LAB

“Sindikatuak eraginkorrak ez garen ideia nagusitzea, sekulako garaipena litzateke kapitalismoarentzat”

  • LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkaria da Garbiñe Aranburu (Legorretan sortu zen 1973an, Zaldibian bizi da egun). 2004tik dabil sindikatuko Batzorde Exekutiboan eta zuzendaritzak idazkari nagusi izateko proposatu du orain, Ainhoa Etxaideri lekukoa hartuta. Maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen LABek egingo duen IX. Biltzar Nagusian hala hautatuko dute, dena ondo bidean. “Keinu bat egin nahi nioke han egon ezin izango duen Rafa Diezi”, esan digu elkarrizketa amaieran.

(Argazkiak: Dani Blanco / ARGIA)
(Argazkiak: Dani Blanco / ARGIA)

Ainhoa Etxaideren hitzetan, idazkari nagusi izatea ez da “opari bat”.

Oso kontziente naiz, erantzukizun handia da. Bertigo apur bat ematen du baina era berean ilusionatuta nago garai berria dugulako aurretik, hain zuzen ere lelo hori jarri diogu kongresuari.

Sindikatu “berri” bat uzten duela zioen baita ere Etxaidek. Zertan aldatu da LAB?

Lan harremanak asko aldatu dira azken urteetan, eta eraginkortasun krisi batean egotetik sindikalgintza berriro ere erdigunean jartzeko urratsak emateko Birpentsatzen prozesua jarri genuen abian.

Zer ondorio atera zenuten?

Sindikalgintzak erronka berriak ditu: inoiz baino beharrezkoagoa da, baina inoiz baino bitarteko gutxiago ditu. Negoziazio kolektiborako eskubidea erabat deuseztatuta geratu da eta langileak ahulduta. Langile klasea berrosatu behar da, baina horretarako ezinbestekoa da ekintza sindikala berritzea, soldatapekoei ez ezik kolektibo guztiei erantzutea.

Zuzendaritzaren ponentziez gain ez da besterik aurkeztu. Sindikatu barruko aniztasun faltaren seinale ote?

Sindikatua ondo eta kohesionaturik dagoen seinale da. Bi ponentziek emendakin kopuru handia izan dute eta hor ikusten da aniztasuna. Oso prozesu parte-hartzailea izan da; aplikazio bat ere sortu dugu horretarako eta egia esan espero genuena baina hobe joan da.

Horretan ere gauzak aldatu dira: teknologia berrien erabilera antolakuntza eta komunikazioaren eremuan.

Garbi dugu egokitu behar dugula langile eta afiliatuekin feedback hori lortzeko. Baina langileekin harreman zuzena izateak ere garrantzia dauka eta aukera handia daukagu lantegian haiekin aurrez aurre egoteko; lanketa ideologiko sakonagoa egin dezakegu elkarrekin.

Ekintza sindikalaren garrantzia aipatu duzu; “ekintza sozialerako egitura” sortuko duzue horretarako... zer da?

Sindikatu guztiak sortu izan dira gizonezko lan munduaren errealitate bati erantzuteko. Gaur egun ordea lana bere osotasunean aitortzen dugu: lan erreproduktiboa, beste kolektiboak, eredu alternatiboak... Federazioen bidez zuzendaritzatik lantokietaraino egituratuta gaude, baina arlo sozialean ez dugu herrietara eramango gaituen egiturarik.

Honekin aukera izango dugu beste aliantza batzuk sustatzeko. Hor dugu adibidez Karta Soziala herrietara eramateko erronka, askotan abstraktuan geratzen baita.

Nolanahi ere, langile prekarioak euren kabuz ari dira antolatzen, dela ekonomia eraldatzailean, dela Las Kellys moduko mugimenduetan. Zuek ere antzeman duzue sindikatuekiko “desafekzioa”, nola eman buelta horri?

Prekarizatze prozesu orokor bat bizi dugu lan-erreformen bidez, eta aldi berean negoziazio kolektiboa ukatzen digute. Horren erantzukizuna gure bizkar utzi nahi dute gainera, sindikalgintzaren funtzioa auzitan jarriaz: eraginkorrak ez garela dioen ideia hori nagusituz gero sekulako garaipena litzateke kapitalismoarentzat. Prekaritatea ez dugu guk sortu, baina ezin gara konformismoan erori; horregatik errealitate berri horiek guztiak aliatu gisa ikusten ditugu.

“Berdina egiten jarraitzen badugu, emaitza berdina izango da”, zenioen Durangoko ekitaldi batean.

