Lurzoruek ezinbesteko papera dute ingurumena zaintzeko orduan. Hala ere, Europan urtero 1.000 kilometro koadro inguru asfalto bihurtzen dira, egunero 500 bat futbol zelairen tamaina. Industriak, baita nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboek ere, landa zein hiriguneetako zoruen bioaniztasuna hondatzen dituzte. Egoera irauli nahi dutenetako bat da Paula Tordesillas ingeniari agronomoa, Ekologistak Martxan elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Salva el suelo (Salbatu zorua) kanpainako koordinatzaile nagusia. Bilbon izan da lurzoruen degradazioaz hitz egiten.
Lurzorua aipatzen duzu, ez lurra. Zein da bien arteko ezberdintasuna?
Lurzorua hilik dagoela uste dute askok, baina guztiz kontrakoa da. Substratu bizia da eta lurzoruaren arabera, ekosistema mota ezberdinak osatzen dira. Badakigu mikroorganismo eta ornogabe mordoa bizi direla zoruan, ezinezkoa da jakitea zein konplexuak diren ekosistema horiek, oso gutxi ikertu baita haien inguruan. Baina argi dago garrantzi ekologiko handikoak direla. Zorua, ordea, hil daiteke eta hiltzen ari da. Urbanismoak, meatzaritzak, abeltzaintza intentsiboak eta industrien hondakinek deforestazioa eta higadura dakartzate.
Lurzorua babesten duen marko juridikoa aldarrikatzen duzue. Zeintzuk lirateke ezaugarriak?
Lege zehatzak baino, lurzorua ustiatzeko eredu aldaketa eskatzen dugu; lurren biologia babesteko legeak existitzen dira, baina ez dira errespetatzen. Enpresek maiz arduragabekeriaz jokatzen dute, lurra suntsituz. Aurrekontuetan ingurumena errespetatzeko neurriak zehaztu ahalko lituzkete, baina sinpleagoa da isuna ordaintzea. Kaltea ordea, ez da ekonomikoa, biologikoa baizik, lurzorua ez baita birsortzen. Ordaindu behar dute, bai, baina batez ere suntsitutakoa konpondu behar dute.
“Lurzorua, ongi kudeatuta, klima aldaketaren kontrako gakoetako bat izan daiteke”
Lurzoruak bere kabuz lehenera etortzeko aukerarik badu?
Hainbat kasutan kaltea betiko da. Hala ere, naturak bere onera etortzeko gaitasuna du, baita zoruak ere. Baina eraberritze horrek urte asko behar ditu eta horixe da arazoa. Gizakion eragina hain handia eta iraunkorra denez, naturak ez du denborarik bere onera etortzeko. Lurrak bi hektarea edo bi tonako materia galera jasangarria izan dezake urtero, hau da, naturalki eraberritzeko gai izango litzateke. Abiadura geologiko hura igaro ostean, zorua bizkorrago higatzen da eraberritu baino.
Zeintzuk dira lurzoruaren aurkako mehatxurik handienak gaur egun?
Esan bezala, honela jarraituz gero lurzoruen aberastasun biologikoa galdu egingo da. Antzu bihurtuko da eta orduan bai esan ahalko dugu zorua hilda dagoela. Lurraren ugalkortasuna eten egiten badugu, produkzio kopuruaz gain, elikagaien kalitateari kalte egiten dio. Janariak geroz eta elikagai gutxiago du, ongarri kimikoak eta ura jaten dugula esan dezakegu. Elikadura osasuna da, hortaz horixe da jokoan duguna.
Lursailen ekosistema aldaketa bortitzak ere arazo bihurtu dira. Abeltzaintzarako erabiltzen den soroa baratze bihurtzeak lurzoruko mikroorganismoak ahuldu ditzake. Lurra erabiltzeko modua aldatzea beti da kaltegarria, bat-batean egiten bada. Zoru ekosistema bakoitzak ezaugarri jakin batzuk lortzen ditu urte askoren buruan. Egokitzeko denborarik eman ezean geroz eta antzuagoa izango da.
Zein eragin izaten ari da klima aldaketa?
Hainbat modutan eragiten dio, baina kezkagarriena euriteen aldaketa da. Jakina da euriteen maiztasuna urritzen ari dela leku askotan; euria egiten duenean ordea, gogotik botatzen du tarte txikian. Mikroorganismo gehienak azalean bizi dira, eta gizakien esku hartzeak agerian uzten ditu gainera. Zaparradek beraz, zoruko bioaniztasuna eramaten dute.
Nola eragiten dio lurzoruari gehiegizko urbanismoak?
Landa lurretan eraikitzeko hiru irizpide jarraitu behar dira. Hasteko, noski, lursaila eraiki gabe egotea. Landa eremua garatzea izan behar du helburu eta kokalekua ezinbestekoa dela frogatu behar da. Horiek dira baldintzak, baina nola neurtzen da zer den landa garapena? Interpretazio ezberdinak egon daitezke. Ingurumenerako eskualde batzordeetan geroz eta ordezkari ekologista gutxiago daude, ikuspegi hirigilea gailentzen ari da.
Kutsadurak ere ez du lagunduko.
Kutsadurarekin antzekoa gertatzen da, legeak badira baina ez dira errespetatzen eta lurzorua ez da behar bezala zaintzen. Jende gutxik daki lurzorua, ongi kudeatuta, klima aldaketaren kontrako gakoetako bat izan daitekeela. Klima aldaketaren konponbideetako bat zapaltzen dugun lurzoruan dago. Gaur egun, lurzoru higatuek CO2 isurtzen dute; ekosistemak zainduz gero, isuri ordez CO2a bilduko luke zoruak, zuhaitzek egiten duten bezala. Nekazaritza goldaketak lurzoruaren higaduran zerikusia duelakoan, alternatibak proposatu dira. Hala ere, tentuz ibili behar da, alternatiba horiek herbizidak dira-eta, ez litzateke harritzekoa kanpaina horien atzetik industria petrokimikoaren interesak egotea.
