Bada Gasteizen sormen lantegi berezi bat arte eszenikoei begira, ortu izena duena. Neba-arreben harremanetik abiatuta, hiru urtetik gora darama zabalik, korapiloak elkarlotuz eta askatuz etengabe.
Biraka jarri da aurten bigarrenez Baratza espazioaren Zurrunbilo jaialdia, aterpe emanez euskarazko antzerki berria bilatzen duten ikusle eta sortzaileei. Ekainaren 1ean zabaldu zen zirimola Oihaneder Euskararen Etxean, Miren Tirapuk idatzi eta antzeztutako Atte hil aurretik lanarekin; Muskulo musika taldeak eman zion itxiera, hilaren 4an, Baratzan bertan. Kontzertu berezi hartan, ezustean, Oier Guillan antzerkilaria igo zen oholtzara, egunaren zirimolan sortutako poema errezitatzera: “Ez dadila izan arnasa / tentaldien erreka lehor bat / harrotu daitezela gure gorputzean zurrun biloak”.
Bien bitartean, proposamen eta bizipen ugari kiribildu dira aurtengo jaialdian. Aipatuez gain, honako hauek: Parasite kolektiboaren Jadanik hilda, dantza garaikide lan intimoa; Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregiren Plastika, ahots eta hots emanaldi jolastia; Hiroshimako zuhaitza, Kabia Teatro konpainiaren pieza hunkigarria; Karramarroa, Eneritz Artetxeren bakarrizketa lehergarria; eta Mr. Señora, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren antimanifestu polifonikoa. Eszenan aipatzekoa izan da, nabarmen, emakume ahotsen kolore aniztasuna eta, bereziki, antzezlanen kalitatea.
Bai, jakina: ikuslego aldetik sumatu da, ezinbestean, hiriko gaurkotasunak hizki larriz idatzitako izena, Errekaleor, eta haren aldeko mobilizazioen eragina. Edonola ere, Zurrunbilora hurbildu garenok izan dugu parada, ezohikoa (tamalez), euskarazko arte eszenikoen mailaz eta ugaritasunaz sano gozatzeko. Antolatzaileek diotenez, Baratzaren hastapenetan, hilero programatzen zuten asteburu bat; oso zaila zen, halere, ikuslegoa biltzea, bereziki euskarazko antzezlanetan. Hortaz, iazko Zurrunbilo izan zen estreinako saiakera, nolabait, euskal sortzaileen proposamenak bateratu eta ikusgarritasun handiagoa lortzeko.
Baratzako Garazi eta Unai Lopez de Armentia neba-arrebek, behintzat, bazuten horretarako gogoa. Honela dio Unaik: “Gasteizen sortzaile asko dago euskaraz lan egin dezakeena, baina momentuz ez da ikusten horretarako merkaturik, ezta ohiturarik ere. Ordea, hasten bagara konturatzen eta erakusten zenbat gauza eder egiten ari diren antzerkian euskaraz… Ez bakarrik ikusleei, agian hemengo sortzaileei ere ikuspegia zabalduko zaie, emango die bultzada euskaraz lan egiteko. Akaso, ohartuko gara badagoela euskal antzerki sare bat, badirela zirkuituak eta, zergatik ez, egon daitekeela merkatu bat”.
Beren ibilbidean, bederen, mugarria ikusten du Garazik ere ziklo berrietan: “Hasieran, espazioa ezagutzera emateko, mantendu behar genuen hileroko programazioaren erritmo bizi hori, nahiz eta gure osasunaren kalterako izan. Baina orain, gure bizitza artistikoei arreta handiagoa jartzen hasi garenean, lagungarria zaigu programazioa ziklotan banatzea”. Hala, jaialdi horrez gain badute, esaterako, Bertako Fest (Baratzan egindako erresidentzia lanak eta ingurukoak erakusteko), baita beste zenbait ekimen ere. “Izan ere, espazio hau sortzeko gure beharrik handiena”, dio Garazik, “gure lana egiten jarraitu ahal izatea zen”.
Elikatu eta irentsi
Badu kantu bat Dut taldeak, Zurrunbilo, jaialdiaren izen bera duena. Une batean, honela diote hitzek: “Gaur elikatzen duzun zurrunbiloak bihar irentsiko zaitu”. Bistan da, kalterako bezalaxe, onerako ere balio duela aipu horrek. Izatez, askotan ez da argi ikusten norabidea, ezta biderik ba ote den ere. Honela dio Unaik: “Niretzat, hasieran, Baratzan lan egitea izan zen itsasontzi bat atzetik bultzatzea bezala. Ez genekien nora zihoan ere, eta gainera, bultza egin behar genuen. Orain, ordea, iruditzen zait ontzi gainean goazela eta, gainera, gidatzen”.
Garazi Lopez de Armentia:
“Espazio hau sortzeko gure beharrik handiena gure lana egiten jarraitu ahal izatea zen”
Bide zurrunbilotsua eta luzea egin du ontziak, dagoen punturaino heltzeko. Lopez de Armentiatarren neba zaharrak, esaterako, Euskal Herria utzi eta Ingalaterrara jo zuen gaztetan. Han hasi zen apurka antzerkia serioski lantzen eta, ibilian-ibilian, hiru konpainiarekin Europan barrena ibiltzera heldu zen. Bitartean, Garazi dantza munduan sakon murgildu eta Bartzelonan ibili zen, besteak beste, Moreno Bernardi koreografoarekin lanean. Biek ala biek, hala ere, herrira itzultzeko gogoa zuten. Antzerki tailer ireki batean elkartu ziren Frantzian, eta hamar urtez bereizita egon ondoren, harremanaren lotura berreskuratu eta sendotzen hasi ziren neba-arreba arabarrak.
