Zuberoako Maskaradak Gipuzkoako Aiztondo bailaran aritu ziren maiatzaren 6an eta 7an. Asteburuaren kronika.
Ez da gaurkoa ereindakoa jaso egiten dela. Aiztondon nahiko zalaparta eta iskanbila izan dugu bi egunez. Orain, festak Xiberoranzko buelta-bidea hartu eta bailara baretu denean, irakaspen bat darabilt bueltaka burutik kendu ezinik: erein duguna jaso dugula.
Orain urtebete pasa hasi ginen pentsatzen ederra izan zitekeela Maskarada jokoak ikustea, eta batez ere, bizitzea. Eta ereiten hasi ginen, lanean. Presarik gabe, ahalik eta alderdi edo aspektu gutxien ahaztuz, jendea biltzen hasi ginen, eta lantalde eder bat osatu genuen. Hain garaikide kontsideratzen ditugun zenbat eta zenbat kontzeptu bizi izan ditugun erabateko normaltasunean: adin desberdinen arteko elkarlana –parte hartu duen gaztenetik zaharrenera 50 urtetik gorako koska dago–, transmisioa, euskara, Euskal Herria, askotariko diziplina artistikoen topo egitea, konstantzia, udalen arteko lana, bailarako eskolatako haurren lana, musika, kantua, bertsoa, dantza ikastaroa, auzogintza, herrigintza, Xiberora egindako bueltak, honen herrenak, haren ahanzturak, udal teknikari eta langileak, herrietan barrikadak osatzeko ekimenak… Eta abar, eta abar.
Eta ez dugu gure buruentzat jardun! Beraz, lehen burutazioa eskaintzea da. Aiztondo bailarak bizi izan duen antolaketa-prozesua Euskal Herriko edozein herriren esku jartzea benetan plazer genuke. Ez litzateke inor damutuko. Datorren sasoirako Muskildi prest da!
Arizale taldea joan den larunbatean iritsi zen eta ostatu hartu ostean ongietorria egin zitzaien. Maskaradak duen sotiltasun eta estetika baliatuz, apal-apal, bisita eskertu zitzaien hitza hartu zutenen eskutik. Ondoren kalean ibili ginen kantuan, bertsotan eta dantzan eguzkia lagun. Asteasuko frontoian afaldu genuen, kantatu eta dantzatu ugari, eta badirudi inork ez dakiela noiz bukatu zen gaua.
Igande goizean barrikadak izan genituen. Lau herrietan, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Zizurkilen, bertako jendeak prestatuta errezibitzaile lanak ikusi genituen. Herrietako gazte eta helduek elkarrekin, oso pieza politak eman zituzten: fandango eta arin-arinak, agurrak –dantzan eta abestuta–, Santa Ageda usadioaren arrastoak, azeri dantzak, xorrotxen bertsoak eta hemengoen erantzunak… Eta atzetik, eguzkiak arropei distirarik ederrena ateratzen ziela, aitzindarien saioak; maskarada gorriko dantzari onenak! Zizurkilen eman zen azkeneko barrikada eta usadioa jarraiki marexalen jokoa izan zen. Nola ez, janari eta edari artean joan zen goiza.
Arratsaldean ofizioak izan ziren Larraulgo plazan, Maskarada egunen gailurra. Xiberütarrak pozik ziren arretaz entzun zirelako buhameen eta kauteren pheredikiak. Kabana nagusiak umore finaz airatu zituen bailarako zenbait kontu: Zizurkilgo elizako kanpaia lapurtu dutela, Larraulgo alkateak bailarako beste herri batean ireki duela komertzioa, Alkizan ireki den Fagus zentroa, Asteasuko muskerraren bidea…
Eta horrela bukatu zen astebukaera. Ondoren autobusean sartu ziren, eta beraiek barruan, azken kantua eta azken dantza egin genituen autobusa Aiztondon barrena galtzen ikusi genuen arte.
Sarri arte lagunak!
Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]
Xiberoa eta Baxe Nafarroa artetik jalgiko da aurten maskarada. Ehun urteko etenaldiaren ondotik, xiberotar usaia berreskuratuko dute aurten Pagolako gazteek.
Hasi dira maskaradak Zuberoan, urteroko tradizioari jarraiki. Alabaina, tradizioak aldatu daitezkeela erakutsi dute aurten Maulen: lehen aldiz, ez da buhamerik izango. Pertsonaia horiek ijitoak ziren, eta estereotipoetatik eta arrazakeriaz antzezten zirela salatu izan dute... [+]
Urtarrilaren 15ean hasi eta apirilaren 22an bukatuko dira 2023ko maskaradak, Maule-Lextarreko gazteek emanak. Guztira hamabost emanaldi lotu dituzte. Lau hilabetean zehar, asteburuz asteburu, Zuberoako hamahiru herri bisitatuko dituzte hiriburuko gazteek. Ohi den legez, lehen... [+]
Erabakita dute zuberotarrek datozen hamar urtetako pastoralak eta hiru urtetako maskaradak zein herrik emango dituzten, eta zerrenda luzatzen doa urtetik urtera. Hilabete honetan gehitu dira, adibidez, Lakarri-Altzaiko herritarrak. Martxoaren hasieran Xiberoko Boza Irratian... [+]
Herri batzuetan urtero moduko inauteriak izango direla adierazi da, beste zenbaitetan moldatu egin dituzte eta beste batzuetan bertan behera gelditu dira inauteriak. Sarrera honetan beste urteetan ospatu izan diren errituak zerrendatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi aurten... [+]
Zamaltzain, entseinari zein laborari aritua da Joimo Arantzet (Atharrazte, 1974) hainbat maskaradetan. Etxetik jaso du dantza, Zuberoan ohikoa izan den moduan, eta seme-alabei ere transmititu die dantzarekiko maitasuna eta gaitasuna. Etxekoei ez ezik baita inguruko hainbat... [+]
2021eko Maskaradak bukatu orduko hasiko dira 2022koak. Izan ere, pandemia dela-eta Barkoxeko gazteek inauteriak neguan ospatu beharrean udan hasi zituzten iaz, eta urtarrilaren 8an Barkoxen emango diote amaiera. Astebete beranduago, urtarrilaren 16an, abiatuko dira... [+]
2020an eman behar zuen Barkoxek maskarada Atarratzerekin batera.
Neguko festak, inauteriak dira maskaradak, baina pandemiak ez du hauek ospatzeko aukerarik eman azken neguan, beraz, udan emango dituzte aurten Barkoxeko gazteek, uztailaren 31n hasita.
COVID pandemia dela eta beste kultur ekitaldi guziak bezala, kanbiamenak izango dira Xiberoan ere. Aurten Altzürüküko maskaradak zale ekuarazi baditu ere, ondoko urtean ondorioak ekarriko ditu.
Barkoxeko eta Atharratze-Alozeko gazteak ari dira saioa prestatzen, COVID-19ak baldintzaturik.
Aurtengo maskaradako gazte taldean “zaharrena” zen Marie Annick Jauri (Altzürükü, 1992). Zuberotar inauteriko tradizioan pertsonaia nagusien rola betetzeko emazteen aldia heldu dela konbentzitua bada ere, ez da hala gertatu bere herriko maskaradetan,... [+]