Euskal Herriko obra publiko handienaren barrunbeetan ezer ez da dirudiena. Aurrerapenaren ikur izan behar zuen, baina muturreko prekarietatea ekarri du; Europako iparraldearekin konektatuko ei gaitu, baina hegoaldeko jendeen izerdi eta odola erabiltzen ari dira. Abiadura Handiko Trena eraikitzeko milaka milioi euro, bi hamarkada eta 6.000 lagun beharko dira. Egin ahal izango litzateke halakorik langileak lepotik estutu gabe? Hesi laranja gurutzatu dugu hori jakiteko, eta egoera gorria aurkitu dugu bertan.
“Prakak urratuta dituenak ordaintzen du beti dena”. Esaera zaharra diruditen baina garai berrientzako ederki ematen duten hitzok, buruan kaskoa eta soinean petoa zeraman AHTko langile batek bota zuen duela gutxi. Hernaniko zatian Urumea errioaren arrasean eraikitzen ari diren zubi-bidera begira ari zen. Agintariei gero eta zailagoa egiten zaie %99ak jasaten duen urradura sozialari adabakiak jartzea, are zailago azaltzea nolatan Abiadura Handiko Trena bezalako obra publiko batean lan prekarietatea bihurtu den kontratisten aurrekontua koadratzeko tresna nagusia.
Ia hamaika urte dira Euskal Y proiektuaren lehen zatia eraikitzen hasi zirela Araban, Arrazua-Ubarrundia herrien inguruan, Gasteiztik gertu. Haren sustatzaileek agindu zuten 2013rako Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak trenbidez lotuta egongo zirela ordu-erdiren bueltan. Denborak jarri ditu gauzak bere tokian: obrak bukatzeko data atzeratu dute, nola ibilbideari minutuak gehitu –azkeneko informazioen arabera hiriburu batetik bestera trenez edo autoz bidaiatzea ia pareko izango litzateke–.
2023 arte ez ei da AHT martxan jarriko, baina oraindik trazatuaren erdia baino ez da egin eta zatirik zailenak geratzen dira: Bergarako lotunea –“Y” delakoaren erdian– eta hiriburuetarako sarbideak. Azkenekoon diseinua duela gutxi adostu dute Eusko Jaurlaritzak, udalek eta Espainiako Gobernuak. Geltokien maketa batzuez eta operazio urbanistikorako geratuko diren metro koadroez aparte, ez da askoz gehiago zehaztu; “ausartegia” litzateke Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroaren esanetan finantzazioa eta datak finkatzea.
AHTren eraikuntzak daraman atzerapenaz Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak berrikitan Ser irrati-katean adierazi du “erabaki politiko bat” egon dela –Josu Erkoreka bozeramaileak duela bi hilabete esandakoaren ildotik–. Espainiako aurrekontuen negoziaziorako mahai-jokoan pieza baliotsua izan da AHT jeltzaleentzat, joan den astean jakin genuen bere prezioa: 3.380 milioi euro erreserbatuko ditu Rajoyren exekutiboak trenbidearen eraikitzaileentzat.
Arrazoiak arrazoi, bi hamarkadaz lurperatu ditugu hormigoipean milaka milioi euro, zor publikoa, murrizketak eta pribatizazioak areagotu diren bitartean. EHUko eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekopol ikerlari taldeak azaldu digunez, AHTn gastaturiko dirua ez dugu berreskuratuko inoiz. Energiaren eta obretan isuritako kutsaduraren ikuspegitik ere dozenaka urte beharko dira balantze negatiboa itxuratzeko.
Ekologikoki eta ekonomikoki abiadura handiko trenak izango duen eraginaz asko hitz egin da, baina ba al dakigu zein den obraren kostu humanoa? Proiektu jasangarrienak ez du piperrik balio, euren izerdia eta odola kondizio miserableetan saltzera derrigorturik daudenen esplotazioan oinarriturik baldin badago. Euskal Y-aren 175 kilometroak eraikitzen 6.000 lagun ariko dira urteotan, %80 kanpotarrak dira eta lan-baldintzak estutzen dizkieten azpikontratentzat egiten dute beharra, ELA sindikatuaren esanetan.