Bueltarako asmoa, berez, antzerki konpainia bat sortzea zen: Parasite kolektiboa (Hannah Frances Whelan eta David Alcortarekin batera). Ondoren, espazio bat behar zuten konpainiarentzat, eta premia horretatik sortu zen Baratza. Izena hautatzeko, bi arrazoi aipatzen dituzte: batetik, begien bistakoa, lur landua adierazten du, elikatzen duena; bestetik, Gasteizko Olabide ikastolaren hastapenetan sortu zen ohitura bat dago, jolas-tokiari “baratze” deitzekoa. “Horrexegatik”, dio Unaik, “gure entrenamenduetan egin behar den lehenengo gauza da maskara guztiak kentzea, ume batek bezala jolastu ahal izateko”.
Berebiziko gorabeherak igaro ondoren, 2013ko hondarretan zabaldu zuten Baratza, eta 2014 hasieran jarri zuten martxan. Hasi-hasieratik, aktibitatearen erdigunean egon da sormen laborategia: “Hori da gure proiektuaren bizkar-hezurra”, dio Garazik. Hain zuzen, beren sormen lana eguneroko entrenamendutik abiatzen dute, gorputzen elkarreraginen ikerketatik eta esperimentaziotik. Horrez gain, Unaik azpimarratu du garrantzitsua dela konpainia batek izatea espazioaren ardura, eta ez erakundeek: “Gu kalean gaude, harreman zuzena dugu ikusleekin, eragileekin eta artistekin; horregatik, azkarrago egokitu gaitezke behar berrietara”.
Amaierarik gabeko hasiera
Berez, ikuslegoa ohituta dago proiektu bukatuekin. “Guri, ordea, prozesu osoa ikusgarri egitea interesatzen zaigu: lurra mugitu, landu, landatu, ureztatu… eta jakina, uzta bildu. Hori ere gustatzen zaigu”. Baratzan, horretarako, badituzte bi areto (bata handia, Kuia; bestea txikia, Kuiatxo). Sarrerako espazioari ere etekina ateratzen diote, Atari ekimena dela medio. Marina Suarez Ortiz de Zarate antzerkilaria da horren arduraduna. Hilero, ostiral batez, askotariko artisten proposamenak erakusten dituzte espazioaren araberako formatuetan; gainera, hilabetez geratzen da bertan arte plastikoen erakusketa.
Unai Lopez de Armentia:
“Gu kalean gaude, harreman zuzena dugu ikusleekin, eragileekin eta artistekin; horregatik, azkarrago egokitu gaitezke behar berrietara”
“Buruan bueltaka izaten duzu ideia, merezi duen edo ez, zertarako egiten dugun egiten duguna”, dio Marinak. “Baina uste dut garrantzitsua dela hemen gertatzen dena. Lana da, noski, baina baditu bi alde: bata gogorra, eta bestea, oso esker onekoa”. Izan ere, ikusten du denbora gutxian gauza asko egin direla, eta horiek eragina izan dutela inguruan: “Gauzak gertatzen dira, jendeak horri buruz hitz egiten du, ikusten da zerbait dagoela pil-pilean. Horrelako espazioak beharrezkoak dira; jendeak behar ditu”.
Bada adierazgarria, zentzu horretan, Baratzako sormen laborategian dabilen Gontzal Uribe antzezlearen iritzia: “Hemen aritzeak gauza piloa eman dit: hasteko, sormena ulertzeko modu berri bat, lan jarraian oinarrituta”. Bere esanetan, ikasleak hasten dira norbere gorputzean lur hartzen, arnasaren bidez kanpoa eta barrua harremantzen, eta apurka-apurka, egunerokoan eransten ditugun geruzak erauzten. “Azkenean, gainetik kendu behar duzu zure pertsona soziala, eta beste leku batzuetan bilatzen hasi. Hori da abiapuntua. Gero, talde-entzumena landuz, bestelako komunikazioa sortzen da, oso sortzailea eta interesgarria”.
Bukatzeko, hain justu, galdetu diot ea zer landu nahi duen bere sormen ibilbidean: “Niri interesatzen zaidana ez da hainbeste zer landu, baizik eta norekin lan egin. Uste dut norbanako moduan sor dezakeguna mugatua dela, baina beste batzuekin elkartzean, nolabait, mugarik gabeko konbinazioak sortzen direla. Zuk beti izango dituzu zure mugak, baina beste norbaitek apurtuko dizkizu, eta zeuk harenak. Elkar elikatze horretan sortzen dira gauzarik interesgarrienak. Putzu bat bezalakoa da, amaierarik ez duena”.
MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.
----------------------------------------------
Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]
Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.
30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]
Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.
TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)
--------------------------------------------------------
Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.
OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]
Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
EHAZE eta Susa
---------------------------------------------
Ander Lipus antzerkigileak EHAZE eta Susarekin argitaratu ditu bere autobiografia teatrala eta antzerkiari buruzko argitalpenak. Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora... [+]