Aire. Hertsadura askatasun
“Artzain bakarraren irudia mitoa da, bakarrik ezin da”

Artzain izan nahi zuen txikitatik, eta artzantzaz bizi da duela hogei urtetik hona. Kantuan aritzea gustuko du eta kantuan ari da etxean bezala plazaz plaza. Ez omen da bizitza idilikoa berea, baina ez omen litzateke beste inon eta beste ezertan zoriontsuago izanen. Urepeleko... [+]


“Gernikako Arbola” Euskal Herriko ereserkia izatea eskatuko dute hainbat musikarik

200 urte bete dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta data hori baliatuta dozenaka musikarik bat egin dute ondorengo eskaera egiteko: Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki ofizial bilaka dadin. Asteazkenean aurkeztuko dute manifestua Iruñean.


Eguneraketa berriak daude