2011n Eusko Legebiltzarrak agiri bat onartu zuen sindikatuei AHTko obretara sartzeko aukera emanez. ELAk geroztik makina bat esplotazio kasu salatu ditu: Arrasaten 22 orduz jarraian lan egiten zuten beharginak aurkitu zituzten; Tolosan garraio enpresa baten amarrua azaleratu zuten; Aramaion, Legorretan, Hernanin eta beste hainbat tokitan ikusi dute ez dela eraikuntzako lurralde-hitzarmena betetzen... Kasu batzuetan 18.000 euroko aldea dago langileak jaso behar lukeen ordainsariaren eta egiaz jaso duenaren artean.
Eta ikuskaritzak nora begiratzen du?
Prekarietatearen kontrako xenda malkartsu hori ondo ikus liteke Sogeprovi azpikontrataren auziarekin. 2013an egin zuen eztanda, ez AHTn, Tabakaleran baizik. Donostiako kultur zentroa eraikitzen ari ziren langileak oso baldintza kaskarretan zeudela salatu zuen sindikatu abertzaleak (urtean 500 ordu-extra sartzen; oporraldi eta aparteko saririk gabe; 900 eurora iristen ez ziren soldatekin...). Lan-ikuskaritzak esku hartu zuen, eta azkenerako akordiora iritsi ziren Tabakalera sostengatzen duten instituzioekin eta enpresekin, egoera aldatu eta langileei zor zitzaiena emateko.
Aldi berean, handik kilometro gutxira azpikontrata bera AHT eraikitzen ari zen Urnietan, askotan Tabakalerako langileak erabiliz, momentuko lan-kargaren arabera. Kasu hori ere salatu ondoren, ia urtebetera heldu zen lan-ikuskaritzaren erantzuna: ez ordu-estrarik ez arau-hausterik ez zuen ikusi oraingoan. Dokumentuak Tabakalerako auzia ikertu zuen inspektore beraren sinadura zeraman. “Irregulartasunak eta baldintzak berdinak dira, langile eta enpresa berak –zioen ELAk bere salaketan–. Geure buruari galdetzen diogu AHTk nolabaiteko buldarik ote duen”.
Mihai Cojocaru:
“Eguberritan kalera bota eta parotik kobratu behar izaten genuen. Hilabete horretako hipoteka ez dizute eteten, nola pagatuko duzu 700 eurorekin?”
Raul Resmella bi tokitan aritu zen lanean Sogeprovirentzat. Tabakalerakoak amaitu zituenean AHTren Urnietako tunelera aldatu zuten, eta han berriz ere “errealitatera” itzuli zen: “Hasi nintzenean klaustrofobikoa zen, etxera joan eta pentsatzen nuen ‘berriz itzuli behar naiz zulora?’”. Kamioien soinua, gasen negarra begietan... Etxetik 6ak inguruan atera eta maiz gaueko 9etan itzultzen zen, prakak urratuta.
Ikuskariak bazuen Resmellaren eta beste hainbaten egoeraren berri, Tabakaleran gertaturikoagatik. 2015ean obretara bisita egin zuen: “Egun horretan ez zizkidan datuak ere hartu: ‘Nola izena duzu? Bale, agur’. Ez nondik nentorren ez ze enpresarentzat ari nintzen... Belarrientzako kaskoengatik galdetu zidan bakarrik, esan nion bokadiloa jateko kendu nituela, lankideekin bestela nola hitz egingo dut?”.
Ordaindutako oporrak hartzea zer zen ez zekiten Sogeproviko langileek. Mihai Cojocaru, beste asko bezala, kalera botatzen zuten Eguberritan –obretan izaten den etenaldi bakanean– eta parotik kobratzen zituen egun horiek, berak eskatuta: “Hilabete horretako hipoteka ez dizute kentzen, eta nola pagatuko duzu 700 eurorekin?”. Errumaniarra da Cojocaru, aita hil zitzaionean egun batzuez itzuli behar izan zuen bere herrira: ez zioten egun bat bera ere ordaindu.
Raul Resmella:
“Urnietako tunelean hasi nintzenean klaustrofobikoa zen, etxera joan eta pentsatzen nuen ‘berriz itzuli behar naiz zulora?’”