Negoziazio kolektiboarekin nabarmen ikusten da: negoziazioa enpresetara eraman da eta milaka langile kanpoan geratu dira, geroz eta jende gutxiagok duelako enpresetan negoziatzeko aukera. Enpresetako negoziazio ahalik eta gehien irabazi behar ditugu noski, baina ekintza sindikala beste kolektiboetara ere zabaldu behar dugu. Bestela, eraginkortasun ezaren zama etorriko zaigu bizkar gainera.

Eta nola egiten da hori?

Aldarrikapen batzuk garbi ditugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, aukera berdintasuna... Hori guztia agenda politikoan kokatzeko borrokatu behar dugu, interpelazio politikoan sakondu. Baina interpelazioaz gain, politika publikoetan eragiteko markoa ere behar dugu, zeren eta Lan Harremanen Kontseilua edo elkarrizketa sozialeko mahaia patronalaren neurrira eginda daude, ez dute balio benetako elkarrizketa baterako.

“Jaurlaritza Confebask ari da babesten, zergatik? EAJk PPrekin Espainiako aurrekontuez egin berri duen akordioa bide beretik doa: proiektu ekonomiko bera dutelako”

Alternatibak bilatze aldera, ELArekin balizko aliantza giltzarrietako bat izan daiteke agian?

Azken urteetan nahiko urrun izan gara, baina balio handia ematen diogu aukera horri. Kapitalarekin dugun borrokan eta burujabetza prozesuan aurrera egiteko ELA aliatu garrantzitsua da.

Negoziazio kolektiboan diferentziak izan dituzue orain arte...

Adostasunak bilatzen saiatu behar dugu esparru politikoan, sozialean eta sindikalean. Nekez pentsa liteke burujabetza prozesua hauspotuko dugunik negoziazio kolektiboan elkar joka bagabiltza, nahiz eta esparru autonomoak izan.

ELAk LABen izaera “instrumentala” kritikatu izan du. Zer harreman izan beharko luke zuen sindikatuak ezker abertzaleko beste erakunde politikoekin?

LABek autonomia osoa dauka. Batzuetan badirudi sakoneko eztabaidan ez sartzeko jartzen duela ELAk hori mahai gainean. EH Bilduk hartutako erabaki batzuk kritikatu izan ditugu, baina ezin dira behin eta berriz alderdi politiko guztiak parekatu, eta ez dira gauza bera EAEko gobernua edo Nafarroakoa. Sindikatua ezin da mugatu kritikara edo exijitzera: guk ere inplikatu eta busti behar dugu. Eraldaketa soziala bultzatzen dugun neurrian, badagokigu proposamenak aurkeztea eta proiektu politiko horrekin bat egiten dutenen arteko aliantzak sustatzea.

Burujabetza prozesuak aldebakarrekoa izan behar duela diozue, eta horretarako argi eduki behar dela estrategia sozioekonomiko bat.

Ezker esparru batzuetatik burujabetzaren eztabaida erlatibizatzeko joera dago: “Zertarako estatua eduki kapitalaren diktadurapean bizi bagara? Begira Grezia...”. Gure ustez estatuak ematen dizkigu bitarteko gehien egungo eredu neoliberalaren alternatiba eraikitzeko. Baina hori izan bitartean egunerokoan borrokatu behar dugu; estrategia sozioekonomikoak burujabetza prozesuaren ardatza izan behar du.

Baina desblokeatu daiteke negoziazio kolektiboa aldebakartasunetik?

Horretan saiatzen ari gara, beste modu bateko ekintza sindikalarekin. Desobedientziari eta konfrontazio demokratikoari garrantzia gehiago eman beharko genioke.

Confebaskekin akordio intersektoriala egin zenuten sindikatuek. Zertan da?

Marko propioa blindatzeko balio izan zuen, baina hitzarmenak ez dira desblokeatu, aurreikusi genuen bezala Confebask ez dagoelako klabe horietan. Bitartean, CCOO eta UGT estatuan hitzarmenak sinatzen ari dira eta hemen negoziazio kolektiboaren “salbatzaile” bezala agertzen dira.

Sindikatu horiek, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan hitzarmenak sinatzeko akordioa “antidemokratikotzat” jo duzue.

Larria da gertatzen ari dena. Confebaskek bere ordezkaritza patronala –nahiz eta inoiz neurtua ez izan– baliatzen du negoziazio kolektiboa blokeatzeko; berak eskatu zuen ELA eta LAB sindikatuen erregistrotik kanpo uztea; eta orain gutxiengo sindikalari kobertura ematen dio gure aurka egiteko. Jaurlaritza hori ari da babesten, zergatik? EAJk PPrekin [Espainiako aurrekontuez] egin berri duen akordioa bide beretik doa: Confebasken proiektu ekonomiko bera duelako. CCOO eta UGT estrategia horren txotxongiloak dira.

