Udaberriko Saioak, Bilboko Santutxu auzoan. Maiatzaren 6ko saioaren kronika.
Hurrengo saioak:
Maiatzaren 20an, 13:00ean Karmelo plazan: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Andoni Egaña eta Igor Elortza.
Maiatzaren 26an, 20:00etan poteoa: Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Fredi Paia tabernaz taberna.
Udaberriak ez du huts egin urteroko hitzordura eta harekin batera heldu dira bertsoak Santutxuko Karmelo plazara. Bizkaiko hiriburuko bertsozaleek gogoz itxaroten duten zita da Udaberriko Bertso Saioak zikloa. Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak antolatzen dute eta 33. aldia du aurtengoa. Bilbon auzoz auzo mugitzen ibili eta gero, duela hamahiru urte behin betiko egoitzatzat hartu zuen Karmelo plazako eszenatokia, Santutxuren bihotzean.
Udaberriko Bertso Saioen funtsa hiru irizpidetan oinarritzen da: bata, goi mailako bertsolariak ekartzea; bigarrena, Bizkaiko bertsolariei eta emakumeei lekua egitea; eta hirugarrena, saioetara joandako bertsolariei bertso bana kantatzea. Bertso eskolako kideek prestatzen dituzte bertso berezi horiek, eta publikoak abesten dizkie bertsolariei, saioaren amaieran.
Maiatzeko lehenengo hiru larunbatetan izango dira saioak aurten. Aurrenekoan, maiatzaren 6koan, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza igo ziren oholtzara. Eguraldi eguzkitsua lagun, makina bat zale inguratu ziren entzutera.
Aitor Irastorza gai-jartzaile gaztearen aginduetara jardun ziren. Karmelo plazan kantatzea “urteroko errituala” dela esanaz hasi zen Amuriza eta Lujanbiok gehitu zuen maiatzak bertsoa behar duela. Santutxuko paisaia gogoan, bertsoak asfaltoan loratzeko gogoa adierazi zuen Ajuriagojeaskoak agurrean.
Beharbada eguzkiak publikoa otzandu zuelako, kontua da motel antzean hasi zela saioa. Txalo zaparradak eta barre algarak ez ziren ugariak izan. Lehenengo bertsoaldi aipagarria Amurizaren eta Ajuriagojeaskoaren artekoa izan zen. Bizkaiko txapelketako finalaurrekoan kantatu zuten ofizioa berreskuratu zuen gai-jartzaileak, eta Done Jakue bidea egiten jarri zituen. Ondoren, bere amaren abizenari kantatu zion Maialen Lujanbiok.
Ariketa berezietarako eta esperimentuetarako aukera ematen dute txapelketaz kanpoko saioek. Hala, Amuriza matematikari lanetan jarri zuen Irastorzak: beste hiru bertsolariek maitemintzean darabilten formula matematikoa eskatu zion berriztarrari. Zerotik hamarrera eta hamarretik zerora berehala pasatzen dela bota zion Amurizak Iturriagari, eta honek erantzun ez dela gauza berriak probatu zalea: “Bat gehi batetik ez naiz, sekula pasatu”, durangarraren azken puntua. Ajuriagojeaskoari bertso ederra kantatu zion Amurizak, maitearen bertuteak biderkatu egiten dituela esanaz, eta berari bihotza zati bi egiten zaiola. Ariketa polita izan zen, Amurizak ondo heldu zion erronkari eta beste hiru bertsolariek fin erantzun zuten.
Publikoa ondo kateatu zuen, era berean, Iturriagaren ariketak. Gai-jartzaileak puntu batean definizioa eman eta durangarrak hurrengo puntuan hitza asmatu behar izan zuen. Alfabetoko letra bakoitzeko hitz bat zen eta Iturriagak denak asmatu zituen, bat izan ezik. Ondoren, binaka, Ajuriagojeaskoa Donald Trump izan zen, eta Lujanbio/Marine Le Peni aholkuak eman zizkion.
Azken ariketan, Iturriaga beste hiruren bertsonal trainer izan zen. Izan ere, durangarrak ez du parte hartuko udazkenean Txapelketa Nagusian, baina besteek bai. Ziria ederto sartu zioten elkarri eta, gainera, Iturriagak asmatu zuen beste hirurei ateratzen ea txapelketara zer aldarte daramaten. Bertsoen mailaren aldetik ere, ariketa hau izan zen osoena, txapelketa aipatu izanak bertsolariak bizkortu zituen akaso.
Saioa biribiltzeko, bertso eskolakoek lau protagonistei idatzitako bertsoak kantatu zituen publikoak.
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]
Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]