Gehiegikerien ebidentzia guztiak bistan, ikuskaritzak erresoluzioa argitaratu zuen azkenean: langileetako batzuek ez zuten oporrik hartu lau urtetan –ezta kobratu ere– eta 300 edo 400 ordu pilatzen zituzten urtero: “Azterturiko kasuetan araudia ez da betetzen sistematikoki”, dio txostenak. Gipuzkoako eraikuntza arloko ELAko arduradun Igor San Joserentzat, ordea, ondorio horiek “okerrak eta sinesgarritasun gabeak” dira, egoera askoz larriagoa baita egiaz eta langile gehiagori eragiten die.
Jaurlaritzako Enplegu sailburu Angel Toñak azalpenak eman behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean AHTn atzemandako demasia laboralen harira. Bere esanetan departamenduak 103 bisita egin ditu trenbidearen obretara: “Inork ez du ezikusiarena egiten, eta are gutxiago lan-ikuskaritzak”.
Beharginen etxola prefabrikatuan
Urruneko besaulkietatik esaten direnek ez dute lau intxaur balio oinak lokatzetan sartzen dituzunean. Ez dira ehun edo berrehun bisita behar, bakarrarekin nahikoa da ikusteko obra publiko erraldoian araua ez dela betetzen: “Ordu-estra 7 euro ordaintzen digute, eta ordaintzen digutenean”, azaldu digu lehen momentutik agure batek; aurpegia zartaturik dauka 40 urtetik gora eraikuntzan lanean aritzearen ondorioz. Hernani eta Astigarraga artean gaude, zementuzko bide inprobisatu batetik sartu gara AHTko obren azpimundura.
Salamancako Encofrados y Puentes de Castilla S.L enpresako langileek Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak dioenaren erdia baino ez zuten kobratzen orain gutxi arte. Arrasateko Ulma kooperatibarentzat ari dira lanean, honek, berriz, Ergobia Hiru Lan (Moyua, Balzola eta Azvi) aldi-baterako enpresa edo UTEa hornitzen du zubiak egiteko materialez. Azpikontrataren azpikontrata dira beraz.
Beharginek bazkaltzen duten etxola prefabrikatura sartu gara eta haien ahotik jakin dugu nola dauden: ez dute oporrik ez dietarik, ez dute aparteko soldatarik, 10 ordu sartzen dituzte egunero, asteburu batzuetan ere geratu izan dira lanean 80 euroren truk: “Jatorduetan gastatzen duguna –dio beste batek–, e obligau!, hemen geratuko bazara”, dio haietako batek Coca-Cola lata trago batez amaitu aurretik.
Boltsa termiko handiak mahai gainean dituzte, Cáceresetik datoz gehienak eta Hernaniko etxebizitza konpartituetan igarotzen dute gaua, eguna berriz, tajoan. Astero, ordu txikietan abiatu eta ilunpean 700 kilometro egin ondoren lanean hasten dira, poltsak etxean uzteko betarik gabe. Beharko kafeina eta azukrea, orduak pasatzeko. “Barre egiten dugu negar ez egitearren –azaldu digu 20 urtez enpresan dabilen batek–. Gutako askok parorik ere ez daukagu eta kotizatzeagatik bakarrik gaude hemen. Gero esango dute lan asko dagoela, bai, baina zer preziotan? Azala beltza eduki behar al dut esklabo izateko?”.
“Argi geratu da? Inspekzioak hau ez du egiten ezta?”, galdetu digu Igor San Josek amaieran. Gipuzkoako AHTren obretako beste zati batean ere izan gara eta hor ere egiaztatu ahal izan dugu eraikuntza hitzarmena ez dela betetzen, enpresa bateko langileekin izan eta gero.
Hernaniko AHTko lan-esplotazio egoera ARGIAren Zuloan blogean azaldu genuen otsailean, Manu Robles-Arangiz institutuarekin elkarlanean abiatutako ikerketari esker. Horren ondotik, azpikontratak onartu du ez zela Gipuzkoako hitzarmena betetzen ari, ELAk aurkeztutako froga eta testigantzek estuturik, eta konpromisoa azaldu du hala egiteko.
