Gasteizko lokaletan zer den, besteak beste

  • Hala Bedi Rock jaialdiaren kronika. Maiatzaren 20an, Gasteizko Gaztetxean. Taldeak: Ziklone, Begitruk, Karma Xutra, Red Iron Squad, D-tox, Exkizofrenikos.

Ziklone taldea Hala Bedi Rock jaialdian.
Ziklone taldea Hala Bedi Rock jaialdian.Irudia: Dos Por Dos

Uda giroarekin batera, alergiak nola, halaxe agertzen dira batean eta bestean musika jaialdiak; halako Rock, bestelako Fest, edo inolako Sound, ez dago hiririk, elkarterik, lurralderik halako festibal bat antolatzen ez duenik. Eta pataterook, nola ez, ez gara gutxiago izango. Azkena Rock hor dago, bale, baina etxekoei baten batek kasu egin beharko die, ezta? Horrelaxe sortu zen Hala Bedi Rock jaialdia, duela 9 urte; eta bueno, Hala Bedi Irratiari babesa emateko.

Urte hauetan hainbat talde pasa dira Gasteizko Gaztetxetik, eta oraindik ez du bakar batek ere errepikatu; harrobia badagoen seinale. Sei talde izan genituen oraingoan ere taula gainean, denak gasteiztarrak. Batzuek diskorik ez esku artean, oraindik. Zenbaitek esku batekin kontatu daitezkeen adina kontzertu emanda, eta besteak koadrilaz aparte beste entzulerik izan ez zutela. Aukera ona, “eszena” deitzen zaion horri pultsua hartzeko, lokaletan zer den jakiteko.

18:00etarako, puntual, Ziklone igo ziren eszenatokira. Bidasoako erritmo eta gitarra riff-etan dabilen hirukoa –kanta pare batean laukotea– da Ziklone. Taldekideren bat aurretik ere esperientziaduna bada ere –Kashbad, Trumbo...– hasiberrien ilusioarekin heldu zioten emanaldiari, eta dotore aritu ziren, benetan. Gertutik jarraituko ditugu.

Bigarrenak, ordubetera, Begitruk-ek lehen punk doinuak ekarri zituen; Agurain aldeko punk doinuak, zehatzago esateko. Gogotsu aritu ziren ia ordubetez euskara eta gaztelera tartekatuz, eta bertsioren bat joz –Basque Country Pharaons-en Yo vivo en ese coche dotorea–.

Segidan, eta ia arnasik hartu gabe, Karma Xutrak hartu zien lekukoa. Hauek ere argi utzi zuten punka izango zela iluntzeko soinu banda. Aurrekoak baino oldarkorrago eta estetika zainduagoarekin, jaialdian atentzio gutxien jarri nienak izan zirenez, askoz gehiago ezin esan. Denean ezin da egon, aizue.

21:00ak izango ziren –puntualitatea zorrotz zaindu zen– gazteenetakoak taulan zirenerako. Red Iron Squad taldeak lan bakarra du argitaratua oraingoz; rock gogorra egiten dute, AEBetako hegoaldeko kutsua duena, saxo eta guzti. Indartsu ikusi nituen, gogotsu eta jarrerarekin. Hauek ere, gertutik zaintzekoak.

Eta azken txanparako punk-oldea bueltan etorri zen. Hasteko D-tox, eta, segidan, Exkizofrenikos. Lehenengoek hiru bat disko badituzte kalean, eta taula dezentetan jo izan dute; bigarrenek, ezin asko joak izan, zaharrenak 18 urte ere ez baitzituen izango. Beteranoek punk rock indartsua egiten dute; gazteek, berriz, 1980ko hamarkadara eraman gintuzten. Nabaritu zen batzuen esperientzia, teknika, egonarria, eta besteen ausardia, DIY filosofia eta urduritasuna. Kontuak kontu, bietan ala bietan, ordurako bero zegoen entzuleriak gustura hartu zituen azken garagardoak, harik eta gauerdia iritsi arte; izan ere, Gasteizko Gaztetxean gauerditik aurrera ezin da jo. Bai, ordea, dantzarik egin, auzokideei enbarazo egiten ez zaien artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hala Bedi Rock
Eguneraketa berriak daude