Landa lurrei buruz ari zara, zein da egoera hiriguneetan?
Antzekoa da, berez badira plan ugari lurzoruak zaintzeko, baina praktikan oso gutxi aurreratzen da. Hiri askok dute konposta helmugatzat, lurrak biziberritzeko asmoz. Erakundeek, ordea, ez dute ingurumen hezkuntzarik bultzatzen, ezta sustapen neurririk hartzen. Hirietan batez ere plastiko eta beiren birziklapena sustatzen dira. Ongi dago, baina horien atzean ere etekin ekonomikoak daude, Ecoembes enpresarenak adibidez.
“Europako lurrak erabat higatu direnean hegoaldeko herrialdeetako lurrak inbaditzen hasiko dira enpresa transnazionalak. Prozesua jada abian da”
Duela gutxi Mokoan (Kolonbia) 328 lagun hil ziren, eta 69 desagertu, luizi baten ondorioz. Aditu askok urbanismo eta basoen soiltzeari egotzi diete neurri batean.
Ez ditut Mokoako ezaugarriak ezagutzen, baina ez dago zertan hain urrun joan. Euskal Herriko mendi askotako magalek geroz eta pisu handiagoa jasaten dute, makinaria astunarekin eraikitzen dela eta. Magalak erabat pitzatuta daude, horren ondorioz luiziak gertatzen dira.
Gauzak aldatu ezean, zer egoeratan izango dira lurzoruak urte batzuk barru?
Europaren eta mendebaldearen kasuan, oro har, lurrak erabat higatu direnean hegoaldeko herrialdeetako lurrak inbaditzen hasiko dira enpresa transnazionalak, besterik gabe. Prozesua jada abian da. Espainiaren kasua eredugarria da, Europako baratzea da, bai, baina urte batzuk barru Marokora mugitzen hasiko dira. Nekazariak geroz eta gutxiago diren heinean, transnazionalek geroz eta lur zabalagoak okupatzen dituzte, eta lurraren higadura azkartzen dute. Nekazaritza enpresen esku badago, ezinezkoa da elikadura burujabetza eraikitzea. Elikatzea luxu bihurtuko da eta ez eskubidea, gainera produktu kimikoetan oinarritutako elikadura izango da. Lurzorua babesten ez badugu egoera kaotikoa dator.
Salva el suelo kanpaina 400 bat taldek osatzen duten People4soil Europar Herri Ekimenaren parte da. Europako erakundeei presio eginez, lurzoruak babestuko dituen marko juridikoa lortu nahi dute. Ekimena aintzat hartu dadin, EBko milioi bat lagunen sinadurak behar dira, gutxienez zazpi estatutakoak. Kezkatuta dago Tordesillas, ordea; arrazoiak arrazoi, ez dute lortu nahiko luketen oihartzuna. Espainiako Estatuan 40.500 sinadura bildu behar dituzte iraila bukatu baino lehen; orain arte 1.800 inguru lortu dituzte.
Multinazionalak jakinarazi duenez 72 MWko potentzia izango luketen bi "eguzki parke" edo makro-zentral fotovoltaiko eraiki nahi ditu foru lurraldean, baina ez du kokapenaren berri eman. Industria teknologikoan gehien kutsatzen duen enpresetako bat da Jeff Bezos... [+]
Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]
Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]
El Salto-k Andreu Escrivá ikerlari eta ingurumen-adituari elkarrizketatu du, bere azken liburuaren harira, "Contra la sostenibilidad". Bertan, kapitalismo berdeak bere burua indartzeko erabiltzen dituen estrategiak azaldu ditu, eta nola jasangarritasunaren ideia... [+]
Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]
Igande honetan, maiatzak 14, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko da Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, Ilargikoop ikasle kooperatibak bere txoko propioa izango du Xiberoa gunean. Elkartenetekin batera egun osorako egitaraua antolatu dute:... [+]
Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]
New York, 1890eko martxoaren 6a. Amerikako Aklimatazio Elkarteko kideek, Eugene Schieffelin presidentea buru zutela, 60 arabazozo askatu zituzten Central Parken, hiriaren bihotzean. Egun espezie horretako 200 milioi ale bizi dira Ipar Amerika osoan.
Europako basoko hegazti handiena Euskal Herrian desagertuta edo desagertzeko zorian da, azkeneko aleak Belaguan eta Larran ikusi baitziren aspaldi. Pirinioetako Ekologia Institutuak egin berri duen ikerketa baten arabera, Aragoiko Pirinioetan bizi ohi diren guneetan, %40... [+]
Klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi-bileran akordioa sinatu dute eta 16.000 milioi euro bideratuko dituztela diote basoak babestera eta basoberritzera.
Harrabotsa astindu da berriro, Enirio-Aralarko herrietan, auzibidean dagoen Saltarrirako pista dela eta. Gaia ez da berria: 2016. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enirio-Aralar mankomunitatearen onespenarekin, Intzentsao eta Goroskintxu artean pista berria eraiki zuenetik... [+]
Tolosako Epaitegiak artxibatzea erabaki du, behin-behinean, Eguzkik eta Landarlanek Aralarko pisten aurka jarritako salaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat eman du autoa, baina salaketa egina duten elkarteek, hau da, Eguzkik eta Landarlanek, artxibo hori ez dela behin betikoa... [+]