Tabakaleran programatzen dituzten pelikulei beti jarri behar zaie arreta, areto komertzialetan nekez ikusi ahal izaten ditugun lanak eskaintzeaz gain, arriskatzeko joera izaten baitute, aukera emanaz lengoaia zinematografiko ezohikoak pantaila handian ikusteko. Joan den larunbatekoa ez zen salbuespena izan: Angela Schanelec zuzendari alemaniarraren Der traumhafte Weg (Bide onirikoa) proiektatu zuten, egilearen azken lana, zeinean bi bikoteren hausturak kontatzen diren elkarren arteko 30 urteko tartearekin eta, itxuraz behintzat, bien arteko loturarik gabe.
Zentzumenak esna edukitzea eskatzen duen filma da, agerikoa baita plano bakoitza modu oso neurtuan hartuta dagoela, perfekzionismoz; eta zuzendariak asmoa eduki duela irudietatik haragoko zerbait ebokatzeko.
Alde horretatik, Schanelec-en hautuak gogora ekarri dit maiz Anton Txekhov idazleari egozten zaion esaldi, izatez, apokrifoa: “Ez esan ilargiak distira egiten duenik; erakutsidazu argiaren dirdaia kristal apurtuan”.
Bestela esateko, galdetzen badiote istorioak “kontatu” ala “erakutsi” behar ote diren, Schanelec-ek bigarrena aukeratuko du segur aski: lan honetako pertsonaiak ikusi egiten ditugu eta ikusten dugun horretatik atera behar dira ondorioak, beraien egoera emozionalaz askorik esaten ez duten dialogo eta antzezpen hieratiko samarren laguntza hutsarekin.
Gehitu horri denborarekin egiten duen jolasa: 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte, lau aldi diferentetan banatuta dago filma, baina horretaz jabetzeko pista handirik ez zaigu ematen –Berlingo harresia erori aurreko telebistako albistegi bat, telefono mugikorrak edo liburuz hustu duten apalategi bat, besterik ez–.
Pelikula fragmentatu baten aurrean gaude, non eszena bakoitzak daukan berezko entitate bat eta kontatzeko dagoen istorioak bezainbeste inporta duen film osoa biltzen duen tonuak.
Egia da bi bikoteen arteko uztartzea ez zitzaidala aski ondo justifikatua iruditu filma bukatu osteko momentuan. Gero lagunekin komentatu, pentsatzen hasi, ikusitakoaren bigarren eta hirugarren irakurketa posibleak egin, hasieran protagonistak Grezia gatazkatsu batean egotearen zentzua ulertzen saiatu, amaiera gaur egungo Berlinen kokatuta dagoela jabetu, eta nire buruari galdetu nion denak dimentsio politiko bat ote daukan.
Zuzendariak ezetz erantzuten dit Google lagun aurkitu dudan elkarrizketa batean. Baina bikote-hausturei buruzko pelikula honek funtziona dezake, prezio berean, proiektu europarraren alegoria gisa, kalean kantu alaiak abestuz bidaiatzeko dirua eskuratu nahi zuten gazteetatik, gaur egun kalean bizi den eskaleraino. Galdera ikurra erakutsi eta erantzuna ikuslearen esku uzten duen lana izanda, irakurketa posible bat besterik ez da, noski.
Bestelakoak egiteko aukera duzue, nahi izanez gero, ekainaren 9an euskarazko azpitituluekin Tabakaleran bertan prestatu duten emanaldian.
Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.
Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]
Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]
Film handia da Zazpi samurai, erraldoia, eta azpian harrapatzen zaitu. Hasiera errukior horrekin, begirada humanista horrekin, gerraren handitasunaren eta nekazarien egunerokotasunaren arteko jauzi perfektuekin
Konfinamenduaren insomnio gaua izan dut gaur, eta zer eta Amama pelikula ikusten hasi naiz goizeko laurak jota. Pelikularen osteko lo-kuluxkatik esnatu (esnatu-edo), eta baratzeak eta gure "amonak" lotzen dituen artikulu bat irakurri dut. Lo faltak emozioak eta arreta... [+]
Azken hilabeteetan ikusi dudan film borobilena da, durduzagarriena, barrenak gehien astinarazi dizkidana, barne asaldura zein identifikazioa sorrarazi dizkidana: O que arde.
Ez dakit zenbat orrialde dituen The Nun (Corin Hardy, 2018) filmaren gidoiak, baina susmoa dut lehen zirriborroa lerro batekoa izan zela, honelako zer edo zer: “Gauza beldurgarriak gertatzen dira monasterio batean [Oharra: ideia hori pixka bat garatu behar da]”... [+]
Batzuetan, beldurrezko filmak zenbait euskal txiolari eta zutabegile bezalakoak izaten dira: zerbait espero duzularik –zerbait ona, erran nahi baita–, penagarriki dezepzionatzen zaituzte; deus ere espero ez baduzu, berriz, noizbehinka sorpresaren bat hartzen duzu... [+]
Maiatzaren 17an eman zuten Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen filma Buenos Airesen, Zine Politikoaren Jaialdian. Hara hurbildu ginen Argentinako euskal diaspora osoa eta ni. Filmak Lezo Urreiztieta zenaren bizitzako pasarteak erretratatzen ditu, Martin Ugaldek berari... [+]
Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari... [+]