Astekari honek ikusi duenez, azken hilabeteko soldata %40 igo diete beharginei –sindikatua jarraipena egiten ari da eta langileei aparteko pagak hainbanatzea nahi du, ez bailitzateke lehen aldia izango enpresak hanka egiten duena–. Langileei bestalde, irribarrea neurrian ateratzen zaie, kezka sumatzen zaie: “Oso garbi daukagu: hemengoa amaitzean gurutzea jarriko digute”, diote kaleratzearen mamuarekin etsita. Oraingoz, Aduna ingurura eraman dituzte gehienak, Zizurkil eta Andoain arteko Antsibarko zubi-bidea egitera, Hernaniko obrarekin segituko ote duten jakin artean behintzat. Baina hori UTEaren enpresa kontratistek erabakiko dute, horiek dute zartagina eskuan AHTko lanetan.
Eraikuntza sektorearen arrangurak
Obra zibilean UTEak azpikontrataziora jotzen du etengabe, gastuak gutxitzeko besteak beste. Praktika horrek eraikuntza sektoreko lan-baldintzak erabat hondoratu ditu: “Gailegoak etortzen dira hona portugesak Galizian dabiltzalako, eta Portugalera berriz brasildarrak joaten dira... mugimendu handia dago beti”, dio San Josek.
Mingotsa da egoera, are gehiago jabetzen bagara Euskal Y-aren proiektuaren zati guztietan, UTEa osatzen duten bizpahiru enpresetako bat gutxienez baliabide propiorik ez duen Espainiako Estatu mailako multinazionala dela (ikusi grafikoa); Patxi Lopez lehendakari zela esleitu ziren AHTren zati horiek guztiak.
Juanma Díaz:
“Topografoaren laguntzaile ere aritu nintzen, markatzen, segurtasun baldintzarik gabe; ekaitzak lehertzen zuenean tximistorratzak ginen malkar horretan.
Eta hori obraren hasieran gertatzen zen, behin tunelean sartuta jakizu...”
Juanma Díazek ondo daki konpainia horien ajeen berri: “Aitak esaten zidan: ‘Ospa egizu hortik, joan daitezela popatik hartzera!’”. Ferrallista zuen aita, eta bere bideari jarraiki sartu zen eraikuntzan, goi mailako gradu bat egin ondoren. Adunako AHTren zatian aritu zen lanean kondizio oso txarretan, harik eta ordaintzen ez ziotelako nazkatuta UTEaren arduradunen aurrean lurrean eseri zen arte: “Obrako zuzendariordeari esan nizkion esan beharrekoak eta orduan erabaki zuten ‘hau bota behar dugu bai ala bai’”.
Hasieratik kasik bakarrik aritu zen obran, ingeniaritza enpresa txiki batek kontrataturik. 800 euro baino ez zuen kobratzen Díazek eta “denetarako mutil” bezala erabili zuten: “Topografoaren laguntzaile ere aritu nintzen, markatzen, segurtasun baldintzarik gabe; ekaitzak lehertzen zuenean tximistorratzak bezala ginen malkar horretan –azaldu digu errenteriarrak, Zizurkilera bidean dagoen Antsibar erreka inguruko pasaia aldrebesa eskuarekin seinalatuz–. Eta hori obraren hasieran gertatzen zen, behin tunelean sartuta, jakizu…”.
Azpikontratazioa eta prekarietatea lan istripuen atariko izan ohi dira maiz. AHTko lanetan gutxienez zazpi lagun hil dira urteotan. Eta kostu humano hori guztia zeren truke? Edo galdera beste modu batera eginda: posible al litzateke AHT eraikitzea –prezio eta denbora horietan– lan-esplotaziorik gabe?
Bailaran behera jaitsi gara Zizurkil-Andoain zatia daraman Aduna UTEko arduradunekin hitz egiteko asmoz, ELAko kideak lagunduta. Hor lanean behar duten Cácereseko gure lagunen berri eman diegu, gauez egiten dituzten bidaiak eta horrek dakartzan arriskuak: “Baina orduan ez zarete segurtasun arauez ari –erantzun digu lehor obra zuzendariak–, esan dezagun ohitura arraroak dituztela”.
2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]
Informaziorik helarazi gabe eta baimen eskaerarik gabe hasi dituzte Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz lehenago egin beharrak diren zundaketa lanak Otsobi kontzejuaren lurretan. Stop Zundaketak plataformak jakinarazi du egoera: "Izako Udalari edo Otsobiko kontzejuari... [+]
Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.
2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]
Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.
AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]
Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela. Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.
Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]