“ELArekin adostasunak bilatzen saiatu behar dugu esparru politikoan, sozialean eta sindikalean. Nekez pentsa liteke burujabetza prozesua hauspotuko dugunik negoziazio kolektiboan elkar joka bagabiltza”.

LAB ere haiekin eseri zen 2013an, Espainiako lan-erreformak zirela-eta.

LABen lehentasunezko borroka izan da bertako negoziazio eremua blindatzea, horregatik saiatu ginen akordio interprofesionala erdiesten. CCOO eta UGT ez ditugu baztertzen, gehiengo sindikalak ematen badu eta edukiak baldin badaude… 2013an ez zen posible izan, Confebaskek berak ezetz esan ziolako Urkulluri. Baina oraingoak ez du zerikusirik, ELA eta LABen kontra beste urrats bat eman nahi izan da.

Estatalizazioaz, Oiartzungo Carrefourreko langileen kasua dugu adibide: hitzarmena Madrilen negoziatzearen kontra azaldu dira, baina “elefante” bat mugitzea bezala dela diote. Akordio orokorrik ez eta enpresan negoziatzeko indarrik gabe, nola egin aurre joera horri?

Oiartzungo Carrefourreko langileek hartutako bidea txalogarria da. Tokian tokiko borrokak ezinbestekoak dira, batzuetan zailtasunak egongo dira, baina horien bidez ari gara akordio orokor baterako oinarriak jartzen. Nolanahi ere, uste dut Oiartzunen emaitzak izango dituztela, borrokatzeak beti ematen ditu emaitzak.

Bilgune Feministaren azken topaketetan, Saioa Iraolak esan zuen trantsizio feministarako “lidergotza kolektiboak” behar ditugula. LABek zuzendaritza parekidea izango du, eta nolako lidergotza?

Hala nahi dugu, kolektiboa izatea, ez hain zentratua idazkari nagusiaren figuran. Datorren ikastarora begira ari gara pentsatzen bozeramailetza bikoitza izatea. Hala ere, zuzendaritza parekidea da, baina bistan da horrek ez duela bermatzen praktika feministan urratsak ematea. Harago joateko momentua da eta barne mailan erabakiak hartzen ari gara sindikatu guztian nabaritu dadin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LAB
2024-12-11 | ARGIA
Osasun sistemak porrot ez egiteko, legea aldatzea beharrezkoa dela dio Nafarroako Gobernuak

Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-20 | LAB sindikatua
Garraiolariok ere komunera joan beharra dugu

Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.

Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]


2024-11-12 | ARGIA
Anbulantzia zerbitzua publifikatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Anbulantzien zerbitzua enpresa batetik bestera aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko eta “orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari” ekiteko eskatu diote langileek Eusko Jaurlaritzari, LABek antolaturiko... [+]


2024-11-07 | Julene Flamarique
Guardia Zibila Nafarroako ikasgeletan sartu dela salatu du LABek, lehiaketa baten aitzakiarekin

Indar armatuek zibersegurtasunari buruzko lehiaketa bat antolatu eta ekimena Nafarroako DBH ikastetxe guztietara heldu da; amaierako fasea Aranjuezeko Guardia Zibilaren akademian ospatuko dute. LAB sindikatuak gogora ekarri ditu duela hainbat urte irakasleen ideologiaren arabera... [+]


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


Mecaner Herriarentzat
“Fabrikaren erosketa publikoa behar dugu”

Stellantis multinazionalak Mecaner lantokia itxi eta 148 behargin kalean utzi ditu Urdulizen (Bizkaia); horren aurrean, "Mecaner Herriarentzat" alternatiba ekosoziala sortu dute hainbat eragilek. LAB sindikatuko Iraide Juaristik eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallastegik... [+]


2024-09-19 | ARGIA
Euskal preso politiko bati langabezia jasotzeko eskubidea aitortu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du hirugarren graduan dagoen presoak eskubidea duela langabezia jasotzeko. LAB sindikatuak aurrekari gisa ikusi du epaia eta urrats bat dela dio "presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean".


LAB-ek 50 urte bete ditu
Ezker abertzaleko baso hartatik, arbola bakarra zutik

1970eko hamarkadaren erdialdean sigla dantza itzela zegoen euskal panorama soziopolitikoan, eta horien artean mordoxka bat ezker abertzalekoak. Mende erdi geroago, denboraren higaduraren edo errepresioaren ondorioz, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, arbola bakarra... [+]


Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai

Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]


Bi langile hil dira baso lanetako istripuetan, abuztuan

Istripu bat Ataunen (Gipuzkoa) gertatu da, abuztuaren 22an. Bestea Iurretan (Bizkaia) gertatu zen abuztuaren 14an.


Eguneraketa berriak daude